221. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Udal honek, 2019ko abuztuaren 5ean egin bilkura arruntean, besteak beste erabaki zuen hasiera batez onestea Ablitasen administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2019ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 26an, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Ablitasen, 2019ko urriaren 14an.–Alkatea, Carmelo Arriazu Serrano.

ABLITASKO UDALEAN ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDE ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Atarikoa

Administrazio prozedurari eta araubide juridikoari buruzko lege berriek (batik bat lehenbizikoak) izandako eragina ikusita, administrazio elektronikoari buruzko udal ordenantzak eta erregelamenduak horien arabera egokitu behar dira. Honela definitzen da administrazio elektronikoa: «administrazio publikoetan IKTak erabiltzea, eta, horiekin batera, antolakuntzan aldaketak egitea eta gaitasun berriak bereganatzea, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko.» (Europako Batzordea).

Herritarren ikuspegitik, “pertsonen eskubide” batzuk aitortzen dira, eta administrazioarekin harremanetan egoteko bidea aukeratzea da horietan garrantzitsuena. Pertsona juridikoen eta pertsona fisiko jakin batzuen kasuan, bide hori elektronikoa izanen da nahitaez. Administrazioa sinplifikatzea da lege erreforma egiteko beste arrazoietako bat, eta funtsean, erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko aukera eta edozein administrazio publikotan egindako edozein agiri ez aurkezteko eskubidea dira horren isla. Zalantzarik gabe, sinplifikatzeko beste moduetako bat izan da administrazioaren eta herritarren harremanetan identifikazio elektronikoko sistemak orokortu izana –ahal zen heinean–, legeak zorrozki murriztutako kasuetan baino ez baita behar sinadura.

Administrazioari dagokionez, eskubideak eraginkor bihurtzeko mekanismoak ezarri behar ditu, ororen gainetik. Barnera begira, prozedurak erabat elektronikoa izan behar du: erregistroa elektronikoa eta bakarra da, eta agiri original elektronikoen edo paperezko originalen egiazko kopien sarrera erregistratuko du; espedientea ofizioz eta bitarteko elektronikoekin irekiko da, eta elektronikoki izapidetu eta sinatu diren agiri elektronikoez osatutako indizea izanen da (frogak, txostenak, irizpenak...); artxiboa Segurtasun Eskema Nazionalak iragaziko du, bakarra ere izanen da eta sortutako agiri administratiboak bitarteko elektronikoen bidez segurtasunez eta konfidentzialtasunez gordetzeko balioko du. Espediente horiek izapidetzeari dagokionez, sinadura elektronikoa da gakoa, eta sinadura ziurtagiria izan behar dute prozedura izapidetzean erantzukizunen bat duten langile publiko guztiek, sinatzeko, zentzu hertsienean, zein informazioa izapidetzeko edo bidaltzeko. Pertsonari zuzenean lotutako sinadura elektronikoaz gain, azpimarratzekoa da administrazio jarduketa automatizatua orokortu dela, entitate, organo eta denbora zigiluei esker, nagusiki.

Hitz gutxitan, honako hauetara egokitzeko beharrak justifikatzen du ordenantza hau onetsi behar izatea: prozedura eta araubide juridikoko lege berriak eta Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen (CORAren) ondoriozko beste berriago batzuk, batez ere gardentasunari dagokiona (prozedura elektronikoarekin duen loturarengatik ere bai).

Egiturari dagokionez, ordenantza hau bederatzi titulutan antolatuta dago, eta xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ere baditu.

I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta honako hauek arautu: ordenantzaren helburua eta aplikazio eremua, eta tokiko eremuan administrazio prozedura elektronikoa zuzen ezartzeko informazioa eta laguntza eman behar duten zenbait printzipio tokiko eremuan nola garatu. Azkenik, herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.

II. tituluak “Administrazio prozedura elektronikoak” honako hau du helburu: administrazioaren alderdi guztien sinplifikazioa oinarri hartuta, prozedura izapidetzean gakoak txertatzea, administrazio publikoaren funtzionamenduaren ardatz izan behar duen heinean. Atal honetan, bereziki garrantzitsuak dira jakinarazpen elektronikoa arautzen duten alderdiak, herritarrentzat berme handia baitira prozeduran, eta artxibo elektronikoa, toki entitateek administrazio elektronikoa ezartzean aurre egin beharreko erronka nagusietakoa baita. Izan ere, toki entitateek ez dute gaiari buruzko berezko arauketarik, eta, beraz, titulu honetan jasotako antolamenduak gabezia hori bete eta tokiko administrazioen berezitasunei aterabidea eman nahi die.

III. tituluak egoitza elektronikoa tokiko eremuan arautzea du xede, eta, horretarako, honako hauek garatzen ditu: hura sortzeko prozedura, haren ezaugarriak eta gutxieneko edukia, eta egoitzaren segurtasunari eta erantzukizunari buruzko gaiak.

Bestalde, IV. tituluak identifikazioa eta sinadura elektronikoa arautzen ditu, bai zerbitzu elektronikoen kanpo erabiltzaile diren herritarren eta enpresen kasuan, bai langile publikoen kasuan. Halaber, administrazio-eguneratze automatizatuaren beste ziurtagiri batzuk ere arautzen ditu. Ikuspegi teknikotik, beharbada, arauaren titulurik konplexuena da, araubide juridikoko eta prozedurako legeei eta europar ReIDAS erregelamenduari egokitu behar zaielako. Lehenik, Udalak honako lege betebehar hau gauzatu behar du: “administrazio publiko bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne) publikoa izanen da eta bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko modukoa”. Gainera, “administrazio publiko bakoitzak bere zigilu elektronikoak egiaztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu”. Horrenbestez, ordenantzaren puntu honek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura politikaren ziurtagiri profilak jasotzen dituen eranskinak ezarritakoa betetzen du, berezko zigilu ziurtagiriak egiteari dagokionez. Edonola ere, zigilu zerrendaren publizitatea arautzeko beharrari eutsiko zaio, eta batez ere adierazteko egoitza elektronikoan argitaratu behar direla, dagokion tituluan ezarritakoari jarraikiz. Bestalde, eraginkortasunaren mesedetan arautu dugu sarbide elektroniko bakoitzak egoitza elektronikoa izanen duela. Kasu honetan, beharrezkoa denez egoitzak webgunea autentifikatzeko ziurtagiri kalifikatua edo bitarteko baliokideren bat izatea (40/2015 Legearen 38.6 artikuluaren arabera), onartzen ahal da informazio hori berriz autentifikatu behar ez izatea. Nolanahi ere, administrazioak badu aukera tabletan eskuz idatzitako sinadura elektronikoa gaitzeko. Herritarren kasuan ere jasotzen da, eta beharrezkoa izanen da, besteak beste, bulegotik kanpo egiten diren ikuskapenen aktak sinatzeko. Horrez gain, elektronikoki sinatzeko beste sistema batzuk ere jasotzen dira.

Interesdunen sinadurari dagokionez, ezarri da onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemek Segurtasun Eskema Nazionalak informazio sistema bakoitzerako xedatzen duenarekin bat etorri behar dutela. Gainera, ordezkariaren figura gorantz doala ikusita, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiriak onartzen dira soilik. “Gako itunduaren sistemei eta administrazio publikoek ezarritako baldintzetan baliozkotzat hartzen duten beste sistemei” dagokienez, Cl@ve barneko identifikazio sistemak erabiltzea onartzen da, horiei atxiki ondoren: Cl@ve Iraunkorra, Cl@ve PINa eta Cl@ve Sinadura (Polizia Zuzendaritza Nagusiak egindako e-NANa ziurtagiria, gako zentralizatuarekin). Horrez gain, onartu eginen da, dagokion prozedura gauzatu ondoren eta segurtasun mailaren arabera, beste edozein identifikazio sistema publiko edo pribatu, betiere Segurtasun Eskema Nazionala eta eIDAS betetzen direla bermatzen badu.

Edonola ere, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluaren arabera, Udalak Estatuko Administrazio Orokorrak onartzen dituen identifikazio sistema guztiak onartzen ditu, baina egoki diren izapideetarako erabiltzen ahalko dira, segurtasun maila kontuan izanik, eta Segurtasun Eskema Nazionalean eta, igorpenez, eIDAS erregelamenduan ezarritakoa betez. Horregatik:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari zuzenean, ordezkaririk gabe, egozten zaiola jarduketa.

b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabiltzen ahal da, onartzen den izapide multzoaren barnean.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabil dezakete sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabil daiteke, interesdunaren erabakiaren arabera.

Identifikatzeko eta sinatzeko beste sistema batzuei dagokienez, ez dugu abagunea galdu nahi izan tabletan atzitutako eskuzko sinadura elektronikoaren erabilera ezartzeko (eta udalbatza bakoitzari sartzeko aukera emateko). Aurrez aurreko eragiketetan (HAB) erabiliko litzateke. Ez da sinadura elektronikoko sistema aurreratu bat, baina, eraginkortasunaren eta zerbitzuaren aldetik, erabilgarria da.

Gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren arteko konexioa oinarrizko harremana da, gardentasuna ezartzeko helburua eraginkortasunez lortzeko, gardentasuna erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko tresna baita. Hortaz, V. tituluak bi nozioen arteko elkarrekintza arautzen du, administrazio elektronikoa tresnatzat hartuta, eta gardentasunak biltzen dituen bi alderdietan: publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea. Orobat, balio publikoa sortzeko hurrengo urratsa ere hartzen du kontuan, hots, informazioa berrerabiltzea, baita ediktu- eta iragarki-taula (orain, eremu elektronikoan) hedatzeko tresna gisa duen balioa ere.

Nolanahi ere, titulu honetako arauketa Ablitasko Udalak kasuan-kasuan onetsi duen arauketaren osagarri izanen da, baita Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak Gardentasunerako, Informazioa Eskuratzeko eta Berrerabiltzeko Ordenantza Ereduaren osagarri ere, eta gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren elkarrekiko erlazioa hartu behar da oinarritzat.

VI. tituluak honako hau du xede: Ablitasko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakundeen Erregistro Elektroniko Orokorra sortzea eta arautzea, baita laguntza bulegoek beren zerbitzuan eta herritarrei laguntza ematean betetzen duten eginkizuna arautzea ere. Horrez gain, erregistroko epeen zenbaketa eta herritarrek administrazio prozeduretarako agiriak ematea arautuko dira, burokrazia ezabatzea eta gizarteak administrazio zama txikiagoa izatea izanik helburu.

Ordenantzaren VII. titulua lizitazio elektronikoari buruzkoa da. Atal honetan, nabarmentzekoa da beharrezkotzat ezartzen duela prozedura horiek elektronikoki izapidetzea –pertsona juridikoei dagozkielako, gehien-gehienetan, edo administrazio prozedurak direlako, azken finean– eta, hala badagokio, konkurrentzia eta gardentasun printzipioak sustatzen dituen lizitazio plataforma bat erabiltzea. Prozedurei dagokienez, nabarmentzekoa da, halaber, Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) orokortu eta enkante elektronikoak sustatuko direla, baita kontratazio bulegoak eta erosketa zentralak ere, antolakuntzari dagokionez.

VIII. tituluak antolakuntza eta eskumenen gaikuntza jorratzen ditu, eta ordenantza hau, zehazki, eta, oro har, administrazio elektronikoa ezartzearen ondorioz sortzen diren antolakuntza alderdi oso praktikoei erantzuna ematen saiatzen da. Azpimarratzekoa da alkateak Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoekin lotutako soft law arauak emateko eskumena duela, hala nola agiriak sinatzeko eta kudeatzeko politikak eta segurtasun agiria.

Azkenik, IX. titulua komunikazioen gainekoa da, eta entitatearen barne funtzionamendua hobetzea du xede, batez ere udalkideei dagokienez. Horretarako, bitarteko elektronikoen erabilera orokortuko du, behar-beharrezkoa den Komunikazio Plan baten barnean.

Ordenantzari bukaera emateko, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ditu; azken horien artean, azpimarratzekoa da grabatzeko eta grabazioa sinatzeko sistema ezartzen dela ikus-entzunezko agiriak sortzeko, akta gisa eta haren balioarekin –Ikus-entzunezko akta–.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantzak honako hau du helburu: Ablitasko Udalaren administrazio kudeaketarako administrazio prozedura erkidea garatzea, eta kasu orotan, izapidetze hori bitarteko elektronikoen bidez eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoaren urriaren 1eko 39/2015 Legea edo Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea betez.

2. Horretarako, ordenantzak honako xede hau izanen du: batetik, administrazio jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorio juridikoak arautzea, Ablitasko Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen arteko harremanetan, bai eta herritarrekiko harremanetan ere, haien eskubideak berma daitezen, eta, bestetik, eta, bereziki, administrazio prozedurak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeak dituen ondorio juridikoak eta baldintzak arautzea.

3. Halaber, ordenantza honek oinarri arautzaileak xedatzen ditu Udalaren administrazio-izapideak eta -prozedurak izapidetze elektronikoan txertatzeko.

4. Ordenantza hau Udalak arauak emateko eta bere burua antolatzeko ahalmenaren babesean eman da; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 70.bis.3 artikuluek aitortzen dute ahalmen hori.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Ordenantza hau honako entitate hauetan aplikatuko da (aurrerantzean denak batera toki entitate izendatuko dira):

a) Ablitasko Udala osatzen duten administrazio organoak.

b) Haren mendeko edo harekin lotutako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

c) Haren mendeko edo hari lotutako merkataritza enpresak eta zuzenbide pribatuko beste entitateak, administrazio ahalmenak gauzatzen badituzte eta, ordenantza hau zehazki horiei buruz ari denean.

2. Horrez gain, Udaleko zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen adjudikazio-hartzaileei aplikatuko zaie, lizitazio pleguek edo kontratu agiriek hala ezartzen dutenean, Ablitasko Udalarekin, eta erabiltzaileekin eta herritarrekin dituzten harremanetan, eta dagozkion zerbitzu publikoak emateko jardueren barnean.

3. Ordenantza hau herritarrei ere aplikatuko zaie. Horrelakotzat hartuko dira administrazio publikoekin jarduteko gaitasuna dutenak, Ablitasko Udalarekiko eta lehenbiziko apartatuan adierazitako beste entitateekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluaren arabera, honako hauek dute administrazioekin jarduteko gaitasuna:

a) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna duten pertsona juridikoek edo fisikoek.

b) Adingabekoek, beren eskubideak eta interesak gauzatu eta defendatzeko, antolamendu juridikoak baimena ematen badu jarduketa horiek guraso-ahala, tutoretza edo kuradoretza gauzatzen duen pertsonaren laguntzarik gabe gauzatzeko. Salbuetsita daude adingabeko ezinduak, ezintasun mailak dagozkion eskubideak edo interesak gauzatu edo defendatzeari eragiten badio.

c) Ukituen taldeak, nortasun juridikorik ez duten elkarte eta entitateak, eta ondare independente edo autonomoak, lege batek berariaz hala adierazten badu.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1. Ablitasko Udalak parte hartzen duen jardueretan aplikatuko da ordenantza hau. Zehatz-mehatz, hauetan:

a) Herritarrarekiko harremanetan, izaera juridiko administratiboa badute.

b) Herritarrek toki entitate honen eskura dagoen informazio publiko administratiboari eta datu administratiboei buruzko kontsultak egitean.

c) Administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

d) Toki entitateak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.

2. Halaber, ordenantza honetako printzipio orokorrak prozedura administratiboaren arauen mende ez dauden herritarraren komunikazioei aplikatuko zaizkie, eta bereziki, abisuak eta gorabeherak jakinarazteari, erreklamazioak eta kexak egiteari, iradokizunak aurkezteari, toki organoei galderak egiteari eta eskaerei eta bestelako partaidetza moduei, berariaz arautzen ez diren bitartean.

3. Ablitasko Udalak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

a) Buruz buruko harrera-bulegoak (zehazten direnak): ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.

b) Ablitasko Udaleko eta haren mendeko edo hari lotutako erakundeen organoetarako sarbide elektroniko orokorrak, komunikazio sareen bidez herritarren eskura daudenak.

c) Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari aurreko ataletan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbide emateko.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Ablitasko Udalak eta haren mendeko erakundeek Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/2015 Legearen 3. artikuluan zerrendatutako printzipioak errespetatu beharko dituzte beren antolaketan, jarduketetan eta sektore publikoko gainerako entitateekiko eta herritarrekiko harremanetan.

2. Era berean, tokian administrazio prozedura elektronikoaren ezarpena indartzeko, garatzeko eta xehatzeko helburuz, honako artikulu hauetan jasotzen diren printzipioen arabera jokatu beharko dute.

5. artikulua. Administrazio elektronikoaren antolakuntza printzipioak.

a) Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa.

Informazioa, eta tramite eta prozedura administratiboak elektronikoki jasotzea sustatuko du, modu eraginkorragoan gauzatzeko honako printzipio konstituzional hauek: administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.

b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa.

Xede izanen ditu prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzea, eta herritarrarendako zerbitzua hobetzea; horretarako, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren efizientzia aprobetxatuko da eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira, eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko, araudi aplikagarriarekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.

c) Bitarteko elektronikoak sustatzeko printzipioa.

Bitarteko elektronikoen benetako erabilera sustatuko du Udalaren jarduera guztietan, eta, bereziki, herritarrarekiko harremanetan; horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko dira, eraginkorrak izan daitezen, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzea sustatzeko pizgarriak ezarriko dira.

d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa.

Ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Hala, garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak, eta bereziki saihestuko dira interes orokorretik aldentzen diren sektore pribatuarekiko hitzarmenak. Bereziki sustatuko da kode irekiko softwarearen erabilera administrazio elektronikoan.

e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa.

Elkarreragingarritasun estandarren erabilera bermatuko du, eta begiratuko, erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, honako irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, alkatetzak elkarreragingarritasunari buruz beharrezkoak diren arau tekniko guztiak onetsiko ditu, ordenantza hau behar bezala garatzeko, Elkarreragingarritasunari buruzko Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa.

Herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatzen ditu, datuen babesari buruzko araudian eta datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Toki entitateen organoek eta departamentuek batera erabiltzen duten informazioan jasotako herritarren datu pertsonalek babes berezia jasoko dute. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, Alkatetzak informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria eta beharrezko segurtasuneko arau teknikoak onetsiko ditu, hura behar bezala garatzeko, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

g) Gardentasun printzipioa.

Beharrezkoa egiten du haren artxiboetan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, publizitate eta gardentasunik handiena ematea, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeriarekin eta gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.

h) Eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak.

Printzipio horiek gobernatuko dute bitarteko elektronikoen ezarpena, eta honako irizpide hauen arabera eginen da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

–Zein populazio sektoretarako den.

–Zerbitzuaren prestaziorako lortzen ahal diren hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako udal antolakuntzarekin eta Udalaren informazio sistemekin.

–Teknikaren, antolakuntzaren eta ekonomiaren aldetik beharrezkoak diren ahaleginen maila.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

i) Lankidetza printzipioa.

Herritarrarekiko zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzea da helburua, eta, horretarako, hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen dira elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkideek eta bezeroek administrazioarekin duten harremana errazteko.

j) Partaidetza printzipioa.

Parte hartzeko eskubideak gauzatzean bitarteko elektronikoen erabilera sustatzera behartzen du, bitarteko elektronikoen berezko tresnen bidez eta fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak errespetatuz; bereziki honako eskubide hauek: eskatzeko eskubidea; entzunaldiko eta informazio publikorako eskubideak; herritarren ekimena; kontsultak egitea eta kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea eta ideiak eta iritziak jendaurrean eztabaidatzea eta adieraztea.

6. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipioak.

a) Irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioa:

Honako hauek bermatzen ditu:

–Sistema errazak erabiltzea, herritarrarendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

–Irizpide bateratuak erabiltzea, informazioa ikertzeko eta ikusteko, informazioa ahalik eta hobekien hedatzeko, eskuragarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Administrazio egintzak eta agiriak ulergarriak izatea, ahal den heinean, hizkuntza erraza eta kulturalki irisgarria erabiliz agiri horiek pertsona gehienek intelektualki ulertzeko modukoak izateko.

–Desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jartzea pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitortutako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

b) Toki entitateak argitaratzen duen informazioaren zehaztasunaren printzipioa.

Informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatzen du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki bera, egiazkoa, zehatza eta doia izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan buruz buru egiten den harrera edo beste baliabide tradizionalen bidez egiten dena.

c) Eguneratze printzipioa.

Bide elektronikoetatik eskuratzen ahal den administrazio-informazioa eguneratzea bermatzen du. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

d) Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa.

Beharrezko egiten du une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzea, datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak ziurtatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak bermatzea.

e) Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia dagoen informazio baliabideei dagokienez.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Indarreko legediaren arabera denen eskura dagoen informazio administratiboa eskuragarria izatea, aldez aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.

–Indarreko legediaren arabera publikoa eta orokorra den informazioa doakoa izatea, zerga ordenantzetan ezarritakoa ukatu gabe.

7. artikulua. Herritarrak prozedura administratiboetan elektronikoki sarbidea izateko printzipioak.

a) Legezkotasun printzipioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako berme juridikoen osotasuna mantentzea bermatzen du.

b) Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa.

Eragozten du bitarteko elektronikoak erabiltzeak bazterkeriarik edo kalterik ekartzea toki entitateekiko harremanetan erabiltzen dituenarendako.

c) Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa.

Behar diren ekintzak bultzatuko dira trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi, eta bitarteko elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

d) Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa.

Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurari beste baten bidez ematen ahalko zaio jarraipena, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.

Bide elektronikotik sarbidea duten izapideak eta prozedurak toki entitateak zehazten dituen kanal eta bitarteko elektronikoen bidez gauzatzen ahalko dira.

e) Proportzionaltasun printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haien araberakoak baizik ez direla izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak.

–Helbururako beharrezkoak diren datuak baizik ez zaizkiola eskatuko herritarrari.

8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza sustatzeko printzipioak, administrazio elektronikoaren arloan.

a) Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa.

Herritarrarendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko xedez, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko duena, ordenantza honetan ezarritakoak gauzatze aldera, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak.

Horretaz gainera, printzipio hau betetzeko, toki entitateak:

–Erkidegoaren esku eta, bereziki, toki entitateen eta gainerako administrazio publikoen esku jarriko ditu bere administrazio elektronikoko aplikazioak.

–Argitara emanen ditu beste administrazio publikoekin sinatutako akordio eta hitzarmenak.

b) Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa.

Toki entitatea behartzen du beste administrazio publikoei interesdunei buruz euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzea erraztera, eta aipatutako datuetan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztera.

Aurreko apartatuan aipaturiko datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara.

9. artikulua. Herritarraren eskubideak.

Ordenantza honen esparruan, herritarrei aitortzen zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako eskubideak, bai eta beste arau batzuetan aitortzen zaizkienak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Ablitasko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea.

b) Ablitasko Udalari bitarteko horien bidezko harremana exijitzeko eskubidea, eta agiriak formatu elektronikoen bidez jasotzeko eskubidea.

c) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko eskubidea.

d) Informazio administratiboa, erregistroak eta artxiboak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko eskubidea.

e) Udalaren erabakiak hartzeko prozesuetan eta haren kudeaketa hobetzean bitarteko elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.

f) Administrazio elektronikoa erabiltzean prestakuntza eta laguntza eskura izateko eskubidea.

g) Administrazio elektronikoan sartu eta hura erabiltzeko eskubidea, edozein izanik ere erabiltzen diren tresna teknologikoak.

h) Datu pertsonalen konfidentzialtasunerako eta babeserako eskubidea, eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak, bereziki, emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzekoa.

i) Toki entitatearekiko komunikazioen pribatutasunerako eta segurtasunerako eskubidea, bai eta toki entitateak egiten ahal dituen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

j) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak toki entitateak formatu elektronikoan kontserbatzeko eskubidea.

10. artikulua. Herritarren betebeharrak.

1. Administrazioaren jardueran eta Ablitasko Udalarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzearen esparruan, eta administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu eta kudeaketa egokia bermatzeko asmoz, herritarren jarduketan, aplikaziozkoa den estatuko eta autonomietako oinarrizko legedia bete beharko da, eta, bereziki, honako betebehar hauek:

a) Fede onez erabili behar ditu administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak eta gehiegikeriak ekidinen dira.

b) Ablitasko Udalari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza eman behar dio, zertarako eskatzen den, horren araberakoa.

c) Ablitasko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez dituen administrazio harremanetan, bere burua identifikatu behar du, indarreko araudiak hala eskatzen badu.

d) Zaindu egin behar ditu bitarteko elektronikoen bidez Ablitasko Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.

e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Gainera, pertsona juridikoek eta Administrazio publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aipatutako beste pertsonek eta entitateek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte Ablitasko Udalarekin harremanetan egoteko.

II. TITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

I. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen tramitazioa

11. artikulua. Administrazio efizientziaren printzipioa: analisia, sinplifikazioa eta aurretiazko hobekuntza.

1. Arauketa onaren eraginkortasun printzipioa aplikatuz, Ablitasko Udalak berrikuntza prozesua gauzatuko du bere administrazio jarduketan, balio publikoa sortzeko, eta prozesu horrek bektore hauek jasoko ditu: balio analisia, ideiak sortzea, berriz diseinatzea, optimizatzea, sinplifikatzea, irekitzea eta administrazio zamak ezabatzea. Informazioaren arloko aplikazio eta sistemak toki entitatearen administrazio jarduketan erabili eta txertatu aitzin gauzatuko da prozesu hori.

2. Aipatutako berrikuntza prozesua administrazioaren eta antolakuntzaren eremu hauetan gauzatuko da:

a) Prozeduren eremuan.

b) Arauketaren eremuan.

c) Antolakuntzaren eremuan.

12. artikulua. Prozeduren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

1. Ablitasko Udalak herritarren zama murriztuko du, eta, hartara, administrazio prozedurak abiaraztean, honako agiri hauek ez dira beharrezkoak izango, aplikaziozko araudi erregulatzaileak salbuespenez kontrakoa ezartzen ez badu:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia.

b) Toki entitateak berak eskakizun jakinak betetzen direla egiaztatzeko eman behar duen edozein ziurtagiri edo agiri.

c) Toki entitateak berak aurretiaz egin eta/edo igorri duen edozein agiri.

d) Beste administrazio publiko batek egin eta/edo igorri duen edozein agiri, sektore publikoko datu-bitartekaritzarako plataformen bidez eskuratzen ahal bada.

e) Aplikaziozkoa den araudi erregulatzaileak eskatzen ez duen edozein datu edo agiri.

f) Interesdunek aurretiaz edozein administrazio publikotan eman dituzten datuak edo agiriak, administrazio horrek datu-bitartekaritzarako plataformetan besteen eskura jartzen baditu eta interesdunak adierazten badu noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen datu edo agiri horiek. Kasu horretan, kontsulta egiteko baimena ematen duela jotzen da, baldin eta berriz erabiltzeari berariaz kontra egiten ez badio edo berariazko baimena ematea exijitzen duen lege berezirik ez badago.

g) Beharrezko informazioa izanik ere, interesdunak hala eskatuta, datu edo metadatu gisa sartzen ahal den edozein agiri edo agiriren kopia.

Herritarrei karga murrizteko helburu bera:

a) Administrazio prozeduretan, eskaerarekin eta abiaraztearekin ikusteko duten betebeharren maiztasuna murriztuko du.

b) Erantzukizunpeko adierazpenei eta aurretiazko komunikazioei lehentasuna emango die, bai eta aurretiaz eman diren baimenen eta lizentzien berritze automatikoei ere.

c) Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuko ditu, arauetan ezarritako erantzun epeak eta denborak murrizteko.

2. Ablitasko Udalak, aurreko apartatuaren arabera, aldizka berrikusi eta aztertuko ditu administrazio prozedurak, sektore publikoko datu-bitartekaritzarako plataformetan karga gehiago murriztea ahalbidetzen duten zerbitzu berriak agertzeak ukitzen ahal baititu. Nolanahi ere, interesdunek ez dituzte aurkeztu beharko toki entitateek datu-bitartekaritzarako plataformen bidez aipatu zerbitzuak martxan jarri eta hilabetera lortzen ahal diren agiriak.

3. Ablitasko Udalak bideragarritasuna aztertuko du, eta administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztuaren alde egingo du, ahal denean. Haren egoitza elektronikoak eguneratuta mantenduko ditu izapidetze erraztuaren eredu hori aplikagarri duten administrazio prozedurak. Hala ere, interesdunak eskubidea izango du berariaz horri kontra egiteko eta izapidetze arrunta aukeratzeko.

13. artikulua. Arauketaren eremuko berrikuntza, irekitzea eta parte-hartzea.

1. Ablitasko Udalak Gobernu Irekiaren printzipio hauek aplikatuko ditu bere ahalmenak eta jarduera egikaritzean indarrean dituen ordenantzak eta erregelamenduak jendaurrean jarri, egin eta horien kontu ematen dituenean:

a) Gardentasuna indarreko eta etorkizuneko arauetan eta erregelamenduetan.

b) Herritarrek parte hartzea eta laguntzea ordenantzak eta erregelamenduak egiten eta hobetzen.

c) Indarreko ordenantzen eta erregelamenduen emaitzen eta eraginen kontuak ematea.

2. Ablitasko Udalak gardentasun aktiboa emanen dio eta Gardentasun Atariko araudiaren atalean argitaratuko du honako informazio hau:

a) Aplikaziozko araudia, toki entitateen eremuan indarrean dauden ordenantzen eta erregelamenduen multzoa barne.

b) Erregelamenduen proiektuak, berari badagokio horiek abiaraztea.

c) Sektoreko legedia indardunaren arabera, izapidetu bitartean epe batez jendaurrean egon behar duten agiriak.

d) Onetsitako Urteko Plan Arautzailea, hurrengo urtean onesteko aurkeztuko diren erregelamendu ekimenak jasoko dituenak. Horrela, tokiko segurtasun juridikoa ikusgai egonen da.

3. Ablitasko Udalak sustatuko du herritarrek parte hartzea erregelamenduak eta ordenantzak egitean. Horretarako, lehenbizi, kontsulta publikoa eginen du, ukitzen ahal diren subjektu eta erakunde adierazgarrienen iritzia biltzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluaren esparrua eta zuzentarauak betez. Kontsulta publiko horren analisia jasotzen duen agiria erregelamendu edo ordenantzaren proiektuaren parte izanen da, eta erregelamendu edo ordenantza izapidetu bitartean argitaratuko da. Agiri horretan, aurkeztutako proposamenak onartu edo ukatu izana arrazoituko da, eta prozedurarekin jarraitzea beharrezkoa den ala ez adieraziko da.

Nolanahi ere, espedientean, honako informazio hau jasoko da:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Zergatik den beharrezkoa eta egokia araua onestea.

c) Lortu beharreko helburuak zein diren, eta helburu horiek benetan betetzen direla egiaztatzeko eta ebaluatzeko eta gizarteari kontuak emateko sistema.

d) Kontsulta publikoan atera diren arauzko eta ez arauzko aukerako aterabideak baztertu izanaren arrazoiak.

4. Herritarrek dauden ekimen arautzaileen hobekuntzan parte hartzea sustatuko du Ablitasko Udalak. Horretarako, bideak sortuko ditu herritarrek iritzia emateko unean indarrean dauden ordenantzetan eta erregelamenduetan hobetzen ahal diren edo funtzionatzen ez duten alderdiei buruz.

5. Ablitasko Udalak onetsitako ordenantzen eta erregelamenduen oinarrizko helburuen ebaluazio adierazleak argitaratuko ditu, bere Gardentasun Atariko “Zerbitzu Publikoen Kalitatea” kategorian. Konpromisoa hartuko du erregelamendu ekimenak hobetzeko eta sinplifikatzeko, baita helburuen betetze mailan ebaluazio ona ez dutenak baliogabetzeko ere, gizartearentzat ahalik eta administrazio zamarik txikiena duen indarreko arau eredu iraunkor baten alde.

14. artikulua. Antolakuntzaren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

Ablitasko Udalak berrikuntzaren eta sinplifikazioren printzipioak aplikatuko ditu antolakuntzaren eremuan, efizientziaren mesedetan eta herritarrei bideratuta, eta honako irizpide eta berrikuntza hauei lehentasuna emanen die, besteak beste:

a) Gobernu organoen artean, erabakiak eraginkortasunez hartzera bideratutako eskuordetze araubidea ezartzea, eta pertsona bakarreko organoek erabakitzen ahal dutena kide anitzeko organoen esku ez uztea.

b) Herritarrendako arreta bulegoak sortzea, zerbitzu maila handikoak, berehalako erantzuna eman ahal izateko eta arreta ematen den unean berean izapidetze proaktiboa egin ahal izateko.

c) Prozesuetan eta zeharkakotasunean oinarritutako antolakuntza ereduak, lantaldeetan sormena eta talentua bultzatzeko.

d) Erregistro osagarriak edo departamentuetako erregistroak ezabatzea eta administrazio kudeaketaren informazio aplikazioek eta sistemek eskaintzen duten trazabilitatearekin ordeztea.

e) Administrazioaren jarduketen fluxuen gaineko balio erantsia aztertzeko teknikak erabiltzea, herritarrari eta toki erakundeari balioa eransten dioten antolakuntza unitateak identifikatzeko, sustatzeko eta optimizatzeko, helburua izanik eraginkortasun publikoa lortzea eta azterketa horren arabera alferrikakoak diren gainerako unitateak ezabatzea.

15. artikulua. Administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztuaren berezitasunak.

1. Ablitasko Udalak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztura jotzen ahal du, interes publikoko arrazoiengatik edo prozedura konplexua ez izateagatik komenigarria bada. Kasu horretan, dagokion egoitza elektronikoak argitaratuko du zer prozedura izapidetuko diren bide horretatik. Hala ere, ahalik eta informazio gehiena emateko eta eskuratzeko aukera errazteko asmoz, informazio hori Gardentasun Atarian ere argitaratzen ahal da.

Ulertuko da prozedura ez dela konplexua honako kasu hauetan:

a) Instrukzioan bi administrazio unitatek parte hartzen dutenean, gehienez, edo

b) Ebazteko epea hiru hilabetekoa izatea gehienez.

2. Prozedura ebatzi aurretik edozein unetan, hura izapidetzeko eskumena duen organoak erabakitzen ahal du izapidetze arruntarekin jarraitzea, baldin eta espedientean erabaki hori hartzea aholkatzen duten arrazoiak nahikoa egiaztatzen badira eta, interesdunak izapidetze erraztua eskatu badu ere, erabaki horren aurka ez badago.

3. Ablitasko Udalak ofizioz erabakitzen badu prozeduraren izapidetze sinplifikatua eginen duela, interesdunei jakinarazi beharko die. Horietakoren batek, jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean, horri kontra egiten badio, Udalak izapidetze arruntari jarraitu beharko dio.

4. Interesdunek prozeduraren izapidetze erraztua eskatzen ahal dute. Izapidetzeko eskumena duen organoak uste badu ez dela 1. apartatuan ezarritako arrazoietako bat betetzen, eskaera horri uko egiten ahal dio, eskaera aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, eta interesdunak ezin izanen du errekurtsorik jarri. Bost eguneko epe hori iraganda, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Izapidetze arrunta burutzeko denbora gutxiago falta den kasuetan izan ezik, modu erraztuan izapidetutako administrazio prozedurak hogeita hamar egunean ebatzi beharko dira, interesdunari izapidetze erraztua eginen dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Honako izapide hauek izanen dituzte soil-soilik:

a) Prozedura abiaraztea, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

b) Eskaera zuzentzea, hala badagokio.

c) Prozeduraren hasieran egindako alegazioak, bost eguneko epean.

d) Entzunaldia, ebazpena interesdunaren kalterako izatekoa denean soilik.

e) Kasu bakoitzari aplikatzen zaion araudi espezifikoaren arabera dagozkion txostenak.

f) Ebaztea.

6. Prozeduraren batean aurreko apartatuan jaso ez den izapideren bat egin behar bada, prozedura modu arruntean izapidetuko da, salbu eta izapide hori bost egun balioduneko epean ebazten ahal bada; azken kasu horretan, izapidetze erraztuarekin jarraitzen ahal du Udalak.

II. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen jakinarazpena

16. artikulua. Jakinarazteko organo eskuduna.

1. Ebazpenak eta administrazio egintzak ematen dituen organoak eginen die jakinarazpena ukitutako eskubideak eta interesak dituzten interesdunei. Jakinarazpena era automatizatuan eginen da lehentasunez, eskura jartzeko sistema elektronikoaren bidez.

2. Dena dela, Idazkaritzak emanen du kide anitzeko organoen erabakien berri, horiek egiaztatu ondoren. Jakinarazpena era automatizatuan eginen da lehentasunez, duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez.

17. artikulua. Jakinarazteko epea.

Jakinarazpen oro hamar eguneko epean egin behar da, egintza egin den egunetik aurrera. Ebazpenaren testu osoa ekarriko dute, eta adieraziko bide administratiboari amaiera ematen dion ala ez, zer errekurtso den bidezko bide administratiboan zein judizialean, zer organori zuzendu behar zaion eta zer epe dagoen haiek jartzeko, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela, hala badagokio, bidezkotzat jotzen duten beste edozein.

18. artikulua. Datuen babesa eta jakinarazpenaren beste muga batzuk.

1. Ablitasko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu ebazpenetan eta administrazio egintzetan jasotako datu pertsonalak babesteko, interesdun bat baino gehiago direnean jakinarazpenaren hartzaile, eta, hala badagokio, gardentasun legedian ezarritako beste muga batzuk aplikatuko ditu.

2. Neurri horiek honako hauek hartzen ahal dituzte barne, besteak beste: transkripzioa, erabakien eta ebazpenen egiaztapen partziala egiteko, zeina automatikoki eginen baita metadatuak erabiliz, hala badagokio, eta egiaztatu eta jakinarazi behar ez diren eranskinak erabiltzea.

3. Edonola ere, datuak eskuratzeko mugak badaude, hala adierazi beharko da, gardentasun legediak ezarritako baldintzetan.

19. artikulua. Jakinarazpenen abisuak jasotzeko gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa.

1. Interesdunak edo haren ordezkariak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa adierazten ahal du, jakinarazpenak egin izanaren abisuak jasotzeko, jakinarazpenak edozein modutara eginda ere. Ablitasko Udalak zehaztuko du zer gailu elektroniko onartzen dituen baliozkotzat artikulu honetan araututako abisua egiteko.

2. Horretarako, interesdunak edo haren ordezkariak bere burua identifikatu beharko du, toki entitateak horretarako onartu duen sistemaren bidez, eta dagozkion datuak bete beharko ditu.

3. Interesduna edo haren ordezkaria izanen da informazio hori eguneratuta izatearen erantzule bakarra.

20. artikulua. Jakinarazpena elektronikoki egin eta gauzatzea.

1. Jakinarazpena idatziz eta euskarri elektroniko jatorrizkoan sortuko da beti, eta administrazio prozedura erkidearen legedian ezarritako metadatuak eta bestelako edukiak jasoko ditu. Halaber, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera eginen da.

2. Jakinarazpen elektronikoa egiteko, baliozkotzat hartzen dira helbide elektroniko gaitua eta toki entitatearen egoitza elektronikora sartzean jakinarazpena jasotzea.

3. Jakinarazpena, hala ere, interesdunaren edo haren ordezkariaren esku jarriko da toki entitatearen egoitza elektronikoan, eta abisua bidaliko da interesdunak edo haren ordezkariak adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora.

4. Elektronikoki agertzean jakinarazpena gauzatu ahal izateko, erabilitako sistemak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Jakinarazpena atzitzen duen pertsonaren identifikazioa egiaztatuta gelditu behar da, toki entitateak ordenantza honen baldintzen arabera ezartzen dituen baldintzetan.

b) Argi eta garbi adierazi beharko da interesdunak edukiak atzitu izana jakinarazpentzat hartuko dela, dagozkion lege ondorioetarako.

c) Jasota geratu beharko da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpenaren edukia atzitu izana, eta zer egunetan eta ordutan atzitu duten ere bai.

5. Horrez gain, interesdunak edo haren ordezkariak borondatez hala eskatu badu edo legez edo arauz jakinarazpenak bitarteko elektronikoetatik jasotzeko obligazioa badu, toki entitateak gaitutako helbide elektroniko bakarrean jartzen ahal du jakinarazpena interesdunaren edo haren ordezkariaren eskura, araudi erregulatzaileak xedatutako baldintzetan.

21. artikulua. Jakinarazpena paperezko euskarriaren bidez egitea.

1. Administrazio prozedura erkidearen legedian ezarritako kasuetan, Ablitasko Udalak paperezko euskarrian egin beharko du jakinarazpena. Horretarako, posta zerbitzuen legediak ezarritako mekanismoak erabiltzen ahal ditu, haren zerbitzuko langile publiko baten bitartez eman jakinarazpena, edo interesdunari edo haren ordezkariari toki entitatearen bulegoetara edo horretarako gaitutako tokira bertaratzeko eskatu.

2. Kasu horretan, egoitza elektronikoan eskura jarritako jakinarazpenaren egiazko kopia bat sortu beharko da paperean, modu automatizatuan. Horretarako, jakinarazpena egiten duen organoaren egiaztapen kode segurua edo toki entitatearen kode orokorra erabiliko dira.

3. Posta zerbitzuaren bidezko jakinarazpenak unean indarrean dagoen araudiak ezarri bezala eginen dira.

4. Bulegoetara bertaratuta edo langile publikoen bitartez ematen diren paperezko jakinarazpenak egitean, idatziz eta elektronikoki jasota utzi behar da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena jaso dutela. Jakinarazpena, halaber, digitalizatuko da, egiazko kopia elektronikoa eginez, espedientean sartzeko.

5. Paperez egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri behar dira toki entitatearen egoitza elektronikoan, aukera izan dezan horien edukia borondatez atzitzeko.

22. artikulua. Jakinarazi ezin izan diren iragarkiak argitaratzea.

1. Jakinarazpena ezin izan denean aurreko artikuluen baldintzetan egin, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da.

Horretarako, banakako iragarkiak edo jakinarazpena jasotzeko bertaratzekoak argitaratzen ahal dira, eranskin gisa.

2. Ablitasko Udalak taulan argitaratzeko beste administrazio publiko batzuek igorritako jakinarazpenen iragarkiak jasotzen baditu, argitalpen hori toki entitatearen bulegoetan eskuratzen ahal den taula fisikoan edo elektronikoan soilik argitaratuko da.

III. KAPITULUA

Artxibo elektronikoa

23. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Agiriak eta jarduketak edozein artxibo elektronikotan jasotzean, gardentasunaren inguruko betebeharrak betetzea erraztu behar da, eta aukera eman behar du herritarrei informazioa garaiz, arin eta eguneratuta emateko.

2. Administrazio jarduketetan erabilitako agiri guztiak bitarteko elektronikoen bidez gordeko dira, salbu eta ezin bada eta modu arrazoituan egiaztatzen bada ezinezkoa dela.

Jatorrizko euskarrian gordeko dira egiazko kopia elektroniko bidez espediente elektronikoan gorde ezin diren euskarri fisikoko agiriak, legeak ezarritako baldintzetan.

3. Nolanahi ere, Ablitasko Udalak agiriak hobeki jaso eta kudeatzeko beharrezkoa duen eta egoki deritzon agiri elektronikoen artxiboa izaten ahalko du, ordenantza honen 96. artikuluan aipatzen den Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agiriak ezarritakoaren arabera.

4. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Ablitasko Udalak artxibo elektroniko bakarra izan beharko du, bukatutako prozedurei dagozkion agiri elektronikoekin, aplikaziozkoa den araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan.

24. artikulua. Kontserbatzeko formatuak eta euskarriak.

1. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, dela formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko.

2. Amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoak honako hau ahalbidetzen duen formatu batean gorde beharko dira: agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzea, baita kontsultatzeko moduan daudela bermatzea ere eman zirenetik edozer denbora igaro dela ere. Horretarako, jatorrizko formatua kontserbazio formatura aldatzen ahal da, egiazko kopia elektronikoa sortuz.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, frogagiri izaten jarraitzen duten bitartean, agiri elektronikoak beren formatu jatorrizkoan gorde beharko dira ahal bada, sinadura elektronikoarekin eta metadatuekin batera.

4. Ablitasko Udalak datuak aplikazio desberdinetatik atzitzeko aukera ematen duten formatuetara eta euskarrietara aldatzeko prozedurak ezarriko ditu, hala beharrezkoa denean.

25. artikulua. Artxibo elektronikoen bermeak eta segurtasun neurriak.

1. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa.

2. Bereziki, artxibo elektroniko guztiek bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legedian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi zikloari buruzko berezitasunekin bat.

3. Agiriak kudeatzeko politikak agiri elektronikoei aplikatzen zaizkien segurtasun neurriak ezarriko ditu, toki entitateak Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agirian zehaztutako segurtasun politikarekin koordinaturik.

26. artikulua. Artxiboen kudeaketa erregulatzen duen araudia betetzea.

1. Artxibo elektronikoen eta, bereziki, bukatutako prozedurei dagokien agiri elektronikoen artxibo bakarraren ezarpena indarreko legediak ezartzen dituen beste sistemekin eta artxibo sareekin bateragarria izanen da, eta dagozkion zaintza- edo eskualdaketa-erantzukizunen banaketa errespetatu beharko du.

2. Halaber, artxibo elektroniko bakarra bateragarria izanen da artxibo historikoaren jarraipenarekin, dagokion estatuko eta autonomiako araudiaren arabera.

3. Agiri elektroniko horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

27. artikulua. Artxibo elektronikoetan sartzea.

1. Herritarrek agiri elektronikoetan sarbidea izatea gardentasuna arautzeko legediak ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Gainerako administrazio publikoek ordenantza honetan araututako agiri eta artxibo elektronikoetara sarbidea izateari dagokionez, baldin eta eskatzaileak toki entitateari aurretiaz emandako agiriak ez emateko eskubidea erabiltzen badu, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen duen legediak ezarritako mugen barnean jardun behar da, dokumentazioa araudi erregulatzaileak xedatutakoaren arabera ezabatu ez bada.

III. TITULUA

Egoitza elektronikoa

28. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Ablitasko Udalaren egoitza elektronikoa sortu da, eta honako URL helbide honetan dago eskuragarri: http://Ablitas.sedelectronica.es.

Ablitasko Udala da egoitza elektronikoaren titularra.

Egoitza elektroniko bakarra izanen da udaleko organo guztietarako, eta entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko toki entitateak eta entitate mistoak sartzen ahal dira hor.

2. Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, eskuragarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikatzeko ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea erabiliz.

Egoitza elektronikoa erabilgarri egonen da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurretiaz iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan berean, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

29. artikulua. Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, Udalak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

30. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, betiere, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.

b) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

c) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemak.

d) Udal administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

e) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

f) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

g) Informazio administratiboaren inbentarioa, Udalak ematen dituen prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

h) Herritarrak udal administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda.

i) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

j) Espedientearen tramitazio-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.

k) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

l) Data eta ordu ofiziala.

m) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

n) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.

o) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari bere etxetik hurbilen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa identifikatzen lagunduko diona.

p) Administrazio organo, zentro edo unitateen indarreko identifikazio kodeak.

q) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

31. artikulua. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bitartez eginen dira, beharrezkoa denean toki entitateak, beste administrazio publikoek edo herritarrek bitarteko elektronikoekin autentifikatzea. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egiten ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkion kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatu behar dira.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, eskuragarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin eta beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webgunea autentifikatzeko ziurtagiri onartuak edo kalifikatuak edo horien bitarteko baliokidea erabiliko dituzte beren burua identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua bermatzeko.

6. Ablitasko Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

32. artikulua. Egoitza elektronikoetan identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Ablitasko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izanen du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna ziurtatu beharko dituzte, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

33. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoak ediktuen taula elektronikoa izanen du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

2. Udalak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

34. artikulua. Publizitate aktiboa.

Udalak, aldian behin, informazio eguneratua emanen du argitara, haren berri izatea beharrezkoa denean jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik egiten duen jardueraren gardentasuna bermatzeko, betiere Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak xedatutakoaren arabera.

Alde horretatik, Udalak honako hauek emanen ditu argitara:

–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoari eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.

35. artikulua. Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Udalaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.

36. artikulua. Erantzukizuneko arau bereziak.

1. Egoitza elektroniko bat sortuz gero, haren titularrak izanen du ardura egoitza elektroniko horren bidez eskuratzen ahal diren informazio eta zerbitzuen osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz. Egoitza elektronikoak beste organo edo administrazio publiko baten erantzukizunpeko esteka edo loturaren bat badu, egoitza elektronikoaren titularra ez da azken horren osotasunaren, egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzule izanen.

Egoitzak beharrezko bitartekoak ezarriko ditu herritarrek jakin dezaten eskuratzen duten informazioa edo zerbitzua egoitzarena den, egoitza ez den sarbide puntu batena den edo hirugarren batena den.

2. Egoitza elektronikoen titular diren organo edo erakunde publikoek erantzukizuna izanen dute beren eduki propioen gainean eta, solidarioki, eduki komunen gainean ere bai.

IV. TITULUA

Identifikazio eta sinadura elektronikoa

I. KAPITULUA

Interesdunen identifikazio eta sinadura elektronikoa

37. artikulua. Identifikazio eta autentifikatze sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikatze sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan.

Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabiltzen ahalko dute, aldez aurreko erregistrokoa bada eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek” emanak badira. Ondorio horietarako, ulertuko da aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta daudela pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek” emanak badira.

c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta balditzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izanen dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek udaleko administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira sinadura baliozkoa izan dadin:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, ulertuko da aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta daudela pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak «Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako» emaileek emanak badira.

c) Udal administrazioak ontzat ematen ahal duen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izango da interesdunek aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitartekoren bidez.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

38. artikulua. Sinadura edo zigilu elektronikoari buruzko arau orokorrak.

1. Legez hala eskatzen ahal denean, interesdunek elektronikoki sinatzen ahalko dute, identifikazio elektronikoko edozein bitarteko eta konfiantzazko zerbitzuen legedian ezarritako edozein bitarteko erabiliz, haien borondatea eta baimena egiazkoak direla elektronikoki egiaztatzeko aukera ematen badu, dagokion jarduketarako eskatutako segurtasun mailaren arabera eta aplikatzekoa den legedian eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

2. Konfiantzazko edozein sistema erabiltzeak doakoa izan behar du toki entitatearentzat, eta Estatuak eta Europar Batasunak elkarreragingarritasunari buruz dituzten arauak bete beharko ditu.

3. Toki entitateak, Segurtasunaren Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan jasotako arauak aplikatuz, ezin izanen du identifikazio elektronikoko sistema erabili interesdunari eskatu behar badio honako hauek erabiltzeko: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua.

4. Kasu horretan, mugaz gaindiko jarduketa bada, Europar Batasuneko gainerako estatu kideetan bizilekua duten interesdunek honako hauek erabiltzen ahal dituzte, baina Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1506 (EB) Exekuzio Erabakiak zehaztutako formatuetan soil-soilik: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua. Erabaki horrek ezartzen du zer zehaztapen izan behar dituzten sektore publikoko erakundeek aitortu behar dituzten sinadura elektroniko aurreratuen eta zigilu aurreratuen formatuek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 27. artikuluaren 5. apartatuari eta 37. artikuluaren 5. apartatuari jarraikiz.

Espainian bizilekua duten interesdunek ere erabiltzen ahal dituzte aipatutako formatuak.

5. Toki entitateak ez du inolaz ere eskatuko sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua baino berme maila handiagoa duen sinadura edo zigilu elektronikoko sistema bat erabiltzeko.

6. Sinatzeko erabiltzen den identifikazio sistemak ez badu aukera ematen agiria osorik dagoela eta aldatu ezin dela egiaztatzeko, toki entitateak alderdi horiek ziurtatzeko mekanismo teknikoak ezarri beharko ditu bere identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikan.

7. Ablitasko Udalak jarduketa bakoitzean onartzen diren sinadura elektronikoko sistemak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

II. KAPITULUA

Toki entitatearen identifikazioa eta sinadura elektronikoa

39. artikulua. Toki entitatearen identifikazioa eta sinadura elektroniko automatizatua.

1. Ablitasko Udalak modu automatizatuan elektronikoki sina dezake, bai eta identifikatu ere, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiliz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Ahal dela, toki entitate honetako egoitza elektronikoaren ziurtagiri kalifikatuak entitatearen organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki entitateak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatua izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte, Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea izan ezik, ez baita beharrezkoa izanen.

3. Ablitasko Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Era berean, Ablitasko Udalak kode seguruko egiaztapen sistemak erabiltzen ahal ditu modu automatizatuan sinatzeko, eta, ahal dela, toki entitateko organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak gauza ditzaten. Dena dela, toki entitateak kode seguruko egiaztapen sistema ere izaten ahal du bere izenean.

Toki entitatearen egiaztapen orokorrerako kode segurua agiri elektronikoen paperezko kopiak egiazkoak direla bermatzeko erabiltzen ahal da.

Nolanahi ere, egiaztapen-kode seguruak nahikoa berme tekniko eman beharko ditu, dagokion jarduketarako eskatzen den segurtasun mailarekin betez, aplikatzekoa den legediak eta, bereziki, Segurtasunaren Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

5. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua sortu beharko da Alkatetza/Burutzaren edo hark eskuordetutako organoaren dekretu bidez, eta berme hauek eman beharko ditu:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea bakarra eta ausazkoa izatea, eta igorlearekin lotura izatea.

b) Ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea den segurtasun kriptografikoa izatea.

c) Kode bidez autentifikatutako agiria egoitza elektronikoaren bidez eskuratzea –eta, hala badagokio, hura gordetzen duen fitxategi elektronikoa–, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta doan eskuratzen ahalko dute agiria.

Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6. Toki entitatea identifikatutzat ulertuko da, bere Interneteko atarian edo bestelako sarbide-puntuan bere izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, horiek legez egoitza elektronikoak badira.

Egoitza elektronikotik kanpo informazioa argitaratzen bada, toki entitateak autentifikatu beharko du, kapitulu honetan identifikaziorako eta sinadurarako xedatutako sistemetako edozein erabiliz.

40. artikulua. Toki entitateko langileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa.

1. Ablitasko Udaleko organoen titularrek edo kideek eta Udalaren zerbitzuko langileek ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiltzen ahalko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Toki entitateak behar dizkie ziurtagiri horiek beren zerbitzuko langileei eman. Hala ere, pertsona horiek pertsonalak baizik ez diren ziurtagiri kalifikatuak baldin badituzte, baimena eman dezake, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, ziurtagiri horiek borondatez erabiltzeko.

Ziurtagiriek informazio osagarria izan dezakete, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak errespetatuz.

3. Goitizena darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak eman daitezke, indarreko legediak mugak ezartzen dituenetan agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Goitizena osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsonek eska dezakete goitizena darabilten ziurtagiri kalifikatuak dituzten sinatzaileen nortasuna jakinarazteko, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluan xedatutako kasuetan.

4. Ablitasko Udalak, Alkatetza udalburutzaren dekretu bidez, gako itunduen sistema propioa egin eta kudeatzen ahalko du bere langile publikoendako, eta, dekretu horretan, gakoak erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko dira. Halaber, bermatu behar duen segurtasun mailaren arabera, Segurtasunaren Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1502 (EB) Exekuzio Erregelamendua bete beharko ditu. Erregelamendu horrek identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun mailetarako zehaztapen eta prozedura minimoak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 8. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betez.

Halaber, toki entitatea beste administrazio publikoek gako itunduetan oinarrituz eskaintzen dituzten identifikazio eta sinadura sistemei atxikitzen ahal zaie, baldin eta segurtasun maila nahikoa badute.

5. Ablitasko Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, haren zerbitzuko pertsonek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

41. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Toki entitateak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa beteko dute. Politika hori honako hauetan ezarritakoaren arabera onetsi da: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) 18. artikulua eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren (herritarrek zerbitzu publikoetara elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duena) 24. artikulua.

2. Ablitasko Udalak ziurtagirietan oinarritutako sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzea sustatuko du, sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua eginez.

3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kalifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin autentifikatutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Ablitasko Udalak ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezar dezake agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.

V. TITULUA

Informazio administratiboa hedatzea eta eskuratzea bitarteko elektronikoen bidez

I. KAPITULUA

Publizitate aktiboa

42. artikulua. Publizitate aktiboaren betebeharren esparrua.

1. Ablitasko Udalaren publizitate aktiboko betebeharrak bide elektronikotik gauzatu beharko dira, ahal bada egoitza elektronikoaren bidez, informazio publikoaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen duen kanala baita.

2. Administrazio elektronikoa behin betiko ezartzearekin batera, Ablitasko Udalak bere artxiboetan eta administrazio jarduketetan jasotako informazioaren hedapen, publizitate eta gardentasun ahalik eta handienak sustatuko ditu, antolamendu juridikoa eta aitortutako jardunbide onak betez.

3. Ablitasko Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere ezaugarri bereziengatik gardentasuna sustatzen duen, kontuak hobeki ematea ahalbidetzen duen eta herritarren eskubideak gauzatzea errazten duen informazioa, baita gizartearendako eta jarduera ekonomikoaren sustapen eta garapenerako erabilgarriena dena ere.

43. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaren eta gardentasunaren arteko loturak.

1. Administrazio prozedura elektronikoaren ezarpenak bermatu behar du informazioa formatu egokian sortuko dela, hura publizitatu ahal izateko, eskuragarria izateko, eta, bereziki, balio publikoa eman beharrez, berrerabilia izateko. Horretarako, dokumentazioa kudeatzeko politikarako estrategia gauzatuko da. Estrategia Alkatetza udalburutzak onetsitako agiri batean zehaztuko da, ordenantza honen 93. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, eta bermatu behar du agiri elektronikoaren bizi ziklo osoan kudeaketa eredua eraginkorra izanen dela.

Bereziki, estrategia horrek honako hauek bete beharko ditu:

a) Gardentasun atarira informazioa iraultzean, automatismo maila handiagoa bermatzeko sistemak eta mekanismoak ezarriko ditu, eta informazioa ahalik eta eguneratuen atxikiko.

b) Gardentasunaren gaineko lege obligazioak betetzearen ondorioz izapide berriak txertatzea eta administrazio izapidetzea konplexuago bihurtzea ekidinen du.

c) Argitalpenean adieraziko du zein unitatek duen informazioaren ardura eta noiz eguneratu zen azkenekoz.

d) Herritarrei arreta emateko sistemak integratuko ditu udaleko gainerako antolakuntzarekin eta informazio sistemekin.

2. Prozedurak errazteko printzipioa aplikatuz, publizitate aktiboari buruzko informazioa eskuratzeak errazago izan behar luke, lehenago aipatutakoari jarraituz.

44. artikulua. Informazioaren kalitatea eta eskuragarritasuna.

1. Informazio administratiboa eta interes orokorrekoa eskuragarri izanen da egoitza elektronikoan egunaren 24 orduetan eta urtearen 365 egunetan; informazio hori kalitatezkoa izanen da eta haren edukien ulergarritasuna bermatuko da, europar eta nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraikiz. Informazioaren publizitateak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

2. Egoitza elektronikoetan edo beste edozein formatu motatan jasotzen den informazioak egiazkoa izan beharko du, erraz eskuratzekoa, ez-baztertzailea, argia, erraza eta zehatza. Halaber, herritarrek ulertzeko moduko mezu eta hizkerarekin egituratu beharko da eta, bereziki, herritarrei emandako informazioaren garrantzia hobeki ulertzen laguntzen ahal dieten bideoak, grafikoak, argazkiak, irudiak eta orriaren edo agiri euskarriaren konposiziorako beste edozein bitarteko erabiliko dira.

3. Publizitate aktiboaren adierazpen grafikoak izanen dira lehentasunezko bitartekoa konplexutasun handiko gaien edo datuen publizitate aktiboa egiteko. Lehentasun hori aplikatzen ahalko da informazio ekonomiko-finantzarioaren kasuan, bereziki, baita honako helburu hauek dituen informazio guztian ere: baliabide publikoak erabiltzea, politika publikoak lehenestea, herritarrak zerbitzu publikoekin asebeteta gelditzea edo estatistiken edo ehunekoen bidez erakusten ahal den beste edozein.

4. Ablitasko Udalak desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten herritarren eskura jarriko ditu egoitza elektronikoko informazio guztia eskuratzeko beharrezko baliabideak, Udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak zein diren.

5. Toki entitateak zuzenean edo hirugarren pertsonen edo entitateen bitartez sortzen dituen agirietan eta euskarrietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatuko da, hizkera mota guztietan.

45. artikulua. Kanal ez-elektronikoak erabiltzea.

1. Herritarrek informazioa formatu elektronikoan eskuragarri izateak ez du inola ere ordezkatu behar Ablitasko Udalak bere egoitzetan edo beste kanal batzuen bidez (hala nola telefonoan) ematen duen arreta pertsonalizatua.

2. Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatzeko, Ablitasko Udalak beste baliabide batzuen bidez hedatu beharko du informazioa, bitarteko elektronikoak eskuratu ezin dituzten herritarrek ezagutu dezaten eta, bereziki, Interneten nabigatzeko baliabideak, bitartekoak edo ezagutzak ez dituzten herritar taldeek edo pertsonek. Pertsona eta talde horiei guztiei publizitate aktiboko baliabideak edo informazio bera eskuratzeko tresnak emanen zaizkie, beste pertsonek edo taldeek eskuratzen ahal duten informazio bera lortu eta eskubide berak erabil ditzaten, Udalaren baliabide teknologiko eta ekonomikoen barnean.

46. artikulua. Publizitate aktiboaren mugak.

1. Informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko eta datuen babesari buruzko gatazkak ebazteko legezko mugak aplikatuko zaizkie publizitate aktiboa egiteko lege betebeharrei eta Ablitasko Udalak bitarteko elektronikoen bidez hedatzen duen gainerako informazioari, indarreko araudiak ezarritako baldintzetan.

2. Informazioa hedatzean berdintasun printzipioa eta ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, Ablitasko Udalak haztapen irizpideak onetsiko ditu gertatzen ahal diren gatazkak ebazteko prozesuetarako, kontrol organoek ematen ahal dituzten irizpenen informazio balioa baztertu gabe.

47. artikulua. Datuak irekitzea.

1. Ablitasko Udalak informazio publikoa berrerabiltzea sustatuko du, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen gaineko oinarrizko legedia betez. Udalak aske erabiltzeko dituen datuak herritarrek erabili ahal izatea da helburua.

2. Administrazio elektronikoaren garapenaren esparruan, Ablitasko Udalak beharrezko neurriak jarriko ditu bere esku dauden datuak irekitzeko, horiek berrerabiltze aldera eta pribatutasunaren, segurtasunaren edo jabetzaren mugak erabat errespetatuz. Datuak irekitzea honako honetan datza: datuak web bidez eskuratzen ahal den formatu digital, estandarizatu eta irekian eskuragarri jartzea, herritarrek eta eragile konputazionalek horiek ulertzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen duen egitura argia eta esplizitua erabiliz.

48. artikulua. Herritarrek publizitate aktiboan parte hartzea.

Ablitasko Udaleko egoitza elektronikoan, espazio bat gaituko da herritarrek proposamenak eta iradokizunak egin ditzaten, eskatutako informazioari buruz zein haien eskura jarritako informazioari buruz, eta erabilitako formatu, programa edo lengoaia informatikoei dagokionez.

Espazio horrek datuak irekitzeko eta berrerabiltzeko aplikazio informatikoen garapenean parte hartzea ere gaitzen ahal du.

II. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

1. ATALA

Araubide juridikoa

49. artikulua. Informazio publikoaren eskuragarritasunaren aldeko printzipio orokorra.

Oro har, informazio publikoaren eskuragarritasuna sustatuko da. Eskuratzeko mugarik edo eskuratzeko eskabidea ez onartzeko arrazoirik badago, erantzuna edo ebazpena arrazoitu beharko da, eta, halaber, erabat edo partzialki ez onartzea justifikatzen duten oinarriak adierazi beharko dira, baita, hala badagokio, eskuratzeko eta publizitatea egiteko ezintasunaren epea ere.

50. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautuko du honako hauetan ezarritakoak: Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta hura garatzen duten oinarrizko arauak, garapeneko lege autonomikoa, toki entitateei aplikatzen ahal bazaie, eta ordenantza hau.

2. Ez da araubide hori aplikatuko, eskuratzeko eskubideari buruzko arauketa berezia badago edo eskatzaileak martxan dagoen prozesu bateko agiriak eskuratu nahi baditu eta prozesu horretan interesdun ere bada. Kasu horretan, dagokion administrazio prozedura erregulatzen duen araudiak gobernatuko du informazioaren eskuragarritasuna, abenduaren 9ko 19/2013 Legea lehen xedapen gehigarriak ezarritakoa betez.

Burututako espedientea bada, informazioa modu iraunkorrean eskuratzeko printzipioaren arabera, informazioa bere zaintzapean duenak espedientea zuzenean eskuratzeko aukera bermatuko beharko du, dagokion prozedura erregulatutako arauek ezartzen dutenaren arabera, eta interesdunak interesdun egoera egiaztatu beharko du lehenbizi, aipatutako espedientean jasotako dokumentuen kopia lortzeko eskubideari kalterik egin gabe.

51. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13.d) artikuluak xedatutakoa aintzat hartuz, lege horren 3. artikuluaren arabera administrazio publikoetan jarduteko gaitasuna dutenak dira lege berak xedatzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen titularrak.

Eskubide hori nazionalitate, auzotasun edo antzeko baldintzarik eskatu gabe gauzatuko da, eta prestakuntza, baliabideak, egoera pertsonalak edo baldintza edo egoera soziala edozein dela ere, hori guztia legeek kasu bakoitzean ezartzen dituzten baldintzak eragotzi gabe.

52. artikulua. Informazio publikoa.

1. Kapitulu honen ondorioetarako, informazio publikotzat hartzen dira hurrengo apartatuan zerrendatutako subjektuetako batek berekin dituen edukiak edo agiriak, formatua edo euskarria edozein dela ere, bere eginkizunak gauzatzean sortu edo lortu baditu, informazioa zer datatan sortu den alde batera utzita.

2. Honako hauek dira aurreko apartatuan aipatzen dituen subjektuak:

a) Ablitasko Udala.

b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, Udalarekin lotutakoak edo haren mendeko direnak.

c) Merkataritza sozietateak, baldin eta kapital sozialean aurreko bi letretan aipatutako entitateen partaidetza, zuzen edo zeharka,%50etik gorakoa bada.

d) Ablitasko Udalaren mendeko edo harekin lotutako fundazioak eta elkarteak.

Horiek guztiak daude behartuta kapitulu honetan xedatutakoa betetzera.

53. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Kapitulu honetan ezarritakoa bete behar duten subjektuek informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea edo eskuragarri egotea sustatuko dute, datu pertsonalak babesteko eskubidea inolaz ere eragotzi gabe.

2. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan arautzen diren datu pertsonalen babesaren ondoriozko mugak aplikatuko dira. Informazioak dituenean bereziki babestutako datuak, publizitatea aurrez disoziazioa eginez soilik gauzatuko da.

3. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebaztean, datu bereziki babestuak dituen informazioa baizik ez da ematen ahalko, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete ondotik.

Informazioak identifikaziorako baino ez diren datuak baditu, organoaren antolakuntzarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotuak, eskuratzeko aukera oro har emanen da, baldin eta, kasu zehatz horretan, datu pertsonalen babesa edo konstituzionalki babestutako beste eskubide batzuk gailentzen ez badira.

Informazioak ez badu bereziki babestutako daturik, eskuratzeko baimena ematen ahal da, informazioa hedatzearen interes publikoa eta ukitutakoen datuen babesaren eskubidea haztatu ondoren. Horretarako, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.3 artikuluak, eta Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak batera ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, besteak beste. Haztapen horren ondotik, datu pertsonalak dituen informazioa eman nahi bada, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19.3 artikuluan ezarritako alegazio izapidea egin beharko da lehen-lehenik.

4. Ukitutako pertsonak identifikatzea eragotzi ahal izateko informazioa bereizita ematen bada, ez da 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa aplikatuko.

5. Oro har, informazioa eskuratzeko ebazpenetan, eskatzaileari berariaz adieraziko zaio datu pertsonalak babesteko araudia aplikatuko dela informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzearen bidez lortutako datuen geroko tratamenduan.

6. Ordenantza honen esparruan eskumena duten organoek artikulu honetan ezarritakoari buruzko kontsultak egiten ahal dizkiote toki entitatean datuak babesteko eskumena duen unitateari.

7. Artikulu honetan jasotzen ez diren kasuetan, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduan babesteari buruzkoa eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua baliogabetzen duena; eta, bestetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

54. artikulua. Beste muga batzuk.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan eta aplikatzekoa den legedia sektorialean ezarritako mugak aplikatuko dira.

2. Muga horien interpretazioa ezin izanen da zabaldu, Nafarroako Gardentasun Kontseiluak ezarritako irizpideak betez, eta informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea eta ahalik eta eskuragarrien egotea sustatuko du, muga horiek ukatu gabe. Nolanahi ere, ezarritako mugak modu arrazoituan eta neurriz aplikatuko dira, mugaren bidez babestu nahi den interes publikoa eta hedapenerako interes publikoa kontuan hartuta.

2. ATALA

Prozedura

1. AZPIATALA

Ebazteko eskumena

55. artikulua. Organo eskudunak.

1. Ablitasko Udalak informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoei buruzko informazioa identifikatuko du eta publizitate nahikoa emanen dio. Ahalik eta espezializazio handiena sustatuko du, eta eskumenak sakabanatzea ekidin, eraginkortasun printzipioa eta eskubide hori hobeki babestea ziurtatzeko.

Nolanahi ere, Ablitasko Udalaren organo eskudunei dagokie informazioa eskuratzeko eskaerak ebaztea, baldin eta ordenantza honen 51.2 artikuluaren b), c) eta d) letren bitartean zerrendatzen diren erakundeen edo entitateen esku edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatu duten kontratu baten adjudikaziodunen esku badago.

2. Informazioa eskuratzeko eskaerak jasotzen dituzten organoek parte hartzeari uko eginen diote, nahiz eta beren esku dagoen informazio publikoa izan, baldin beste batek prestatu edo sortu badu, osorik edo nagusiki. Kasu horretan, eskuduntzat jotzen den organoari igorriko diote eskaera, eta eskatzaileari jakinaraziko diote hori.

Modu berean jokatuko dute aurreko apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen diren erakundeek eta entitateek, jasotzen dituzten informazio eskaerei dagokienez.

2. AZPIATALA

Eskatzailea aurretiaz identifikatu gabe eskuratzeko prozedura

56. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

1. Kapitulu honek behartzen dituen subjektuek informazio publikoa eskuratzeko bide bat ezartzen ahalko dute, eskatzailearen nortasuna egiaztatzea eskatzen ez duena, eta, horren bidez, jada argitaratu den informazioa edo baldintza hauek betetzen dituena baizik ez zaie emanen:

a) Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan zerrendatutako mugetako bat bera ere aplikatzekoa ez izatea.

b) Datu pertsonalaren babesari ez eragitea, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan xedatutako baldintzetan.

c) Ez onartzeko kausetako bat bera ere aplikatzekoa ez izatea.

a) eta b) paragrafoetako mugetako bat, ez onartzeko kausaren bat edo eskuratzeko araubide juridiko espezifikoren bat aplikatzen ahal bada, eskaerak ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskaerari uko eginen dio. Eskatzaileari jakinaraziko dio hori, hark egoki baderitzo ordenantza honetako 52. artikuluan eta hurrengoetan araututako prozedura abiarazteko.

2. Eskatzaileak helbide elektroniko bat eman beharko du, informazioa edo argitaratutako informazioaren kokalekua ematen zaiola bermatu ahal izateko.

3. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea. Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izanen da epe hori.

Epe hori bete ezean, isun hertsatzaileak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.

4. Bide horretatik egindako informazio eskaeren erantzuna hilabeteko epean bidali behar da, ebazteko eskumena duen organoari hura izapidetzea esleitu zaion egunetik zenbatzen hasita.

Emandako informazioa ez bada lehenago argitaratu, garrantzitsua bada eta hura hedatzea interes orokorrekoa bada, Gardentasun Atarian argitaratuko da, eta informazioaren kokaleku zehatzaren berri emanen zaio eskatzaileari.

5. Informazioa eskuratzeko artikulu honen arabera onartzen edo ukatzen diren eskaerei ez zaie aplikatuko aurkaratzeari buruz abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan jasotako araubidea.

6. Informazioa eskuratzeko bide hori aurretiaz erabili arren, eskuratzeko eskabidea egin ahal izanen da, ordenantza honen 56. artikuluan ezarritakoa betez, baldin eta eskatzaileak uste badu organo eskudunak emandako erantzuna ez dela nahikoa edo egokia, edo administrazio ebazpena lortu nahi badu gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako edukiarekin eta bermeekin.

3. AZPIATALA

Eskatzailea aurretiaz identifikatuta eskuratzeko prozedura

57. artikulua. Eskaera.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoek eskatzaileei ez diete nortasunari buruzko datu gehiagorik eskatuko, ebazteko eta jakinarazteko behar-beharrezkoak direnak baizik.

Ordenantza honi lotutako entitateen zerbitzuko langileek laguntza eta informazioa eman behar diete hala eskatzen duten pertsonei, beren eskabideak aurkezteko moduari eta lekuari buruz, eta, batez ere, desgaitasunen bat edo informazioa eskuratzea zailtzen duten egoera pertsonalen bat dutenei.

2. Informazioa eskuratzeko eskabidea urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bitartekoetako edozeinen bidez aurkezten ahal da, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 17.2 artikuluan aipatzen diren datuak jasota uzteko aukera ematen badu.

Informazio publikoa eskuratzeko eskabideak aurkeztean, ahalik baldintza gutxien eskatuko dira eskatzailearen nortasuna bitarteko elektronikoen bidez egiaztatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta hura garatzen duten arauek hala ahalbidetzen duten heinean.

Eskabidea egitea errazagoa izan dadin, eredu normalizatua onetsiko da, eta herritarren eskura jarri.

3. Informazio publikoa eskuratzeko, ez da beharrezkoa izanen eskaera arrazoitzea. Nolanahi ere, interesdunak adierazitako interesa edo motibazioa kontuan hartzen ahalko da, hala badagokio, informazioa zabaltzearen interes publikoa eta eskatutako informazioan agertzen diren eta datuen titular diren ukituen eskubideak haztatzeko, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Eskaeraren aurkezpena ez dago epeen mende.

5. Eskabidea jaso eta hurrengo bost egunetan, ebazteko eskumena duen organoak ebazpena eman eta jakinarazteko ezarrita dagoen gehieneko epearen berri emanen dio eskatzaileari, bai eta adierazi ere administrazio-isiltasunak izan dezakeen ondorioa, administrazio prozeduraren gaineko araudiak xedatutako baldintzetan.

58. artikulua. Ez onartzea.

1. Ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskabidea izapidetzeari uko egiten ahal dio, ebazpen arrazoitu bidez, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18. artikuluan zerrendatutako kausetako bat gertatzen bada. Abiapuntutzat hartuko da informazioaren eskuragarritasuna ahalik eta gehien erraztearen aldeko printzipio orokorra, eta Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta, hala badagokio, autonomia erkidegoaren organo baliokideak onartutako irizpideei jarraituko zaie.

2. Ondorio horietarako, ez onartzeko kausak honako irizpide hauen arabera aplikatuko dira:

a) Informazioa prestatzeko edo argitaratzeko fasean badago, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer epetan aurreikusten den erabilgarri izanen dela eta zer organori dagokion informazioa prestatzea edo argitaratzea.

b) Ohiko tratamendu informatikoa ez da berregitetzat hartuko.

c) Aginduzko txostenak eta aginduzkoak ez izan arren ebazpenen zioetan zuzenean edo zeharka erabili diren agiriak ez dira osagarritzat edo lagungarritzat hartuko.

59. artikulua. Izapidetzea.

1. Prozedura bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko da.

2. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea. Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izanen da epe hori. Epe hori bete ezean, isun hertsatzaileak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.

3. Informazio eskabidea zuzentzeko izapideek, baldin informazioa behar bezala identifikatu ez bada, eta behar bezala identifikatutako eskubide eta interesen titularren entzunaldi izapideek ebazpena emateko epea eten eginen dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritako moduan.

4. Eskatzaileari emanen zaio aurreko apartatuan jasotako etetearen eta etenaren bukaeraren berri, jakin dezan nola zenbatu ebazteko epea.

60. artikulua. Ebazpena eta jakinarazpena.

1. Ebazpena eta jakinarazpena hilabeteko epean eginen dira gehienez ere, eskabidea toki entitatearen erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori beste hilabete batez luzatzen ahal da, eskatzaileari jakinarazi ondotik, eskatutako informazioa bolumen handikoa edo konplexua bada. Ebazpena emateko gehieneko epea iraganik berariaz ebazpena eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Jakinarazpena eskatzaileari eta prozeduran parte hartu duten hirugarren interesdunei jakinaraziko zaie, eta han emanen zaie ebazpenaren kontra jartzen ahal dituzten errekurtsoen eta erreklamazioen berri.

2. Ebazteko eskumena duen organoak uste badu informazioa garrantzitsua dela eta interes orokorrekoa dela hura hedatzea, Gardentasun Atarian argitaratzea aginduko du, datu pertsonalak bereizi ondoren. Argitaratze hori informazioaren eskuragarritasuna formalizatzeko modalitatetzat hartzen ahal da. Kasu horretan, ebazpenaren jakinarazpenean, informazioaren kokaleku zehatza adieraziko da.

3. Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluaren mugak aplikatuz ematen den ebazpena jendaurrean jarriko da, datu pertsonalak bereizirik eta interesdunei jakinarazi ondoren.

Aipatutako artikulua betez eskabideari uko eginez gero, epe bat igarotzearen menpe egoten ahal da informazioaren eskuragarritasuna, baldin eta ukoaren arrazoia loturik baldin badago toki entitate eskuduna bakar-bakarrik ukitzen duen interes batekin.

Kasu horretan, gaitzesteko ebazpenean, epe horren eta epea igaro ondoren beste eskabide bat egiteko aukeraren berri emanen zaio eskatzaileari.

61. artikulua. Informazioa materialki eskuratzea.

1. Informazioaren eskuragarritasuna abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera formalizatuko da. Lehentasunez, bide elektronikoz gauzatuko da, salbu eta posible ez denean, edo eskatzaileak administrazioarekin bitarteko elektronikoetatik harremanetan egoteko betebeharra ez duenean eta berariaz beste bide bat aukeratu duenean.

2. Ebazpenaren informazio iturrietara, artxiboetara edo espedienteetara zuzenean sartzeko eskabideen kasuan, bermatu behar da eskuratzeko baimena ematen denean zerbitzuari ez zaiola eragozten.

Kasu horietan, eskuratzeko eskaerari uko egiten ahal dio ebazpenak, lekuaren eta agirien edo informazioaren euskarri originalen zaintzarako eta kontserbaziorako segurtasun baldintzak horretarako aukera ematen ez badute.

3. ATALA

Aurkaratze araubidea

62. artikulua. Aurkaratzeko legezko bideak.

Informazio publikoa eskuratzeko prozedura bati bukaera ematen dion ebazpen espresen zein presuntziozkoen kontra, erreklamazioa aurkezten ahal da Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluan edo autonomia erkidegoko organo baliokidean, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratu aurretik, bat etorririk abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan xedatuarekin.

63. artikulua. Kexak eta erreklamazioak.

Edozein pertsonak erabiltzen ahal du kexen eta iradokizunen sistema adierazteko ez dagoela ados informazio publikoa eskuratzeko eskabidea izapidetzearekin edo horren gaineko ebazpenarekin. Bide hori erabiltzeak ez die etenik ekarriko aurkaratzeko lege baliabideak aurkezteko epeei.

III. KAPITULUA

Informazioa berrerabiltzea

1. ATALA

Xedapen orokorrak

64. artikulua. Berrerabiltzearen helburuak.

1. Ablitasko Udalak eta ordenantza honen aplikazio esparruan eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek beren jardunean sortutako informazioaren berrerabiltzeak erakusten du sektore publikoak duen elkarlaneko gardentasuna, eta funtsezko helburu du gizartean balio publikoa sortzea.

2. Ordenantza honen aplikazio esparruko entitateek eta erakundeek behar diren eginahalak eginen dituzte beren informazio publiko berrerabilgarriaren katalogoa federa dadin sektore publikoko gainerako entitateen katalogoekin batera, modu erantsian, plataforma komunetan, hala nola http://datos.gob.es plataforman, helburu bakarra izanik laguntza ematea informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bakar bat sortzeko, gizartearen sektore berrerabiltzailearen jarduera erraztea, eta, hala, sektore publikoaren elkarlaneko gardentasunak sortutako balio sozial, berritzaile eta ekonomikoa handitzea.

65. artikulua. Jabetza intelektualaren eta eskubide esklusiboen mende dauden agiriak berrerabiltzeari aplikatzeko araubidea.

1. Jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideen mende dauden dokumentuei ez zaie aplikatzen ordenantza honetan araututako informazioaren berrerabilpena, bereziki hirugarrenena denean.

Ordenantza honen ondorioetarako, jabetza intelektualeko eskubidetzat jotzen dira egile eskubideak eta antzekoak, barnean direla babesteko modu espezifikoak.

2. Ordenantza honek ez du galarazten bere aplikazio-eremuko erakundeek jabetza intelektualeko eskubideak izatea.

3. Ordenantza honen aplikazio esparruan sartutako entitateek beren jabetza intelektualeko eskubideak berrerabiltzea errazteko moduan erabiliko dituzte beti ere.

66. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen den informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko indarreko araudian ezarritako mugen barnean.

2. Oro har, argitaratutako edo herritarren eskura utzitako informazio guztia izanen da berrerabilgarria eta eskuragarria, aldez aurreko baimenik behar izan gabe eta doan, salbu bertan berariaz kontrakorik adierazten bada.

3. Bereziki, bai ordenantza honetan bai abenduaren 9ko 19/2013 Legean publizitate aktibotzat jotzen den informazioa berrerabiltzeko ez da inoiz aldez aurreko baimenik eta/edo baldintza espezifikorik beharko, eta makinek irakurtzeko moduko formatu elektronikoetan eskainiko da, formatu irekietan, aukera izan dadin zabaltzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan, baita informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoan ezarritako moduan ere (arau hori Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko otsailaren 19an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen), edo hura ordezten duen arauan ezarritako moduan.

4. Datu pertsonalak dituzten agiriak berrerabiltzean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.

Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan jasotako haztapenak ondorioztatzen badu datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea lehenetsi behar dela, salbu eta datuak bereizten badira, Lege horren 15.4 artikuluan adierazi bezala, informazioa ez da inolaz ere berrerabiliko.

67. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.

1. Informazioa berrerabiltzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Informazioaren edukia, metadatuak barne, ez aldatzea.

b) Informazioaren esanahia ez desitxuratzea.

c) Iturria aipatzea.

d) Azken eguneraketaren data aipatzea.

e) Informazioak datu pertsonalak dituenean, datu horiek etorkizunean zer helbururekin berrerabiltzen ahal diren aintzat hartzea.

f) Bereizita eman arren informazioak berrerabiltzeko prozesuan interesdunak identifikatu ahal izateko behar adina elementu baditu, bereizteko prozedura beste iturri batzuetako datuak erantsiz leheneratzeko debekua.

2. Informazio publikoa argitaratzeak edo eskuragarri uzteak berarekin dakar informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak doan lagatzen dituela, eta ez esklusiboki, berrerabiltzea gauzatzeko beharrezkoak diren jabetza intelektualeko eskubideak, izaera unibertsalarekin eta Legeak baimentzen duen gehieneko eperako.

3. Informazioa argitaratzen den atal, web-orri edo egoitza elektroniko berean, berrerabiltzeko baldintza orokorrak argitaratuko dira.

68. artikulua. Tarifak.

1. Ablitasko Udalak, dagokion ordenantza fiskala onetsi ondoren, sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal ditu, eta horien zenbatekoak ezin izanen du informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinalen guztizkoa gainditu.

2. Udalarekin lotuta edo haren mende dauden eta ordenantza honen aplikazio eremukoak diren entitateek eta erakundeek sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal dituzte, eta tarifa horiek informazioa erreproduzitzeko, eskura jartzeko eta hedatzeko kostu marjinaletara mugatuko dira.

Ez zaio muga hori honako hauei aplikatuko:

a) Zerbitzu publikoko helburuak gauzatzearen kostuen zati handi bat estaltzeko diru-sarrerak sortu behar dituzten entitateak eta erakundeak.

b) Liburutegiak, museoak eta artxiboak.

Muga hori ez zaio agirien berrerabiltzeari ere aplikatuko baldin eta entitate eta erakunde horiei eskatzen bazaie diru-sarrera nahikoak sortzea agiriak jasotzeko, sortzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko kostuen zati handi bat estaltzeko. Aurretiaz zehaztuko da zer agiri motari ez zaion mugarik ezarriko, eta bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira, posible eta egokia denean.

Aurretiaz ezarritakoarekin bat etorriz muga hori aplikatzekoa ez denean, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legearen 7. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera ezarriko da berrerabiltzeko prezioa.

3. Tarifa desberdinak aplikatzen ahal dira, helburu komertzialetarako edo ez-komertzialetarako berrerabiltzen den.

4. Posible eta egokia den guztietan, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira ordenantza honen aplikazio eremuaren barneko entitateen esku dauden agiriak berrerabiltzeko tarifak, aplikatzen ahal diren baldintzak eta horien benetako zenbatekoa, baita kalkulurako erabilitako oinarria ere.

5. Tarifa bat aplikatzen den gainerako kasuetan, ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek aurretiaz adieraziko dute zer faktore hartuko diren kontuan hura kalkulatzeko. Hala eskatzen zaienean, entitateek azalduko dute, halaber, nola kalkulatu duten berrerabiltze zehatzerako tarifa hori.

69. artikulua. Eskubide esklusiboak debekatzea.

1. Oro har, debekatua da informazioa berrerabiltzearen arloan akordio esklusiboak izatea. Merkatuko eragile potentzial guztientzat irekia dago agiriak berrerabiltzea, baita eragile batek edo gehiagok jadanik balio erantsiko produktuak ustiatzen badituzte ere agiri horietan oinarriturik. Agirietan eta hirugarrenetan jasotzen ahal diren sektore publikoko erakundeen arteko bestelako kontratu edo akordioek ez dute eskubide esklusiborik emanen.

2. Nolanahi ere, interes publikoko zerbitzu bat emateko eskubide esklusibo bat behar denean, ordenantza honen aplikazio eremuko entitateak aldian behin berrikusiko du, gehienez ere hiru urtetik behin, eskubide esklusiboa onartzea justifikatu zuen arrazoiaren balioa.

3. Salbuespenez, baliabide kulturalak digitalizatzearekin lotutako akordio esklusiboa badago, esklusibotasunak ez ditu hamar urte baino gehiago iraunen, oro har. Gehiago iraunen balu, hamaikagarren urtean berrikusiko litzateke, eta, hala badagokio, zazpi urtetik behin, hortik aurrera. Akordio horiek gardenak ere izan behar dute, eta jendaurrean jarriko dira.

4. Aurreko paragrafoaren ildotik ezarritako akordio esklusiborik badago, administrazioari edo dagokion sektore publikoko erakundeari, akordio horren barnean, digitalizatutako baliabide kulturalaren kopia emanen zaio, originalaren kalitate eta ezaugarri berekin (formatua, bereizmena, kolore gama, etab.), haren metadatuekin eta dagozkion arau nazionaletan eta nazioartekoetan ezarritako digitalizazio baldintza teknikoekin. Kopia hori berrerabiltzeko eskuragarri egonen da esklusibotasun epealdia bukatu ondoren.

70. artikulua. Informazioa berrerabiltzeko modalitateak.

1. Ablitasko Udalak sailkatuko du beren esku dagoen informazio guztiaren berrerabiltzea, berrerabiltzeko modalitate hauetako batean argitaratzen bada:

a) Jendearen eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, baldintzarik gabe.

b) Jendearen eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, ereduzko lizentzietan ezarritako baldintzekin.

c) Agiriak aurrez eskatuta berrerabiltzea, ordenantza honen 70. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eta kasu horietan lizentzia batean ezarritako baldintzak txertatuz.

d) Ordenantza honen 68. artikuluan xedatutako kasuen araberako akordio esklusiboak.

2. Lizentzietan jasotako baldintzek honako irizpide hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Argiak, bidezkoak eta gardenak izan beharko dute.

b) Ez dute murriztuko berrerabiltzeko aukera, ezta lehia mugatuko ere.

c) Ez dute bereizkeriarik eginen berrerabiltzeko antzeko kategorien artean.

3. Nolanahi ere, erabilera modu mugatuak ahalik eta gutxien erabiliko dira baldintza espezifikoak dituzten berrerabiltze kasuak arautzeko, eta beti eskura egonen dira formatu digitalean, irekian eta elektronikoki prozesatzeko modukoan. Erabilera modu mugatu horiek entitateak berak presta ditzake, baina lehentasuna emanen zaie nazioan edo nazioartean onarpen zabala duten erabilera libre eta doakoei, beste administrazio publiko batzuekin edo batzuek adostutakoei. Erabilera modu mugatu horiek Udalaren web-orrian argitaratuko dira.

4. Ablitasko Udalak aukera izanen du orain dauden baldintza espezifikoen edukia eta erabilera modu mugatuak aldatzeko. Halaber, baldintza espezifikoak eta erabilera modu mugatuak aplikatzen ahal dizkio halakorik ez zuten datu multzoei edo agiriei. Aldaketa horiek web-orrian argitaratuko dira eta, behin aldaketa argitaratu ondoren, datuen edo dokumentuen lehenbiziko eguneraketa argitaratzen edo eskura jartzen denetik aurrera behartuko dituzte berrerabiltzaileak, edo, nolanahi ere, egun horretatik sei hilabete iragandakoan.

5. Ablitasko Udalak agiriak kudeatzeko honelako sistemak sortuko ditu: herritarrei online eskuragarri dagoen informazioa zuzen berreskuratzea ahalbidetzen dietenak eta beste administrazio publikoek herritarren eskura jartzen dituzten kudeaketa sistemekin lotzen direnak. Halaber, berrerabiltzeko eskuragarri dauden agiriak bilatzea ahalbidetzen duten tresna informatikoak emanen dituzte, dagozkien metadatuekin, elkarreragingarritasun arau teknikoek ezarritakoaren arabera, eta online eta makina bidez irakurtzen ahal den formatu batean eskuragarri egonen dira, posible eta egokia den guztietan.

Ahal den heinean, agiriak hizkuntza anitzetan bilatzeko aukera emanen da.

6. Herritarrek edo eragile berrerabiltzaileek beren erantzukizun eta arriskupean erabiliko dituzte datu multzoak, eta haiei dagokie hirugarrenen aurrean horren ondorioz sortzen ahal diren kalteengatik erantzutea.

7. Ablitasko Udalak ez du bere gain hartuko eragile berrerabiltzaileak informazioa erabiltzeko modua, ez eta berrerabilitako informazio horri ematen zaion erabilerak zuzenean edo zeharka sortzen dituen kalte-galera ekonomikoak, materialak edo datuen gainekoak ere.

8. Ablitasko Udalak berrerabil dadin agiri bat jartzeak ez dakar hori ustiatzeko eskubideari uko egitea eta ez du haren eginkizunak edo eskumenak gauzatzean han jasotako datuak aldatzea eragozten.

Informazioa berrerabiltzen dutenek ezin izanen dute inolaz ere adierazi hark berrerabilitako informazioaren titular gisa berrerabiltzean parte hartu, babestu edo horren alde egiten duela.

71. artikulua. Berrerabiltzeko eskaerak tramitatzeko prozedura.

1. Izapidetzeko prozedura da azaroaren 17ko 37/2007 Legearen 10. artikuluaren apartatuetan oinarrizko araudiaren izaera dutenetan eta, hala badagokio, autonomiako araudian arautzen dena.

2. Organo eskudunak ebatziko ditu berrerabiltzeko eskaerak, gehienez ere eskaera jaso eta hilabeteko epean. Epe hori betetzea ezinezkoa denean, eskatutako informazioaren tamaina eta konplexutasunagatik, beste hamabost egunez luzatzen ahalko da. Kasu horretan, epearen luzatzearen berri emanen zaio eskatzaileari, baita luzapenaren arrazoiak jakinaraziko ere.

3. Aldi berean informazioa eskuratzea eta berrerabiltzea eskatzen bada, batera izapidetuko da ordenantza honen 56. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren bidez, eta, ebazteko epeari dagokionez, bertako 59.1 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epean ez bada berariazko ebazpena ematen, eskatzaileak ulertzen ahal du eskaera ezetsi egin dela.

5. Izapidetze elektronikoari eusten dion plataformaren osagai teknologikoek gai izan behar dute espediente elektronikoa sortu, eta hura argitaratu eta berrerabiltzeko beharrezko administrazio kudeaketako prozesu guztiak elektronikoki kudeatzeko.

2. ATALA

Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea

72. artikulua. Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea.

1. Informazio berrerabilgarriaren argitalpen aktiboak honako hauek bilduko ditu: edukia, izaera, egitura, formatua, eguneratzeko maiztasuna, berrerabiltzeko modalitatea, aplikaziozko baldintzak eta, hala badagokio, berrerabiltzeko tarifa edo ordainarazpena.

2. Ablitasko Udalak bere agiriak emanen ditu aldez aurretik horietan erabilitako edozein hizkuntza edo formatu elektronikotan, baldin eta posible eta egokia bada, makinak irakurtzeko modukoak badira, eta beren metadatuekin batera. Bai formatuak bai metadatuek, ahal den neurrian, arau formal irekiak bete beharko dituzte. Zehazki, dagokion kategorian sailkatutako estandarrak erabiliko dira eta irekiak izanen dira, onartzen den gutxieneko bertsioan eta Estandarren Katalogoaren Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoaren eranskinean ezarritakoari jarraikiz (Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren 2012ko urriaren 3ko Ebazpenaren bidez onetsia).

3. Informazioa eta argitaratutako dokumentazioa bilatzeko sistemak ahalbidetuko du adieraztea informazio berrerabilgarria bilatzen dela.

73. artikulua. Segurtasuna kudeatzea.

Ablitasko Udalak berrerabiltzeen erabiltzaileek gauzatutako jarduketa guztiak erregistratuko ditu, epemugarik gabe eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritakoa betez.

IV. KAPITULUA

Ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula)

74. artikulua. Xedea.

1. Ediktuen taulan, Ablitasko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateen iragarkiak eta ediktuak jarriko dira, baita arau juridiko edo ebazpen judizial bidez Udalaren ediktuen taulan argitaratu behar diren beste administrazio publikoenak ere.

2. Ediktuen taula Udalaren egoitza elektronikoan txertatuta egonen da. Han iragarritako argitalpenak ofizialak eta egiazkoak izanen dira, eta, ondorio guztietarako, ediktuen taula fisikoan argitaratutakoa ordeztuko dute, hura informaziorako soilik mantentzea baztertu gabe.

3. Prozeduraren arauak ediktuen taulan argitaratzeari buruzko aipamenik egiten ez badu, ez da beharrezkoa izanen argitaratzea, salbu eta behar bezala arrazoitutako interes publikoko arrazoiengatik hala justifikatzen bada.

4. Alkatetzaren edo hark eskuordetutako organoaren aginduz, argitaratu beharreko iragarkien ezaugarriak ezarriko dira, bai eta administrazio erantzukizunen gaineko beste alderdi formalak ere.

75. artikulua. Organo eskudunak.

Idazkaritzak eskumena izanen du ediktuen taulan testuak jartzeko eta bidaltzeko, eta, organoaren zigilu bidez, argitalpena automatikoki bidaltzen ahal da.

76. artikulua. Taularen funtzionamendua.

1. Toki entitateek eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek eta erakundeek ediktuen taula bakarra izanen dute, eta aplikaziozko lege xedapenei jarraituko die.

2. Ediktuen taularen antolakuntza eta funtzionamendu arauek honako hauek ziurtatuko dituzte:

a) Iragarkiak eta ediktuak sartzean, edukia eskuragarria, egiazkoa eta osoa dela ziurtatzea.

b) Dibertsitate funtzionala duten pertsonek eskuratzeko beharrezko baldintzak eta bilakaera teknologikora etengabe egokitzea.

c) Ebidentzia elektronikoak agertzea, inolako zalantzarik gabe taulan zer egunetan eta ordutan argitaratu zen eta zer argitaratze epea duen erakusteko.

3. Egoitza elektronikoaren bitartez ediktuen taulara sartzea doakoa izanen da eta ez da inolako identifikaziorik beharko.

Ediktuen taula internet bidez kontsultatu ahal izanen da, eta Herritarren Arreta Bulegoan eta toki entitatearen eta haren mendeko eta harekin lotutako erakundeen eta entitateen sarbide puntu elektronikoetan ere bai.

4. Ediktuen taulan argitaratzeak irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioak errespetatu beharko ditu, aplikatzekoak diren arauen arabera. Herritarren erabilera orokorreko estandarrak erabiliko ditu, eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten pertsonek kontsultatzeko eskatutako baldintzak, desgaitasunen bat duten pertsonek informazioaren gizartearen eta komunikabide sozialen teknologiak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko oinarrizko baldintzei buruzko araudiaren arabera.

5. Edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktuen taulak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 17.2 artikuluan ezarritako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

6. Ediktuen taula egunak dituen 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egonen da. Arrazoi teknikoak direla-eta ibiliko ez dela aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

77. artikulua. Bidaltzeko modua eta epea.

1. Ediktuekin batera, ediktuak taulan txertatzeko legitimatutako organoaren ebazpena bidaliko da.

2. Ediktuaren testua eta ebazpena “pdf” formatuan eta posta elektronikoz bidaliko zaio eskumena duen unitate kudeatzaileari, eta argitaratzeko eskabidearen fitxa ere erantsiko da, dagokion instrukzioak onesten duen ereduaren arabera.

3. Ediktu horiek argitaratzeko eskabideak organo eskudunek horretarako ezarritako posta elektronikoko kontuen bidez izapidetuko dira soil-soilik.

4. Kudeaketa unitateen eskabide fitxa berrikusi ondoren, zuzena ez bada, bidali duen organoari itzuliko zaio, zuzen dezan. Zuzena bada, testuak osorik argitaratuko dira, igorri zituen organoak igorri zituen gisan.

5. Sartzeko agindua ematen duen organoak ziurtatuko du organoek edo zuzendaritza zentroek igorritako testua eta argitaratu behar duten kudeaketa unitateei bidalitako testuaren edukia berdin-berdinak izanen direla, eta ezarritako prozedura beteko dela.

6. Argitaratutako ediktuetan egoten ahal diren akatsen zuzenketa argitalpena eskatu duenaren eskariz eginen da, eta argitalpena egiteko prozedura berari jarraikiz.

7. Ediktuak argitaratzeko ezarritako data baino bi egun baliodun lehenago igorriko dira gutxienez. Ulertuko da epe horrek zuzen igorri diren ediktuei egiten diela erreferentzia.

8. Jendaurrean jartzeko epea bukatuta, fede publikoa emateko eskumena duen organoak diligentzia bidaliko dio argitaratzeko eskatu duenari, jendaurrean jartzeko epea egiaztatzeko, eta han adieraziko dira ediktuaren datuak eta zer datatan izan den jendaurrean.

78. artikulua. Epeen kontaketa.

1. Iragarkiak edo ediktuak ediktuen taulan argitaratuta egonen dira egintza edo espediente bakoitzean zehazten den epearen barrenean, eta, haren kontaketarako, agiriaren sinadura elektronikoaren ikusizko adierazpenean jasotakoa hartuko da argitalpen datatzat.

2. Horretarako, data eta ordua sinkronizatuko dira denbora zigilatzeko sistema batekin, eta edonola ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

3. Artikulu honek jasotzen ez dituen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira epeak kontatzean.

79. artikulua. Ondorioak.

1. Toki entitateak bere eskumenak betez ematen dituen administrazio egintzak ediktuen taulan argitaratzen dituenean, indarreko araudiak ezartzen dituen ondorioak sortuko dira.

2. Argitaratzeko epeak iraganik, ulertuko da jakinarazpena egina dagoela, eta dagokion izapidea bukatutzat hartu eta prozedurak jarraituko du.

3. Artikulu honek jasotzen ez dituen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira jakinarazpenei eta argitalpenei dagokienez.

80. artikulua. Ediktu-taula bakarra.

Toki entitatearen jakinarazpen iragarkiak, beste administrazio publikoenak bezalaxe, Estatuko Aldizkari Ofizialaren ediktu-taula bakarrean argitaratuko dira, baldin eta prozeduran interesa dutenak ezezagunak badira, jakinarazteko lekua edo bitartekoa ezagutzen ez badira, edo, jakinarazten saiatu ondoren, jakinarazi ezin izan bada.

81. artikulua. Datuen babesa.

Datu pertsonalak dituzten ediktuak ediktu-taulan argitaratzeko, honako hauek zorrotz bete beharko dira: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; Gardentasunari, Informazio Publikoaren Eskuragarritasunari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea, eta arlo horretan aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

VI. TITULUA

Erregistro elektronikoa

82. artikulua. Erregistro Orokor Elektronikoa sortzea.

1. Ordenantza honen bitartez, Ablitasko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoa sortu eta haren funtzionamendua arautzen da. Erregistro orokor elektronikora sartzeko, egoitza elektronikoa erabiliko da (http://Ablitas.sedelectronica.es) eta beharrezkoa izanen da aurretik identifikatzea toki entitate honek onartutako eta ordenantza honen IV. Tituluan (“Identifikazio eta sinadura elektronikoa”) aipatutako bitartekoetako bat erabiliz.

2. Idazkaritzak kudeatuko du erregistro orokor elektronikoa.

3. Ablitasko Udalarekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoak elkarren artean konektatuta egonen dira; Udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin elkarreragina izanen dute, eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala bete beharko dute.

4. Bai Ablitasko Udalaren erregistro orokor elektronikoak, bai erakunde edo entitate horietako erregistroek bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legedian ezarritako segurtasun berme eta neurriak eta, nolanahi ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala.

83. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren funtzionamendua.

1. Erregistro elektroniko orokorrean, Ablitasko Udalarekin lotuta edo haren mende dagoen edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen erregistroa eginen da. Halaber, hartan idazten ahal da administrazio publikoen, haien erakundeen edo haiekin lotutako entitateen beste organoendako edo partikularrendako agiri ofizialen irteera.

Erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoetara sartzeko aukera emanen duen atari gisa funtzionatuko du erregistroak, eta data eta ordu ofizialak (egoitza elektronikoan jasotako berak) adieraziko ditu, baita toki entitatearentzat eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeentzat baliogabetzat finkatutako egunen zerrenda ere.

Erregistroak aukera emanen du agiriak urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, aurkezteko.

Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan, erregistro orokor elektronikoan abiarazten ahal diren tramiteen zerrenda eguneratua agertuko da.

2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraituko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistro-tramitea bukatuta, dokumentuak luze gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.

3. Ablitasko Udalaren erregistro orokor elektronikoak eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek bermatuko dute erregistro bakoitzean honako hauek jasotzen direla gutxienez:

a) Erregistroaren zenbaki edo identifikadore unibokoa.

b) Erregistroaren izaera.

c) Aurkeztu zen eguna eta ordua.

d) Interesdunaren identifikazioa.

e) Igorri duen administrazio organoa, hala badagokio.

f) Zer pertsonari edo administrazio organori bidaltzen zaion.

g) Eta, hala badagokio, erregistratzen den agiriaren edukiaren erreferentzia.

Horretarako, ziurtagiri bat eginen da automatikoki; dagokion agiri elektronikoaren kopia autentifikatua izanen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Erregistroaren bidez erregistro elektronikoan aurkeztu den idazki, jakinarazpen edo eskabidearen edukia. Horri dagokionez, aurkezpen inprimakian sartutako datuak hitzez hitz erreproduzitzea onartzen ahal da.

b) Aurkeztu zen ordua eta data, eta horien arabera hasiko dira toki entitateak bete beharreko epeak zenbatzen.

c) Erregistroak erregistro elektronikoan duen zenbakia edo identifikatzailea.

d) Aurkeztutako agiriarekin batera eta erantsita doazen agirien zerrenda eta izena, eta horietako bakoitzaren aztarna elektronikoa ere bai; horiek egiaztatzeko ziurtagiria izanen da azken hori, agiriak osorik daudela eta uko egiten ez zaiela bermatzeko.

e) Automatikoki jakiten ahal bada eta erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko, ziurtagirian, honako informazio hauek jasoko dira: hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitatea, ebatzi behar duen organoa, arauz zenbateko epea ezarri den gehienez prozedura ebazteko eta jakinarazteko, eta administrazio isiltasunak izaten ahal dituen ondorioak.

f) Erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko eta automatikoki jakiten ahal bada dagokion prozedura abiarazteko dokumentazio osoa edo zati bat falta dela, zuzentzeko errekerimendua igorriko da aipatutako ziurtagiriarekin batera, eta 10 eguneko epea emanen da horretarako.

4. Interesdunek toki entitateari helarazi nahi dizkioten agiriak hemen aurkezten ahal dira:

a) Ablitasko Udalaren edo helburu duten erakundearen erregistro elektronikoan, zein edozein administrazio publikoren erregistro elektronikoetan.

b) Posta bulegoetan, arauz ezartzen den moduan.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan.

d) Erregistroaren alorreko laguntza-bulegoetan.

e) Indarreko xedapenek ezartzen duten beste edozeinetan.

Ablitasko Udalaren eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek erabat elkarreragingarriak izan beharko dute, hala, informatikoki bateragarriak direla eta interkonektatuta daudela, eta erregistroetako sarrerak eta erregistroetako edozeinetan aurkezten diren agiriak telematikoki igortzen direla bermatzeko, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta aplikaziozko beste araudiek xedatutakoa betez.

5. Ablitasko Udalean buruz buru aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.5 eta 27. artikuluetan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.

Ordenantza honen bitartez, toki erakundeak nahitaezko egiten du zenbait agiri bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea egoitza elektronikoak hala adierazten duen izapideen, prozeduren eta pertsona fisikoen taldeen kasuan, eta haien gaitasun ekonomikoarengatik, teknikoarengatik, lanbide dedikazioarengatik edo beste arrazoiren batengatik egiaztatuta dagoenean beharrezko bitarteko elektronikoak lortzen ahal dituztela eta eskura dituztela.

6. Dagokion bulego publikora transferentzia eginda kitatzen ahal da Ablitasko Udalari agiriak aurkeztean ordaindu behar zaion edozein zenbateko, beste bitarteko batzuetatik ordaintzeko aukera baztertu gabe.

7. Ablitasko Udalaren egoitza elektronikoak argitaratu eta une oro eguneratuta mantenduko du erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoen zerrenda, eta pertsona fisiko interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko gaituta dauden funtzio publikoko pertsonen zerrenda eskura jarriko du.

8. Agiriak eta informazioa ez dira erregistroan aurkeztutzat joko, haien araubide bereziak beste modu batean aurkeztu behar direla ezartzen badu.

9. Uko egiten ahal zaie honako baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoei:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen ahal duten gailuak dituztenak.

b) Agiri normalizatuak erabiltzen direnean, eredu normalizatuak onartzeko ebazpenak beharrezkotzat jotzen dituen eremuak betetzen ez badira, inkongruentziak, ez-betetzeak edo tratatzea eragozten duten bestelako kausak badaude edo aurkezteko eskatzen den ezaugarrietako bat betetzen ez badute.

Aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, egoera horren berri emanen zaio agiria bidali duenari, agiriari uko egiteko arrazoiak jakinaraziz eta, ahal denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak eta zer helbidetan aurkezten ahal duen adieraziz. Interesdunak hala eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emanen da, uko egiteko arrazoiak adieraziz.

Agiri elektronikoei uko egitea eragiten ahal duten baldintzak betetzen badira baina erregistro elektronikoak automatikoki errefusatu ez baditu, eskuduna den administrazio organoak dagokion zuzenketa egiteko eskatuko du, eta ohartaraziko du aurkezpena ez dela baliozko edo eraginkor izanen, errekerimenduari kasu egiten ez bazaio.

84. artikulua. Erregistroetan epeak zenbatzea.

1. Ablitasko Udalak egun baliogabeen egutegia argitaratuko du erregistro elektronikora sartzeko egoitza elektronikoan, eta hura izanen da erregistro elektronikoen epeak kontatzeko aplikatuko den egutegi bakarra. Halaber, adierazi eginen da zer egun eta ordutan egonen diren zabalik erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

2. Ablitasko Udalaren eta harekin lotuta edo haren menpeko entitate eta erakundeen erregistro elektronikoa, epeen kontaketarako oinarrituko da sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan; behar diren segurtasun neurriak izanen ditu horiek ongi daudela bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egonen dira.

3. Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik egon ezik. Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

4. Toki entitateak eta haren mende edo harekin lotuta dauden erakundeek bete behar dituzten epeen kontaketaren hasiera erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren aintzat hartuz erabakiko da.

5. Baldin eta, ustekabeko intzidentzia tekniko baten edo beharrezkoa den mantentze-lan tekniko planifikatu baten ondorioz, erregistro elektronikoaren sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, toki entitateak eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeek iraungi ez diren epeak luzatzea erabakitzen ahal dute. Egoitza elektronikoan izandako intzidentzia teknikoaren berri eman beharko dute edo abisu baten bitartez aurrez adierazi beharko dute hala planifikatuta dagoelako ez dela eskuragarri egonen eta iraungi ez den epea luzatu eginen dela.

85. artikulua. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako dokumentuak.

1. Interesdunek eskatutako datuak eta agiriak eman beharko dituzte administrazio prozeduran, bai hasieran bai izapidetu bitartean, baita egoki deritzoten beste edozein agiri ere. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

2. Ablitasko Udalaren egoitza elektronikoak jaso eginen du interesdunek erregistro elektronikoan eskabidea aurkeztean eman behar dituzten datuen eta agirien zerrenda sinplifikatua eta eguneratua, administrazio prozedura bakoitzerako.

3. Ablitasko Udalak ez die interesdunei eskatuko honako hauek aurkezteko:

a) Agiri originalak, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak ez duen hala agintzen.

b) Toki entitateak berak edo beste administrazio batek egin dituen agiriak.

c) Aplikagarri den araudi erregulatzaileak eskatzen ez dituen datuak edo agiriak.

d) Interesdunak aurretiaz beste edozein administraziori eman dizkion datuak edo agiriak. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organori eman zizkion aipatutako agiriak.

4. Ablitasko Udalak administrazio prozedura abiarazteko eta izapidetzeko agiriak eta datuak jasoko ditu, bere udal sareen bitartez edo datuen bitartekotza plataformetan edo administrazio publikoek gaitutako beste sistema elektronikoetan kontsultatuz. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia ematea; bi kasuetan ere, aldez aurretik informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.

5. Salbuespenez, Ablitasko Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

6. Salbuespenez, Ablitasko Udalak interesdunari agiri originala aurkezteko eskatzen badio eta agiri hori paperean badago, interesdunak egiazko kopia lortu behar du, elektronikoki aurkeztu aurretik. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori. Egiazko kopiak horretarako gaitutako funtzionarioen bitartez lortzen ahal dira, herritarrei arreta emateko bulegoetan, horiek erregistroen gaietan laguntza emateko bulego gisa ariko baitira. Halaber, kopia horiek toki entitateak onetsi eta eskuragarri jartzen dituen administrazio jarduketa automatizatuko prozesuen bitartez lortzen ahal dira.

7. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Ablitasko Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

VII. TITULUA

Lizitazio elektronikoaren arau berariazkoak

86. artikulua. Lizitazio elektronikoa sustatzea.

1. Lizitazio elektronikoari buruzko titulu honetan ezarritakoak ez dio Nafarroako Foru Komunitateak kontratu publikoen eta administrazio emakiden kasuan duen eskumenari eragiten, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, indarreko araudiak eta Nafarroako toki entitateei lizitazio elektronikoaren arloan aplikagarri zaizkien neurriek ezarritakoa betez.

2. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek egindako kontratu publikoak adjudikatzeko prozedura elektronikoa izanen da soilik-soilik, eta honako hauek bete beharko ditu: administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko araudian jasotako xedapenak; sektore publikoko kontratuen araudia; gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko araudia, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudia.

3. Edonola ere, lizitazio elektronikoko espedienteak izapidetzearen ondoriozko eskubide eta obligazio guztiak gauzatzeko, prozeduraren fase guztietan Segurtasun eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak betetzen direla ziurtatzen duten aplikazio teknologikoak behar dira.

4. Kontratazio publikoaren prozedurak elektronikoki izapidetu beharko dira guztiz, hasieratik bukaerara, eta une oro bermatu beharko da lizitatzaileek eta gainontzeko interesdunek bitarteko telematikoen bidez eskuratzen ahal dutela egoki deritzon dokumentazio eta informazio guztia, kontratatzailearen profilaren bidez. Hala ere, beste publizitate bitarteko batzuk erabiltzen ahal dira, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak eta Nafarroako toki entitateen kasuan aplikagarri den Kontratu Publikoen Foru Legeak ezarritako kasuetan.

87. artikulua. Lizitatzeko prozedura elektronikoa.

1. Obra kontratuak, emakidak, hornidurak eta zerbitzuak modu elektronikoan izapidetuko dira nahitaez.

2. Horrez gain, kontratu horien lizitazioa bitarteko elektronikoen bidez iragarri behar da kontratatzailearen profilean, lizitazioetan ahalik eta hautagai gehienak lehiatzen direla ziurtatzeko.

3. Kontratu txikitzat hartzen ez direnak kontratazio-prozedura elektronikoki izapidetzea ahalbidetzen duen lizitazio elektronikoko plataforma baten bidez izapidetuko dira.

4. Aurreko artikuluaren bigarren apartatuaren arabera, artikulu honetan aipatzen den lizitazio elektronikoko plataformak Segurtasun Eskema Nazionalaren eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren arauak zorrozki bete beharko ditu, eta, zehazki, eskaintzak enkriptatuta eta modu konfidentzialean aurkezteko aukera emanen du. Gainera, plataforma horrek espedienteen kudeatzailearekin integratuta egon beharko du.

88. artikulua. Lizitazioen publikotasuna.

1. Ablitasko Udalak eta ordenantza honen aplikazio eremuaren barruan eta haren mende dauden gainontzeko entitateek eta erakundeek adjudikatutako kontratu guztiak dagozkion Gardentasun Atarietan argitaratu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte Gardentasunari, Informazio Publikoaren Eskuragarritasunari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.a) artikuluak adierazitako alderdiak.

2. Orobat, ordenantza honen aplikazio esparruko entitateen eta erakundeen kontratu jarduketen gaineko informazioa gardena dela eta publikoaren eskura dagoela bermatzeko, kontratazio organoek kontratatzailearen profilaren bidez hedatuko dute lizitazio guztietan ahalik eta hautagai gehienak lehiatzen direla bermatzeko informazio guztia.

3. Nolanahi ere, entitate eta erakunde horien kontratuak adjudikatzeko prozedurak dagokion aldizkari ofizialean iragarriko dira, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak hala eskatzen duenean.

89. artikulua. Lizitazio elektronikoa sinplifikatzea.

1. Oro har, Ablitasko Udalak eta haren mende edo harekin lotuta dauden entitateek eta erakundeek egindako kontratu guztien kasuan, lizitatzaileari erantzukizunpeko adierazpena egitea eskatzen ahal zaio, lizitazioan lehiatzeko aurretiazko baldintzak betetzen dituela elektronikoki egiaztatzeko. Adierazpen horrek administrazio baldintza berezien agirian ezarritako ereduari jarraituko dio.

2. Baldintza agiri horietan jasoko da lizitatzaileek eskubidea dutela Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) elektronikoki aurkezteko, lehian sartzeko aurretiazko baldintzak betetzen dituztela egiaztatze aldera, kontratuek EBko mugak gainditzen badituzte, bai eta kontratazio organoak hala erabakitzen badu ere.

3. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek eta erakundeek lizitatutako kontratu publikoei buruzko administrazio dokumentazio guztia herritarren eskura jarri behar da, kontratatzailearen profilaren edo Gardentasun Atariaren bitartez, herritarrek kontsultatu eta formatu berrerabilgarrian jaitsi ahal izan dezaten.

90. artikulua. Toki enkante elektronikoak.

1. Enkante elektronikoa prezioak hobetzea edo eskaintzen elementu zehatzetan balio berriak aurkeztea ahalbidetzen duen prozesu elektroniko errepikakorra da. Hori izanen da kontratuak adjudikatzeko lehentasunez erabili beharreko baliabidea, adjudikaziorako irizpide guztiak edo ia guztiak objektiboak direnean eta automatikoki birkalkulatzen ahal diren zenbakizko baremoetan oinarritzen direnean, baldin eta adjudikatu beharreko kontratuaren ezaugarriak zehaztasunez ezartzen ahal badira eta helburua osatzen duten prestazioak izaera intelektualekoak ez badira.

2. Dagozkien kontratazio organoek modu arrazoituan justifikatu beharko dute enkante elektronikoa ez erabiltzea aurreko apartatuan aipatutako kontratuak adjudikatzeko lehentasunezko baliabide gisa.

91. artikulua. Kontratazio Bulegoa.

1. Kontratazio prozeduren izapidetzea departamentu berean bateratzeko, ordenantza honen aplikazio esparruko entitateek eta erakundeek Kontratazio Bulegoa sortzen ahal dute. Aipatutako arloarekin lotutako eginkizunak beteko ditu, kontratazio organoei dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe.

2. Kontratazio Bulegoak kontratazio prozedura guztian zehar bitarteko elektronikoak erabiltzea bultzatu beharko du, eta jarraibide zehatzak eman, arlo funtzional guztiek prozedura sinplifikatzeko neurriak har ditzaten.

VIII. TITULUA

Antolakuntzari buruzko arauak

92. artikulua. Organo eskudunak.

1. Udalbatzari dagokio ordenantza hau eta haren aldaketak onestea, bai eta administrazio elektronikoaren alorreko arauketa tresna eta plangintza estrategikoko tresna guztiak ere, hurrengo artikuluan ezarritakoa izan ezik.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren plan estrategikoak urte anitzekoak izanen dira, eta, ahal bada, legealdi bat baino gehiago iraunen dute.

3. Alkateari dagozkio administrazio elektronikoaren gaineko beste eskumenak, eta, bereziki, prozedura elektronikoa ezartzeko prozesuak sustatzea eta zuzentzea, eta toki entitatearen antolakuntza eta funtzionamendua egokitzeko beharrezko aldaketa kudeatzea, Idazkaritzarekin batera.

4. Ahal den heinean, diziplina anitzeko taldeak eratuko dira administrazio elektronikoa ezartzeko planak eta hura garatzeko beharrezkoak diren bestelako plan estrategikoak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko. Talde horiek organo osagarri gisa eratzen ahal dira, Hobekuntza eta Berrikuntza Batzorde izenarekin edo egokitzat jotzen den beste batekin. Osaera mistoa izanen dute, eta Alkatetzari dagokio berezko burutza. Haien osaera teknikoa diziplina anitzekoa izanen da.

93. artikulua. Eskumenak gaitzea.

1. Ordenantza honek Alkatetzari eskumena gaitzen dio hura hobeki aplikatzeko behar adina xedapen onesteko.

2. Zehazki, Alkatetzari dagokio onestea honako hauen ondoriozko agiriak: Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 3/2010 Errege Dekretua eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretua. Estatuko Administrazio Orokorraren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoen baliokideak dira. Eta zehazki, honako hauek onetsi behar ditu:

–Informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria (3/2010 EDaren 11. artikulua).

–Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 18. artikulua).

–Agirien kudeaketarako eta artxibo elektronikorako politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 21. artikulua).

–Digitalizazio protokoloen/prozeduren agiria.

–Agiri eta espediente elektronikoen bizi zikloaren protokoloen/prozeduren agiria.

–Denbora zigiluari buruzko politikaren agiria.

–Toki entitateko prozedura elektronikoaren garapena legez hobeki estaltzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

3. Horrez gain, Alkatetzari dagokio egiaztapen-kode segurua sortzea, ordenantza honen 38.5 artikuluan xedatutakoa betez eta, hala badagokio, langile publikoendako gako itunduen sistemaren erabilera baldintzak eta zehaztapenak ezartzea (ordenantza honen 39.4 artikuluan jasotzen da).

4. Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak Alkatetzaren Ebazpen edo Dekretu bidez onetsiko dira. Eskudantzia Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen badio, “Tokiko Gobernu Batzarraren Erabaki” bidez onetsiko dira. Politikaren edo protokoloen agiria bera Ebazpenari edo Erabakiari erantsiko zaio.

5. Artikulu honetan jasotako agirien edukia udaleko teknikariek prestatuko dute, une bakoitzean indarrean dauden Elkarreragingarritasun Arau Teknikoak kontuan hartuz eta toki entitatearen antolakuntzaren ezaugarriei egokituz. Aukeran, aurreko artikuluko 3. apartatuan aipatutako organoek irizpena ematen ahal dute agiri bakoitzaren zirriborroari buruz.

IX. TITULUA

Barne komunikazio elektronikoak

I. KAPITULUA

Udalbatzako kideen komunikazioak

94. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko betebeharra.

Ablitasko Udalaren kideen betebeharra da bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea haren organoekin, egoitza elektronikoa erabiliz, eta han eskabideak aurkeztu eta jakinarazpen elektronikoak jaso beharko dituzte. Udal taldeek, udaleko langileen laguntzaz, beren kideei komunikazio elektronikoak zuzen egitea erraztuko diete.

Ablitasko Udalak bere kideei beharrezkoak dituzten tabletak edo ekipamendu informatikoak emanen dizkie, administrazio organoekin elektronikoki erlazionatzeko obligazioa bete dezaten, beharrezkoa bada.

95. artikulua. Komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema.

1. Gardentasun eta publizitate printzipioen arabera erakundearen webgunean egiten diren argitalpenak baztertu gabe, komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema bat egonen da, kide anitzeko organoen aktak, bilkura bakoitzeko gai zerrenda eta horri dagozkion espedienteak, eta zinegotzi edo udal talde politiko batek partekatu edo eskatzen duen beste edozein informazio eskuratu ahal izateko, hori guztia administrazio izapideak arintzeko eta nabarmen aurrezteko, paperean inprimatutakoak ahalik eta gehien mugatuz.

2. Sistema horretara sartzeko, idazkariari edo udal talde politikoek adierazten duten pertsonari emandako pasahitza erabiliko da, edota ezartzen den identifikazio elektronikorako sistema, baldin eta espedienteak gordetzen dituen zerbitzarira sartzea ahalbidetzen badu. Sarbide hori aipatutako agiriak irakurtzera eta inprimatzera mugatuko da, eta ezin izanen da inola ere edukia aldatu.

96. artikulua. Udalbatzako kideei komunikazio elektronikoen sistema erabiltzen laguntzea.

Bai Idazkaritza eta Informatika Departamentuek bai gainerako udal zerbitzuek, ahal duten heinean, Udalbatzako kideei eta, hala badagokio, talde politikoen bozeramaileei eta idazkariei laguntza emanen diete, komunikazio elektronikoen sistemak zuzen funtziona dezan eta titulu honek aitortzen dizkien eskubideak eta obligazioak egoki bete ditzaten.

97. artikulua. Informazioa erabiltzearen erantzukizunak.

Edozein bitartekoren bidez (elektronikoa izan nahiz ez izan) lortzen den udaleko edozein informazio, hura eman, argitaratu edo eskuragarri jartzeko helburua ez den beste batekin erabiltzen bada, erantzukizunak sortuko dira eta aplikagarri den legediaren arabera eskatuko dira, sistema babesteko helburuz.

98. artikulua. Langile publikoen komunikazioak.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluak ezarritakoaren arabera, Ablitasko Udalaren langile publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra dute, izapideak egitean bai eta administrazio prozeduren barruan egiten diren barne eta kanpo komunikazioetan ere. Funtzionamenduari buruzko komunikazioen arloan, bitarteko elektronikoei eta informazioa hobeki jasotzea ahalbidetzen dutenei emanen zaie lehentasuna, eta, horretarako, titulu honetan jasotakoen antzeko baliabideak egituratzen ahal dira udalbatzako kideentzat.

99. artikulua. Arau osagarriak.

Titulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio, arlo horren lege mailako araudiei kontra egiten ez badie, behinik behin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ikus-entzunezko akta (audio aktak eta bideo aktak).

1. Ablitasko Udalaren kide anitzeko organoen bilkurak grabatzen ahal dira.

2. Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.

3. Grabaketaren fitxategia, idazkariak hura egiazkoa eta osoa dela egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkura bitartean erabiltzen diren beste agiri elektroniko guztiak bilkuren aktarekin batera eransten ahal dira, eta ez da beharrezkoa izanen aktan deliberamenduen alderdi nagusiak jasotzea.

4. Aipatutako grabaketa audio akta izanen da, audio agiria bada, eta bideo akta, berriz, ikus-entzunezko agiria bada. Osoko bilkuren aktek agiri motaren arabera hartuko dute audio akta edo bideo akta sistema. Gainerako kasuetan, sistema hori erabiliko da, lehentasunez eta ahal den guztietan.

Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:

–Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa. Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legediak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin.

–Audio edo bideo agiria: bilkuran gertatu denaren audio edo bideo grabaketa da, eta audioa edo audioak eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.

–Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, presidenteak ere sinatuko du ikus-entzunezko akta.

5. Aurreko apartatuaren arabera, ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean. Ondorioz, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik nahikoa dela audioa edo bideoa ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan ezarri bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak Udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.

6. Partikularrek kide anitzeko organoen bilkura publikoak grabatzen ahal dituzte. Herritarren ekimenak baztertu gabe, Udalak bilkura guztiak grabatzea eta herritarren eskura dauden plataformetan argitaratzea sustatuko du. Grabaketa horiek toki titulartasunekoak izanen dira, eta kide anitzeko organoaren idazkariak ziurtagiri elektronikoaren bitartez izenpetuko ditu, fede publikoa emateko bere eginkizunean.

7. Xedapen honetan jasotzen ez diren kasuetan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.

Bigarrena.–Prozedura eta izapide berriak sartzea eta iragartzea.

1. Egoitza elektronikoan prozedura eta izapide berriak sartzeko, Alkatetzak ezarritako protokoloari jarraitu beharko zaio.

2. Egoitza elektronikoa erabiliko da elektronikoki izapidetzen eta komunikatzen ahal diren prozeduren eta tramiteen berri emateko eta horiek hedatzeko modu eguneratuan, nahiz eta erabili aginduzkoak diren edo egokitzat jotzen diren beste publizitate baliabide osagarri batzuk ere.

Hirugarrena.–Ablitasko Udalaren Erregistro Elektronikoa izeneko fitxategia sortzea eta Agirien Erregistroa izeneko fitxategia ezabatzea.

Ezabatu egiten da Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Erregistroan jasota dagoen “Dokumentuen erregistroa” izeneko fitxategia. Fitxategi horren datuak Uharteko Udalaren Erregistro Elektroniko sortu berrian sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritako baldintzetan. Ondoren, xehatuta agertzen da fitxategi hori.

<<Izena: Erregistro elektronikoa.

Administrazioko zein organok duen fitxategiaren ardura: Udaleko Idazkaritza.

Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Udal idazkaritza.

Segurtasun neurriak: maila altua.

Oinarrizko egitura: Datu pertsonalen motak:

–Datu bereziki babestuak (ideologia, sinesmenak, erlijioa, jatorri etnikoa, osasuna edo bizi sexuala).

–Egiten diren arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak.

–Identifikaziorako datuak:

  • NANa / IFZ.
  • Izen-abizenak.
  • Helbidea:
  • Telefonoa:
  • Sinadura / Hatz marka.

–Datu pertsonalak.

  • Familia datuak.
  • Jaiotze eguna / tokia.
  • Sexua.

–Inguruabar sozialen datuak.

–Enpleguaren eta administrazio karreraren zehaztasunak.

–Ikasketa eta lanbide datuak.

–Merkataritza arloko datuak.

–Datu ekonomikoak eta finantzarioak.

–Transakzioen datuak.

Fitxategiaren xedea eta erabilerak: sarrera/irteera agirien tratamendua, eskuzkoa zein informatikoa.

Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek eman behar dituztenak: lege ordezkariak, eskatzaileak, herritarrak eta egoiliarrak: legezko ordezkariak, eskatzaileak, herritarrak eta bizilagunak.

Datuak biltzeko prozedura: inprimakiak, eskualdatze elektronikoa/Internet.

Datu pertsonalen lagapen aurreikusiak: ez dago. Datu pertsonalen transferentzia aurreikusiak: ez dago>>.

Laugarrena.–Bitarteko elektronikoak erabiltzea barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Ablitasko Udalaren kide anitzeko organoetan.

Ordenantza honen IX. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da administrazioaren barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Ablitasko Udalaren kide anitzeko organoetan bitarteko elektronikoak erabiltzea.

Bosgarrena.–Egoitza elektronikoa abian jartzea.

Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

Seigarrena.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.

Erregistro elektronikoa abian jarriko da ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Zazpigarrena.–Datuen babesa.

Telekomunikazio sareen bitartez emandako zerbitzuak eta harreman juridikoak honako hauek ezarritakoaren arabera garatuko dira: Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoa eta, aplikatzekoak direnean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduan babesteari eta datu horiek libreki zirkulatzeari buruzkoa), eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizartearen zerbitzuak arautzen dituzten xedapen zehatzak.

Egoitza elektronikoak beharrezko informazioa jasoko du datu pertsonalak ematen dituzten interesdunentzat, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. eta 14. artikuluek eskatutakoa betez.

Zortzigarrena.–Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra.

Udalak bermatu egingo du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Udalak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.

Bederatzigarrena.–Garatzeko gaitzea.

Alkatetza udalburutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

Hamargarrena.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea.

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu egingo dira Udalaren tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Udala saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Administrazio Kontrataziorako Bulegoa.

Ordenantza honen 91. artikuluan jasotzen den Administrazio Kontrataziorako Bulegoa sortzea onetsi eta abian jartzen den arte, udaleko departamentuek betearaziko dute ordenantza honen VII. tituluan ezarritakoa, beren unitateen eta funtzionarioen bitartez. Horretarako, lan tresna berriei buruzko prestakuntza egokia izanen dute.

Bigarrena.–Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzea.

Interesdunek aukera dute Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak ezarritakoaren arabera eman diren pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzen jarraitzeko, beren indarraldia bukatzen den arte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Prozedura eta izapide berriak arautzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta administrazio izapide berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek xedatu beharko dute horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.

Bigarrena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatzen denean.

Iragarkiaren kodea: L1913258