23. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Zerga kontrolerako 2019tik 2020ra bitarteko plana

Berbintzanako Udalak, 2018ko azaroaren 22an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Zerga kontrolerako udal plana 2019tik 2020ra bitarteko ekitaldietarako, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan:

BERBINTZANAKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2019TIK 2020RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

HITZAURREA

Lehena:

Berbintzanako Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2019tik 2020ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izango diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena:

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.” Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena:

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izango da Planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziz zainduko dira Ekonomia-jardueren gaineko zerga, Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta Jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren ere, batere ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eskuordetzen ahal dituen eskumenak. Araudi aplikagarriak, Berbintzanako errealitate fiskalak eta Berbintzanak erabilgarri dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez, hitz batean, tributudunek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izan ahalko da. Jarduketa orokorrak egingo dira zergadunaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak egingo dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak edo balioak peritu-tasazio kontraesanezko prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek ikertu beharko dute beren jarduketetan, tributudunek tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber, ikertuko du Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko du tributudunek zerga likidazioko egindako eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko du haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaion erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak egingo dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emango dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki betetzen dituzten jakiteko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira Zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia:

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du Zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izango dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Plana 2019tik 2020ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna:

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emango.

Zerga kontrolerako plana, baimen orokor bat da, zergadunen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketei edota informazioa lortzekoei ekin ahal izateko epe jakin batean. Zergadunak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izango dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskatzeko planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta baizik, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituztenean.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:

Kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zergen kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak:

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emango dute udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Funtzionarioei zerga kudeaketako datu baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute tributudunen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aurretik tributuduna tributuen aldetik nolako egoeran dagoen jakiteko, bai tributudunaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz, izan ere ikuskatzaileen erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko baita tributudunak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak, eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanaren ingurukoak.

Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emango zaizkie Berbintzanan barrena mugitzeko. Halaber, beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo lanerako beste identifikazio-agiriren bat emango die ikuskatzaileei.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek egingo dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie, zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskaritza:

Puntu honetan, erabaki da Ikuskatzailetzako buruaren kargua Ignacio Fernández de Esteban Berbintzanako Udaleko alkateordeak betetzea, eta ikuskatzaile aktuarioarena, Maite Zúñiga Urrutia idazkariak.

Ikuskapen lanetan aritzeko kanpoko laguntza jaso ahal izango da, behar denean.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Ignacio Fernández de Esteban alkateordea izanen da.

Alkateak edo hura ordezkatzen duenak errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izango ditu.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betearazteko ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Arloa eta Hirigintza Arloa.

Prestakuntza:

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emango da.

Xede orokorrak:

1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Zerga ikuskapeneko 2019tik 2020ra bitarteko ekitaldietako plan orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikinak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Merkataritza mistoko jarduerak, edo saltoki handietan integratutako jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, Berbintzanan jendearentzako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zerga kontrola beharrezkoa da ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatu zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak; subjektu pasiboak, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean zerga administrazio eskudunari aurkeztu behar dion aitorpenean, aitzin-aitzineko urtean besterendu diren metro karratu eraikien edo eraikitzekoen, urbanizatuen edo urbanizatzekoen aldaketa aitortu behar du. Tributudunak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, Udala gelditzen ari da bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera, alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro karratu eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak erabiliko dira. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak egingo zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak egingo dira, eta jarraipena egingo da, Gobernu Batzarrak eman dituen lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman ote duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izango da Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin koordinatzea.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat 100 metro karratutik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera izango da, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu egin beharko da behar bezala aitortzen dutela beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz, eta bestetik establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan, zeren eta, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz.

Udalen diru-sarreren artean, ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta kudeatzaileen ekimena ezertan eragotzi gabe, tributudunen gaineko egiaztapena egin behar da Berbintzana osoan.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Berbintzanako karrika, sektore edo esparru hauetan jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta Berbintzanako industria- eta merkataritza-jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria- eta merkataritza- establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten tributudunei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruz indarra duen ordenantzan edo haren ordezkoan.

Zerga Ikuskaritzak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izango dira ezinbestez, eta zerga-egitate aukeratuak ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den Berbintzanako eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik larrienak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izango dira munta handienekoak, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Berbintzanan, 2018ko azaroaren 29an.–Alkatea, José Hilario Chocarro Martín.

Iragarkiaren kodea: L1815481