223. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315E/2019 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 3ko 267E/2019 Ebazpena baliogabetzen duena. Ebazpen horren bidez, Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimendu zen. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23an 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez aldatu zena eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2018ko maiatzaren 3an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, xafla-lanetako sailean atmosferara isurtzeko fokuetan aldaketak egiteko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko ekainaren 5ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez-funtsezkoa da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2018ko irailaren 28an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua burutu ahal izateko, hau da, zenbait foku kenduko dira eta xafla-lanetako beste foku batzuen ezaugarriak aldatuko.

2019ko abuztuaren 13an, titularrari ebazpen proposamena jakinarazi zitzaion, entzunaldia emateko 10 egunez.

2019ko abuztuaren 22an, titularrak ebazpen proposamenaren kontrako alegazioak aurkeztu zituen, baina, akats batengatik, horien balorazioa burutu gabe ebatzi zen prozedura Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 3ko 267E/2019 Ebazpenaren bidez.

Horrenbestez, eta egindako akatsa zuzentzeko asmoz, bidezkoa da indarrik gabe uztea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 3ko 267E/2019 Ebazpena, eta jarduketak atzeratzea titularrari entzunaldia emateko tramitean aurkeztutako alegazioak baloratzeko fasera. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Indarrik gabe uztea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak irailaren 3an eman 267E/2019 Ebazpena, Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Bigarrena.–Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, xafla-lanetako saileko igorpen-fokuetan aldaketak egiteko proiektua gauzatu ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1913593