221. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

58/2019 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, baimentzen duena Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza eman eta ordain diezaion Abodiko pistaren eraikina (Otsagabia) bukatzeko lanak gauzatzearren.

2019ko ekitaldirako Nafarroako gastuen aurrekontuan, honako partida hauek daude:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

  • “740007 74700 7609 336100 Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa”, 60.000 euroko kreditua duena.

–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentua.

  • “A50001 A5410 7609 336100 Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa”, 60.000 euroko kreditua duena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Abodiko zentroa handitu gogo du, zeina egun erabiltzen baita neguan ipar eskia egiteko. Proiektuak aurreikusten duenez, instalazioak handituta zentroa urte osoan irekita egon daiteke, ez bakarrik neguan, eta, era horretan, lurraldeari lotutako beste jarduera mota batzuk egin daitezke.

Eraikinerako aurreikusten den erabilera da erabiltzaile mota guztiei harrera egitea. Neguan, klimagatik beragatik, eskia izanen da erabilera berariazkoena, dela partikularrentzat, dela eskolentzako kanpainarentzat, baita erraketen bidezko paseoak ere; nolanahi ere, adierazi den bezala, urte osoan eduki nahi da zabalik instalazioa, aterpe moduan har ditzaten mendiko kirolariek: Batzordeak balizatutako oinezkoentzako ibilbidea, GRak (GR11 pasatzen da hortik, Pirinioetako zeharbidea, bere adar guztiekin), Orhi mendiko igoerak, bizikletentzako ibilbideak (eraikinak bizikletak konpontzeko tailer txiki bat izanen du, eta bizikletak alokatzeko aukera emanen du, Batzordeak balizaturik eta homologaturik dituen BTT ibilbideak egiteko: https://www.irati.org/eu/btt-irati).

Orobat, asmoa da eraikina elkargunea izatea ingurumenaren arloan lan egiten duten guztientzat: basozainak edo mendien, biologiaren, ingurumen hezkuntzaren eta abarren arloan titulazioa eta prestakuntza dutenak. Mendiaren gaineko ikuspegi integral batetik mendian lan egiten duten guztiek (baso ustiapena, mikologia, artzaintza, turismoa, paisaia, hezkuntza, etab.) aterpe bat behar dute erreferentzia gisa eta atseden hartzeko egiten ari diren lanetik. Iratiko basoak, ingurumenaren aldetik duen aberastasunagatik eta duen zabaleragatik, azterlan eta ikerlan gehiago eskatzen ditu egunetik egunera, eta halako erabiltzaileak gero eta maizago azaltzen dira, basoan lan egiten baitute bertatik bertara.

Hari esker, gainera, turistak Iratiren gaineko beste ikuspegi bat izanen du. Izan ere, Iratiko Etxeak ere badaude, informazio puntua dutenak, baina asmoa da ingurumen eta turismo arloko beste informazio puntu bat izatea Abodi-Iratin, Etxeetako turista kopurua arintzeko eta Iratiko eremu berri batzuk aurkezteko, hain ezagunak ez direnak. Biak departamentu honen menpean Otsagabian dagoen Natura Interpretatzeko Zentrotik koordinatuko dira.

Eraikin hori, halaber, interesgarria da mugako hartu-emanei dagokienez, mugako bi aldeetako artzainek biltzeko tokia izanen baitute. Hartu-eman hori basogintzan ere gertatzen da. Mugako bi aldeetako baso ustiatzaileek eta kamioilariek eskatzen dute harreragune hori.

Iratiko Etxeek 30.000 bisitari inguru dituzte, Aste Santutik abenduko zubira arte, eguraldi ona izanez gero. Zentroak, urte osoan zabalik egonda, beste horrenbeste erabiltzaile har litzake, kontuan harturik turistak, kirolariak, eskola kanpainako haurrak (eskia, mendiko bizikleta, mendi-ibiliak, Orhi mendiko igoerak, erraketa bidezko paseoak...) ikertzaileak, artzainak, onddo-biltzaileak, mendiko langileak, ingurumen hezkuntzako ikasgela... Praktiken eskaintza handitu gogo da Hezkuntza Departamentuarekin Irunberriko Lanbide Heziketako ikastetxean eta Atarrabiako Nekazaritza eta Basogintzako eskolan sinatutako hitzarmenen bidez. Hitzarmen horiei esker, ikasleek, hala nahi badute, praktikak egin ditzakete eta egiten dituzte Iratin.

Laburbilduz, gure departamentuarentzat interesgarriak dira proiektu horrek ekartzen dituen aukerak, zentro horrek bide emanen baitu urte osoan egiteko ingurumenarekin lotura duten jarduerak, baso arlokoak eta ingurumena ezagutzekoak, Basozainekin lotuta daudenez gainera.

Alde horretatik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak xedatzen du Foru Komunitateko administrazio publikoek kirola sustatu eta bultzatuko dutela inolako bereizkeriarik gabe, besteak beste, honako helburuen peko kirol politika baten bidez: jendeari kirol egiteko bidea erraztea, eta bultzatu eta begiratzea inguru naturalak egoki eta orekaz erabil daitezen zenbait kirolen gertalekutzat, uneoro zainduz kirol egitea eta ingurumena babestea bateragarriak izan daitezen.

Beste alde batetik, foru lege horren 23. artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko kirol administrazioak, Foru Komunitateko administrazioan lurraldearen antolamendua, hirigintza eta ingurumena arautzeko eskumena duen departamentua lagun, eginahala eginen du informazio gaurkotua zabal dadin natur ingurunean kirol egiteko dauden debeku, murriztapen eta baldintzen gainean, eta, halaber, horiek zorrozki bete daitezen behatuko du.

Kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituen apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, kirol instalazioak honela sailkatzen dira: kirol eremuak, eremu osagarriak eta kirolguneak.

Kirol eremuen artean, hemen interesgarria dena kontuan hartuta, jarduera eremuak nabarmendu behar dira: esklusiboki kirolerako ez diren eremuak, hala nola natur azpiegiturak edo eremuak, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egiteko egokitu direnak. Alde horretatik, Abodiko ipar eskiaren zentroa kirol instalazioa da, helburu duena ibilbideak eta igoerak erraztea mendiarekin eta iraupen eskiarekin lotutako kirol modalitateetan aritzen direnei, baita ingurune naturalean egiten diren jarduera mota guztiak ere. Aurrekoarekin bat, zilegi da esatea gisa honetako zentro baten eginkizunak kirol edo turismo arloko edozein planteamenduz haratago doazela eta bete-betean jotzen dutela zerbitzu publikoaren eremuan, alde batetik kirol jarduera horiei laguntzeko balio dutelako, eta bestetik, informazio jardueretan, ingurumenarekiko sentsibilizazioan edo ingurune naturalaren kontrolean laguntzen dutelako.

Bestalde, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 178/2016 Foru Dekretuak departamentu horri esleitzen dizkio koordinazio eskumenak ingurune naturala sustatu eta zaintzeko arloan, baita ingurumen hezkuntzaren eta jasangarritasunarekiko sentsibilizazioaren gaineko eskumenak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak xedatzen du Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun-arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, betiere artikulu horren ondoko apartatuetan xedatuarekin bat. Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa lan bat esleitzeko departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Beraz, Abodi-Zaraitzu zentroaren proiekturako partidak daudenez Kultura eta Kirol Departamentuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bidezkoa da organo bakar batek hartzea bere gain deialdia egin eta dirulaguntza hori eman eta ordaintzeko eginkizuna, eraginkortasun arrazoiak direla eta. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eta Kultura eta Kirol Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren arteko elkarlana izan dadin, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz horretarako.

Baimendutako kudeaketa-esleipenaren xedea izanen da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko organo eskudunen esku uztea behar diren jarduketa guztiak egiteko ardura Abodi-Zaraitzu zentroaren proiekturako dirulaguntza eman eta ordaintzeko.

Esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak kudeaketa-esleipena egiteko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, dirulaguntza eman eta ordain dezan Abodi-Zaraitzu zentroaren proiekturako, 2019ko ekitaldian.

2. Esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

3. Esleipen horren xedeko prozeduren ondoriozko gastuak finantzatzeko, 2019. ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “740007 74700 7609 336100 Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa” aurrekontuko partida erabiliko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena, 60.000 euroko kreditua duena.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzura, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 29an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F1913710