251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2543/2019 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 13an onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuen araudia aldatzen duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko abenduaren 13an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuen araudia aldatzen duena” onetsi zen.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KONTRATUPEKO IRAKASLE DOKTOREAK KONTRATATZEKO HAUTAKETA PROZESUEI BURUZKO ARAUDIA ALDATZEN DUENA.

2016ko irailaren 7an, Gobernu Kontseiluak erabaki baten bidez onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan Kontratupeko Irakasle Doktoreak Kontratatzeko Hautaketa Prozesuei buruzko Araudia, eta Gobernu Kontseiluak berak aldatu egin zuen 2019ko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez.

Araudi hori aldatu zen azken aldiaz geroztik, nabarmena da beharrezkoa dela berriz ere kontratazio batzordeen araubidean zenbait aldaketa egitea, bai batzordekideen ikerketa-gaitasuna egiaztatzeko orduan segurtasun juridiko handiagoa bermatzeko, bai eta batzordeen osaeran generoen parekidetasuna ziurtatzeko ere.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Akademikoak 2019ko abenduaren 4an egindako bileran aldeko txostena emanik.

Hori horrela, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, 2019ko abenduaren 13an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Kontratupeko Irakasle Doktoreak Kontratatzeko Hautaketa Prozesuei buruzko Araudiaren 13. artikuluaren 1. apartatua aldatzea. Honela geldituko da:

1. Bete beharreko lanpostuaren irakaskidegokoak edo goragoko batekoak diren eta lotura iraunkorra duten hiru irakasle doktorek eta haien ordezkoek osatuko dituzte lehiaketak ebatzi behar dituzten kontratazio batzordeak, eta honela izendatuko dira:

a) Titular bat, Kontratazio Batzordeko buru izango dena, eta bi ordezko, Unibertsitateko katedradunak biak, irakasleen gaietan eskuduna den organoak proposatu eta Gobernu Kontseiluak izendatuak. Horiek denek ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo izan behar dituzte gutxienez, eta indarrean egon behar du azken ebaluazioak.

b) Titular bat eta bi ordezko, Saileko Kontseiluak izendatuak. Horiek denek ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo izan behar dituzte gutxienez, eta indarrean egon behar du azken ebaluazioak.

c) Titular bat eta bi ordezko, Saileko Kontseiluak proposatutako hamar irakasleen artetik Gobernu Kontseiluak zozketa bidez izendatuak. Horiek denek ezin dute kontratu bidezko loturarik izan Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo izan behar dituzte gutxienez, eta indarrean egon behar du azken ebaluazioak.

Apartatu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ikerketa-jardueraren azken ebaluazio positiboa hartuko da indarduntzat (seiurtekoa), betiere zortzi urte baino gehiago igaro ez badira ebaluazio hori aitortu zenetik.

Kontratazio Batzordeko kide guztiak errektoreak izendatuko ditu, baita idazkaria ere.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Kontratupeko Irakasle Doktoreak Kontratatzeko Hautaketa Prozesuei buruzko Araudiaren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira:

2. Kontratazio batzordeetako kideek inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak bete behar dituzte. Kontratazio batzordeetako kideek aitortua izan behar dute irakasteko eta ikertzeko esperientzia, eta lanpostuaren jakintza-arlokoak edo haren antzeko jakintza-arlo batekoak izan behar dute, alderdi horri dagokionez Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako araudiaren arabera.

3. Kontratazio batzordeek gizonen eta emakumeen arteko osaera orekatua izan behar dute, salbu eta behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik posible ez bada (kasu horretan, dagokion txostenaren bidez egiaztatu beharko dira).

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki hau Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari aditzera ematea.

Bosgarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Seigarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 144.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.”

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F1916194