23. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ORKOIEN

Deialdia, Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Udalak, 2018ko abenduaren 20an egindako osoko bilkuran, honako hau erabaki zuen:

Motibazioa. Orkoiengo Udalak zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu beteko ditu, lanpostuak hutsik gelditu baitira, haien lehengo titularrek, igoera txandaren bidez, hutsik utzi baitituzte, eta beharrezkoa da horiek pixkanaka betetzen joatea Udalaren mantentze-lanetako zerbitzuak behar bezala betetzeko. Ildo horretan, 2018ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27an, 2018ko lan eskaintza publikoa onetsi zen, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu betetzeko. Orkoiengo Udalaren alkateak lanpostu huts hori betetzeko prozedurarekin hasteko agindu du eta honako oinarri hauek izango ditu:

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Orkoiengo Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, Udalaren plantilla organikoan jasotakoarekin bat eta bertan sorturiko lanpostu hutsak betetzea da xedea. Beraz, deialdi honek ez du langileen plantilla handitzea ekarriko.

1.2. Izendapenaren ondorioz, hautatua gertatzen dena Orkoiengo Udaleko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da.

1.3. Lanpostuak D mailari dagozkion ordainsariak izango ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

1.4. Udalaren zuzendaritzapean, izendatuak ondoko eginkizunak izango ditu, besteak beste:

a) Udalaren eraikin eta instalazioen kontserbazio eta mantentze-lanak.

b) Igeltserotza, iturgintza, aire-girotze, elektrizitate eta bestelako lanak, mantentze-lanak orokorrean, udalerrian beharrezkoak direnean.

c) Pintatzea, objektuak, hormak eta Udalaren eraikinak, baita kaleetako lurreko seinaleak ere. Horrez gain, seinale bertikalak jarri eta kentzea.

d) Ondasun publikoak kontserbatzeko obrak.

e) Makineria maneiatzea.

f) Ondoko hauek muntatu eta desmuntatzea: eszenatokiak, jaietako ekitaldietan zein kulturaletan ere; zezenketa jaialdietako hesiak; behin-behineko instalazioak.

g) Udalak agintzen dizkion gainerako guztiak, dagokion kategoriaren barnean sartzen badira.

1.5. Lan mota eta lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharrei egokituko zaizkie, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, langileen zirkulazio librea jasorik Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuko pertsonak izatea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean B1 mailako gidabaimenaren jabe izatea.

2.2. Probak gainditu eta lanpostua lortzen duen izangaiak deialdi honen 7. oinarrian xedatzen den moduan eta epean egiaztatu beharko ditu arestiko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, baita hautapen prozedura osoan eta izendapen eguna bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izatea eskatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Orkoiengo Udalaren erregistroan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita:

a) Eskabide orria, 1. eranskinean heldu den eredu ofizialean, han zehazten diren guztiak beterik.

b) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

c) Izangaiaren merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, jatorrikoak edo konpultsatuak, deialdi honetan balora daitezkeen merezimenduei badagozkie.

Dokumentu horiekin batera aurkeztuko da euskara mailari dagokion ziurtagiria, halakorik izanez gero. Euskara titulurik izan ezean, eta jakite hori baloratu edo kontuan hartzea nahi bada, euskara maila neurtzeko proba egin nahi dela adierazi beharko da eskabidean. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak egingo du proba, oposizioa hasi baino lehen.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izango da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emango du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko 10 egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izango ditu:

Epaimahaiburua: Carlos Arroniz Loyola, Orkoiengo alkatea.

Mahaikidea: Roberto Pascal Garcés, Udalaren mantentze-lanetako arduraduna

Mahaikidea: Beatriz Gastesi Irañeta, Orkoiengo Udaleko arkitekto teknikoa

Mahaikidea: Eva Faure Gurbindo, lorezaintzako ofiziala

Idazkaria: Orkoiengo Udaleko Idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutxienez ere kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan egingo da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara. Oposizio-lehiaketaren osoko puntuazioa 100 puntukoa izango da: 80 puntu oposizioaldian eta 20 lehiaketaldian.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean jakinaraziko da proba teorikoak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

Proba teorikoa gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, proba teorikoa gainditu duten izangaiek aurkeztu merezimenduen balorazioa argitaratuko da.

Gero, epaimahaiak Udaletxeko ediktuen taulan jarriko ditu hurrengo proba praktikoak egiteko egunak.

6.2. Oposizio-lehiaketa honako ariketa hauek osatuko dute:

6.2.1. Lehiaketaldia.

Proba teorikoa gainditu duten izangaiek alegatutako merezimenduen balorazioa egingo da, II. eranskinean zehazten den baremoaren arabera. Lehiaketaldiko gehieneko balorazioa: 20 puntu.

Izangaiek eskabidea aurkezten duten unean berean alegatu eta egiaztatu beharko dituzte merezimendu guztiak; horretarako jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak ekarri beharko dituzte, bestela ez aurkeztutzat joko baitira.

Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak Udaletxeko iragarki-taulan jarriko dira ikusgai.

6.2.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldian 80 puntu lortu ahal izango dira gehienez, eta honako ariketa hauek izango ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Plika sistema erabiliz egingo da, eta III. eranskineko gaiei buruzko galderak erantzun beharko dira idatziz. Erantzuteko zenbait aukera emango dira, baina bakar bat izango da zuzena. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emango dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izango den. Erantzun oker bakoitzagatik 0,3 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

Ariketa zuzendutakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan jendaurrean jarriko du ariketa gainditu dutenen eta erdietsitako kalifikazioen zerrenda, baita oposizioko hurrengo ariketa zein egun, toki eta ordutan egingo den ere. Jarraian, gainditu duten izangaiek erantsitako merezimenduen balorazioa argitaratuko da.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, eta III. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu emango dira. Gutxienez, 25 puntu atera beharko dira, baztertuta geldituko baitira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izango den.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo da eta izangaiek NANa eraman beharko dute aldean.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Ariketen kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda helaraziko dio Udalari, lehiaketaldiko puntuak eta oposizioaldian izangai bakoitzak erdietsitako kalifikazioak batuz ateratako puntuazioaren arabera, eta horrekin batera puntuaziorik altuena erdietsi duena izendatzeko proposamena egingo du.

Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

1.–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia (udal bulegoetara eramango den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa) edo jaiotze aktaren ziurtagiria.

2.–Eskatzen den titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia (udal bulegoetara eramango den jatorrizkoarekin egiaztatu beharrekoa) edo hori eskuratzeko eskubideengatik pagatu beharrekoaren ordainagiria.

3.–B1 mailako gidatzeko baimenaren kopia kautotua edo fotokopia (udal bulegoetara eramango den jatorrizkoarekin egiaztatu beharrekoa).

4.–Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

5.–Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.

6.–Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituztela.

7.3. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira izendatu eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua burututakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, Orkoiengo Udaleko funtzionario izendatuko du, mendeko enplegatuaren lanpostuan ari dadin.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarrian–Deialdian lanposturik eskuratu ez duten izangai gaindituen zerrenda.

Gainditu dutenen zerrenda bakar bat osatuko da, Orkoiengo Udalak erabili ahal izan dezan aldi baterako langileak kontratatzeko, puntuazio-ordena zorrotzari jarraikiz. Zerrenda horrek lehentasuna izango du aldi baterako kontratazioak egiteko lehendik izan zitekeen edozein zerrendaren aurrean.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

A) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Orkoienen, 2018ko abenduaren 20an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

I. ERANSKINA

Eskabidearen inprimakia (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.–Laneko esperientzia (12 puntu gehienez):

A.1. Beste udal edo entitate publiko batzuetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 1 puntu, eta gehienez ere 7 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.2. Udaletan edo entitate publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatu lanean edo lanpostu horrekin zerikusia dutenetan (E maila) aritutako urte bakoitzeko: 0,75 puntu, eta gehienez ere 3 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.3. Entitate pribatuetan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 0,5 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (6,8 puntu):

B.1. Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateetan maila ertaineko gradua, goi mailako gradua edo LH IIko gradua edo baliokidea izateagatik: 3 puntu titulu bakoitzeko (gehienez ere 3 puntu).

B.2. Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten argitalpen eta ikerketa lanengatik, gehienez ere 3,8 puntu.

–20 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,10 puntu ikastaro bakoitzeko.

–50 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko.

–100 orduko edo gehiagoko ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

–15 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

–200 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.

C.–Euskaraz jakitea (gehienez ere 1,2 puntu):

Euskaraz jakiteagatik, 1,2 puntu emango dira C1 maila egiaztatuz gero; 0,96 puntu, B2 maila egiaztatuz gero; 0,72 puntu, B1 maila egiaztatuz gero; 0,48 puntu, A2 maila egiaztatuz gero, eta 0,24 puntu, A1 maila egiaztatuz gero.

Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira bai lan araubidean, behin-behineko nahiz finko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik, egindako zerbitzuak.

Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emango zaio.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Merezimendu hauek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

III. ERANSKINA

Oposizioaren gaiak

–Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa (6/1990 Foru Legea, I. Titulua eta eguneraketak).

–Nafarroako toki entitateen funtzionamenduari buruzko araubidea. Herritarren parte-hartzea eta informazioa (6/1990 Foru Legea, III. Titulua eta eguneraketak).

–Nafarroako toki entitateen ondasunak (6/1990 Foru Legea, IV. Titulua eta eguneraketak).

–Jarduerak, zerbitzuak eta obrak (6/1990 Foru Legea, V. Titulua eta eguneraketak).

–Nafarroako toki entitateen zerbitzurako langileak (6/1990 Foru Legea, VII. Titulua eta eguneraketak).

–Igeltserotza, kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

–Makineria eta ibilgailuen mantentze-lanak eta konponketa arruntak.

–Iturgintza, berokuntza eta aire-girotze instalazioak: materialak, iturgintzako hodientzako, saneamendurako eta berokuntzarako; sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak; berokuntza zirkuituak: osagaiak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea; galdara gela eta horren osagai bereziak; aire-girotze gela eta horren osagai bereziak. Iturgintza, berokuntza eta aire-girotze eskemak ulertzea.

–Soldadura lanak egitea, soldadura sistema, geometria, materialen soldagarritasuna, makineria maneiatzea eta segurtasuna.

–Elektrizitate eta suteen aurkako instalazioak: banaketa koadroak eraikinetan, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak. Eraikinetako barneko argiztapena. Suteen aurka babesteko osagarriak. Elektrizitate eskemak ulertzea.

–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea. Eskubideak eta eginbeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: taldekako babesak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: Lehen sorospenak. Metalezko aldamioak, igogailu-eskailerak eta igogailu-plataformak modu seguruan erabiltzea.

Iragarkiaren kodea: L1815980