223. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

202/2019 EBAZPENA, urriaren 31koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, 0,78ko eguneratze koefizientea onesten duena Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplikatzeko 2020ko ekitaldian.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen duenez, “ondasun higiezinen erregistroko balioa zehazteko, merkatuko balioa hartuko da erreferentziatzat, baina erregistroko balioak ezin izanen du merkatukoa gainditu, eta ez da izanen foru lege honen 24.2.a) artikuluan aipatzen den metodo gehigarria aplikatuta ateratzen dena baino txikiagoa, non eta azken hori ez den merkatuko balioa baino handiagoa”.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur Ondasunen Zerbitzuko zuzendariak irailaren 1ean emandako 20/2011 Ebazpenaren bidez, Martzillako udalerriko balorazio txostena onetsi zen, eta, horrenbestez, haren aplikaziotik ateratzen diren balioek hurrengo zergaldian izanen dute eragina, aipatu foru legearen 38. artikuluan xedatzen den moduan.

2019ko urriaren 22an Martzillako Udalaren osoko bilkuraren erabakia Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzura bidali zen. Erabaki horrek hau ezartzen zuen: “...Ikusirik Martzillako Udalak Katastro Lanak SA enpresari eskatu dion azterlanaren emaitzak, non adierazten baita Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako balio katastralek desdoikuntza nabarmena dutela antzeko ezaugarriak dituzten higiezinek merkatuan izaten dituzten balioekin...” (sic) eskatzen diote Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari “... 0,78ko eguneratze koefizientea onestea Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako udal-mugarteko ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplikatzeko 2020ko ekitaldian...” (sic).

12/2006 Foru Legearen 23.2.i) artikuluak adierazten du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak baloraziorako onetsitako parametro orokorrak direla, hain zuzen ere, Nafarroa osoan ondasun higiezinen balio homogeneoa ezartzeko balorazio metodoen aplikazioan beharrezkoak diren elementuak, eta halakoak dira, besteak beste, “... balioa eguneratzeko koefizienteak eta balioa finkatzeko koefizienteak, erregelamenduz ezartzen direnak”; bestetik, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko arau tekniko orokorrak onesten dituen otsailaren 22ko 20/2010 Foru Aginduaren 12. arauko 1. zenbakiak adierazten du “... Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ezaugarri homogeneoak dituzten higiezin multzo jakin batzuen balioa eguneratzeko koefizienteak onesten ahalko dituela kasuan kasuko ebazpenean berariaz zehazten den lurralde eremu jakin baterako, balorazioko parametro gisa erabiltzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.2 i) artikuluan aipatzen den bezala. Horrela onetsitako koefizienteak urtero aplikatuko zaizkie Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako katastroko balioei...”.

Aurrekoa ikusita, bidezkoa da eguneratze koefiziente bat onestea Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako ondasun higiezinen katastroko balioei aplikatzeko 2020ko ekitaldian.

Beraz, Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 135/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–0,78ko eguneratze koefizientea onestea Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplikatzeko 2020ko ekitaldian.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko urriaren 31n.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

Iragarkiaren kodea: F1913860