23. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Horren bidez, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategiei ureztatzeko ekipamenduetako inbertsioetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2018ko deialdia onesten dira, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barneko “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian aurreikusitakoarekin bat. DDBN identifikazioa: 435970.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horren barnean nekazaritzako ustiategien modernizazioaren sustapena dago, ustiategi horietako aktibo fisikoetan inbertsioak egiten laguntzeko neurrien bidez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 17. artikuluan aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1.a) puntuan zehazten zena nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra eta iraunkortasuna hobetu beharrei buruz.

Aipatutako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezartzen dira laguntzaren gehieneko portzentajeak, eskualde motaren, onuradunaren izaeraren edo proiektu motaren arabera.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programak neurri hori jasotzen du. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, neurri hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Nafarroan lurzatiak modernizatzeko eta ureztalur bihurtzeko prozesuek lotura zuzena dute Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obren garapenarekin. Ustiategietako inbertsioak hiru edo lau ekitalditan bilduko dira, eta sektore bakoitzean ureztapena abian jartzen den egunak baldintzatuko ditu inbertsio horiek.

Aurrekontuko zuzkidurak eta lehentasun irizpideak arautu behar dira, laguntzen berariazko deialdi baten bidez, nekazaritzako ustiategietarako laguntzetan (ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak egin ditzaten), ureztapena modu antolatuan abian jar dadin. Horrez gain, saihestu behar da sektore handienetan ureztapena abian jartzeko egunek gainerako eremu eta inbertsioetan eragin negatiboa izatea, eremu jakin batzuei lotutako laguntza eskaeren kopuru handiagoa izateagatik.

Horregatik, eta lehentasunezko helburu horiei aurre egiteko, egokitzat jotzen da zuzkidura ekonomiko berariazko bat erabiltzea lurzatietan ureztapenetarako inbertsioak egiteko, hain zuzen ere nekazaritzako ustiategi horiek egin ditzaten.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak, eta sektorean dauden emakumeen tasa txikia dela, beharrezkotzat jo da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat (3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa).

Azkenik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio ebazpen honi.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 2.000.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauek 2020ko ekitaldian finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira, “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” egiteko, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, I. eranskinean azaldu bezala. Ebazpen honen II. eranskina ere onesten da.

2. Deialdia onestea.

“Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzen deialdia onesten da, inbertsio horiek jasota baitaude “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, 2018ko ekitaldirako, aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin bat.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimentzen da 2020ko ekitaldian, 2019ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidearen kargura: 720004 720004 71630 7700 partida, “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020. Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izenekoa. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Kreditu baimendua 2.000.000 euro handitzen ahalko da, 2019ko Aurrekontu Orokorretan honen baliokidea den partidaren kargura: “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020. Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko 720004 71630 7700 412102 partida. Betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, eta horretarako aurrekontu erabilgarririk baldin badago.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2018ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 90 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Mendialdea, goi mendialdea edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 23ko 123/2018 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako hauen deialdia egin zen 2018ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

6. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari komunikatzea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 18an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” egiteko 2018ko laguntzen deialdian, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzak arautzea, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1.a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan zehaztutakoari jarraikiz, neurri honen helburu orokorrak dira nekazaritzako ustiategien errendimendu orokorra hobetzea, eta horien jasangarritasuna erraztea.

2. 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunen alde argi eta garbi egiten dutenez, helburu estrategikotzat jotzen da nekazaritzako profesional kualifikatuak jar daitezela, behar adinako tamaina duten eta bideragarriak eta jasangarriak diren familia-ustiategietan, batez ere baldin profesional horiek jardueraren ikuspegi kolektiboa ekartzen badute, elkarteak sortuz eta horietan parte hartuz, zeinek balioa erantsiko baitute, bai enpresa bera egonkortzeagatik, bai oinarri duten lurraldearekiko loturarengatik.

3. Ustiategiaren errendimendu orokorra eta Batasunaren lehentasunak lortzeko oinarri izateagatik, interes handieneko eragiketa-helburutzat hartzen dira, besteak beste, honako hauek (zerrenda ez da zehatz-zehatza):

a) Errendimendu ekonomikoa hobetzea.

b) Ustiategiko errendimendu fisikoak eta bertako ekoizpenen kalitate maila hobetzea.

c) Ekoizpen kostuak murriztea.

d) Inputak erabiltzean efizientzia hobetzea, bereziki uraren eta energiaren erabileran.

e) Teknika berritzaileak hautatzea, bai enpresaren kudeaketan bai ekoizpen eredu eta/edo prozesuetan.

f) Nekazaritza sektorean enplegua mantentzea eta sortzea.

g) Lan eta osasun baldintzak hobetzea.

h) Nekazaritzako jardueren dibertsifikazioa bultzatzea.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Neurriaren hartzaileak pertsona fisiko edo juridikoak dira, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak betetzen dituztenak eta aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko hitza ematen dutenak.

2. Administrazio publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, administrazio publikoen menpekoak edo haiei lotuta badaude.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea, salbu eta kasu hauetan: nekazari gazteak izatea, eta dena delako deialdiko ekitaldiko “nekazari gazteen” lehen instalaziorako laguntzen deialdian laguntza bat eskatu badute edo aurreko bi ekitaldietako baten batean laguntza horiek esleituta badituzte, edo egoera horietan dauden gazteek bakarrik osatutako sozietateak izatea.

c) Nekazari aktibo gisa sailkaturik egotea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan biltzen den definizioarekin bat, kontuan harturik aurreko letran nekazari gazteentzako eta haien sozietateetarako jarritako salbuespena. Errege dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketari eta kontrolari buruzkoa ere.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

5. oinarria.–Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

Nekazaritzako ustiategien titularrei laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da ustiategiek onartuak izateko irizpide hauek bete ditzatela, laguntza eskaera aurkezteko unean:

a) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, salbu nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdian laguntza eskatu badu ekitaldi berean, edo aurreko bi deialdietako batean laguntza hauek onartu bazaizkio, baita egoera horietan dauden gazteek bakarrik osatutako sozietateak ere.

b) “Europako dimentsioko 10 unitateko” tamaina izatea gutxienez. Irizpide hau ez zaie eskatuko nekazari gazteek eta haien sozietateek egindako inbertsioei, aurreko letran jarritako salbuespenarekin bat.

c) Behar den azterlan tekniko-ekonomikoaren bidez bideragarritasun ekonomikoa frogatzea, aurkeztutako inbertsio plana aplikatuz gero.

6. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzeaz gain, inbertsio planak frogatu beharko du ustiategiaren errendimendu orokorra handituko dela, hots, aurrerapen bat izanen dela honako hauetan: hobekuntza ekonomikoarekin lotutako alderdiren bat, inputen eta energiaren erabileraren efizientzia, enpleguaren mantentzea edo handitzea, kalitate sistemetan sartzea, jarduerak dibertsifikatzea, ingurumenaren zainketa, laneko segurtasuna, etab., oinarri arautzaile hauen 2.3 oinarrian azaldutako ildotik.

3. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza azaltzea.

–Ustiategiari atxikitako eskulanaren zerrenda sailkatua eta kuantifikatua: soldatapekoak, finkoak, aldi baterakoak.

–Azalera eta batez besteko errendimenduak ekoizpen jarduera bakoitzean.

–Abelburuak, espezieen arabera, eta, hala denean, batez besteko errendimenduak.

–Jarduera bakoitzaren ekoizpen gordina.

–Ekoizpen jarduera bakoitzaren gastuak eta ustiategi osoaren gastu finkoak.

b) Ustiategiko bukaerako egoeraren azalpena, abiapuntuko parametroen aipamen konparatiboa barne, eta azterlan ekonomikoa, adierazten duena azken emaitza hori lortzen ahal dela, ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu eta haren bideragarritasuna bermatzen dituena.

c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta finantzariotik begiratuta, eta abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren arteko koherentziarena, egiteko beharra justifikatzeko.

Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri bidezkoak, oinarri arautzaile hauetako 7. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin bat.

d) Kostuen moderazioa aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 14. oinarriko 1.b puntuaren araberako inbertsioetarako.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta fase bakoitza burutzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, hasteko aurreikusitako eguna barne, horietako bakoitzerako.

7. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu beharko dute inbertsioek. Horretarako bideratuko da oinarri arautzaile hauetako 2.3 oinarrian zehaztutako helburu baten edo gehiagoren lorpena.

2. Inbertsioek kalterik ekar badezakete ingurumenean, beharrezkoa izanen da baimen egokia eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera.

3. Eskaeraren xede diren inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoan hasi eta gauzatutako inbertsioek eta gastuek baizik ez dezakete laguntza eskuratu, oinarri honen 5.c) atalean aurreikusiek izan ezik. Frogabide gisa, inbertsioak justifikatzeko aurkeztutako fakturen, albaranen eta konturako ordainketen datak hartuko dira kontuan, besteak beste, eta, inbertsioan kokapen geografikoa zehazten ahal bada, eskatuko da aldez aurretik egiaztatzeko inbertsioak ez direla hasi. Ondorio horietarako, eskatzaileak inbertsioen hasiera egunaren berri eman beharko dio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

5. Laguntzen ahal diren inbertsioak –eta haien kostuak, berriz, hautatzen ahal direnak– honako hauek izanen dira:

a) Lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko inbertsioak eta ureztalurrak modernizatzea Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuan, baldintza hauek betetzen badira:

–1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikuluan jasotakoak:

I) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.

II) Aurretik baden ureztapen instalazio bat modernizatu behar bada, frogatu behar da hobekuntzak ura aurreztea ahalbidetzen duela, 46. artikuluko 4. puntuko beharkizunekin bat, gutxienez ere %10, oraingo instalazioa kontuan hartuta.

–Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 54. eta 55. artikuluetan jasotakoak, finantzaketa bidez ekipatu beharreko gehieneko azalerari dagokionez.

Horri dagokionez, laguntzaren eskatzailea nekazaritzako elkarte entitatea bada, aipatu legearen 41., 44. eta 45. artikuluekin bat definiturik, bere inbertsio planean justifikatu beharko du artikulu horietan jasotako baldintzak betetzen direla.

Betiere, inbertsio horiei aplikatuko zaizkie 1/2002 Foru Legearen 51. eta 52. artikuluetan ureztatzeko oinarrizko azalera gainditzeaz eta kasuan kasuko ureztapen unitaterako diseinu orokorreko baldintza teknikoei lotzeaz ezartzen diren baldintzak.

b) Ureztapen instalazio lagungarriak zer lurzatitan kokatuko diren, horietan bakarrik egindako jarduketak, finkak hobetzeko, II. eranskineko “Finkak hobetzea” izeneko atalean jasoak.

c) Aitzineko ataletan sarturiko gastuei loturiko kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotuak, bideragarritasun azterketak barne. Betiere, laguntzen ahal den inbertsioaren %12ko muga ezarri da atal honetarako.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) 15 urte baino gutxiagoko ekipamendua aldatzeko inbertsioak, lehen diruz lagundu direnak.

b) Zorren interesak, horien birfinantzazioa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

c) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, gauzatan.

d) Onuradunaren inbertsio edo partaidetza finantzarioak, kide direneko Ureztatzaile Elkarteak sustatutako interes orokorreko obretan.

e) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, eskualdatzeko prozedura edo era edozein delarik ere, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek luzatzen dituzten fakturak eta likidazio ziurtagiriak.

f) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen gastu orokorretan jasotako etekin industriala.

8. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak kapitaleko zuzeneko dirulaguntzak izanen dira.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Dirulaguntza jaso dezakeen gehieneko inbertsio tamaina, onuraduneko eta ekitaldiko: 100.000 euro ustiategiaren urteko lan unitateko (ULU), inbertsio plana gauzatu ondoren kalkulaturik, 800.000 euroko muga gainditu gabe.

b) Dirulaguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espedienteko: 7.500 euro.

Kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren kalkulatuko dira zenbateko horiek, inbertsio plana oinarri hartuta.

c) Gehieneko laguntza, onuraduneko eta deialdiko: 300.000 euro.

d) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza, 2014-2020 programazio aldian: 800.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

Aurreko a) eta c) ataletan ezarritako mugak (laguntzarako eta inbertsio diruz lagungarrirako) gehieneko mugak dira onuradun batek, deialdiaren ekitaldian, eskatutako laguntzen batuketarako, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren M04.01 neurriarekin bat.

Orobat, aurreko d) atalean ezarritako muga (onuradunarentzat) gehieneko muga da onuradun batek eskatutako laguntzen batuketarako, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren M04.01 neurriarekin bat.

Aurreko a), c) eta d) letretan aipatutako mugetako bat gainditzen bada, neurri horrekin bat datozen beste deialdi batzuetan eskaerak aurkezteagatik, laguntzak murriztuko dira oinarri arautzaile hauei dagokien espedientean.

3. Inbertsio diruz lagungarriaren zenbateko osoaren gainean, portzentaje hauetako laguntza emanen da gehienez ere:

a) %30, orokorrean.

b) %40, nekazari gazteen kasuan.

c) Gazteak dituzten ustiategi elkartuetan, oro har ezarritako muga handitzen ahalko da 10 punturaino, %40 gehienez ere, nekazari gazteek kapital sozialean duten proportzioaren arabera.

4. Espediente bakoitzari dagokion laguntzaren portzentajeak, aurreko puntuan adierazitako mugekin, honako baremo honen arabera kalkulatuko dira:

a) Gutxieneko portzentaje orokorra: %15. Portzentaje hori handitzen ahalko da, ondoko ataletako inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Nekazari gazteek egindako inbertsioak: %25.

Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, laguntzen intentsitate hau aplikatuko zaie honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutenei:

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntzaren onuradunak izatea ustiategietako inbertsioetarako laguntzen deialdi honi dagokion ekitaldian bertan edo aurreko bietan.

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntzaren onuradunak izanda, laguntza eskaera aurkezten den egunean 41 urte bete ez dituztenak eta beren gain hasteko prozesua bukatu zenetik hiru urteko epearen barnean daudenak. Ondorio horietarako, ulertuko da prozesu hori bukatu dela beren gain hasteko laguntzaren azken tarteko ordainketa onesten den egunean.

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntza lortu ez izanik laguntza eskaera aurkezten den egunean 41 urte bete ez dituztenak eta Gizarte Segurantzan izena emanik daudenak beren nekazaritzako jardueragatik, baldin eta bertan izena eman badute eskaera aurkeztu aurreko hiru urteko epearen barnean.

Onuraduna pertsona juridikoa bada, eta, deskribatutako baldintzen arabera, bazkide guztiak gazteak badira, aurreko portzentajea aplikatuko da.

Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada eta ustiategi baten titularra, eta hartan aipatutako baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute bazkide gisa, arestiko portzentajea aplikatuko da, gazteak kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.

c) Lehentasunezko gisa sailkatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrek egindako inbertsioak, edo Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan agertzen diren nekazaritzako kooperatibak badira: %10.

d) Inbertsioak goiko mendialdean, mendialdean edo, mendialdeak edo goiko mendialdeak izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dauden lehentasunezko nekazaritzako ustiategietan gauzatzen badira, aurreko letrarekin bat: %5.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera (gehienez ere 200 puntu lortzen ahalko dira):

a) Nekazari gazteen parte-hartzea: 45 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna nekazari gaztea bada, edo soilik nekazari gazteak dituen elkarte bat, 8. oinarriaren 4.b) puntuan jasotako errekerimenduekin bat: 45 puntu.

–Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada, laguntza eskaera aurkeztean lehentasunezko ustiategi baten titularra, eta hartan 9. oinarriaren 4.b) puntuan aipatu baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute, nekazari gazteek kapital sozialean duten portzentajea 45i aplikatzetik aterako diren puntuak aplikatuko dira.

b) Lehentasunezko ustiategiak eta titularraren baldintzak: 30 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna lehentasunezko nekazaritzako ustiategi baten titularra bada eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo nekazari gaztea bada bere gain hasteko prozesuan, bere gain hasteko laguntzaren onuraduna dena 2018ko kanpainan edo aurreko bi deialdietan, edo soilik nekazari gazteak dituen elkarte bat, aurreko baldintzekin bat, ustiategia lehentasunezkotzat jo gabe: 30 puntu.

–Baldin onuraduna bada ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona fisiko bat eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ustiategia ez izanik nekazaritzako lehentasunezkoa, edo 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) edo c) artikuluko nekazaritzako kooperatiba bat, lehentasunezko ustiategi izaera izan gabe: 20 puntu.

–Baldin onuraduna bada nekazari profesional gisa sailkatutako pertsona fisiko bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, aurreko betekizunetako bat ere bete gabe: 10 puntu.

c) Kokapen geografikoa: baldin inbertsioak goiko mendialdean, mendialdean edo, mendialdeak edo goiko mendialdeak izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dauden ustiategietan gauzatzen badira: 20 puntu.

d) Ureztalur bihurtzea eta modernizazioko kontsumoen efizientzia: 55 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Azalera lagungarriaren %50, gutxienez, ureztalur bihurtzeko inbertsioei badagokie: 55 puntu.

–Ureztalurrak modernizatzeko inbertsioetan uraren %15eko aurrezpena (edo handiagoa) justifikatzen bada: 55 puntu.

e) Generoa: laguntza espedientearen onuradunak baldin badira emakumeak edo, pertsona juridikoak izanik, haien gobernu organoen %30 gutxienez emakumeen esku badaude: 10 puntu.

f) Balio katean merkataritzako marjina hobetzea: baldin eskatzaileek aurkeztutako inbertsio planean badaude eraldatu eta merkaturatzeko inbertsio gisa laguntza jaso dezaketen jarduketak, “Ureztapenetarako ez diren inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” laguntzen 7.5.f) oinarriaren arabera, eta gutxienez 7.500 euroko inbertsio diruz lagungarria badagozkie: 5 puntu.

g) Inbertsio kolektiboak: baldin eskatzaileek aurkeztutako inbertsio planean badago inbertsio kolektibotzat jotako proiektu bat “Ureztapenetarako ez diren inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” laguntzen 8. oinarriaren arabera: 5 puntu.

h) Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoak: 10 puntu bitarte, baldintza hauei jarraikiz:

–Ekoizpen ekologikoaren neurriaren barnean emandako laguntzarik baldin badute, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluarekin bat, edo gutxienez ere ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitate badagozkio abeltzaintzako edo nekazaritzako ekoizpen ekologikoari: 10 puntu.

–Nekazaritzako eta ingurumeneko neurriaren barnean emandako laguntzarik baldin badute, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluarekin bat, edo gutxienez ere ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitate badagozkio behi, ardi, ahuntz edo zaldi arraza autoktonoen abeltzaintzari: 10 puntu.

–Aurreko gidoiaren ondorioetarako, arraza autoktonotzat hartuko dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua aldatzen duen abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduan ezarritakoak. Foru agindu haren bidez onetsi zen Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala. Ondorio horietarako, ustiategiko animalien arraza hartuko da kontuan, Abeltzaintza Erregistroaren arabera.

i) Prestakuntza eta aholkularitza: onuradunak aholkularitza neurrian parte hartzen badu Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 14. eta 15. artikuluekin bat, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) Ureztatzaileari Aholku Emateko Zerbitzuak ureztapeneko uraren erabilerari, efizientziari eta kontsumoari buruz ematen dituen ikastaroetara joan izana frogatzen badu: 5 puntu.

j) Kalitate araubideak: onuradunak bere ustiategian Nafarroan ezarritako kalitate araubideek babestutako produktuak ekoizten edo lantzen baditu, barne merkatuko informazio eta sustapen neurrietan jasoak, 1035/2016 Erregelamenduaren 16. artikuluarekin bat, eta kalitate araubide horietan ekoizpen unitateak gutxienez nekazaritzako 0,5 lan unitate badira: 5 puntu.

k) Elkartea eta ekonomia sozialekoa izatea: 10 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea lehentasunezko elkartea baldin bada, 13/2013 Legearen arabera, edo nekazaritzako kooperatiba bat, Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) eta c) artikuluaren arabera, edo elkarte-ustiategi bat, lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa sailkatua eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

–Baldin bestelako nekazaritzako elkarte-ustiategi bat baldin bada, aurreko gidoian aipatutakoak ez bezalakoa, edo Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan jasotako nekazaritzako kooperatiba bateko bazkide diren pertsona fisikoak baldin badira: 5 puntu.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, edo, egoki denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzeko egunari dagokionez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsio planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gainditu gabe.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a), lehenbizi, eta b), c), d) edo e) ataletan, hurrenez hurren, puntuazio handiena duen espedienteak, zerrenda agortu arte. Berdinketak bere horretan segitzen badu, lehentasunezko elkarte bateko bazkide diren pertsona fisikoak edo juridikoak lehenetsiko dira, edo lehentasunezko elkarte bateko kide den entitate bateko bazkide direnak, eta, hala ere berdinketa hausten ez bada, gazteenak lehenetsiko dira, edo eratze data aintzat harturik berrienak direnak.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 60 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntzak emateko, ezetsi eginen dira ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Inbertsio plana laguntzen deialdian adierazten den epean gauzatzea, justifikatutako arrazoiengatik eman daitezkeen luzapenak aparte. Luzapen horiek ezin iraun dute uneko ekitaldiko azaroaren 1a baino gehiago.

Enpresa plana oso-osorik burutu dela ondorioztatzeko, 9.2 oinarrian aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, betiere jarduketa horiei esker puntuak lortu baldin badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Inbertsio plana amaitzen den egunera arte mantentzea baldintza hauek: “nekazari aktiboa”rena, 4.1.c) oinarrian ezarria, eta ustiategiaren neurriarena, 5.b) oinarriarekin bat. Beren gain hasteko prozesua bukatu ez duten nekazari gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean eskatuko zaie konpromiso hauek betetzea.

c) Jarduketak egitea eta, hala bada, mantentzea, eta laguntzaren intentsitatea zehazteko (8. oinarriaren arabera) eta espedienteak lehenesteko (9. oinarriaren arabera) erabili diren kalifikazioak mantentzea inbertsio plana amaitzen den egunera arte eta ordainketaren aurretik, kontuan harturik aurreko letran aurreikusitako salbuespena beren gain hasten ari diren nekazari gazteentzat.

d) 12. oinarriaren arabera etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera, edo hiru urtez, baldin onuraduna Enpresa Txiki edo Ertaina bada.

e) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

f) Laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

g) Ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

h) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

i) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

k) 50.000 eurotik gorako laguntza publiko osoaz hornituriko inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen plaka bat paratu beharko du, izapideen katalogoan laguntzarako eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

Plaka horretan proiektu edo eragiketaren azalpena agertuko da, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, Europar Batasunaren arau grafikoekin bat, eta, harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

l) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

m) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko behar diren erregistro ofizialetan inskribatuko dira inbertsio plana amaitu baino lehen.

n) Inbertsioek kalterik eragin badezakete ingurumenean, eskatzaileak arduratu beharko du inbertsio horiek 7.2 oinarrian aurreikusitako baimena izateaz. Laguntza emateak ez dakar berekin inola ere inbertsioek baimen hori izatea.

2. “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzen eskaera aurkezteak berekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

12. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, edo hiru urtez, Enpresa Txiki eta Ertainen kasuan, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat, oro har, era guztietako espediente eta onuradunentzat:

–Ekoizte jarduera mantentzea, eta bere kokapenak programaren eremuan jarraitzea.

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementuen jabetza mantentzea.

–Eragiketaren helburuak, izaera eta gauzatzeko baldintzak mantentzea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.

–Beren gain hasteko prozesuan ari diren gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean betebehar hauek betetzea, eta oinarri honen 1. apartatuan ezarritako epeetan mantentzea: nekazari aktiboarena, ustiategiaren neurriarena eta laguntzaren intentsitatea zehazteko eta espedienteak lehenesteko erabili diren kalifikazioena. 11.1.b) eta c) oinarrian ezartzen dira betebehar hauek.

Konpromiso hori ez zaie aplikatuko finantza tresnek egin edo jasotako ekarpenei, ezta bestelako eragiketei ere ekoizpen jarduera bertan behera uzten delarik iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Ez zaie orobat aplikatuko inbertsiorako laguntzen onuradun diren pertsona fisikoei, baldin eta behin inbertsio eragiketa bukatu ondoan, laguntza bat hautatzen eta eskuratzen ahal badute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 Erregelamenduaren arabera, kasuan kasuko inbertsioa zuzenean loturik badago Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsaren laguntzaren bidez diruz laguntzen ahal den jarduera gisa identifikaturiko jarduera motari.

3. Honako hauek izanen dira gerora bete beharreko konpromisoak, laguntzaren intentsitateari lotuak:

a) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren izaera edo, hala bada, nekazaritzako kooperatibarena mantentzea.

b) Ustiategiaren kokapena mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan mantentzea.

4. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira 9. oinarriaren araberako balorazio irizpideei lotuak:

a) Titularraren eta ustiategiaren baldintzei eustea, 2.b) puntuaren arabera; edo kalifikazio horiek lortzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak, neurriei, unitateko lan errentari eta nekazaritzaren arloko gizarte segurantzari buruzkoak, betetzea, behintzat.

b) Ustiategiaren kokapen geografikoari eustea, 2.c) puntuaren arabera.

c) Pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakumeak izaten jarraitzea, 2.e) puntuaren arabera.

d) Ustiategiko produktuak eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak mantentzea, 2.f) puntuaren arabera.

e) Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoak mantentzea, 2.h) puntuaren arabera.

f) Prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzen segitzea, 2.i) puntuaren arabera.

g) Kalitate araubideen babespeko produktuak ekoizten eta/edo prestatzen jarraitzea, 2.j) puntuaren arabera.

h) Onuradunak elkarte-entitate eta/edo kooperatiba bateko bazkide izaten jarraitzea, 2.k) puntuaren arabera.

5. Ulertzen da pertsona onuradunak hartutako konpromisoa dela aurreko 2. puntuko konpromisoa. 3. eta 4. puntuetako konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehazki sartu badira, laguntzaren intentsitatea handitzeko edo eskaeren hurrenkerarako balorazio irizpideetan parte hartzeko, eta laguntza onartzeko eta/edo ordaintzeko unean balidatu badira.

13. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 56/2016 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren entitate laguntzaileak aukeratzeko deialdiaren oinarriak, hain zuzen ere aukeratzeko zer entitate laguntzailek parte hartuko duten laguntzetarako eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen, baita “nekazaritza ustiategietako inbertsioen” laguntzetarako eta “nekazari gazteak bere gain hasteko” laguntzetarako eskabideak betetzen eta erregistratzen ere, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean; orobat, onetsi zen entitate horiek eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak horretarako sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua.

3. Betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Ingurumen baimenak edo horien eskabidea, sozietateen eraketa-eskriturak, aurrekontuak eta/edo proformako fakturak, eta oinarri arautzaile hauek aplikatzetik datozen guztiak, izapideen katalogoan laguntzarako eskuratzen ahal den zerrendaren araberakoak.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

14. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eskatzen du proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du. Ondorio horietarako, inbertsio planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) II. eranskinean, “Inbertsio moduluak” izenekoan, jasotako moduluen aplikazioa.

b) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, eskatzaileak aurkeztutako hiru aurrekontu edo proformako fakturen artean aukeratuko da. Halakoak aurkeztu behar dira zenbatekoa 5.000 eurotik gorakoa bada.

Egiazko enpresa hornitzaile independenteenak izanen dira eskaintzak, eta alderatzeko behar bezain zehatzak izanen dira. Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, baldin justifikatzen badu merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hau behar bezain justifikatua egonen da inbertsio planean.

c) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi pertsonak osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Orobat, batzorde horren erabakia justifikatua izanen da baldin eta ondasunen prezioak egiaztatzen badituzte, onuradunaren jarduketari dagokion merkatu logiko batean.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa, zein den txikiena, hura izanen da aurrekontu diruz lagungarria.

3. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, entitate onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.), inbertsio planari eta/edo ordainketa eskaerari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar zehatz-mehatz azalduta.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

15. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

16. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hori egin ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean dagoen informazioaren arabera.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, gehienez 15 egun naturaleko epean zuzendu ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak hartuko dira kontuan, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da pertsona onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

17. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du. Ahal bada, ekitaldi bakoitzean gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdia egin ondoren emanen da ebazpena, laguntzaren intentsitatea zehazteko eta eskaerak baloratzeko irizpideak (8. eta 9. oinarrietan ezarriak) behar bezala aplikatu ahal izateko.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren babespeko dirulaguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan”, “Ustiategien bideragarritasuna hobetzeko” delako neurrian.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

18. oinarria.–Inbertsio plana aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako inbertsio planean aldaketak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Ondasun eta/edo konpromiso berriak hartu aurretik aurkeztuko da eskaera hori, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea bukatu baino sei hilabete lehenago.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

3. Aldaketa horiek nabarmen gisa sailkatuko dira honako kasu hauetan:

a) Ustiategiko ekoizpenaren ildoa aldatzen bada, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

b) Ustiategiko ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, aurreikusitakoekin alderatuta, inbertsio plana aplikatu ondoan.

c) Obra zibileko, makineriako edo ekipamenduko elementuak inbertsio lagungarri osoaren %30ean baino gehiago gehitu edo kentzen badira, elementu bakoitzean, eta aldaketa horrek 15.000 euro gainditzen baditu.

4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bakarra aurkeztea onartuko da.

5. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onetsita ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

–Aldaketak nabarmenak badira, kostuak apaltzeko prozedurarako modulu berriak aplikatzea badakarte eta/edo emandako laguntza murrizten bada, inbertsio plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planak agertzen zituen irizpide tekniko-ekonomikoei eta kostuak apaltzeko irizpideei jarraikiz.

–Aurreko paragrafoan aipatu gabeko aldaketak badira, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.

6. Kudeaketa organoak lagungarritzat jo ditzake epean jakinarazten ez diren aldaketak, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritakoa eta 14. oinarriaren araberako kostuen moderazioa betetzen badituzte. Bidezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari, 21. oinarrian ezarritako murrizketak galarazi gabe.

Ondorio horietarako, aurreikusitako inbertsioak, aldaketa nabarmentzat jo daitezkeenak, osorik edo hein batean egiten ez badira, jakinarazi gabeko aldaketatzat hartuko dira.

19. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan eskura dagoen atzemate programaren bidez. Ordainketa eskaera zehaztu diren egunen aurretik aurkeztu ezean, laguntzak galdu eginen dira.

2. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako behar diren fakturak eta/edo frogagiri baliokideak aurkeztuko dira, baita gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak ere.

20. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2020ko irailaren 15ean bukatuko da.

2020ko urriaren 1ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko eta, berekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko. Beraz, data hori baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna dela ulertuko da.

Epe horiek egonen dira, arrazoi justifikatuengatik eskatzen eta ematen ahal diren luzapenak ezertan eragotzi gabe, baldin eta luzapen horien gehieneko iraupena 2020ko azaroaren 1era artekoa bada eta inbertsio plana amaitzeko epea baino hiru hilabete lehenago eskatu badira.

Oro har, dirulaguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira dirulaguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko entitate onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

21. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak baremazio irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.

1. Inbertsio plana 11.1.a) oinarrian adierazitako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. 11.1.b) oinarrian jasotako konpromisoa (nekazari aktiboarena eta ustiategiaren neurriarena) ez bada betetzen azkeneko ordainketaren aurretik, laguntzak galdu eginen dira, salbu ebazpen honen 4.1.e) oinarriko kasua gertatzen bada; hala izanez gero, laguntza ez da ordainduko harik eta onuradunak organo kudeatzaileari adierazten dion arte Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak dituela.

3. 11.1.e) oinarrian jasotako konpromisoa (gastuen justifikazioarena) edo 11.1.f) oinarrikoa (kontrolen onarpenarena) betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

11.1.g) oinarrian jasotako konpromisoa (informazioa ematearena), 11.1.h) oinarrikoa (beste laguntza batzuen jakinarazpenarena), 11.1.i) oinarrikoa (kontabilitatearena) edo 11.1.m) oinarrikoa (erregistroetako inskripzioarena) betetzen ez bada, konpromisoari zuzenean lotutako laguntza galduko da. 11.1.j) oinarrian jasotako konpromisoa (agiriak gordetzearena) edo 11.1.k) oinarrikoa (azalpen plakak jartzearena) betetzen ez bada, laguntzaren %50 galduko da.

4. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak bete ez direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.

Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, onuradunak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari dagozkionak, bete direla ulertuko da onuradunak frogatzen ahal baldin badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik.

5. Baldin eta, behin inbertsio plana gauzaturik, gauzatutako inbertsio diruz lagungarria onetsitakoaren %70 baino txikiagoa bada, egiaz gauzatutako inbertsioari egokituko zaio ordaintzen den zenbatekoa, eta %10eko penalizazioa izanen du, doikuntza egin ondoko laguntzaren gain kalkulatuta, betiere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste badu oraindik ere baliozkoak direla gauzatutako planak, bai teknikoki bai ekonomikoki.

6. Eskaeretako aldaketak jakinarazteko betebeharra betetzen ez bada (18.1 oinarrian ezarria), oinarri horren 6. puntua aplikatu behar bada ere, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean.

7. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:

Ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da batere gutxituko entitate onuradunak frogatzen badu ez dela dirulaguntzaren xede izaterik ez duen zenbatekoa sartzearen erantzulea.

8. Ez da murrizketarik eta bazterketarik aplikatuko baldin eta entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, hurrengo oinarriaren 3. puntuaren arabera, edo gerora sortutako eta pertsona onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

9. Espediente baten bidez egiaztatzen bada pertsona onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, entitate onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

10. Frogatzen bada, espediente baten bidez, onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

22. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

a) 12.2 oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, ezarritako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

I) Ekoizpen jarduera bertan behera uztea, edo programatik kanpoko beste toki batera eramatea: jasotako laguntzaren %100 itzultzea.

Honi dagokionez, ez da ulertuko jarduera bertan behera utzi dela pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ebazpenaren ondoan, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo halako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, baldin eta entitate horren kapital sozialean onuradunak duen partaidetzaren arabera, lehen berak zuenaren adinakoa edo handiagoa bada. Betiere, entitate hartzaileak sailkaturik egon behar du lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa, eta subrogatu etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

Orobat, ulertuko da jarduerari eusten zaiola, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, betiere ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura lehentasuneko gisa sailkaturik badago eskualdaketa baino lehenago, edo bere gain hasten ari den gazte bati, eta hark gazteak beren gain hasteko laguntzetan ezarritako konpromisoak bere gain hartzen baditu, betiere titular berria subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

II) Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: ondasun horrengatik jasotako laguntzaren %100 itzultzea.

III) Funtsezko aldaketa bat egitea, horren ondorioz eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren: jasotako laguntzaren %100 itzultzea. Funtsezko aldaketatzat hartuko da baldin azkeneko ordainketaren unean zeuden Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

IV) Beren gain hasten ari diren gazteen kasuan, nekazari aktiboaren izaeraren betebeharra edo ustiategiaren gutxieneko neurriarena betetzen ez bada:. jasotako laguntzaren %100 itzultzea.

b) Titularraren eta ustiategiaren baldintzak betetzen jarraitzea.

i) Egiaztatzen bada ustiategiaren eta/edo titularraren katalogazioa konpromisoko lehenbiziko urtean galdu dela, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15.

ii) Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak ez badu bere dimentsioa murrizten Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago.

c) Ustiategien kokapen geografikoari eustea. Mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituen toki batean dagoen ustiategiaren izaera konpromisoaren lehenbiziko urtean galtzen bada, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15. Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak bere azalera osoa murrizten ez badu mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituen toki batean.

d) Egiaztatzen bada ez dela bete, pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakume izateko konpromisoa, jasotako laguntzaren %20 galduko da, salbu konpromisoa betetzea, materialki, ezinezkoa izan bada.

e) Ez bada betetzen ekoizpena ingurumena gehiago errespetatzen duten metodoen bidez gauzatzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

f) Ez bada betetzen prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

g) Ez bada betetzen kalitate araubideek babestutako produktuak ekoizten eta/edo lantzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

h) Ez bada betetzen elkartea eta/edo horietako bateko bazkidea izaten jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten bada.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

24. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

FINKAK HOBETZEA

1. Hustubide berriak (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,5

–euro/metro lineala

3

2. Ubideak garbitzea (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,25

–euro/metro lineala

2,5

3. Lur erauzketa eta tarte aldakorretarako garraioa, buldozer bidezkoa

0,68

4. Lur erauzketa pala kargatzailearekin, eta kamioian garraiatzea, finkaren barnean/m³

1,70

5. Lur erauzketa beldar-traktorearekin, eta are-makina motordunean garraiatzea, finkaren barnean/m³ lur

1,25

6. Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean/m³ lur

0,85

7. Arroka erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere / m³

22

8. Zangak, putzuak, etab. hustea/m³

13

9. Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea/m³

2

10. Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako, euro/m

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea euro/m

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea euro/m

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

11. PVCzko lurpeko hodia, finkan noizean behin sartutako ura ateratzeko, euro/m

16

12. Luberritzeak eta sasi garbiketak

12.1. Lur ez sasitsua/ha

500

12.2. Lur sasitsua/ha

1.070

12.3. Sasi-garbitzea, %50etik beherako sastraka dagoela (hektareako)

230

12.4. Sasi-garbitzea, %50etik gorako sastraka dagoela (hektareako)

440

UREZTAPENAK, ORO HAR

1. Irazgaizte naturaleko ureztatzeko putzuak, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondak egitea, inguruko hesitura, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³)

11

2. Irazgaizteko xafla elastikoko ureztatzeko putzuak, xafla geotestila, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondatzea, inguruko hesitura, hainbat hormigoiztatze, hondoko hargunea, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³)

16

3. Ura hartzeko azaleko putzua, honako hauek barne: hartxintxarra, hormigoizko eraztunak (gehienez 2 metroko diametrokoak) eta estalkia/metroa (sakon)

255

4. Ureztapeneko etxola, zolata barne/m²

600

5. Telekontrola (unit.)

1.500

6. Iragazte tresnak, proformako fakturen bidezkoak

7. Motoponpa, proformako fakturen bidezkoa

LURZATIKO EKIPAMENDUA NEKAZARITZAKO INTERES PRIBATUKO UREZTAPEN INSTALAZIOETARAKO

1.1. Aspertsiozko ureztapena, lurpeko estaldura osokoa (euro/ha)

–Azaleko instalazioak < 2 hektarea

4.200

–Azaleko instalazioak >= 2 hektarea eta < 5,5 hektarea

3.700

–Azaleko instalazioak >= 5,5 hektarea eta < 10 hektarea

3.300

–Azaleko instalazioak >= 10 hektarea

3.000

1.2. Aspertsiozko ureztapena, azaleko estaldurakoa/ha

2.600

2. Tantakako ureztapena (euro/ha)

2.400

3. Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metro baino gutxiagoko erradioa duenean edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen duenean (ha bakoitzeko). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

4. Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metroko erradioa edo handiagoa duenenean eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzen duenean (piboteko metro lineal bakoitzeko)

200

5. Ureztapen mistoa, pibot eta aspertsio bidezkoa, izkinetako sistema lurperatua duena:

5.1. Pibota, 150 metroko erradioa baino txikiagoa duena edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (ha bakoitzeko). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

5.2 Pibota, 150 metroko erradioa edo handiagoa duena eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (a+b)

a) Pibotak ureztatutako azalerarako (pibotaren metro linealeko)

200

b) Izkinetako estalduraren bidez ureztatutako azalera, a+b lurzatiaren azaleraren adinakoa edo txikiagoa izanda (ha bakoitzeko)

4.700

5.3 Zenbait pibot: azalera osoa 2 pibotez edo gehiagoz estaltzen bada, aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko erabilgarri den erradioa izanen da 150 metro lineal gainditzen duten piboten erradioen batuketa, betiere horietariko bakoitzak 7 ha baino gehiago ureztatzen baditu. Piboten erradioa 150 metro lineal baino gutxiagokoa bada edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen badute, haien azalerari 3. ataleko kopurua aplikatuko zaio. Izkinetako gainerako azalerari 5.2.b) ataleko kopurua aplikatuko zaio

Aurrekoen konbinazioak.

6. Ureztaketa alboko aitzinamenduaren bidez

6.1. 3., 4. edo 5. ataletako moduluak aplikatuko dira

6.2. 6.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik (makina bakoitzeko)

5.800

7. Hipodromo bidezko ureztaketa

7.1. 3., 4. edo 5. ataletako moduluak aplikatuko dira

7.2. 7.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik (makina bakoitzeko)

10.300

Iragarkiaren kodea: F1900905