23. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ODIETA

Aldaketa, San Urbano baselizaren erabilerari buruzko ordenantzan. Behin betiko onespena

Odietako Udalak, 2018ko irailaren 17an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen “Gaskueko San Urbano baselizaren eta hari lotutako lokalen erabilerari buruzko erregelamendua aldatzeko espedientea”. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari eta horrekin bat heldu direnei jarraikiz, espedientea jendaurrean jartzen da hogeita hamar eguneko epean, hasierako onespenaren erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki-taulan argitaratua, bizilagunek eta interes legitimoa dutenek hura aztertu eta erreklamazio, eragozpen edo oharrak aurkez ditzaten.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 4an, eta jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Odietako Udalak, 2018ko abenduaren 10ean egin osoko bilkura arruntean, behin betiko onetsi zuen “Gaskueko San Urbano baselizaren eta hari lotutako lokalen erabilerari buruzko erregelamendua aldatzeko espedientea”.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari eta horrekin bat heldu direnei jarraikiz, ordenantzan egindako aldaketaren testu osoa argitaratzen da.

Erripan (Odieta), 2018ko abenduaren 10ean.–Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.

SAN URBANORI LOTUTAKO LOKALEN ERABILERARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

Erregelamenduaren xedea.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xedea du funtzionamendu orokorraren irizpideak eta prozedura ezartzea San Urbano baseliza osatzen duten lokalen erabilera lagatzearen inguruan. Udal titulartasuneko higiezina da baseliza, baita jabari publikoko ondasuna ere.

2. artikulua. Higiezinaren deskribapena.

2.1.–San Urbano baselizak hiru lokal ditu, erabilera independentea izan dezaketenak: tenplua (lokal nagusia), aterpea (1. lokal erantsia) eta babeslekua (2. lokal erantsia). Lokal horiek jabari publikoko ondasunak dira (lotura) eta hau dute zehazki erabilera mota: kultura, josteta eta aisialdiko zuzkidurarakoa.

2.1.–“Babeslekua” izeneko lokalaren erabilera lagatzea.

Pertsonak guztiek erabili ahal izanen dute babeslekua, eta irekita egonen da.

Behar bezala erabili beharko dute, arduratsu, eta garbi eta txukun utzi hortik alde egiten dutenean. Ordenantza honen xedapenak aplikatuko zaizkie, erabilera baimentzeko prozedurari eta ordaindu beharreko tasei dagozkienak salbu.

Erabiltzaileek sortutako kalte-galerarik bada, Odietako Udalak hori konpontzeko eskatu ahal izanen die, edota dagokion kalte-ordaina betetzeko ere.

Lokal horrek duen erabilera libre eta irekia mugatu edo murriztu ahal izanen da, Odietako Udaleko Alkatetzak hala erabakitzen badu, Odietako Udalak berak sustatu edo bultzaturiko jarduera bat, bertan egiteko onetsia, dela kausa.

2.2.–“Tenplua” eta “Aterpea” izeneko lokaleen erabilera lagatzea.

Tenplua eta aterpea itxita egonen dira normalean.

Odietako Udalak berak antolatu, sustatu edo bultzatutako jarduerak direnean, entitate horrek izanen du lokalak erabiltzeko ahalmena, erabilera edo jarduera zein den eta interes edo onura publikokoa ote den kontuan hartuta.

Lokal horiek erabili nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Lokal horiek ez dute txorrotako urik, ez eta, aterpearen kasuan, energia elektrikoko instalaziorik ere.

Lokal horien erabilera mugatu edo murriztu ahal izanen da, Odietako Udaleko Alkatetzak hala erabakitzen badu, Odietako Udalak berak edo bestelako erakunde publiko batek sustatu edo bultzaturiko jarduera edo ekitaldi bat, bertan egiteko onetsia, dela kausa.

3. artikulua. Onuradunak:

a) San Urbano baseliza (tenplua eta aterpea), Udalaren titulartasuneko ondasun higiezina baita, osatzen duten lokalak aldi baterako erabili ahal izanen dituzte honako hauek, irabazi-asmorik gabeko jarduera soziokulturalak egiteko:

–Pertsona fisikoak.

–Herritarren elkarteak.

–Pertsona juridikoak.

b) Herritarren elkarteak dira Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteak. Horiek udal lokalak eskatu ahal izanen dituzte beren xede sozialari lotutako jardueretarako; ezinbesteko baldintzak izanen dira elkarte interesduna irabazi-asmorik gabea izatea, izena emana egotea dagokion erregistroan, herritar guztion ongia izatea bere eginkizunen xede eta merkataritza arlokoa ez izatea.

c) Pertsona fisiko edo juridikoek ere, publiko zein pribatuek, udal lokal horiek erabiltzeko baimena eskatu ahal izanen dute edozein jardueratarako, betiere jarduera horrekin loturiko transakzio ekonomikorik ez badago.

Adingabeen kasuan, legezko ordezkariaren izenean (aita, ama, tutorea...) egin beharko da eskaera, eta ordezkari horren izenean emanen da baimena, nolanahi ere.

4. artikulua. Eskaerak:

a) Pertsona/entitate interesdunek idatziz eskatu beharko diote Odietako Udalari, eskabide baten bidez, lokal zehatz horren aldi baterako erabileraren lagapena, jarduera egiteko eguna baino bost egun lehenago, gutxienez ere.

Edozein kasutan ere, eskabidean datu hauek adieraziko dira:

–Pertsona/entitate eskatzailearen datuak (elkartea, entitatea edo pertsona fisikoa).

–Erabili nahi duen lokala zein den.

–Data edo datak, noiz erabili nahi duen.

–Iraupena (egunak, orduak).

–Egin nahi duen jarduera.

–Parte-hartzaileen kopurua.

–Lagapenaren xedea.

–Entitateko arduradunaren datu pertsonalak.

–Konpromiso-agiri sinatua, eskatutako lokala erregelamendu honi eta erabilera lagatzeko baimen-ebazpenari jarraikiz erabiliko dela azaldurik.

5. artikulua. Erabiltzeko baimenak.

–Aldez aurreko eta berariazko baimenik izan ezean, ezin izanen da jarduerarik egin ordenantza honen xede diren “Tenplua” eta “Aterpea” izeneko lokaletan.

–Ezin izanen da sua piztu “Aterpea” izeneko lokalean, Udaleko Alkatetzak espresuki baimentzen ez badu hala eskatu ondoren. Baimena ematekotan, sua pizteko propio prestatuta dauden tokietan (tximinietan alegia) egin beharko da, ez beste inon. Jarduera zein den ikusita, baimena eman edo ukatuko da.

–Eskaera aztertu ondoren, Odietako Udaleko Alkatetzak erabakia (ebazpena) emanen du, aldekoa ala kontrakoa, eskatutako lokalaren erabilera lagatzeari buruzkoa.

–Aipatu ebazpena lagatzearen aldekoa bada, bertan jasoko da ordaindu beharreko tasaren zenbatekoa.

–Aipatu ebazpena lagatzearen aldekoa bada, eskatutako lokala erabiltzeko baldintzak ere jasoko dira bertan. Gehienez ere 300,00 euroko nahitaezko fidantza ezar daiteke, balizko kalte-galerei erantzuteko, jarduera zein den, zenbat parte-hartzaile dituen, erabilera-intentsitatea zein den eta abar ikusita. Fidantza hori eskatuko da, nolanahi ere, Odietako udalerrian erroldaturik ez daudenentzako jarduera baldin bada.

–Aipatu ebazpena lagatzearen aldekoa bada, erantzukizun zibileko asegurua izenpetzeko betebeharra ere jasoko da bertan, eskatutako lokalaren erabilera-baldintzak zein diren, jarduera zein den, zenbat parte-hartzaile dituen, erabilera-intentsitatea zein den eta abar ikusita, Udaleko Alkatetzaren iritziz. Aseguru hori izenpetzeko eskatuko da, nolanahi ere, Odietako udalerrian helbiderik ez duten lagun-taldeentzako jarduera baldin bada.

–Aipatu ebazpena aldez aurretik eman behar da, eskatutako lokala erabiltzeko behar besteko denboraz, eskaera jaso eta astebetean gehienez ere. Giltza emanen zaio onuradunari lagapena jakinarazten zaionean.

–Erabiltzeko baimena ukatu ahal izanen du Udaleko Alkatetzak, interes publikoko arrazoi justifikaturik baldin badago, betiere orokorrean higiezinari eta/edo eskatutako lokalari egotzitako erabileraren eta eginkizunaren arabera.

–Halaber, lokal hauek erabiltzeko baimena ukatuko du Udaleko Alkatetzak beste jarduera edo ekitaldi bat egiteko bada, Odietako Udalak berak edo bestelako erakunde publiko batek sustatu edo bultzatua, ekitaldiaren egunean bertan zein hura egin baino bi egun lehenago eta beranduago.

–Baimena emateak ez du esan nahi lagatako lokalean egiteko jarduerak Odietako Udalak zuzentzen dituenik, ezta haiekin ados dagoenik ere.

–Baimena emateak ez du esan nahi lokalean izan daitezkeen kalte material, pertsonal edo moralen erantzukizuna Odietako Udalak beregain hartuko duenik.

–Bi eskaera edo gehiago baldin badaude egun eta ordu beretarako, eta ezin baldin badute lokala denek batera erabili, Alkatetzak honela jokatuko du:

  • Lagapena jasotzeko lehentasuna izanen dute –eta hala bermatuko da– honako hauek bultzatzea helburu duten elkarte, entitate eta/edo pertsona fisikoek: aukera berdintasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasunezko partaidetza, diskriminazio eza, desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun unibertsala edo esku-hartze sozialeko bestelako proiektuak.
  • Eskatutako espazioa adjudikatzeko irizpideak hauek dira:
  • Espazioa egokia ote den erabilera horretarako.
  • Zerbitzuaren onuradunak: zenbat eta gehiago izan, hobe.
  • Jardueraren antzinatasuna: zenbat eta urte gehiago, hobe.
  • Talde eskatzaileak partaidetza aktiboa ote duen udalerrian.
  • Irizpide teknikoak, jarduera egitea komenigarria dela arrazoitzen dutenak.

–Mugak ezarriko dira erabileraren nolabaiteko aldizkakotasuna dakarten baimenak emateko (eguneroko erabilera, astean behingoa, hilabetean behingoa eta abar direnean).

–Antolatzaileentzako onura ekonomikoa ekar dezaketen jardueren edo ekitaldien kasuan, baimenak salbuespen gisa emanen dira, betiere jarduera horrekin loturiko transakzio ekonomikorik ez badago.

–Adingabeentzako jarduera baterako eskatzen denean, adin nagusiko bat bertan egoteko eskatu ahal izanen du Udaleko Alkatetzak, jarduera egiten den bitartean egoteko ere, arduradun gisa.

–Odietako udalerrian helbidea dutenek, ez beste inork, jaso ahal dute lagatako lokalean gaua pasatzeko baimena. Salbuespenak izan daitezke, behar den bezala arrazoiturik badaude.

Lokalak erabiltzeko arau orokorrak.

6. artikulua. Erabiltzeko baldintzak:

a) Erabilera esklusiborako lagatako espazioak elkarte, entitate eta pertsona fisiko onuradunek erabili ahal izanen dituzte Udalari erabileraren lagapena egiteko eskabidean adierazitako eginkizun edo jardueretarako, eta ez da inoiz merkataritza jarduerarik eta/edo iruzurrezkorik izanen tarteko.

b) Lokal bat entitate bakarrari lagatzen ahal zaio edo zenbaiti, elkarrekin erabil dezaten.

c) Aipatu erabileretako ez bada, Odietako Udaleko Alkatetzak eman beharko du baimena, ordenantza honen edukiarekin bat egiten badu.

d) Onuradunek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera erkidekoak eta, orokorrean, higiezin osoa, baita altzariak ere. Erantzule izanen dira elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen aurrean. Kalterik izatekotan, Odietako Udaleko Alkatetzak zehaztuko ditu egin beharreko konponketak, onuradunek beraiek edo haien kargura egin beharrekoak. Apartatu hau ez da aplikatuko erabiltze hutsaren ondoriozko narriadurak baldin badira, entitate onuradunaren errurik izan gabe izandakoak, edo ustekabekoen ondoriozkoak baldin badira.

e) Lagatako espazioak eta altzariak garbi eta txukun egotea begiratuko dute onuradunek. Erabili eta gero, espazioak garbituko dituzte, eta behar den bezala utziko altzariak eta gainerako barneko elementuak.

f) Erabiltzeko baimena eman ondoren, onuradunaren ordezkari bati emanen zaizkio lagatako lokal edo espazioaren giltzak, hura ireki eta ixteko. Ordezkari hori izanen da erantzule giltzak zaintzeaz eta behar bezalako erabilera izateaz. Alkateak espresuki baimendu ezean, ezin izanen da kopiarik egin. Kopiak eginez gero, denak itzuliko zaizkio Udalari eraikinak eta lokalak erabiltzeko epea bukatutakoan.

g) Odietako Udalak errekerimendu egiten dienean, onuradunek bertan behera utzi beharko dute, denbora baterako, lokalean egiten duten jarduera, tokia beharrezkoa ikusten bada Udalaren ekitaldiak egiteko edo beharturik eta nahitaez egin behar direnak egiteko. Hala izanez gero, elkarteak eta/edo partikularrak ezin hobeki ordenaturik utzi beharko du lokala, eta Udalaren jarduera egitea trabatzen duen deusik gabe, Udalak horretarako igortzen dion jakinarazpenean zehazten den epearen barnean.

h) Lagatako lokala erabili eta gero, pertsona/entitate onuraduna erantzule da hura zegoen bezala uzteko, txukun eta garbi. Horrela ez badu egiten, garbiketako gastuak egotzi ahal dizkio Odietako Udalak, horiek deskontatuz fidantza itzultzean.

7. artikulua. Egin ezin diren jarduerak:

a) Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

b) Debeku dira legea urratzen duten jarduerak.

c) Orokorrean, lagatzeko diren espazioak erabiltzeko baimenik ez da emanen antolatzaileentzako irabazi ekonomikoa ekar dezaketen jardueren kasuan, salbu eta herritarrentzako interes sozialekoak edo interes orokorrekoak direla uste bada.

Edozein modutan ere, baimena eman ahal izanen da aipatu irabazi ekonomikoa irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako bada, diru-eskeak, merkatu txikiak, salmentarako erakusketak eta abarren bidez. Salbuespen gisa, baimena jaso ahal dute tamaina txikiko jarduera ekonomikoek; esaterako, CDak saltzea kontzertu bat bukatu ondoren, edo artista berrien artelanak saltzea.

d) Debeku da lagatako espazioak erabiltzea gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsutzat jotzen diren jardueretarako.

e) Ezin da paper, kartoi eta material sukoirik pilatu, ezta korrosibo edo osasungaitzik ere, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jar badaiteke.

f) Debeku da tenpluan eta aterpean txakurrak sartzea (itsu-txakurrak ez badira edo desgaitasuna duten pertsonentzakoak ez badira), baita gainerako etxeko animaliak ere.

8. artikulua. Obrak:

a) Elkarte, entitate eta/edo pertsona fisikoek ezin izanen dute inolako obrarik egin –ez eta aldatzeko jarduketarik ere– erabilera esklusiborako lagatako espazioan, horren altzarietan eta, orokorrean, higiezin osoan.

b) Artikulu honetako a) apartatuan xedatua urratzen bada, Udaleko Alkatetzak ezeztatu ahal izanen du lokalaren erabilera lagatzeko erabakia, elkarteari, entitateari eta/edo pertsona fisikoari emandako hori, edota ondasuna lehengoratzeko agindu, eta onuradunak ez du eskubiderik izanen kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko. Erabiltzaileak egin ezean, Udaleko Alkatetzak subsidiarioki egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak, eta elkarte, entitate edo pertsona fisikoak ordaindu beharko du horien kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hori egiteak hondatuko lukeelako, kalteak sortu dituen onuradunak kalte-ordaina eman beharko du.

9. artikulua. Erantzukizuna.

a) Entitate eta/edo partikular bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte-galerengatik. Udala da hirugarrena kasu horretan.

b) Odietako Udalak bere jabetzako eraikin, lokal eta instalazioetako edukia eta edukitzailea, ez besterik, aseguratzen ditu; beraz, elkarte eta/edo entitateek beraien ondasunetarako aseguru propioak izanen dituzte.

Betebeharrak. Betetzearen kontrola.

10. artikulua. Betebeharrak.

Entitate, elkarte eta/edo pertsona fisiko guztiek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:

a) Lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Odietako Udalak baimentzen dizkien horiek errespetatu behar dituzte.

b) Erabiltzeko lagatako espazioa eskabidean azaldutako jardueretarako erabili behar dute.

c) Lokala erabiltzen duten beste entitate edo elkarteei esleitutako espazioak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

d) Guztiek erabiltzeko espazioen helburua eta xedea errespetatu beharko dituzte.

e) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarrean dagoen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

f) Erabiltzeko lagatzen zaizkien espazioak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higiene aldetik.

g) Erabiltzeko lagatako lokal edo espazioen giltzak zainduko dituzte, eta horiek itxiko erabilera bukatzen denean, lagapen erabakian ez bada besterik ezartzen.

h) Lagatako espazioak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

i) Esleitu zaien espazioaren erabilera ez diete hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

j) Jendearentzako zabalik dauden jardueretan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu-joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

k) Gertatzen diren gorabehera edo arazoen berri emanen diote Odietako Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkiote.

l) Erabili ondoren, lagatako espazioak eta ondasunak Odietako Udalari itzuliko dizkiote, lehengo hartan itzuli ere, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

ll) Jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote Udalari, beti, begiratu ahal izateko ea betetzen diren ordenantza hau, indarrean dauden arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Espazio guztietara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote. Nolanahi ere, Udalak izendatutako langileak sartu ahal izanen dira lokalean berehalako kalteak edo traba larriak eragozteko.

m) Lagatako lokalak ziren bezain txukun eta garbi utziko dituzte.

11. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Arau-haustetzat jotzen dira:

a) Udalaren eraikin eta lokalak okupatzea Odietako Udaleko Alkatetzaren baimenik gabe, erabilera libre eta irekiko horien kasuetan salbu (babeslekua).

b) Baimenaren bidez okupatutako lokala garbirik ez izatea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

d) Udaleko Alkatetzaren baimenik gabe, erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Erabilitako eraikin eta lokaletako giltzak berehala ez itzultzea behin betiko alde egiten denean.

f) Ordenantza honen kontrako beste edozein arau-hauste.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Arau-hauste arinak izanen dira aitzineko artikuluko b), e) eta f) letretan agertzen direnak.

Arau-hauste larriak izanen dira aitzineko artikuluko c) eta d) letretan agertzen direnak.

Arau-hauste oso larria izanen da aitzineko artikuluko a) letran agertzen dena.

13. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

b) Larriengatik, 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Oso larriengatik, 1.001 eurotik 1.800 eurora bitarteko isuna.

Udalaren ahalmenak eta betebeharrak.

14. artikulua. Ikuskapen ahalmena:

a) Lagatako lokalak noiznahi ikuskatzeko ahalmena du Odietako Udalak. Horretarako izendatutako langileen bitartez eginen du. Ikuskapenaren ondorioz, onuradunaren ez betetze larri edo oso larriren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

b) Entitate, elkarte edo pertsona fisikoek arrazoizko eskaera egin eta haiekin adostu ondoren, lagatako lokala jarduera puntualetarako erabiltzeko baimena eman ahal izanen du Udalak, betiere erabilera lagatzeko erabakiaren onuradunak programaturiko jarduerak errespetatzen badira.

Aldi baterako erabilerak dirauen bitartean, unean-unean baimen hori dutenena izanen da lokalaren erabilera eta zainketaren gaineko erantzukizuna.

15. artikulua. Udalaren betebeharrak.

Odietako Udalak betebehar hauek ditu:

a) Ordenantza honetatik eta indarrean dagoen arauditik sortzen direnak.

b) Higiezinean dauden erabilera erkideko espazioak egoera onean edukitzea osasungarritasun eta higienearen aldetik.

c) Odietako Udalari dagozkio egiturazko mantentze-lanak, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak, baldin eta lokalaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira.

Erabileraren lagapena iraungitzeko arrazoiak.

16. artikulua.

Udalak prekarioan lagako ditu ordenantza honen xede diren lokalak.

Lagatze akordioa arrazoi hauengatik iraungi ahal izanen da:

a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaitu direlako.

b) Alderdiak ados jarri direlako.

c) Entitate eta/edo partikularrak lagatzeari uko egin diolako.

d) Lagatako espazioak ez direlako benetan erabili.

e) Lagapen erabakian jaso ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak –batez ere, irabazi asmoko jarduera ekonomikoak– etengabe egin direlako edo horiek bakarrik egin direlako.

f) Entitate onuradunaren nortasun fisikoa edo juridikoa desegin edo iraungi delako.

g) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.

h) Nolanahi ere, ordenantza honen 15. artikuluko arau-hauste oso larri bat baino gehiago egiteagatik, bi arau-hauste larri baino gehiago egiteagatik edo sei arau-hauste arin baino gehiago egiteagatik.

17. artikulua.

Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena iraungitzen denean, ukitutako entitate, elkarte edo partikularrak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.

18. artikulua.

Erabilera lagatzeko erabakia suntsitu edo iraungi ondotik, onuradunak 2 egun naturaleko epea izanen du Odietako Udalari itzultzeko lagatako tokia eta ondasunak. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespenaren erabakia eta horren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean.

Bigarren xedapen iragankorra.–Ordenantza honen xedeko lokal edo espazioetan entitate eta/edo elkarteek egin ohi duten erabilera automatikoki iraungiko da ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera. Erabiltzen egon diren lokalak edo espazioak berriz lagata edukitzeko, beste eskaera bat aurkeztu behar dute, ezarritako prozedurari jarraikiz.

I. ERANSKINA

Onuradunek ordaindu beharreko tasak

Antolatzailea:

1.–Entitate publikoak: doan.

2.–Partikularrak/entitate pribatuak:

–Sarrera librea/irabazi-asmorik gabe:

Egunean: Erroldatuak: 100,00 euro. Erroldatu gabeak: 200,00.

–Sarrera murriztua/irabazi-asmoarekin:

Egunean: egindako jardueragatik antolatzaileak irabazten duenaren %25.

3.–Kanpaldiak:

Lokalen barnean:

–Adingabeak: 5 euro/eguna.

–Adin nagusikoak: 5 euro/eguna.

Iragarkiaren kodea: L1815117