251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Laburpena, banakako gizarte laguntzen 2020ko deialdiarena, zeinaren bidez ordezko garraiobide egokitua eman nahi baitzaie, taxi-bonuen bidez, garraio kolektiboetan sartzeko arazo larriak dituzten pertsonei

Oharra: testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (identifikazioa): 484263.

Deialdi honen xedea da desgaitasuna izan eta garraio kolektiboak erabiltzeko arazoak dituzten pertsonendako banakako laguntzak arautzea, garraiobide egokitu bat (taxia) erabil dezaten, taxi-bonuen bidez.

Programa honetako laguntzak baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahalko dituzte:

Antsoaingo udalerrian erroldatua egotea, eskabidea egin eta gutxienez ere 6 hilabete lehenagotik, eta bertan alta emanda jarraitzea, bai eta herrian egiazki bizitzea ere, laguntza jasotzen den bitartean.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izatea, garraio kolektiboetan sartzea larriki eragozten duena, eta horrela egiaztaturik egotea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako desgaitasunaren ziurtagiri ofizialean.

Osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla eta, ohiko bizilekutik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez egotea.

Antsoaingo Udalarekiko zerga betebeharrak edo bertze udal betebehar batzuk eguneratuak izatea.

Familia unitatearen hileko per capita errenta ez izatea deialdian adierazitako aurreko urteari dagozkion diru-sarrerak baino handiagoa.

Familia unitatearen ondarea gehienez ere 150.000 eurokoa izatea, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta. Halaber, laguntza ekonomikoa ukatu edo iraungi eginen da, baldin eta sumatzen bada eskatzailearen edo laguntzaren onuradunaren edo kide den familia unitateko kideren baten itxura hutseko pobretzea gertatu dela.

Egoera bereziak: egoera bereziak, edo sortzen ahal diren aparteko beste egoera batzuk banan-banan aztertuko ditu Bono-taxi programaren balorazio batzordeak.

Familian hartzea: familia unitate batek desgaitasuna duen adingabe bat familian hartua duenean, abandonu edo babesgabezia dekretu baten ondorioz, eta taxi-bonurako banakako laguntza lortzeko baldintzak betetzen baditu baina diru-sarreren maila gainditzen badu, hori egoera berezitzat joko da.

Desgaitasun larriko bi pertsona familia unitate batean: familia unitate bateko bi kidek taxi-bonurako banakako laguntza lortzeko baldintzak betetzen badituzte baina diru-sarreren maila gainditzen badute, hori egoera berezitzat joko da.

Eskaerak eskabide orri baten bidez aurkeztuko dira, eta orri hori interesdunak sinatuko du edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza. Deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliko da. Eskabidearekin batera deialdian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko urriaren 9an bukatuko da, eta ezin izanen da luzatu.

Deialdi honetako dirulaguntza bateragarria da bertze edozein administraziok edo entitatek helburu bererako ematen dituen dirulaguntzekin.

Lagun bakoitzari, hilean, 40 euro, gutxienez, emango zaizkio. Zenbateko hori bi hilean behin kargatuko da onuradun bakoitzak daukan Aurreordainketako Taxi Txartelean. Helburua da, azken batean, zerbitzu honen erabiltzaile guztiek izatea aurrekontuko baliabideez baliatzeko aukera berberak.

Antsoainen, 2019ko azaroaren 29an.–Alkatea, Ander Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L1915421