251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2542/2019 EBAZPENA, 2019ko abenduaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 13an onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen araudia aldatzen duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko abenduaren 13an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen araudia aldatzen duena” onetsi zen.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO FUNTZIONARIOEN IRAKASKIDEGOETAN SARTZEKO LEHIAKETEI BURUZKO
ARAUDIA ALDATZEN DUENA

Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Funtzionarioen Irakaskidegoetan Sartzeko Lehiaketei buruzko Araudia onetsi zuen 2009ko otsailaren 25eko erabaki baten bidez, eta Gobernu Kontseiluaren 2009ko maiatzaren 7ko, 2011ko maiatzaren 26ko eta 2019ko apirilaren 9ko erabaki batzuen bidez aldatu zen.

Ikusirik aldaketak egin behar direla Sarbide Batzordeen erregulazioan, batzordeko kideen ikertzeko gaitasuna egiaztatzean segurtasun juridiko handiagoa bermatzeko, eta generoaren aldetik osaera parekidea izan dezaten.

Kontuan izanik Gobernu Kontseiluaren Batzorde Akademikoak aldeko txostena egin duela 2019ko abenduaren 4ko bileran.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, 2019ko abenduaren 13an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Funtzionarioen Irakaskidegoetan Sartzeko Lehiaketei buruzko Araudiaren 12. artikuluko 1. apartatua aldatzea. Honela idatzita geldituko da:

1. Hiru irakaslek eta dagozkien ordezkoek osatuko dituzte sarbide lehiaketak ebatzi behar dituzten batzordeak. Denak Unibertsitateko Irakaskidegoetako karrerako funtzionarioak izango dira, eta lehiaketako lanpostuak esleituta daukan kidego baliokidekoak edo goragoko kidego batekoak, honela izendatuak:

a) Titular bat, batzordeburu izango dena, eta bi ordezko, Gobernu Kontseiluak izendatuak, irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak proposatu ondoren.

b) Titular bat eta bi ordezko, Gobernu Kontseiluak izendatuak, Saileko Kontseiluak proposatu ondoren.

c) Batzordekide titular bat eta bi ordezko, Saileko Kontseiluak proposatu ondoren Gobernu Kontseiluak zozketaren bidez izendatuak hamar irakasleren artetik, denak ere Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin kontratu loturarik gabeak.

Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketen kasuan, batzordekide guztiek unibertsitateko katedradunak izan beharko dute, eta gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatuak eduki (seiurtekoak); horietako azkenak indarrean egon behar du.

Unibertsitateko titularra izateko lehiaketen kasuan, batzordeburuak unibertsitateko katedraduna izan beharko du, eta gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatuak eduki (seiurtekoak); horietako azkenak indarrean egon behar du.

Batzordekideek, berriz, ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo egiaztatuak eduki beharko dituzte gutxienez (seiurtekoak); horietako azkenak indarrean egon behar du.

Apartatu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ikerketa-jardueraren azkeneko ebaluazio positiboa (seiurtekoak) indarrean dagoela ulertuko da, baldin eta ebaluazioa ontzat eman zenetik zortzi urte baino gehiago pasatu ez badira.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Funtzionarioen Irakaskidegoetan Sartzeko Lehiaketei buruzko Araudiaren 12. artikuluko 3. eta 4. apartatuak aldatzea. Honela idatzita geldituko dira:

3. Hautapen Batzordeetako kideen osaerak inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak bete behar ditu. Batzordekideek zerbitzu aktiboan egon beharko dute, eta beharrezkoa den gaitasun zientifikoa eta irakasteko gaitasuna izan. Horretarako, batzordekideek aitortuta izan behar dute irakasteko eta ikertzeko gaitasuna deitutako lanpostuaren profilari dagokionez, eta lanpostuaren jakintza-arlokoak izan behar dute, edo beste antzeko arlo batzuetakoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan araututakoarekin bat.

4. Hautapen Batzordeen osaerak orekatua izan behar du gizon eta emakumeen arteko kide kopuruari dagokionez, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki hau jakinaraztea Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Seigarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.”

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F1916195