220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

266/2019 FORU DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ezartzen du departamentu bakoitzean izanen direla zuzendaritza nagusi bat edo gehiago, eta idazkaritza tekniko nagusi bat; horiek departamentuko titularraren menpe daude zuzenean. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuari esleitzen dio zuzendaritza nagusiak sortzea, aldatzea, taldekatzea edo ezabatzea, bai eta erabakitzea ere zein den bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak, eta zerbitzuak, zerbitzu maila duten unitate teknikoak eta atalak sortzea, aldatzea edo ezabatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren.

Halaber, abuztuaren 14ko 90/2019 Foru Dekretuaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, galarazi gabe gero garatu ahal izatea.

Bidezko da, orain, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren egitura behar bezala garatzea.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organiko berria finkatu eta garatzea du xede foru dekretu honek.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak erabiltzea: Justizia Administrazioa; delituen biktimei laguntzea; delitugileak birgaitzea eta gizarteratzea; Nafarroako Zuzenbidea oro har sustatzea; Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea; etorkinen integrazioa; eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa. Halaber, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eskudantziak erabiliko ditu.

2. artikulua. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren titularra.

1. Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari dagokio, departamentuaren titularra den aldetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak erabiltzea, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumenen esparruari dagokionez.

2. Halaber, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari dagokio Nafarroako Justiziako Aholku Kontseiluaren lehendakari izatea.

3. Departamentuan kontseilariaren kabinetea dago, departamentuaren titularrari laguntza politikoa eta teknikoa emateko unitatea; kabinetea Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari lotu behar zaio eta titularraren menpean dago zuzenean.

3. artikulua. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren antolaketa orokorra.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere egituran:

a) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusia.

c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko zuzendaritza nagusiei dagokie, departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak erabiltzea eta, horietaz gainera, indarrean dauden xedapenek esleitzen dieten edo departamentuko titularrak agintzen dien beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

1. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari dagokio, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren titularraren goi-zuzendaritzapean –hari atxikita baitago zuzenean Idazkaritza Tekniko Nagusia– eta foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumenen esparruari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eskudantziak erabiltzea, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritakoak eta indarrean dauden xedapenek esleitzen dieten edo Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko titularrak agintzen dien beste edozein ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

2. Idazkaritza Tekniko nagusiaren ardura izanen da genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goi-organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, eginkizun hauek izanen dituzte: beren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz esleitzen dizkietenak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalei dagokie, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, honako eginkizun hauek betetzea: beren esparru materialeko lanak gauzatzea eta goragoko nagusientzako txostenak eta proposamenak egitea; eta haien menpeko bulegoek eta unitateek egiten dituzten lanak koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea. Halaber, departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako eginkizun guztiak beteko dituzte.

II. KAPITULUA

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumen materialen esparrua eta egitura

8. artikulua. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, honako arlo hauetan:

a) Migratzaileei Nafarroan harrera egitea eta horiek integratzea.

b) Kulturen arteko bizikidetza hobetzea Nafarroan.

c) Arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzea.

d) Nafarroan izaten diren migrazioak aztertzea.

e) Migrazioei buruzko politikak koordinatzea Nafarroako Gobernuan.

f) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea atzerrian bizi diren nafarrentzako ekintzetan.

9. artikulua. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak honako zerbitzu eta atal hauek ditu bere egituran:

a) Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzua.

b) Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua.

2. ATALA

Karibu Zerbitzua: harrera eta lagun egitea

10. artikulua. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu migratzaileei eta Nafarroan asiloa eskatu dutenei harrera egiteko prozesuen arloan eta laguntza bidezko integrazio prozesuen arloan.

11. artikulua. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren egitura.

Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Harrera Atala.

b) Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala.

12. artikulua. Harrera Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Harrera Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Atzerritarren arloan aholku emateko zerbitzuen kontratuak kudeatzea eta horien jarraipena eta kontrola egitea.

b) Nafarroan errefuxiatuei harrera egiteko protokoloaren jarraipena egitea eta hura hobetzea.

c) Nafarroan migratzaileei harrera integrala egiteko protokoloa diseinatzea, planifikatzea eta abian jartzea.

d) Babesgabetasunean dauden adingabe atzerritarren mahai sektorialeko harrera egiteari buruzko lantaldea bultzatzea, kudeatzea, koordinatzea eta horren jarraipena egitea.

e) Migratzaileentzako harrera etxeetarako hitzarmena kudeatzea eta tramitatzea eta horren jarraipena eta kontrola egitea.

f) Migratzaileei harrera hobea egiteko behar diren ekintzak koordinatzea toki entitateekin eta Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batzuekin.

g) Entitate sozialekin lankidetzan aritzea migratzaileei harrera hobea egiteko, ekintza koordinatuen bidez.

h) Etxebizitza zerbitzuekin eta Eskubide Sozialetako Departamentuarekin koordinatzea etxebizitza izateko eskubidea eskuratzen laguntzen duten neurriak.

i) Beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinazio lanak egitea harreraren arloan.

j) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

13. artikulua. Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kulturen arteko bitartekaritzarako zerbitzuaren kontratua kudeatzea eta tramitatzea, eta horren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

b) Berdinen arteko mentoretza programa bat abian jartzea.

c) Babesgabetasunean dauden adingabe atzerritarren mahai sektorialeko osasunari, hezkuntzari eta prestakuntzari buruzko lantaldeak bultzatzea, kudeatzea, koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

d) Enplegu zerbitzuekin koordinatzea Nafarroan dauden migratzaileen enplegagarritasuna hobetzeko.

e) Toki entitateen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako departamentuen lana koordinatzea migratzaileei eskaintzen zaizkien laguntzako eta bitartekaritzako prozesuak hobetzeko, instituzioen arteko elkarlanaren bidez.

f) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

3. ATALA

Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren
eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua

14. artikulua. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu honako arlo hauetan: Nafarroan dagoen aniztasun etniko eta kulturala kudeatzea, kulturen arteko bizikidetza hobetzeko; arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzea; eta migrazioak eta migratzaileen eskubideak ikertzea, Nafarroako Gobernuak arlo horretan egiten dituen jarduketa politikak hobetzeko. Eta, zehazki, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetza Plana diseinatzea, planifikatzea eta abian jartzea.

b) Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana diseinatzea, planifikatzea eta abian jartzea.

c) Kultura aniztasunaren eta dibertsitatearen balio positiboak nabarmentzeko ekimenak bultzatzea, toki entitateekin eta elkarteekin elkarlanean.

d) Sentsibilizazio programak eta ekintzak diseinatzea eta bultzatzea, bere eskumeneko arloetan.

e) Babesgabetasunean dauden adingabe atzerritarren mahai sektorialeko lantaldeak bultzatzea, kudeatzea, koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

f) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

g) Citibeats tresna digitala erabiltzea, Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatua, sare sozialetan izaten diren gorroto-diskurtsoak monitorizatzeko.

h) Kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko neurriak koordinatzea, neurri horiek Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetan garatzen direnean.

i) Bere eskumeneko arloetako neurriak koordinatzea beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin.

j) Nafarroako Migratzaileen Foroa sortzea, antolatzea eta dinamizatzea.

III. KAPITULUA

Justizia Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumen materialen esparrua eta egitura

15. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu arlo hauetan:

a) Justiziaren zerbitzu publikoa modernizatzeko behar diren langile, baliabide eta antolamenduzko egiturak zuzkitzea eta kudeatzea eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari dagozkion eskumen guztiak gauzatzea Administrazioan sartzeari eta lanpostuak betetzeari dagokienez.

b) Mugaketa eta egitura judizialaren aldaketak aztertzea eta proposatzea.

c) Herritar guztiek Justiziara baldintza beretan jo dezaten bermatzeko neurriak.

d) Delitu bortitzen eta sexu askatasunaren kontrako delituen biktimei laguntza integrala ematea eta delitugileak berreztea eta gizarteratzea.

e) Legeriak espetxeetako administrazioaren organoei esleitzen dizkien eskumenak erabiltzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenen esparruan.

f) Notaritzetako eta erregistroetako titularrak izendatzeko proposamena egitea.

g) Gatazkak konpontzeko bestelako baliabideak bultzatzea eta koordinatzea.

h) Justizia Administrazioaren erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko behar diren neurriak bultzatzea, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasuna arautzen duen araudiaren arabera.

i) Indarrean daude xedapenek Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

16. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Justizia Zuzendaritza Nagusiak honako zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzua.

b) Azpiegitura Judizialen Zerbitzua.

c) Justiziako Gizarte Zerbitzua.

2. Zuzendaritza nagusiaren menpe egonen da zuzenean Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Institutua, azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren bidez sortua eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren irailaren 6ko 147/2002 Foru Aginduaren bidez abian jarria.

2. ATALA

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzua

17. artikulua. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak kudeatzea, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei dagokienez.

b) Justizia Administrazioko langileei buruzko araudien proposamenak prestatzea.

c) Lan arriskuak prebenitzeko jarduketak planifikatzea eta gauzatzea, zerbitzuaren eskumenen esparruan, Azpiegitura Judizialen Zerbitzuarekin elkarlanean.

d) Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan ezarritako bulego judizial eta fiskalaren eredu berrirako aldaketa planifikatzea eta antolamenduko eredu berria progresiboki ezartzea.

e) Nafarroako Justizia Administrazioan ordezkaritza duten sindikatuekin negoziaketak bultzatzea bulego judizial eta fiskalaren eredu berria ezartzeko.

f) Araudien proposamenak prestatzea bulego judizial eta fiskalaren eredu berria ezartzeko.

g) Antolamenduko unitate berrietako lanpostuen zerrenden onespena proposatzea eta bultzatzea, eta lanpostuak betetzeko prozesuak gauzatzea.

h) Zerbitzuaren dokumentazioa erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

i) Zerbitzuaren jardueren memoria egitea.

j) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

18. artikulua. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuaren egitura.

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atala.

b) Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala.

19. artikulua. Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendaritza nagusiaren eskumenekoak diren arloen ohiko kudeaketa egitea, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei dagokienez.

b) Lanpostuetan sartzeko eta horiek betetzeko zuzendaritza nagusiaren eskumenak erabiltzea.

c) Aldi baterako langileen hautaketa eta izendapena kudeatzea Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak betetzeko.

d) Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileekin lotutako dokumentazioa erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

e) Zuzendaritza nagusiaren jardunean eta zereginetan laguntzea, lan harremanei eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileria kudeatzeari dagokienez.

f) Zuzendaritza nagusiari laguntzea ordezkari sindikalekin izan beharreko negoziaketetan, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen enplegu-baldintzei buruzko horietan, bere eskumenen esparruan.

g) Zuzendaritza nagusiari laguntzea Justizia Administrazioko ordezkaritza sindikalaren organoak hautatzeko prozesuetan.

h) Zerbitzuaren jardueren memoria prestatzen laguntzea.

i) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

20. artikulua. Bulego Judizial eta Fiskalaren Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Bulego Judizial eta Fiskalaren Atalak honako eginkizun hauek ditu:

a) Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan ezarritako bulego judizial eta fiskalaren eredu berrirako aldaketaren planifikazioa bultzatzea eta antolamenduko eredu berria progresiboki ezartzeko lan egitea.

b) Nafarroako Justizia Administrazioan ordezkaritza duten sindikatuekin negoziaketetan parte hartzea bulego judizial eta fiskalaren eredu berria ezartzeko.

c) Bulego judizial eta fiskalaren eredu berria ezartzeko araudien proposamenen prestaketa bultzatzea.

d) Antolamenduko unitate berrietako lanpostuen zerrendak onesteko ikerketak eta proposamenak egitea, eta lanpostuak betetzeko prozesuak gauzatzea.

e) Bulego Judizial eta Fiskalarekin lotutako dokumentazioa erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

f) Zerbitzuaren jardueren memoria prestatzen laguntzea.

g) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

3. ATALA

Azpiegitura Judizialen Zerbitzua

21. artikulua. Azpiegitura Judizialen Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Azpiegitura Judizialen Zerbitzuak honako eginkizun hauek ditu:

a) Higiezinei eta antolamenduari buruzko proiektuak kudeatzea, eta zuzendaritza nagusiari atxikitako azpiegituretako obrak planifikatzea, exekutatzea eta kontrolatzea.

b) Justizia Administrazioaren zerbitzuko higiezinak eta instalazioak zaintzea, mantentzea eta hobetzea, baita indarrean dagoen araudiari egokitzea.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikitako egoitzen mantentze-lanetako, garbiketako eta zaintzako kontratuak kudeatzea, arloko eskumenak dituzten beste zuzendaritzekin elkarlanean.

d) Eraikinen segurtasun eta sarbide-kontroleko instalazioak kudeatzea eta larrialdietako eta ebakuazio planak ezartzea zuzendaritza nagusiari atxikitako higiezinetan.

e) Lan arriskuak prebenitzeko jarduketen gauzatzea planifikatzea eta kontrolatzea, zuzendaritza nagusiaren eskumenen esparruan, Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuarekin elkarlanean.

f) Baliabide material eta teknikoak ematea organo judizialei, fiskaltzari eta zuzendaritza nagusiko langileei.

g) Informatikako ekipamendu eta sistemak kudeatzea, Justizia Administrazioaren, fiskaltzaren eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren beraren funtzionamendurako eta haiek modernizatzeko beharrezkoak diren horiek, hain zuzen, galarazi gabe informatikako ekipoetako eta oinarri-softwarearen erosketen eta mantentze-lanen kudeaketan eskudun diren zuzendaritza nagusiei esleitutako eginkizunak.

h) Informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela bermatzea eta begiratzea Justizia Zuzendaritza Nagusiaren esparruan, barnean dela datu pertsonalen babesa, arlo horretan eskudun den zuzendaritza nagusiarekin elkarlanean.

i) Artxibo judizialak eta epaitegi eta auzitegientzako mailegu zerbitzua zaintzea eta kudeatzea.

j) Zerbitzuaren jardueren memoria egitea.

k) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak.

22. artikulua. Azpiegitura Judizialen Zerbitzuaren egitura.

Azpiegitura Judizialen Zerbitzuaren menpe egonen da Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala.

23. artikulua. Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Epaitegi eta auzitegietan hobekuntza informatikoak progresiboki ezartzeko bidezkoak diren ekimenak garatzea, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin eta aplikazioak garatzen dituzten enpresekin elkarlanean.

b) Zuzendaritza nagusiaren araubide administratiboa hobetzeko neurriak aplikatzea.

c) Justiziako langileentzako prestakuntza plan bat egitea.

d) Organo judizialek artxiboetan gordetzeko helarazten duten dokumentazioa gainbegiratzea eta zaintzea.

e) Organo judizialentzako mailegu zerbitzua bermatzea, eta Agiri Judizialak Garbitzeko Batzordean parte hartzea.

f) Etorkizuneko artxibo digitalen ezarpena bultzatzea.

g) Zuzendaritza nagusiko dokumentazioa erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

h) Jardueren memoria prestatzen laguntzea.

i) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa; zehazki, honako eginkizun hauek:

I. Informazioaren segurtasunaren arloko politikak eta jarraibide zehatzak proposatzea, lantzea, eguneratzea eta horien jarraipena egitea.

II. Honako arlo hauetan informazioaren segurtasun neurriak bultzatzea eta horien jarraipena egitea: informazioa tratatzeko prozesuak, bere zerbitzuko langileei prestakuntza ematea eta gaitzea, eta erabiltzen diren informazio sistemak. Azken kasu horretan, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean ariko da.

III. Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiari laguntzea informazio sistemen segurtasunean sortzen diren gorabeherak kudeatzen, bai euskarri elektronikoan bai beste euskarri batzuetan, segurtasun gorabeherei erantzun erreaktiboak emanez.

IV. Barneko auditoretzak egitea eta kanpoko auditoretzak egiten parte hartzea, informazioaren segurtasunari buruzko araudia betetzen dela egiaztatzeko.

j) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak.

4. ATALA

Justiziako Gizarte Zerbitzua

24. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Justiziako Gizarte Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Delituaren biktimei laguntza integrala ematea.

b) Justizia Administrazioarekiko eta bestelako administrazio publiko, entitate, agente eta profesionalekiko harremanak izatea eta haiekin koordinatzea, delituaren biktimei laguntzearen gainean.

c) Hipoteka-betearazpeneko prozeduretan eta/edo etxegabetzeetan ustezko ahultasuna edo bazterketa sozialeko kasuak atzemateko neurriak hartzea eta bultzatzea, beste erakunde publiko batzuekin eta agintari judizialarekin koordinatua.

d) Herritarrei eta profesionalei informazioa eta aholku ematea gaitasun zibilaren aldaketa eta kautelazko neurriak eskatzeko tramiteei buruz.

e) Doako justizia kudeatzea, abokatuen elkargoekin elkarlanean, eta Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari laguntza juridiko eta administratiboa ematea bertan aurkeztutako eskaerei buruz.

f) Organo judizialei laguntza teknikoa ematea, hala eskatzen badute, zerbitzuak bere dituen arloetan, bereziki doako interpretazio, itzulpen eta perituen laguntza lanetan.

g) Bitartekaritza eta adiskidetze judiziala kudeatzea eta aztertze judizialak egitea, jurisdikzio zibileko organoek eskatzen dutenean.

h) Justizia Administrazioaren esparruan, justizia errestauratiboa eta gatazkak auzitara joan gabe konpontzeko bideak bultzatzea eta garatzea.

i) Atxilotuak, presoak eta preso ohiak birgaitzeko eta gizarteratzeko neurriak koordinatzea eta bultzatzea, barnean dela zigorrak betearazteko Nafarroarako berezko eredu bat aztertzea eta zehaztea, estatutuan espetxeei buruz aurreikusitakoa garatzen den neurrian Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen zaizkion ahalmenen arabera.

j) Zigorrei eta espetxeei buruzko legeria betearaztea, bere eskumenen esparruan, aipatu arloetan Gobernuak egiten dituen gainerako jarduketekin koordinatua.

k) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

25. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren egitura.

Justiziako Gizarte Zerbitzuaren menpe egonen da Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala.

26. artikulua. Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak betetzea delituaren biktimei laguntza integrala emateko ezartzen diren neurriak aplikatzearen arloan.

b) Instituzioen arteko jarduketa protokoloak bultzatzea, delituaren biktimentzako eta familia barruko erasotzaileentzako.

c) Epaitegien arteko bitartekaritza zerbitzuari informazioa eta administrazioaren arloko sostengua ematea.

d) Justizia Administrazioari laguntza eta sostengu teknikoa ematea.

e) Bitartekaritza eta adiskidetze judiziala bideratzea eta aztertze judizialak egitea, Justizia Administrazioko organoek eskatzen dutenean.

f) Askatasun-gabetze egoeran daudenak eta/edo segurtasun neurrien menpe dauden preso ohiak birgaitzeko eta gizarteratzeko neurriak koordinatzea eta bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen esparruan.

g) Gaitasun zibilaren aldaketa eta horrekin loturiko kautelazko neurriak eskatzeari buruzko informazioa eta aholku ematea.

h) Agintari judizialak hala eskatzen badu, etxegabetzeko prozedura judizialetan daudenei informazioa eta aholku ematea, eta, behar denean, dagokion gizarte baliabidera bideratzea.

i) Presoak eta espetxetik atera direnak gizarteratzeko eta hezteko neurriak koordinatzea Nafarroako Foru Komunitateko espetxe zerbitzuekin.

j) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

IV. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

27. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.

b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

28. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalaren eskumenen esparru materiala eta funtzionala.

Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko zerbitzuek proposatzen dituzten espediente guztiak tramitatzea eta artxibatzea eta horien kontrol administratiboa egitea.

b) Agirien sarrera-irteeren erregistroaz arduratzea.

c) Departamentuko organoei aholkua eta laguntza juridikoa ematea.

d) Nahitaezko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta agintzen zaizkion bestelako txostenak ere.

e) Departamentuaren egintza eta xedapenen kontra jarritako administrazio errekurtsoen ebazpen proposamenak prestatzea.

f) Departamentuaren eskumeneko arau eta xedapenen proiektuak prestatzen eta haien gaineko txostenak egiten laguntzea.

g) Departamentuarentzako interes juridikoa duten araudiak biltzea eta eguneratzea, eta jurisprudentzia eta doktrina hedatzea, eta horien jarraipena egitea.

h) Ondare-erantzukizunaren prozedurak tramitatzea eta horien ebazpen proposamenak egitea.

i) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskumena diren langileriari buruzko gaiak tramitatzea.

j) Genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeari lotutako eginkizunak betetzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat eginik Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

k) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela bermatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.

l) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

29. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko gainerako organoekin elkarlanean aritzea eta horren aurrekontuko aurreproiektuaren prestaketa koordinatzea.

b) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontuaren betearazpena kontrolatzea.

c) Eduki ekonomikoko klausulak dituzten espedienteen tramitazioa egiten laguntzea, baita txostenak, azterketak eta datuak prestatzen ere.

d) Departamentuko unitateen jarduera ekonomikoen kontabilitate orokorra eta aurrekontuen kontabilitatea.

e) Departamentuari dagozkion diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontabilitatea eramatea.

f) Departamentuko ildo estrategikoen azterketa ekonomikoa egitea eta aurrekontu estrategikoak bultzatzea.

g) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eskumenak deskontzentratzeko baldintza orokorrak.

1. Indarrean dauden arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen esku uzten ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan beraietan zehaztutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

2. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko titularrak indarrik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen deskontzentrazioa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko den foru agindu baten bidez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Deskontzentrazioa.

Departamentuko zuzendaritza nagusietako titularrei dagokie, kasuan kasuko eskumenen esparruan, kontratazio arloan indarra duen legeriak Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Burutzak betetzeko baldintzak.

Honako baldintza hauek ezartzen dira atalburu izateko:

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian:

–Harrera Atala:

B maila; titulua, Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma.

–Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala:

B maila; titulua, Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma.

Idazkaritza Tekniko Nagusian:

–Araubide Juridikoaren Atala:

A maila; titulua, Zuzenbideko gradua edo lizentzia.

–Kudeaketa Ekonomikoaren Atala:

A edo B maila; ez da titulurik eskatzen.

Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atala:

Ez da berariazko baldintzarik eskatzen.

–Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala:

B maila; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren B mailako lanpostu baterako izendatua izatea, edo Justizia Administrazioaren Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoko lanpostu baterako.

–Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala:

B maila; ez da berariazko titulurik eskatzen.

–Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala:

A, B edo C maila; ez da berariazko titulurik eskatzen.

Laugarren xedapen gehigarria.–Hainbat atalburutzatarako izendapenak eta haietan jarduteko baldintzak.

Honako izendapen hauek berresten dira Justizia Zuzendaritza Nagusian, egin ziren baldintza berberetan:

–Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariarena; hemendik aurrera Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

–Bulego Judizial Berriari Laguntzeko Unitateko buruarena; hemendik aurrera Bulego Judizial eta Fiskalaren Ataleko burua izanen da.

–Justizia Administrazioko Langileriaren Ataleko buruarena; hemendik aurrera Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Ataleko burua izanen da.

–Proiektuen Ataleko buruarena; hemendik aurrera Informatikako Proiektu eta Sistemen Ataleko burua izanen da.

–Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendariarena.

–Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Ataleko buruarena.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Unitate organikoak kentzea.

Justizia Zuzendaritza Nagusiko unitate organiko hauek kentzen dira:

–Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua.

–Justizia Administrazioko Langileriaren Atala.

–Bulego Judizial Berriari Laguntzeko Unitatea, atal mailakoa.

–Proiektuen Atala.

–Baliabide Materialen Atala.

Seigarren xedapen gehigarria.–Unitate organikoak sortzea.

Unitate organiko hauek sortzen dira:

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian:

–Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzua.

–Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua.

–Harrera Atala.

–Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala.

Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzua.

–Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atala.

–Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala.

–Azpiegitura Judizialen Zerbitzua.

–Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala.

Idazkaritza Tekniko Nagusian:

–Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.

–Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Zenbait unitate betetzeko baldintzak.

Jarraian agertzen diren Justizia Zuzendaritza Nagusiko atalburutzetan jarduten duten funtzionarioek prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko dituzte beren eginkizunak, eta horregatik dagokien osagarria jasoko dute. Honako hauenak, alegia: Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atala, Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala, Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala, eta Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Lege aipamenak.

Foru dekretu honetan esleitutako eginkizunetan eragina duten egungo araudiko aipamen organiko eta funtzionalak foru dekretu horretan arautzen diren organo eta unitateentzat direla ulertuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Unitateak bere horretan uztea.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behineko egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua, Justizia Zuzendaritza Nagusiari dagokionean, eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F1913761