251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Udalaren Erregelamendu Organikoan

Eguesibarko Udalak, bi mila eta hemeretziko urriaren batean egin bilkuran, Udalaren Erregelamendu Organikoa aldatzea onetsi du. Aldaketa horrek artikulu askori eragiten die. Erregelamendua eskuragarri egon dadin eta edukia ezagutaraz dadin, jarraian eransten da haren testu bategina, zeinak behin betiko testua jasotzen duen onetsitako aldaketak sartuta.

EGUESIBARKO UDALAREN ERREGELAMENDU
ORGANIKOAREN TESTU BATEGINA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eguesibarko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du, erregelamendu honen bidez, arautzea bere antolaketa eta bertan ezartzen diren organo oinarrizko nahiz osagarrien funtzionamendu araubidea.

2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:

a) Gobernu eta administrazioko organo oinarrizkoak dira:

–Udaleko osoko bilkura.

–Tokiko Gobernu Batzarra.

–Alkatetza.

–Alkateordeak.

–Kontuen Batzorde Berezia.

–Informazio batzordeak.

b) Gobernu eta administrazioko organo osagarriak dira:

–Zinegotzi eskuordetuak.

–Bozeramaileen Batzarra.

–Kontseilu Sektorialak.

c) Udalaren tutoretzapean daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako entitateak eta kudeaketa organoak ere.

d) Osoko bilkuren, gobernu batzarren eta informazio batzordeen gai-zerrendak deialdiarekin batera argitaratuko dira gardentasunaren atarian.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Eguesibarko Udalak arlo honetan legedi honi jarraituko dio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera

b) Erregelamendu Organikoa.

c) Udal ordenantzak.

LEHEN TITULUA

Osoko Bilkura

I. KAPITULUA

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak egiten du buru.

6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legediaren aurreikuspenen arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta halaberean eginen Udalbatzaren Osoko Bilkuraren eraketa.

II. KAPITULUA

Bilkuren araubidea

7. artikulua. Osoko bilkurak hiru motatakoak izan daitezke:

a) Arruntak.

b) Bereziak.

c) Berezi eta presakoak.

8. artikulua.

1. Bilkura arruntak dira aldizkakotasuna ezarria dutenak. Aldizkakotasun hori Osoko Bilkurak bilkura berezian hartutako erabakiaren bidez finkatuko da. Bilkura berezi horretarako deia alkateak edo udalburuak eginen du, Udala eratzeko bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean, eta ezin izanen ditu gainditu apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.2.a) artikuluak aipatzen dituen mugak.

2. Bilkura bereziak dira alkateak edo udalburuak halakotzat deitzen dituenak bere ekimenez edo Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskaturik. Zinegotzi bakoitzak ezin ditu hiru baino gehiago eskatu urtean. Azken kasu horretan, gehienez ere hamabost egun baliodunean berandutuko da bilkura, eskatzen denetik hasita. Ekimena izan dutenek proposatutako gai-zerrenda sartuko da deialdian, eta udalburuak zilegi izanen du beste gai batzuk ere sartzea, bilkurarako dei egin dutenek onartuz gero.

Aipatu zinegotzi kopuruak eskatutako osoko bilkura berezirako deia dagokion epean egiten ez badu udalburuak, epe hori bukatu eta bosgarren egun baliodunerako dei eginen da automatikoki, hamabietarako; Udalbatzako idazkariak horixe jakinaraziko die kide guztiei, aipaturiko epea bukatu eta biharamunean. Udalburua edo legezko ordezkoa ez dagoenean, Osoko Bilkura legez eratutzat joko da erregelamendu honen 18. artikuluan ezarritako quoruma biltzen denean; halakoetan, Udalbatzako kide bertaratuetako zaharrena izanen da burua.

Bilkura bereziak dira, halaber, halakotzat deitzen direnak legezko xedapen batek ezartzen duelako.

3. Bilkura berezi eta presakoak dira alkateak edo udalburuak deitzen dituenak, gaiaren presa dela-eta ezin denean bilkura berezirako deia egin gutxienez bi egun baliodun lehenago, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eskatzen duen moduan.

Kasu horretan, gai zerrendako lehen puntua izanen da Osoko Bilkurak presari buruz hartzen duen erabakia. Osoko Bilkurak gehiengo soilez presarik ikusten ez badu, orduantxe emanen zaio amaiera bilkurari.

4. Bilkura berezietarako deialdiak arrazoitua izan behar du.

9. artikulua.

1. Osoko bilkura arrunten eta presakoak ez diren berezien deialdia gutxienez ere bi egun baliodun lehenago egin behar da; landuko diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez, bai eta gaiei lotutako agiriak ere, egoki landuak izan daitezen, aipatutako epe berean.

2. Legez ezarritako arrazoiengatik, osoko bilkurak lehenbiziko deialdian egiterik izaten ez bada, bilkurak bigarren deialdian eginen dira lehenbizikoa egin eta bi egun baliodun geroago, harendako ezarritako ordu berean.

3. Bigarren deialdirako ohartarazpena (tokia, eguna eta ordua) lehenbizikorako gai-zerrendarekin eta deialdiarekin batera helaraziko zaie zinegotziei.

4. Bitarteko elektronikoak erabiliz eginen da deialdiaren jakinarazpena, gai-zerrendarekin eta agiri osagarriekin batera. Udalak emandako posta elektronikoen helbideetan eginen dira jakinarazpena. Gainera, horrela eskatzen dutenei, deialdia, gai-zerrenda eta agiriekin batera, paperean emanen zaie, udal taldeen postontzietan utzita.

10. artikulua. Bilkura berezietan gai-zerrendako gaiak baizik ez dira aztertuko; salbuespena, presakoak izatea, Udalbatzako kide guztiak bertan egotea eta aho batez horixe erabakitzea.

Onarturiko presako kasuetan izan ezik (arrazoitu egin behar dira eta Udalbatzak gehiengo osoz berretsi behar du), gai zerrendako gaiak soilik aztertuko dira bilkura arruntetan.

III. KAPITULUA

Bilkura arruntetako gai-zerrenda

11. artikulua. Bilkuretako gai-zerrenda alkateak zehaztuko du, idazkariak lagunduta. Halaber, Gobernu Batzarreko kideen laguntza ere izan dezake eta, egokia iruditzen bazaio, Udalbatzako taldeen bozeramaileei kontsulta egin.

Mozioak bilkura bakoitzeko gai-zerrendan sartzeko, zinegotziek Udaleko Idazkaritzan aurkeztuko dituzte, deialdiaren eguneko eguerdiko hamabiak baino lehen. Horretarako, nahikoa izanen da mozioa hartu izana jasota gelditzea Alkatetzaren eta Idazkaritzaren posta elektronikoan. Alkateak, mozioaren konplexutasuna eta edukia ikusita, erabakiko du gai-zerrendan sartzea edo hurrengo bilkura arrunteko gai-zerrendarako uztea.

12. artikulua. Gai-zerrendan sartutako gaien dokumentu guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarri izan behar dutenez, zinegotzien eskura egonen dira, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan.

Hortaz, Udalbatzako kide guztiek aukera izanen dute dokumentazio hori aztertzeko eta are hura osatzen duten agirien kopiak eskuratzeko. Guztiarekin ere, jatorrizkoak ezin izanen dira eskura jarri diren toki horretatik atera.

Osoko bilkuretako gai-zerrenda Ibarreko kontzeju guztietako buruei bidaliko zaie, herriko komunikabide sozialei helaraziko zaie eta Udaletxeko iragarki-taulan jarriko da.

Bilkura arruntetako gai-zerrendan atal hauek agertuko dira beti:

a) Lehen atala, aurreko akta onesteari buruzkoa.

b) Atal bat, Udaleko gobernu organoen kontrolari buruzkoa, zeinari erantsiko baitzaizkio Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiak eta alkateak eta, hala denean, zinegotzi eskuordetuek emandako ebazpenak, aurreko bilkura arruntetik egun horretara bitartekoak.

c) Mozioei buruzko atal bat.

d) Azken atala, galdera eta erantzunei buruzkoa, ezinbestean.

Osoko bilkura arruntetan, Udalbatzako gainerako organoen kontrolari buruzko atalak izaera propioa eta ebazpen ataletik bereizia izan beharko du, eta haren funtzionamenduan eta, hala denean, erregulazioan modu eraginkorrez bermatu beharko da udal talde guztien parte-hartzea, eskari, galdera eta mozioak egiten direnean.

IV. KAPITULUA

Bilkura egiteko baldintzak

13. artikulua. Udalak udaletxean eginen ditu bere bilkurak, edo, ezinbesteko kasuetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela.

14. artikulua.

1. Bilkuretan esaten dena behar bezala aditzeko eta ikusteko, audio eta bideo sistemak paratu ahalko dira, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien baimena emanen da audio eta bideo grabazioak egiteko.

2. Tokiko udalbatzetako kideek bilkura publikoen soinu grabaketak egin ahalko dituzte, Udalbatzako buruari horren berri aldez aurretik emanda.

15. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea uki dezaketen gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

16. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnak horretarako ezarri den tokian egonen dira Osoko Bilkuren Aretoan, eta ez dute bilkuretan parte hartzerik izanen; alkateak, aparteko kasuetan, edozein arrazoi dela-eta bilkura normal egitea eragozten duen herritar oro aretotik kanporatu ahalko du. Hala ere, osoko bilkura arrunta bukatuta, kontsulta txanda irekiko da bertan dagoen jendearendako, Udalaren intereseko gai zehatzei buruz. Txanda horretatik kanpo, eta bilkura bukatu bitarte, ikusleak isilik egonen dira, salbu eta osoko bilkura eteten denean eta alkateak berariaz baimentzen duenean.

17. artikulua. Bilkura oro, arrunta nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

18. artikulua. Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren herena bertaratu beharko da (gutxienez 3 kide izanen dira beti). Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi dela ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

19. artikulua.

1. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratu ahal dizkie ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.

2. Isunaren zenbatekoa osoko bilkurarako dietaren %50a izanen da, dedikazio esklusiboko edo partzialeko zinegotziak izan, edo bertaratzeagatik ordaintzeko sistemari atxikiak.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

20. artikulua. Bilkura arruntetan eta berezietan ezin izanen da erabakirik hartu aldez aurretik informazio batzordearen irizpenik jaso ez duten gaiei buruz, nahiz eta deialdiaren gai-zerrendan sartutako egon, salbu eta Osoko Bilkurak gehiengo soilez berresten badu gai-zerrendan sartzea.

Ez dute baldintza hori bete beharko izaera politiko hutseko mozioek, baldin eta espediente administratiboaren tramitaziorik behar ez badute eta gai-zerrendan sartuta badaude.

Bilkura berezietan ez da erabakirik hartuko gai-zerrendan sartu gabeko gaiei buruz, salbu eta, Udalbatzako kide guztiak bertan izanik eta aho batez erabakita, gai-zerrendan sartzen bada eta presakoa dela onartzen bada.

Gai-zerrendan sartu gabeko gaiak direnean eta horiek Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren aginduzko txostena behar dutenean, horiek txosten hori berehala ematerik ez badute, buruari eskatu beharko zaio azterketa geroratu eta mahaian utz dezala hurrengo bilkurara arte. Eskaera hori aintzat hartzen ez denean, idazkariak espresuki agerraraziko du aktan.

21. artikulua. Bilkurei hasiera emateko, buruak galdetuko du ea Udalbatzako kideren batek oharren bat egin behar dion aurreko bilkurako aktari, hots, deialdiarekin batera banatuari. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko da. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin izanen dira zuzendu.

Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.

Gai-zerrendako puntu bakoitzari dagokionez, lehenik kasuan kasuko Informazio Batzordeak emandako irizpena irakurriko du idazkariak, osorik edo zati bat, edo, batzorde horren irizpena ez duen presako gai bat bada, Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena irakurriko du. Edozein talderen eskariz, Batzordearen txosten edo irizpeneko edo espedienteko hainbat zati osorik irakurriko dira, hobeki ulertzeko komenigarria dela uste bada.

Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aitzin egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz. Horixe bera eginen da Gobernu Batzarrarekin. Bilkura horiek, Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduko 36. artikuluari jarraikiz, Udal berria eratu aurreko hirugarren egunean eginen dira.

22. artikulua. Irizpena edo proposamena irakurri ondoren, udal taldeek hitz egiteko txanda irekiko da, ordezkaritza txikiena duenetik hasita handiena duenera, eta hitza inork eskatzen ez badu, gaiari buruzko bozketa eginen da.

Baiespenez onetsitzat joko dira eragozpenik edo kontrakorik sortzen ez duten alkatearen proposamenak. Bestelakoetan, bozketa eginen da, hurrengo bi artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Zinegotziek zuzenketak aurkez ditzakete irizpenei, erabaki proposamenei eta mozioei buruz, bai idatziz eta bilkura hasi aitzin bai proposamenak eztabaidatu bitartean. Zuzenketa horiek gehitzekoak, ezabatzekoak edo ordeztekoak izan daitezke.

Gehitzeko zuzenketen bidez puntu berriak eransten zaizkio irizpenari, erabaki proposamenari edo mozioari. Ezabatzeko zuzenketek irizpenaren, proposamenaren edo mozioaren zati bat ezabatzen dute. Eta ordezteko zuzenketek, irizpenaren, erabaki proposamenaren edo mozioaren edukiaren alderdiren bat aldatzen dute.

Mozio bat aurkezten duenak ahalmena izanen du onartu edo baztertzeko mozio horri aurkeztutako zuzenketa bat, bai eta mozioa atzera botatzeko ere, zuzenketarik egon edo ez.

Oro har, zuzenketa bat aurkeztu zaiolarik irizpen, erabaki proposamen edo mozio bati, hura aurkeztu duen zinegotziak edo taldeak zentzuzko denbora tartea izanen du zuzenketa hori azaldu eta arrazoitzeko. Azalpen horren ondotik, zuzenketaren eztabaida eta bozketa etorriko dira eta aurrera egiten badu, jarraian eztabaidatu eta bozkatuko da zuzenketak aldatu duen irizpena, erabaki proposamena edo mozioa.

Hala ere:

1. Zuzenketa aurkezten bazaio talde politiko batek edo batzuek aurkeztutako mozioari eta horrek mozioaren edukia desitxuratu ahal badu, mozioa aurkeztu duenak ahalmena izanen du hura atzera botatzeko, zuzenketaren edukia jakin ondotik eta haren gaineko eztabaida eta bozketa hasi baino lehen. Atzera botzaten badu ez da eztabaidatuko ez bozkatuko.

2. Mozioa aurkeztu duen udalbatzako kide batek onartzen badu zuzenketa baten edukia, eztabaida eta bozketa zuzendutako mozioari buruzkoak izanen dira.

3. Mozioa aurkeztu duenak ez badu zuzenketa onartzen ez eta ere bere mozioa atzera botatzen, zuzenketa bozkatuko da. Zuzenketa onesten bada, mozioa proposatu duenak atzera bota ahalko du edo mantendu. Mantentzen badu, eztabaidaren ondotik zuzendutako mozioa bozkatuko da. Atzera botzaten badu ez da eztabaidatuko ez bozkatuko.

Mozioak eta zuzenketak bozeramaileen batzarrean aztertuko dira.

24. artikulua. Gai-zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak. Hori hala izanik ere, Alkatetzak gaien hurrenkera aldatu ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai-zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.

Edozein zinegotzik eztabaida aldian eska dezake gai zerrendako espedienteren bat kentzeko, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion, bai eta espedientea mahai gainean geldi dadila ere, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko. Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.

Eztabaida sorrarazten duten gai zerrendako puntuetan, gaiak lehenbizi eztabaidatu eginen dira eta gero bozkatu.

Eztabaidan, Udalbatzako talde politikoetako zinegotziek edo bozeramaileek buruaren baimena beharko dute hitza hartzeko, eta txandaka hitz eginen dute alde eta kontra, ordezkaritza gutxien duen taldetik hasita handienera. Elkarri utzi ahalko diote dagokien txanda, eta Udalbatzari hitz eginen diote beti, eta ez pertsona bati edo Udalbatzako zati bati.

1. Eztabaida bultzatzen bada, alkateak edo buruak antolatuko ditu parte-hartzeak, arau hauei jarraikiz:

a) Proposamena azalduz eta justifikatuz hasiko da eztabaida, eta horretaz arduratuko da Udal Gobernuko taldea osatzen duten zinegotzietako bat, proposamena edo mozioa sinatzen duten zinegotzietako bat, bere izenean edo taldearenean edo udal organo proposatzailearenean.

Gehienez ere hamar minutu izanen dira azalpen hori egiteko.

b) Horren ondoren, talde guztiek, izendatzen duten zinegotziaren bitartez, lehen txanda izanen dute, gehienez ere bost minutukoa. Osoko bilkuran ordezkaritza txikiena dutenak hasiko dira eta ordezkaritza handiagoa dutenek jarraituko dute, talderen batek espresuki uko egin ezean. Hitz egiteko txanda horri uko egiteak ez dakar bigarren txandari uko egitea.

c) Norbaitek bere burua mintzaldi batean aipatua izan dela jotzen badu alkateari edo buruari eskatu ahalko dio azken txanda bat eman diezaion aipatua izateagatik. Txanda hori laburra eta zehatza izanen da eta ez da minutu bat baino gehiago luzatuko; egindako adierazpenei erantzutera mugatuko da, eta ez da baliatuko gaiaren mamia eztabaidatzeko. Horren harira, aipamen gisa hartuko dira eztabaidan egiten diren adierazpenak, baldin eta balio-iritziak edo baieztapen subjektiboak jasotzen badituzte, udalbatzako kideen izen onaz edo jokabideaz edo duintasunaz; ez da horrelakotzat hartuko bere jarduerari buruzko erreferentzia hutsa egitea.

d) Talderen batek eskatzen badu, bigarren txanda izanen da, 2 minutukoa. Parte-hartze horren hurrenkera lehen txandarako ezarritako bera izanen da. Txanda hori agortutakoan amaitutzat jo dezake eztabaida alkateak edo buruak, eta zinegotzi txostengilearen parte-hartzearekin itxiko da, non bere proposamena berretsi edo aldatuko duen, laburki.

25. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat jo dezake Udalean ordezkariak dituzten talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.

26. artikulua. Alkateak idazkariaren parte-hartzea eska dezake, edo beste funtzionario batzuk bilkurara joan daitezela eta bertan parte har dezatela, aholku teknikoak behar direnean edo zenbait kontzeptu argitu behar izanez gero.

27. artikulua. Osoko bilkura arruntean Udaleko gobernu organoen kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atala ongi gara dadin, zinegotzi guztiek beren esku izanen dute Alkatetzak azken bilkura arruntaz gero emandako ebazpenen zerrenda, bai eta hark edo Osoko Bilkurak eskuordeturik kide bakarreko organoek edo kide anitzekoek emandakoena ere.

Zinegotzi guztiek ebazpen zehatz bati buruzko argibideak eskatu ahal dizkiote gobernu organo eskudunari; horiek bilkuran berean eman daitezke edo erantzuna geroratu, ahoz edo idatziz emateko hurrengo bilkura arruntean.

28. artikulua. Galde-eskeak alkateari edo edozein zinegotzi eskuordeturi eginen zaizkio, eta udal jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira. Galdera hartzen duenak istantean erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan erantzuteko. Deialdiarekin batera igorriko dira galderen erantzunak.

Beranduenez, hurrengo osoko bilkuran erantzunen da eta betiere idatziz, galdera egin zeneko osoko bilkuraren hurrengo osoko bilkuratik 48 orduko epea pasatu baino lehen, behar diren eraskinak erantsita.

Idatziz erantzuteko galderak egiten badira 96 ordu lehenago, osoko bilkuran erantzun beharko da, salbu eta informazioa udaletxetik kanpo bilatu behar bada.

Erantzunaren ondotik, galdera egin duen taldeak erantzunerako eta kontraerantzunerako aukera izanen du (laburbilduz, bi interbentzio gehienez ere bi minutukoak erantzuten duenaren aldetik eta beste bi galdetu zuenaren aldetik, azken honek amaituta). Erantzuteko baimena ematen duten galderak aldez aurretik idatzita igorri beharko dira.

29. artikulua. Osoko Bilkurari gai-zerrendan agertzen ez den gairen baten irizpen, erabaki proposamen edo mozioren bat zuzenean ezagutarazi nahi zaionean, eztabaidatu eta bozkatzeko ezinbesteko baldintza izanen da presakoa dela justifikatzea eta Osoko Bilkurak eztabaidaren jatorria onestea. Onespen horrek Udalbatzako kideen gehiengo osoaren onarpena beharko du.

Mozioak direnean eta haien gaineko testu alternatiboak aurkezten direnean, Osoko Bilkurak izanen du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatuko behar den eta, beraz, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz, edo zuzenketa bat bezala tramitatu behar den eta, beraz, erregelamendu honen 23. artikuluan adierazten denari jarraikiz. Aurkezleak etenaldia eskatzeko eskubidea izanen du.

30. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legediaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta tartean badira administrazio prozedurari buruzko legedian eta Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko Legean ezarritako arrazoiak.

Halakoetan, interesduna aretotik aterako da gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, salbu eta Udalbatzako kide gisa dagokion jarduketa eztabaidatzen denean, orduan bertan egon eta bere burua defendatzeko eskubidea izanen baitu.

31. artikulua. Udalbatzako buruari dagokio bilkuretan hurrenkera zaintzea, eta zilegi izanen du Udalbatzako kideei ohartaraztea kasu hauetan:

a) Udalbatzari edo bertako kideei, erakunde publikoei edo beste edozein pertsona edo entitateri buruzko begirunerik gabeko hitzak esan edo kontzeptuak adierazten dituztenean.

b) Etenak eragiten dituztenean edo bilkuretako ordena beste edozein modutan nahasten dutenean.

c) Hitza erabili nahi dutenean eman ez zaienean edo kendu ondoren.

Bilkura berean hiru ohartarazpen egin ondoren, bigarrenean adieraziz zer ondorio izanen dituen hirugarren deiak, Udalbatzako buruak zinegotziari agindu ahalko dio bilkura aretoa utz dezala.

Bertaratu diren ikusleen jarrerak ordena urratzen badu edo ikusle horiek behar den jendetasunik erakusten ez badute, Alkatetzak aretoa erabat edo hein batean husteko agindua eman ahalko du, eta bilkuraren jarraipenari buruzko erabakia hartuko du. Arrazoi horrengatik edo beste edozeinengatik bilkura ez ohiko moduan eteteak hura amaitutzat jotzea ekar dezake; halakoetan, beste bilkura baterako dei eginen da erabakitzeke utzitako gaia lantzeko, atea itxita beharrezkoa bada.

32. artikulua. Ikusleek eta Udalbatzako kideek, bilkura garaian, ezin izanen dute pankartarik, ikurrik edo bestelako adierazpiderik erakutsi iraingarriak badira, Udalbatzako kideek esaten dutena atseginez hartu ala ez, ezta beste edozein edukiri buruzkoak ere. Halakoak agertzen badira, udalburuak kentzeko aginduko du.

Alde horretatik, atseginik eza erakusten duten adierazpenak izanen dira talde politikoak, udal taldeak, pertsonak edo kargu publikoak zuzenean eta pertsonalki irainez aipatzen dituztenak; muturreko egoeretan, alkateak aginduko du osoko bilkura atea itxita egin dadila, erabakiak eragozpenik gabe hartu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

33. artikulua. Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira, salbu eta legeak boto gehiago eskatzen dituen kasuetan. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean lortzen da gehiengo soila. Gehiengo osoa, berriz, baiezko botoak Udalbatzako zinegotzien legezko kopuruaren erdia baino gehiago direnean. Ondorio horietarako, gehiengo osoa izanen da Udabatzako kide guztien kopurua zati 2 egitetik ateratzen den emaitzaren berdina, hamarrenak daudenean unitate handienera biribilduta.

Bozketa hasten denean ezin izanen da hura eten, arrazoia edozein delarik ere, eta hura egiten ari den bitartean ezin izanen da Udalbatzako kiderik bilkurara sartu edo handik irten.

Gai baten eztabaida hasitakoan zinegotzi bat edo batzuk bertan ez badaude, bozketari begira abstentziotzat hartuko dira hura egitean bertan ez badaude.

34. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko eztabaida hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, behar den quoruma gehiengo soila bada, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu.

35. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:

a) Bozketa arruntak baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten direnak dira.

b) Bozketa izendunak, berriz, deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira, eta azkena udalburua izan ohi da beti; zinegotzi bakoitzak, deitzen dutenean, ozenki esaten du “bai”, “ez” edo “abstenitu egiten naiz”.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean.

36. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, osoko bilkurak, halako kasu jakin baterako, salbu eta bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean. Bozketa izenduna edozein zinegotzik eska dezake, puntu zehatzaren gaineko eztabaida hasi baino lehen beti.

Nahitaez izendunak izanen dira alkatearen aurkako zentsura mozioari buruzko bozketa eta hark berak aurkeztutako konfiantza-arazoari buruzkoa, hala baitago xedaturik hauteskundeei buruzko araubide orokorreko legerian. Bozketa isilpekoa izan daiteke, gaiaren eztabaida halakoa izan eta korporazioak hala erabakitzen badu.

Edonola ere, bilkura-aktan jasoko da talde politikoen botoaren nolakoa, eta haien artean desadostasunik badago, talde horretako zinegotzien botoaren nolakoa jasoko da.

Bozkatuko den gai batek erabakitzeko hainbat puntu dituenean, puntuka egin ahalko da bozketa, zinegotzi batek eskatu eta osoko bilkurak gehiengoz horrela erabakitzen duenean. Mozioak salbuespena izanen dira; kasu horietan proposatu duenak erabakiko baitu puntukako bozketa onartzen duen ala ez.

Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatu ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten. Nolanahi ere den, zinegotzi guztiek bermaturik dute beren botoaren funtsa aktan azaltzeko eskubidea.

Irizpen, proposamen edo mozio baten xedapen zatiak erabakitzeko hainbat puntu dituenean, Osoko Bilkurako edozein kidek eskatu ahalko du puntu horiek banaka bozka daitezela. Erabaki proposamenak edo irizpenak direnean, horrela jokatuko da, baldin eta udal taldeetako bozeramailerik aurka azaltzen ez bada. Aurkakorik azaltzen bada, Osoko Bilkurak erabakiko du gehiengo soilez. Mozioen kasuan, puntuka bozkatuko da soilik mozioa aurkeztu duenak horrela egitea onartzen badu.

37. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duen martxoaren 12ko 11/2013 Foru Legean xedatutakoarekin bat, zinegotziek beren botoa beste zinegotzi baten esku utz dezakete Eguesibarko Udaleko osoko bilkuran, honako kasu hauetan:

a) Bere amatasunaren kariaz, erditu ondoko sei astean bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Amatasuneko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen boto-eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Ezgai egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.

Osoko bilkuretan soilik eskuordetu ahalko da botoa, eta zinegotzi bakoitzak gehienez ere boto bat har dezake.

Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

Boto-eskuordetzea egiteko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

38. artikulua. Osoko Bilkurak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan aurreikusi bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.

39. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

40. artikulua. Udalbatzaren erabakiei buruzko akta onetsi aitzin ere luzatu ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, betiere inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.

BIGARREN TITULUA

Tokiko Gobernu Batzarra

41. artikulua. Alkateak eta zinegotzien legezko kopuruaren herenak, gehienez ere, osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu zinegotzi horiek eta horren berri emanen Osoko Bilkurari.

Batzarrean ordezkaritzarik ez duten udal taldeetako ordezkari bat gonbidatu gisa ager daiteke, hitza izanik baina botorik ez.

42. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak hamabostean behin eginen dira gutxienez.

43. artikulua. Alkateak eginen du bilkuretarako deia, gutxienez 24 ordu lehenagotik, baina, salbuespen gisa eta presako arrazoiak daudenean, epe hori laburtu ahalko da.

Alkateak bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu deialdian, baita gai-zerrenda ere.

44. artikulua. Gai-zerrendan sartutako aferei buruzko jatorrizko espedienteak Udalbatzako Idazkaritzan utzi beharko dira deia egiten den unetik beretik, eta horiei buruzko informazioa posta elektronikoaren bidez igorriko da, Batzarreko kideen eskura egon daitezen.

45. artikulua. Gai-zerrendako puntuak beste hurrenkera batean aztertu ahalko ditu Alkatetzak edozein unetan, aldez aurretik justifikatuta.

46. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Dena den, Udalaren iragarki-taulan ikusgai jarriko dira gai-zerrenda eta hartzen diren erabakien laburpena, eta onetsi ondoko hamar eguneko epean akta onetsiaren kopia igorriko zaie zinegotzi guztiei. Akta horietan bozketetan talde politikoek emandako botoaren nolakoa jasoko da.

47. artikulua. Bilkurak legez egiteko ezinbestekoa izanen da gehiengo osoa izatea bertan, eta quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdia eginen da, ordubete geroago; orduan nahikoa izanen da kideen herena bertaratzea eta, edonola ere, hiru kide gutxienez.

Nahitaezkoa da Udalbatzako alkatea eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan egotea.

48. artikulua. Alkateak erabakita, eta kide guztiak bertan egonik, aitzinetik deirik egin gabe bildu ahalko da Tokiko Gobernu Batzarra, betiere berandu gabe ebatzi beharreko aferak eztabaidatzeko. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, presako bilkura bereziak egin ahalko dira, deialdirik gabe, Udalbatzako kide guztiak eta idazkaria bertan direla, eta kideek aho batez erabakitzen badute bilkura egitea. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.

49. artikulua. Gai zerrendako gai zehatz batzuk aztertzeko, alkateak Udalbatzako teknikariak edo arlo horretako adituak agertzeko baimena eman dezake.

Era berean, alkateak Batzarraren bilkuretara gonbida ditzake Udalbatzako kideak, Batzarreko kideak ez izan arren erantzukizunak badituzte aztertuko diren gaiei dagozkien arloetan.

50. artikulua. Alkatetzak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten dituen eskumenak ezin izanen dira ez alkateordeen ez bestelako administrazio organoen esku utzi.

51. artikulua. Alkatetzak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena bereganatu ahalko du noiznahi. Hala ere, horiek berriz hartzeko ebazpena idatziz egin beharko da eta Udalbatzako Osoko Bilkurari jakinarazi, gai-zerrendan berariaz sartuta.

52. artikulua. Eskuordetzan emandako eskumenak berreskuratzen direnean, jatorriz eskumen hori berea duen organoak organo eskuordeak emandako ebazpenak berraztertu ditzake, betiere erabaki edo egintza administratiboak berraztertzeko ezarriak diren kasuetan eta baldintzetan.

53. artikulua. Jatorriz eskumena berea duen organoak hura eskuordetzan ematen duenean, badu aukera zehazteko eskuordetze hori erabiliz ematen diren ebazpen guztiak hari jakinarazi behar zaizkiola. Eta zehaztu ahalko du, orobat, garrantzia duten halako erabaki batzuk bere menpe daudela edo aitzinetik jakinarazi behar zaizkiola.

54. artikulua. Eskumena denbora mugarik gabe eskuordetzan uzten dela ulertuko da, salbu eta organo eskuordetzaileak espresuki besterik esaten badu edo salbu eta denbora muga eskumenaren nolakotasunatik beretik badator.

55. artikulua. Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotan, aurreko kapituluan osoko bilkuretarako ezarritako arau orokorrak aplikatu ahalko dira.

56. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumenen esparruan hartzen dituen erabakiak Osoko Bilkurak hartutakoak bezain eragingarriak izanen dira. Osoko Bilkurak ez du zertan erabaki horiek berretsi, Batzar horrek, presako arrazoiak direla bide, Udalbatza osoaren eskudantziak hartzen dituenean izan ezik.

HIRUGARREN TITULUA

Batzordeak

I. KAPITULUA

Informazio batzordeak

57. artikulua. Osoko Bilkurak, eraketa bilkuraren ondoko hogeita hamar eguneko epean, Informazio batzorde iraunkorren sorrerari eta osaerari buruzko ebazpena emanen du, Alkatetzaren proposamenari jarraikiz.

Horren ondoren, Osoko Bilkurak, gehiengo soilez, batzorde iraunkor eta orokor horiek sortzen eta aldatu ahalko ditu, bai eta gai zehatz batzuei buruzko batzorde berezi batzuk sortzea erabaki ere.

58. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi ager daiteke edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baina boto eskubiderik gabe.

Burutzak herritar edo interesdunen bat gonbida dezake batzordeetara agertzeko eta dagokion afera gehienez ere 15 minutuz azaltzeko. Azalpen denbora amaitutakoan aretotik aterako da.

Kontzejuetako buruek batzordeetan parte hartzea eskatu ahalko dute, batzorde horietan Kontzejuari lotutako gaiak aztertzen direnean.

59. artikulua. Informazio batzorde iraunkorrek bilkura arruntak eginen dituzte Osoko Bilkurak ezarriko duen maiztasunez, baldin eta horiek egiteko gairik bada. Batzorde bakoitzeko buruak ezarriko du zein egun eta ordutan eginen den, batzordeko gainerako kideei kontsulta egin ondotik.

Informazio batzordeek bilkura bereziak egin ahalko dituzte buruak horixe erabakitzen duenean edo kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskatzen duenean, betiere deialdia justifikatuta.

60. artikulua. Informazio batzordeen eginkizunak dira Osoko Bilkurak edo Tokiko Gobernu Batzordeak eta Alkatetzak erabaki beharreko gaiak aztertu eta haien gaineko irizpena ematea; azken bi kasu horietan, organo horiek haren eskuordetzaz aritzen direnean, Udalbatzaren Osoko Bilkuraren esku ez dauden beste gaiei dagokienez ere jardun dezakete, organo eskudunak irizpena eskatzen dienean.

Halaber, haien eginkizuna da alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren eta eskuordetzeak dituzten zinegotzien kudeaketaren kontrola eta jarraipena egitea.

61. artikulua. Batzorde bakoitzak bere jarduera eremuaren barruko gaiak landuko ditu. Batzorde baten baino gehiagoren jarduketa esparrua ukitzen duen gaia denean, eskumena dutela uste duten batzordeen irizpena eskatuko da. Edonola ere, batzorde informatzaile bakoitzak beste batzordeek aldez aurretik egindako irizpenak ezagutu beharko ditu, ahalik eta koordinazio handiena egon dadin bakoitzaren erabaki proposamenetan.

62. artikulua. Informazio batzordeetarako deia Alkatetzak edo burutza eskuordetzaz jasoa duen zinegotziak eginen du. Deialdia eta horri erantsitako agiriak gutxienez ere bi egun baliodun lehenago bidaliko zaizkie, presako arrazoiak izan ezik, aztertu beharreko gaiak jasoko dituen idazki baten bidez, Udalbatzako kide guztiei, baita Kontzejuetako buruei ere, beraiei dagozkien gaiak aztertu behar badira.

Deialdien jakinarazpenak, gai-zerrendarekin batera, osoko bilkuretarako ezarri diren bitartekoak erabiliz eginen dira.

Bilkura berezi eta presakoen deialdiak eginen dira bitarteko azkarrenak erabiliz, batzordeko kideek ahalik eta arinen jakin dezaten.

63. artikulua. Bilkura bakoitzeko, akta bat idatziko da, jasoko dituena bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteei, bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio. Aktak argitara emanen dira onetsi eta 72 ordutara, bat etorriz gardentasunari buruzko ordenantzarekin.

Akta horietan bozketetan talde politikoek emandako botoaren nolakoa jasoko da.

64. artikulua. Alkatea batzorde guztien berezko burua da, eta batzordeetan benetako buru izanen da, salbu eta udalbatzako kide baten esku uzten badu burutza hori.

65. artikulua. Batzordeek aukera izanen dute edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan, baita teknikariak, aholkulariak edo adituak agertzeko ere.

66. artikulua. Udalbatzako idazkaria batzordeetakoa ere izanen da, eta alkateak zilegi izanen du, idazkariak dioena entzun ondoren, benetako idazkari izendatzeko Toki Administrazioaren zerbitzuko funtzionario edo langile bat.

II. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

67. artikulua. Udal ogasunarekin lotutako gaiei buruzko irizpena emateko eskumena duen Informazio Batzordeak, batzorde iraunkorraren berezko eginkizunez gain, Kontuen Batzorde Bereziari dagozkion eginkizunak ere beteko ditu.

68. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia Ogasun arloko informazio batzorde iraunkorreko kideek osatuko dute.

69. artikulua. Batzorde horren eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea. Horretarako, Alkatetzak hiru hilean behin eta, betiere, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, eginkizun hori betetzeko behar diren agiriak eman beharko ditu.

70. artikulua. Buruak toki entitatearen egoeren eta kontuen gaineko txostena eginen du dagokien ekitaldiaren ondoko martxoaren 31 baino lehen. Erakunde autonomoenak eta merkataritza sozietateenak, horien kapitala harena denean osorik edo gehienbat, hasiera batean horien organo eskudunek eman eta proposatuak, toki entitateari igorriko zaizkio epe berean.

Udalbatzako buruak Kontu-hartzailetzak eratutako kontu orokorra igorriko dio Kontuen Batzorde Bereziari ekainaren 1a baino lehen, txostena egin dezan.

Kontu orokorra, Kontuen Batzorde Bereziaren txostenarekin batera, udaletxeko iragarki-taulan jarriko da hamabost egun baliodunean, eta epe horretan interesdunek bidezkoak iruditzen zaizkien erreklamazio edo alegazioak aurkezteko aukera izanen dute. Batzorde bereziak, horiek aztertu eta beharrezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ondoren, beste txosten bat eginen du.

Batzorde bereziaren txostenekin eta aurkeztu diren erreklamazio eta alegazioekin batera, kontu orokorra Udalbatzako Osoko Bilkuraren esku jarriko da, irailaren 1a baino lehen onets dadin, bidezkoa izanez gero.

Behar bezala onetsitako kontu orokorra Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaio, onetsi eta hamabost eguneko epean.

71. artikulua. Batzordeak, edozein bilkuratarako, alkatea eta aztertu beharreko gaiaz arduratzen diren udal teknikariak agertzeko eska dezake, bilkuran erabili beharreko agirietako informazioa osatzeko.

72. artikulua. 1. Kontuen Batzorde Berezia, udal aurrekontuaren eta ondarean kudeaketa kontrolatu eta fiskalizatzeko xedea baitu, gutxienez ere urtean behin bilduko da Udalaren kontu orokorraren berri emateko.

Haren funtzionamendua gainerako informazio batzordeenaren antzekoa izanen da.

2. Aurrekontuaren tramitazioa:

Alkateak hurrengo urteko aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztuko du udal ogasuneko gaiak lantzen dituen informazio batzordean, urrian. Taldeek zuzenketak aurkeztu ahalko dituzte batzorde horretan bertan edo kontuen hurrengo batzordean. Alkateak aurrekontuen behin betiko proposamena igorri eta azalduko die taldeei, hura Osoko Bilkurara igorri baino lehen. Azaroaren 1a baino lehen, osoko bilkura berezian, aurrekontuen eztabaida eginen da eta talde bakoitzak bere zuzenketak aurkeztu ahalko ditu, zeinak Osoko Bilkuraren gehiengoarekin onartu edo baztertuko baitira. Zirriborroak eta zuzenketak gardentasunaren web atarian argitaratuko dira, horiek lantzeko bilkuraren deialdiarekin batera.

LAUGARREN TITULUA

Alkatetza

I. KAPITULUA

Alkatea

73. artikulua. Alkatea da Udalbatzako burua, eta legeak ematen dizkion eskudantzia guztiak ditu.

74. artikulua. Alkateak izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artetik.

Orobat, alkateak izendatu eta kenduko ditu Tokiko Gobernu Batzarreko kideak.

75. artikulua. Alkateak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen edo alkateordeen esku utz ditzake beste inoren esku utz daitezkeen eskudantziak, eta aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuk edozein zinegotziren esku utz ditzake, organo horretakoa izan ala ez.

76. artikulua. Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Nazioko Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egin ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, betiere Toki Ogasunari buruzkoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legedian xedatuari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

77. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artetik betiere.

78. artikulua. Alkateordeek, izendapenaren hurrenkeraren arabera, alkatea ordezten dute hura ez dagoenean, kanpoan edo eri delako.

79. artikulua. Alkateak askatasunez erabakiko du alkateordeen kopurua, betiere zinegotzien legezko kopuruaren herenaren mugaren barnean.

80. artikulua. Alkateak alkateordeak izendatzen dituen ekitaldi berean zehaztuko du zer eskumenetarako eskuordetzen dituen. Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.

Alkateak alkateordeen esku utzitako eginkizunak kendu ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.

81. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, hurrenkeraren arabera dagokion alkateordeak ordeztuko du, bertan bada.

82. artikulua. Nolanahi den ere, alkateordeek beren kudeaketaren azalpenak eman beharko dizkiote Tokiko Gobernu Batzarrari edo eskumenak beren gain utzi dituen organoari.

III. KAPITULUA

Alkatearen aurkako zentsura mozioa

83. artikulua. Alkatea kargutik kendu ahalko da zentsura mozioaren bitartez. Mozioaren aurkezpena, tramitazioa eta bozketa eginen dira hauteskundeen araubide orokorraren legedian ezarritako moduan.

IV. KAPITULUA

Konfiantza-arazoa

84. artikulua. Alkateak konfiantza-arazoa aurkeztu ahalko dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onesteko: urteko aurrekontuak, erregelamendu organikoa, ordenantza fiskalak, udal esparruko planeamendu orokorrerako bitartekoen tramitazioari bukaera emateko onespena, eta indarrean den araudian jasotzen diren beste batzuk. Konfiantza-arazoaren tramitazioa eginen da araudi honetan ezarritakoari jarraituz.

85. artikulua. Aurreko zenbakian aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-arazoa aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai-zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar horri. Erabaki horietako edozein hartzeko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketarako deia jendaurrean eginen da, izenaren arabera deituta.

BOSGARREN TITULUA

Bozeramaileen Batzarra

86. artikulua. Bozeramaileen Batzarra organo osagarri bat da, eta haren osaera, eginkizunak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea hurrengo artikuluetan azaltzen dira.

87. artikulua. Bozeramaileen Batzarrak kontsulta eginkizunak baizik ez ditu, eta honako hauek osatuko dute: alkateak, batzarburu gisa, eta Udaleko talde politikoen bozeramaileek. Bozeramaile titularrak ez daudenean ordezkoak aritu daitezke.

88. artikulua. Bozeramaileen Batzarra buruak deitu ondoren bilduko da. Batzarreko buruak bere ekimenez egin dezake deia, edo gutxienez bi bozeramailek eskatuta edo Udalbatzako kideen herena gutxienez ordezten duen bozeramaile batek eskatuta.

89. artikulua. Bozeramaileen Batzarra entzun ahalko da osoko bilkuretako gai-zerrendaren eta bilkura bereziak egiteko daten gainean. Nahitaez entzunen da bilkura arrunten data eta orduen aldaketen gainean, baita iritzi eta adierazpen politikoak eman behar direnean ere udal taldeen presako erantzuna eskatzen duten gertaera garrantzitsuen aurrean.

Buruak Bozeramaileen Batzarrari kontsulta diezaioke Udalbatzarentzat garrantzizkoa eta/edo presakoa den beste edozein gai.

Bozeramaileen Batzarrerako deia bozeramaileek eskaturik egiten denean, aztertu beharreko gaia edo gaiak zehaztu beharko dituzte proposatzaileek.

Organo honen funtzionamendua lotuko zaie Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduak organo osagarrietarako eta, subsidiarioki, beharrezkoetarako ezartzen dituen zehaztapenei.

90. artikulua. Bozeramaileen Batzarraren bilkuretara Udalbatzako idazkaria ere deitu ahalko da.

Bozeramaileen Batzarrari eginkizun hauek esleitzen zaizkio:

a) Alkateak eskatzen duenean, laguntza ematea alor, informazio batzorde edo kontseilu sektorialek helarazitako gaiei buruz, gero osoko bilkurako gai-zerrendan sartzeko.

b) Alkateak eskatzen duenean, udal taldeen ordezkariek osoko bilkuran planteatu behar dituzten mozioak eta proposamenak aztertzea.

c) Iritzi eta adierazpen politikoak adostea udal taldeen iritziz presako erantzuna eskatzen duten gertaera garrantzitsuen aurrean.

d) Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumeneko gaietan iritzia eskatzen diotenean, gai horiei buruz eztabaidatzea.

e) Udalaren jarduketa lerro orokorrak proposatzea, Osoko Bilkuraren jardueren egutegia prestatzeko.

f) Osoko Bilkuraren eta bere batzordeen lanaren antolamenduak behar dituen erabaki eta neurriak hartzea.

g) Udalerria ukitzen duten aferei buruzko informazioa jasotzea Alkatearen eskutik.

h) Udal taldeek beraien barne funtzionamenduari buruz egiten dituzten eskariei erantzutea.

i) Legeek esleitzen dioten beste edozein.

91. artikulua. Buruak nahi badu Bozeramaileen Batzarrean aztertutako gaien akta egitea, Udaleko idazkaria izanen da fede-emailea. Akta horietan bozketetan talde politikoek emandako botoaren nolakoa jasoko da.

Bozeramaileen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpenen forma hartuko dute. Udal organo betearazleei igorriko zaizkie, Udal Idazkaritzak horretarako eginen dituen aktetan jasoak.

SEIGARREN TITULUA

Udal taldeak

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

92. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, udal talde politikoak osatuko dituzte, bat etorriko direnak Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin. Udal talde politiko bakoitzak gutxienez ere kide bat izan beharko du, bere eraketak balio izateko.

Zinegotzi bat ez bada sartzen hautatua izan deneko hauteskunde zerrendari dagokion taldean, edo hasieran sartu den taldea uzten badu edo hari uko egiten badio, edo bertatik botatzen badute, bada zinegotzi horrek “atxiki gabeko” izaera izanen du.

93. artikulua. Zinegotziak udal talde politikoei atxikitzeko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Udal talde politiko bat eratuko da Udalean ordezkaritza izan duen hauteskunde zerrenda bakoitzeko. Udalkidea zein hauteskunde zerrendatan zegoen, hari dagokion talde politikoan egon beharko du; ezin izanen du beste talde politiko batean egon, Talde Mistoan izan ezik.

b) Zinegotziak ezin dira aldi berean talde batean baino gehiagotan egon.

c) Talde Mistoa automatikoki eratuko da talde politikoa eratzeko gutxieneko kide kopururik ez duten udalkide guztien artean.

Udalkide bat bere taldean sartzen ez bada, taldeari uko egin edo hura abandonatzen badu, edo bertatik botatzen badute, horren berri eman beharko dio taldeko bozeramaileak alkateari. Alkateak Udalbatzari horren berri emanen dio hurrengo lehenengo bilkuran.

94. artikulua. Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, eta Udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritzan aurkeztuko da.

Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke. Talde Mistoko kideek bozeramailearen izendapena eta izan litezkeen ordezkoena jakinarazi beharko dute, eraketaren berri Osoko Bilkurari eman eta bost eguneko epean.

Aipatu diren epeak bete ondoko lehen bilkuran, alkateak Osoko Bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

Udalbatza eratzeko bilkuraren ondotik zinegotzi bilakatzen direnek, zer zerrendatan hautatu diren, harexeri dagokion taldean sartu beharko dute. Horretarako, bost egun balioduneko epea izanen dute, karguaren jabetza hartzen dutenetik, kasuan kasuko taldean sartu direla egiaztatzeko; horretarako erabiliko den idatzia alkateari zuzenduko zaio eta kasuan kasuko bozeramaileak sinatuko du. Aurreko paragrafoan aurreikusten den taldean sartzen ez badira, besterik gabe “atxiki gabeko” zinegotziak izanen dira. Atxiki gabeko bi zinegotzik edo gehiagok Talde Mistoa osatuko dute.

95. artikulua. Taldeetako zinegotziek osatutako kide anitzeko organo guztietan ordezkatuko dituzten kideak izendatu behar dituzte udal taldeek, bozeramaileak Alkatetzari igorritako idazki baten bidez; ordezkoak ere izendatuko dituzte, hala behar denean.

96. artikulua. Udal taldeek langela edo lokal bat izanen dute udaletxean beren bilerak egiteko eta herritarrak hartzeko, eta komunikazioak jasotzeko postontzia ere izanen dute.

97. artikulua. Udal talde bakoitzak bi laguntzaile izenda ditzake gehienez. Edozein unetan izendatu eta kendu ahalko dira, udal taldeko bozeramaileak udal erregistroan idazkia aurkeztuz. Horien ordainsariak taldearen kargura izanen dira, eta ez dira Udaleko langilerian sartuko.

Laguntzaileek, isilpekotasun-betebeharra izanen baitute, ondoko eskumen hauek izanen dituzte:

1.–Taldeak udaletxean duen langelan sartzea.

2.–Beren taldeko zinegotziek aldez aurretik eskatutako agiriak jasotzeko eskubidea.

II. KAPITULUA

Talde Mistoa

98. artikulua. Talde mistoa osatuko dute udal hauteskundeetan zerrenda berean aurkeztuta udal taldea eratzeko ezarritako gutxieneko kopurua lortu ez duten zinegotziek.

Udal talde politikoa eratzeko gutxieneko udalkideen kopurua izanen da erregelamendu organiko honen 92. artikuluan ezarritakoa. Udaleko Osoko Bilkurak kopuru hori aldatu ahalko du gehiengo osoak erabakita.

Dagokien hauteskude zerrendan sartzen ez diren zinegotziak, sartuta ere bertan jarraitzeari uko egiten diotenak edo taldetik kanporatuak izan direnak atxiki gabeko zinegotziak izanen dira.

Atxiki gabeko kideen eskubide ekonomikoak ez dira izanen jatorrizko taldean segitu izan balute izanen zituzketenak baino handiagoak.

99. artikulua. Talde Mistoak gainerako udal taldeen eskubide eta betebehar berberak edukiko ditu. Hala, beste eskubide batzuen artean, Talde Mistoko kideek eskubidea izanen dute ordezkari bat eta ordezko bat izendatzeko batzordeetan edo beste edozein organotan, gainerako taldeen baldintza beretan, Udalean idazki bat aurkeztuz.

Talde Mistokoak ados jartzen ez badira kide anitzeko organo horietako kideak izendatzeko, Alkatetzak bertako zinegotziak banatuko ditu batzorde eta organoetan, partaidetzan berdintasunari eutsiz beti.

ZAZPIGARREN TITULUA

Udalbatzetako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak

100. artikulua. Zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, erregelamendu honetan zehazten diren modalitateetan, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren beste ordezkaritza organo batzuetan.

b) Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzea dagozkien ordainsariak, kalte-ordainak eta sari ekonomikoak.

c) Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, Udalaren gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

d) Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legedi orokorrean ezarritako baldintzetan.

e) Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

f) Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.

101. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bestelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.

b) Interesen erregistroan beren ondasunen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

c) Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, erregelamendu honek eta legeak ezartzen duen gisara.

d) Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea, Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako kode etikoan jasotakoak barne.

e) Udalerritik kanpoko ateraldiak, astebetetik gorakoak, Alkatetzari jakinaraztea.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatu ahalko ditu, aplikagarria den legediak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

102. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izanen duten dedikazio esklusiboa edo partziala, zehaztuko ere xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

103. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio erabateko nahiz partzialerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio, onets dezan. Dedikazio esklusiboaren nahiz partzialaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio esklusiboak esan nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi-asmoko bestelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak beste salbuespenik ez da onartuko.

104. artikulua. Dedikazio erabatekoa edo partziala aitortua ez duten zinegotziek diru konpentsazioak jasoko dituzte kide diren udal organoetan parte hartzeagatik, udal aurrekontuan ezarritako moduan.

Finkatzen diren diru konpentsazioetarako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da kasuan kasuko deialdian bilkura bakoitzerako ezarritako iraupenaren %75 baino gehiago egotea –salbu eta justifikatutako arrazoiengatik laburragoa bada–; laburragoa bada, bilkuraren iraupenaren %75.

105. artikulua. Aipatu kopuruek ez dituzte gaindituko, osorik zenbatuta, aurrekontuan ezarritako gehiengoak eta, inolaz ere ez, arlo horretako legedi orokorrak xedatutakoa.

III. KAPITULUA

Informazioa izateko eskubidea

106. artikulua. Zinegotziek eskubidea dute beren karguan aritzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horretarako ez dute ez alkatearen ez zinegotzi eskuordetuaren ez beste inoren baimen espresurik beharko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aurrean, deusetan ukatu gabe bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak.

Eskubide hori bermatzeko, ofizioz igorriko zaizkie Udalbatzako kide guztiei Informazio Batzorde, Gobernu Batzar eta Bozeramaileen Batzarren deialdiak, gai-zerrendak eta horiei buruzko dokumentazioa.

107. artikulua. Aurreko zenbakian xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jo dezake funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, salbu eta zuhurtziagatik edo bestelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean. Halakoetan, alkateak behar den administrazio departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

108. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi delegatuak ondoko kasuetan baizik ezin du eskaera ukatu:

a) Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egin ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

b) Gaiak herritar segurtasunari edo babes zibilari dagozkionean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritu daitekeela aurreikusten delako.

c) Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak. Dena den, are aipatu kasuetan ere, Alkatetzak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

109. artikulua. Zinegotziek egindako informazio eskaera baietsitzat joko da administrazioaren isiltasunagatik, ez bada espresuki ukatzen duen ebazpenik ematen bost egun naturaleko epean, eskaera Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo organo kolegiatuetan eskaera egiten denetik hasita. Edonola ere, eskaerari erantzutea zaila denean duen luzeragatik edo hura emateak dagokion zerbitzuari trabarik eragiten badio, informazioa berandutu ahalko da arrazoitutako erabakiaren bitartez.

Edozein modutara, eskaera ukatzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta, hartara, eskatutako informazioa ematea eragozten duten arrazoiak zuzenbidean oinarrituak izanen dira.

Informazioa eman beharko da eskaera egin eta 15 egun balioduneko epean, salbu eta ukatua izan bada edo epe luzeagoan emateko erabaki arrazoiturik hartu bada.

Zinegotziek beraien eginkizunetan aritzeko eman zaien informazioaren gaineko konfidentzialtasuna gorde beharko dute. Bereziki, isilpean gorde beharko dute herritarren oinarrizko eskubideei eragiten dien informazioa.

110. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo administrazio egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartu ahalko dira, baina inolaz ere ez udal egoitzetatik atera; zainketaren ardura duen funtzionarioa izanen da erantzulea. Ahal den neurrian, dokumentazioa bitarteko informatikoetan erraztuko da. Udalak dokumentuen kopiak formatu digitalean ematea lehenetsiko du.

IV. KAPITULUA

Interesen erregistroa

111. artikulua. Interesen erregistroari dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 75.7 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

ZORTZIGARREN TITULUA

Herritarren informazioa eta parte-hartzea

I. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzea

112. artikulua. Herritarrek informazio publikoa eskuratu ahalko dute honako arau hauei jarraituz: gardentasuna eta informaziorako irisgarritasuna arautzen duen legedia orokorra eta aplikatzekoak diren udal ordenantzak.

113. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, eta jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzakete.

II. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea

114. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legedia orokorrean ezarritako baldintzetan emanen zaio erantzuna.

115. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkez diezazkioke bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmoa duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai-zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egin diezaioke bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion aktaren zatiaren kopia igorriko dio haren egileari.

116. artikulua. Udalaren Erregistroan inskribatutako herritarren elkarteetako batek Udaleko osoko bilkuran azalpenak eman nahi baditu informazio batzordean landutako gai-zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesdun gisa parte hartu badu, alkateari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.

Alkatetzak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia adierazi ahalko du, gai-zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aitzin, zehaztuko den denbora tartean (ez da bost minututik gora luzatuko).

Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta.

117. artikulua. Udalak herritarren parte-hartzea erraztu eta bultzatuko du, indarra duen legediak ezarritako baliabideen bitartez.

III. KAPITULUA

Kontseilu sektorialak

118. artikulua. Udaleko Osoko Bilkurak Kontseilu Sektorialak sortu ahalko ditu, parte-hartzea, informazioa, kontrola eta proposamenak errazteko udal kudeaketaren inguruan, Udalak eskumena duen jarduketa sektore ezberdinei dagokienez.

119. artikulua. Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta funtzionamendu araubidea Osoko Bilkurak arautuko ditu, hala behar denean, dagokien erregelamenduzko araudiaren bitartez.

Azken xedapena.–Erregelamendu honen Testu Bateginak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Sarrigurenen, 2019ko azaroaren 21ean.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L1915093