248. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

168E/2019 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, “Nazioarteko lankidetzan I+Gko proiektuak egiteko laguntzak, medikuntza pertsonalizatuaren esparruan. PerMed 2019” izeneko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 483602.

PerMed (H2020-SC1-2016-2017 ERA-NET Cofund on Personalised Medicine) delakoa ERA-NET Cofund bat da, Europako Batzordeak sustatzen duena Horizonte 2020 Osasuna, Aldaketa demografikoa eta Ongizatea Programaren barruan. PerMeden helburu orokorra da I+G proiektuak egitea nazioarteko lankidetzan, medikuntza pertsonalizatuaren esparruan.

Deialdi honetako laguntzen helburua da Nafarroako entitateen (ikerketa eta jakintza zabaltzeko organismoak, ospitale publikoak edo pribatuak eta enpresak) parte-hartzea bultzatzea nazioarteko lankidetzan egiten diren I+G proiektuetan. Horrela, laguntza eman gogo zaie Nafarroako entitateei beren ikerketa eta garapen jarduerak nazioartera eramateko, eskuraerraza den tresna bat baliatuz: eskualdeko laguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: “Nazioarteko lankidetzan I+Gko proiektuak egiteko laguntzak, medikuntza pertsonalizatuaren esparruan. PerMed 2019”.

2. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea, baldin eta krediturik bada, 2019ko Gastuen Aurrekontuko 820005-82100-7701-467304 [PEP: E-18/000179-01]: “Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak” partidaren kargura, eta hurrengo urteetan izanen diren partida baliokideen kargura, muga hauekin:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

820005-82100-7701-467304 [PEP: E-18/000179-01]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak

2021

100.000

820005-82100-7701-467304 [PEP: E-18/000179-01]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak

2022

100.000

820005-82100-7701-467304 [PEP: E-18/000179-01]: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak

2023

100.000

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko azaroaren 21ean.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da I+G proiektuak egin daitezen sustatzea, nazioarteko lankidetzan, medikuntza pertsonalizatuaren esparruan eta PERMED-2019ko deialdia izeneko Europako lankidetza proiektuaren arloan (kontsultatu hemen: http://www.erapermed.eu/).

Horrela, bizi-zientzien eta informazioaren teknologiaren sektorearen arteko dinamizazio eta lotura estuagoa sustatu nahi da, osasun sisteman modu arduratsuan inplementatzen laguntzeaz gain, Nafarroako erakundeen (ikerketarako eta ezagutza zabaltzeko erakundeak, ospitale publiko edo pribatuak eta enpresak) lehiakortasuna eta nazioartekotzea areagotzeko medikuntza pertsonalizatuaren arloan.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira ikerketarako eta ezagutza zabaltzeko erakundeak (unibertsitateak eta ikerketa zentroak), ospitale publikoak edo pribatuak eta enpresak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan lantokia izatea eta bertan egitea jarduera diruz lagungarriak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Enpresen kasuan: Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat. Foru agindu haren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen.

d) Ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeen kasuan: erakunde horiek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten badituzte, bi jarduera motak eta haien kostuak eta finantzaketa argi bereizteko modua ematen duen kontabilitatea izan beharko dute.

Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) apartatuan ezarrita dago “ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundearen” definizioa; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (hemendik aurrera, 651/2014 (EB) Erregelamendua).

e) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Europar Batasuneko batzorde baten aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat ilegaltzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo badu, ezta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den moduan, krisiak jota daudenak ere.

3. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldiaren amaierako eguna arte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak izanen dira laguntzaren xede, oinarri honetan aipatzen diren baldintzak betez gero.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) apartatuetan ezarrita dago “industria ikerketa” eta “garapen esperimentala” zer diren.

2. Proiektu diruz lagungarriek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) PerMed lurralde eremuko hiru herrialdetako gutxienez ere hiru entitate independenteren arteko lankidetza eraginkorra izatea proiektuak, eta entitate horiek laguntza eskatu izana egoki den eskualdeko erakundean edo nazionalean.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90. apartatuan jasotzen da zer den “lankidetza eraginkorra”.

ETEa definitzeko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa aplikatuz kalkulatuko da enpresen tamaina.

Deialdian sartzen diren eskualde eta herrialdeak http://www.erapermed.eu/ web-orrian kontsultatzen ahal dira.

b) Parte hartzen duten entitateetako bakar batek ere ez izatea bere gain proiektuaren gastu diruz lagungarri guztien %70 baino gehiago.

c) ERA PerMed 2019 deialdiaren batzorde zuzendariak proposatzea proiektua, ERA NETeko kide den Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzeko.

d) Proiektuak gutxienez 3. ikerketa arloko modulu bati eta 1. edo 2. arloko ikerketa arloko modulu bati ekin behar die. Beraz, proiektuak gutxienez bi ikerketa arlo izan beharko ditu; 3. arloa nahitaezkoa izanen da, eta bi moduluak edo, gutxienez, horietako bat eduki ahal izanen du. Gero, 1. edo 2. arloak eduki beharko ditu, arlo bakoitzean aukeratzen diren modulu kopuruarekin.

1.–1. ikerketa arloa: “Baliozkotzea, ikerketa biomediko aurreklinikoa eta klinikoa: oinarrizko ikerketa klinikora eta harago eramatea”:

–1A modulua: Ikerketa aurreklinikoa eta/edo

–1B modulua: Ikerketa arloko ikerketa klinikoa.

2.–2. ikerketa arloa: “Datu analisia, kudeaketa eta babesa. Big Data eta IKT soluzioak integratzea”:

–2A modulua: Datuak eta IKT teknologia gaitzailea eta/edo

–2B modulua: Datuak eta IKT-2. ikerketa arloko osasun arretan aplikatzen joateko.

3.–3. ikerketa arloa: Inplementazio arduratsuranzko ikerketa osasunaren zainketan:

–3A modulua: Osasuna zaintzeko sistema hoberentzea eta/edo

–3B modulua: Alderdi etiko, legalak eta sozialak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Zein diren laguntzen entitate onuradunak, honako gastuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakunde eta enpresentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan. Gastu horiei dagokienez, honakoa hartu beharko da aintzat:

1.–Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuek beste dirulaguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute dirulaguntza hau jasoko.

2.–Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3.–Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4.–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

Kanpoko laguntza ematen duena, hots, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundea, ikerketarako erakunde publiko bat, unibertsitate publiko bat, zuzenbide publikoko entitate bat edo I+Gko bestelako erakunde publiko bat baldin bada, diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, erakunde horrek zerbitzua emateko izan dituen kostuak, oinarri honen 1.2 atalean ezarritakoaren arabera zehaztuak.

e) Estatuko edo Europako azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du dirulaguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

1.2. Ikerketako erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta I+Gko bestelako erakunde publiko batzuk baldin badira kanpoko laguntza ematen duten erakundeak, hots, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeak:

1.1 atalean adierazitako gastuak diruz lagunduko dira, salbu a) letrako langileria gastuak, baina gastu horiek proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez zenbatu daitezen.

Proiektua gauzatzeko egiten den langileriaren kontratazioak dirulaguntza izanen du.

1.3. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute dirulaguntza duten langileriaren zuzeneko kostuen %15 arte. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. I+G proiektuaren ondorioz fabrikatutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da diruz lagungarriak diren gastuetan sartuko.

Azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

3. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan 11.2 artikuluan adierazitako moduan justifikatuko baita.

4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek eragin pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte I+G proiektuak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko.

2. Laguntza eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta, beranduenez, hiru urteko iraupena izanen dute.

Laguntza-eskaeraren inprimakian adierazten dena izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

3. Proiektuak hiru urtean gauzatuko dira:

–Lehen urtea: proiektua hasten den egunetik 2020ko abenduaren 31ra arte (egun hau barne) gauzatzen diren jarduerak bilduko ditu.

–Bigarren urtea: 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

–Hirugarren urtea: 2022ko urtarrilaren 1etik proiektua bukatu arte gauzatzen diren jarduerak bilduko ditu.

6. oinarria.–Laguntzen zenbaterainokoa eta haien gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz lagungarritzat jotzen diren gastuei aplikatuko zaien laguntza intentsitatea honako hau izanen da entitate onuraduna nolakoa den:

a) Enpresen kasuan, laguntzen intentsitatea hau izanen da, tamainaren arabera:

PROIEKTUAREN
KALIFIKAZIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

%80

%75

%65

Garapen esperimentala

%60

%50

%40

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

b) Ikerketako eta ezagutzen zabalkundeko erakundeen kasuan, dirulaguntza %100ekoa izan daiteke jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 ataleko definizioaren arabera.

Erakundearen kontabilitateak ez badu uzten jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereizten, laguntzaren gehieneko intentsitatea izanen da a) ataleko koadroan enpresetarako zehaztutakoa.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko urtarrilaren 31n bukatuko, hura barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko fitxa erabiliz.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8342/Programa-de-financiacion-de-proyectos-de-I-D-en-cooperacion-internacional-PerMed2019 (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa eduki beharko da, zeina 17. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, 2.2 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa. Entitate koordinatzaileak Permed web plataforman aurkeztutako “full proposal” (ingelesez) memoria bera aurkeztu beharko da.

d) Lankidetza-hitzarmena, alderdiek sinatua.

e) Oinarri honen 4. atalean ETEei eskatzen zaien informazioa.

Agiri guztiak aurkeztuko dira eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin.

4. Enpresa ertainek eta txikiek azken hiru ekitaldietako balantzea, fakturazioa eta langileen kopuruari buruzko datuak erantsi beharko dizkiote eskabideari, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Bestela, enpresa handientzat 6. oinarrian adierazitakoa izanen da emanen den laguntza, eta proiektua oro har hautaezintzat jotzen ahalko da ETEaren gutxieneko partaidetzaren baldintza, 3.2.b) oinarrian ezarria, betetzeari uzten bazaio.

5. Eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen du bertan adierazten diren datuak hirugarrenei jakinarazteko, helburu historiko, estatistiko edo zientifikoetarako ondoren tratatzeko xedez, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren esparruan.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio handiena eskuratzen duten proiektuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzua) irizpide hauen araberako baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta:

a) Partzuergoa.

a.1. Bazkideen osagarritasuna ikuspegi teknikotik, eta partaidetzaren oreka aurrekontu aldetik.

a.2. Bazkideen bikaintasuna, proiektuaren jarduketa eremuan.

a.3. Nazioz gaindiko lankidetzaren balio erantsia.

b) Bikaintasun zientifikoa eta/edo teknologikoa.

b.1. Helburuen argitasuna.

b.2. Proposamenaren koherentzia eta sinesgarritasuna.

b.3. Proposamenaren berrikuntza maila, arte egoerari dagokionez. Lortu diren produktu edo zerbitzu berriak, proposatu den ikuspegiaren originaltasuna.

c) Lan metodologia eta aurrekontua.

c.1. Lan plangintza eta zereginen banaketa bazkideen artean.

c.2. Giza baliabideak zein materialak planteatzen diren helburu eta jarduerei egokitzea.

c.3. Proiektua kudeatzeko egitura.

d) Eragin potentziala.

d.1. Produktu edo zerbitzu berrirako merkatu potentziala eta lehendik dauden produktuekiko lehiakortasuna.

d.2. Entitate parte-hartzaileen lehiakortasun, fakturazio edo enpleguaren gaineko eragina.

d.3. Emaitzak ustiatzeko plana.

2. Irizpide bakoitza (a, b, c eta d) 0 eta 5 puntu arte (gehieneko puntuazioa) puntuatuko dira, eta gainditu gabe geldituko dira lau irizpideetako bakoitzean 3 puntura iristen ez diren proiektuak. Puntu erdiak ematen ahalko dira.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, b) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, a), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko urtekotan banatuta.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko. Ebazpena emanen da eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaitura.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskabideak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

11. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela baldin onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen badu I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta horretarako baliabide propioak izan.

Proiektuaren %50 arte azpikontrata daiteke. Lankidetza proiektu bateko parte-hartzaileek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehaztuak.

b) Laguntzen eskaeran jasotzea eta laguntza ematen duen organoak baimentzea gastu hori dirulaguntzaren xedetzat jotzea laguntza ematen duen ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, materialen faktura, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, “lotutako enpresa” izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

12. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, hurrengo atalean aipatutako aldaketak baimendu daitezke, eta, horretarako, organo kudeatzaileari baimena eskatuko zaio aurretik, laguntzen fitxaren bidez.

2. Hauexek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Proiektua gauzatzeko epea, lau hilabete arte luzatzea baimentzen ahalko baita; betiere, exekuzioak ez du iraunen hiru urte baino gehiago, proiektua egiten hasten denetik.

b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Hala ere, ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

c) Partzuergoaren osaera, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.

3. Ez da aldaketarik baimenduko baldin 3.2 oinarrian aipatutako baldintzak aldatzen baditu edo nazioarteko gainerako bazkideen jardueretan eraginik badu. Hori hala den egiaztatuko du aurretik laguntzak kudeatzeko organoak, eta, horretarako, harremanetan jarriko da parte hartzen duten eskualdeetako erakunde kudeatzaileekin.

4. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, urtea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

13. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa. Hala, telematika bidez aurkeztu behar dituzte beti, laguntzen fitxaren bidez, eta fitxa horretan eskura dagoen ereduari jarraituz, honako agiri hauek:

a) 2021eko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2020ko abenduaren 31ra arte egin eta 2021eko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena.

b) 2022ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, bigarren urtean egin eta 2022ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena.

c) 2023ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, bigarren urtean egin eta 2023ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena.

Azken justifikazioarekin batera, 16. oinarriko lehenbiziko ataleko a) eta b) letretako dokumentazioa aurkeztuko da.

2. %100eko laguntza eskuratzen duten ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, frogagiri guztiak eta justifikazio kontu bat ere aurkeztu beharko dituzte, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak xehatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak ere bai.

Auditatzen duenak egiaztatuko du erakundearen jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, inbertsioen egiaztapen materiala eginen du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko dirulaguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kosturako, onuradun bakoitzeko eta urteko bakoitzean. 4.1.1.g) oinarrian deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio gastu hori.

14. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntza hiru unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

URTEAK

JUSTIFIKAZIO PARTZIALA

AZKEN JUSTIFIKAZIOA

2021

a) Lehen urteari dagokion laguntzaren ordainketa

2022

b) Bigarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa

2023

c) Hirugarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa

a) Lehen urtekoari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.a) oinarrian ezarritako justifikazio partziala berrikusi ondoren, lehen urtekoari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

b) Bigarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.b) oinarrian ezarritako justifikazio partziala berrikusi ondoren, bigarren urtekoari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

c) Hirugarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.c) oinarrian ezarritako azken justifikazioa berrikusi ondoren, hirugarren urteari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, laguntza kudeatzen duen organoak egiaztapen materiala eginen du azken ordainketa horren aurretik.

2. Ordaintzeko ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean emanen dira, 13. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Informazioa emateko betebeharra, aipatutako foru dekretuaren 4. artikuluak eskatzen duena, urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 13. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 16. oinarrian adierazitako moduan.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Dirulaguntzei buruzko foru legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza ematen duten ebazpenetan, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko foru legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta zerbait aurreratu bada, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Proiektutik gauzatzen den aurrekontua laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

16. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzi bat aurkeztea, gaztelaniaz eta ingelesez.

b) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, entitate parte-hartzaileen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

c) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a) eta b) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 100.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta, nahi izanez gero, gainerakoentzat. Bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. ataleko a) eta b) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

18. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako esleitutako beste laguntza batzuekin.

19. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).

20. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean jakitera emanen da ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek beharkizunak eta baldintzak betetzen ote dituzten aipatutako artikuluko kenkariari heltzeko.

Ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1915591