220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

262/2019 FORU DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.

Era berean, abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura.

Bidezko da, orain, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren egitura behar bezala garatzea.

Foru dekretu honen xedea da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organiko berria garatzea.

Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko urriaren hogeita hamarrean egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: lurralde mailako proiektu estrategikoen definizioa, analisia, plangintza, garapena eta ebaluazioa; lurralde antolamendua, paisaia eta hirigintza; Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren politiken sustapena; etxebizitza eskuratzeko aukeren sustapena, eraikuntzen kalitatearen kontrola eta sustapena, eta etxebizitzak egiteko lurzoruaren merkatuan esku hartzea; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

2. artikulua. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularra.

1. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen-esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Bereziki, badagokio behin betiko onestea udal plan orokorrak, plan bateratuak, plan orokorretako egiturazko antolamenduaren determinazioen aldaketak eta planeamenduko berrikuspenenak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean ezarritakoarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori).

3. Era berean, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari dagokio kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

a) Nafarroako Etxebizitza Kontseilua.

b) Lurraldearen Antolamenduko Batzordea.

4. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean departamentuko titularraren mende.

3. artikulua. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren antolaketa orokorra.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu oinarrizko egituran:

a) Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

b) Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia.

c) Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko zuzendaritza nagusiei dagokie, departamentuko titularraren goi-zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak erabiltzea eta, horietaz gainera, indarrean dauden xedapenek esleitzen dieten edo departamentuko titularrak agintzen dien beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumenen esparruan eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularraren goi-zuzendaritzapean, hari atxikita baitago zuzenean Idazkaritza Tekniko Nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 33. artikuluan eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen erregelamenduan ezarritako eskudantziak izanen ditu, baita indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrak agintzen dion beste edozein ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ardura izanen da genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzea Departamentuko politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goi-organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, eginkizun hauek izanen dituzte: beren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz esleitzen dizkietenak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalek jarraian adierazten diren eginkizunak izanen dituzte, departamentuko goi-organoen zuzendaritzapean eta atal bakoitzari foru dekretu honetan ezartzen zaion esparru material edo funtzionalean: hierarkian gainetik dagoenari proposamenak eta txostenak egitea bere esparru materialeko gaien gainean, eta haiek burutzea; bere menpeko bulegoen jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten eginkizun guztiak.

II. KAPITULUA

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, honako hauekin loturik:

a) Lurraldearen plangintza eta antolamendua.

b) Hirigintza.

c) Paisaia.

d) Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko lankidetza beste administrazio batzuekin.

9. artikulua. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu egituran:

a) Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

b) Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua.

2. ATALA

Lurralde eta Paisaia Zerbitzua

10. artikulua. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak gai hauen gainean foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu: lurraldearen antolamendua, lurraldea antolatzeko tresnen tramitazio, jarraipen, berrikuspen eta eguneratzearen bidez; hirigintza, Nafarroako toki entitateekin administrazioen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren bidez; paisaia eta lurralde ondarea, Nafarroako Paisaiaren Estrategia prestatu, garatu eta koordinatzearen bidez; azpiegitura berdearen lurralde-tresna prestatu, garatu eta koordinatzearen bidez; baita bere jarduera materialaren eremuan agintzen zaizkionak ere.

11. artikulua. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren egitura.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak atal hauek ditu egituran:

a) Lurralde Antolamenduaren Atala.

b) Hirigintza Atala.

12. artikulua. Lurralde Antolamenduaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Lurralde Antolamenduaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu lurralde antolamenduaren arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Lurralde antolamenduko tresnak tramitatu eta jarraitzea, bai eta haien berrikuspenak edo aldaketak ere.

b) Azterketak eta txostenak prestatzea, Nafarroako lurralde antolamendua planifikatzen eta erabakiak hartzen laguntzeko.

c) Landa eremu hustuak eta/edo behartsuak dinamizatzeko ekimenekin lankidetzan aritu eta haiei laguntza ematea, horretarako egokiak diren lurralde antolamendurako tresnen proposamena eta tramitazioa barne.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuekin, sozietate eta erakunde publikoekin eta toki entitateekin lankidetzan aritu eta haiei laguntza ematea, lurraldearen antolamenduari eta lurzoru urbanizaezinari edo landa lurzoruari lotutako arlo eta jarduera guztietan.

e) Lurralde antolamenduko tresnen eta Nafarroako Gobernuko departamentuen politika sektorialen arteko koordinazioa.

f) Zerbitzuko zuzendaritzari laguntzea toki entitateei eta beste eragile publiko eta pribatu batzuei lurraldearen antolamenduaren eremuan arreta eman, aholkatu eta haiekin lankidetzan aritzeko eginbeharretan.

g) Lurzoru urbanizaezinetan edo landa lurzoruetan jarduera eta erabilerak baimentzeko espedienteak prestatu eta tramitatzea.

h) Hirigintza planeamendurik gabeko udalerrietan jarduketak baimentzeko espedienteak prestatu eta tramitatzea.

i) Lurzoru urbanizaezinetan baimendutako jardueren eta erabileren garapena jarraitu eta kontrolatzea.

j) Unitate eskudunekin elkarlanean aritzea, lurraldeari buruzko informazio sistemak ezarri, mantendu, garatu eta gaurkotzeko burutu beharreko lanak koordinatzeko.

k) Lurralde antolamenduko tresnen artxiboa kudeatzea.

l) Lurralde antolamenduko tresnei lotutako hirigintzako kudeaketa.

m) Baimenik edo tokiko bestelako prebentziozko kontrolik behar ez duten jardueren baimenen gaineko txostenak eta tramitazioa.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

13. artikulua. Hirigintza Atalaren eskumenen esparru materiala.

Hirigintza Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu hirigintzaren arloko koordinazio eta lankidetza administratiboaren eta udalerrien hirigintzako estrategien zuzendaritzarekin eta bultzapenaren eremuan eta, zehazki, honako hauek:

a) Udalen hirigintza planeamendua prestatu eta aldatzeko laguntza ematea, barne direla lankidetza hitzarmenak prestatzeko proposamenak egitea, jarraipen batzordeetan parte hartzea eta hirigintzako tresnak prestatzeko jarduerak zuzentzea.

b) Txostenak eta ebazpen proposamenak prestatu eta tramitatzea udalen hirigintza planeamendua prestatu eta onesteko.

c) Udal planeamendua prestatu eta tramitatzea, subrogazio bidez.

d) Toki entitateentzako dirulaguntzak kudeatzea, udal planeamendurako tresnak egin ditzaten.

e) Planeamenduaren Erregistroa eta haren erabilera publikoa kudeatzea.

f) Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren mantentze-lanak egitea.

g) Toki entitateei aholkularitza teknikoa ematea, bere eskumeneko hirigintzako planak prestatu eta tramitatzeko, bai eta Foru Komunitateko Administrazioaren sektore publikoko beste organo batzuei eta beste organismo publiko batzuei ere, hirigintza planeamenduari buruzko gaietan, eta arloan eskumena duten unitateekin koordinatzea.

h) Zerbitzuaren barne-koordinazio teknikorako prozedurak ezarri eta planeamenduaren gaineko hirigintza arloko xedapenak interpretatzeko irizpideak hedatzea.

i) Zerbitzuko zuzendaritzari laguntzea toki entitateei eta beste eragile publiko eta pribatu batzuei hirigintza arloan arreta eman, aholkatu eta haiekin lankidetzan aritzeko eginbeharretan.

j) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

3. ATALA

Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua

14. artikulua. Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu arlo hauetan: Nafarroako Lurralde Estrategia; lurralde antolamenduko planak; politika sektorialen plangintza, lurralde antolamenduari eta hirigintzako informazioari dagokienez; lurralde antolamenduan eta hirigintzan laguntza juridikoa ematea. Era berean, Lurralde Antolamenduko Batzordeko idazkari izanen da, baita bere jarduera materialaren eremuan agintzen zaizkionak ere.

15. artikulua. Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua.

Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak atal hauek ditu egituran:

a) Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atala.

b) Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala.

16. artikulua. Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunen esparru materiala.

Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu lurralde antolamenduko eta hirigintzako esparru juridiko-administratiboaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Lege eta erregelamenduko proposamenak prestatzea lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren eremuan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuarekin koordinaturik.

b) Planeamendurako jarraibide teknikoak ematea.

c) Lurralde antolamendu eta hirigintza arloko administrazio errekurtsoei buruzko txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

d) Lurralde antolamenduari eta hirigintzari buruzko legeak aplikaturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen ahal zaizkion kalte-ordainak tramitatu eta horien gaineko ebazpenak proposatzea.

e) Hirigintza arloan, hautsitako lege-ordenaren gainean kautelazko neurriak eta ordena hori berreskuratzekoak hartzerakoan laguntza juridiko-administratiboa ematea.

f) Hirigintza arloan zehapen espedienteak instruitu eta jarraipena egitea, eta zigor jurisdikzioarekin koordinazioa izatea.

g) Nahitaez desjabetzeko espedienteak tramitatzea hirigintza arloan.

h) Programak prestatu eta burutzea, hirigintzari buruzko legeria eta planteamendua ikertu eta horiek betetzen diren egiaztatzeko.

i) Lurralde antolamendu eta hirigintza arloan espedienteak prestatu eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

j) Hirigintza arloko legezkotasuna babesteko ekintzak sustatu eta bultzatzea.

k) Hirigintzari buruzko legeriaren kontrako arau-hausteen gaineko salaketak, erreklamazioak eta kexak bideratu eta, hala behar denean, haiek ebazteko proposamenak egitea.

l) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

17. artikulua. Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalaren eskumenen esparru materiala.

Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu indarra duten lurralde-plangintzako tresnen, lurralde eta hirigintza arloetako informazioaren eta behar diren tramitazioetako parte-hartze publikoaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Nafarroako Lurralde Estrategia berrikusi eta/edo eguneratzea, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuarekin koordinatuz.

b) Lurralde antolamenduko planak berrikusi eta/edo eguneratzea, baita Nafarroako Gobernuak sustatutako beste tresna batzuk ere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuarekin koordinatuz.

c) a) eta b) puntuetan aipatutako tresnen aplikazio, betearazpen eta indarraldiari buruzko jarraipen eta ebaluazio memoriak eta txostenak prestatzea.

d) Nafarroako lurralde adierazleen sistema kudeatu eta NASTAT-ekin lankidetzan aritzea, adierazle horiek Nafarroako Estatistika Planean sartzeko.

e) Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluarekin eta haren batzordeekin koordinatu eta hari laguntza ematea.

f) Lurralde bulegoen jarduketak koordinatu eta irizpide teknikoak ezartzea, haren eginkizunak garatzeko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuarekin koordinatuz.

g) Hirigintza planeamenduaren tramitazioan eta lurralde antolamenduaren tresnetan herritarren parte-hartzeari dagozkion jarraibide teknikoak diseinatzea.

h) Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak onetsi behar dituen tresnen parte-hartze planak baliozkotzea.

i) Zuzendaritza Nagusiko gaietan informazio-eskaerak aztertzea.

j) Lurralde antolamenduaren gaian Nafarroako Gobernuaren web ataria kudeatu eta eguneratzea, eta gai horretan eskumena duten unitateekin koordinatzea.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

III. KAPITULUA

Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

18. artikulua. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, honako hauekin loturik:

a) Etxebizitzak eskuragarri egiteko sustapena.

b) Eraikuntzaren kalitatearen kontrola eta sustapena.

c) Lurzoruaren Foru Bankua eta lurzorua eskuratu eta urbanizazioa kudeatzea.

d) Etxebizitza arloko politika publikoen plangintza.

e) Etxebizitza arloko kontrola eta ikuskapena.

19. artikulua. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu egituran:

a) Etxebizitza Zerbitzua.

b) Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzua.

2. ATALA

Etxebizitza Zerbitzua

20. artikulua. Etxebizitza Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Etxebizitza Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, betiere honako hauekin loturik: etxebizitza eskuratzeko bideak sustatzea, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzea eta sustatzea, Lurzoruaren Foru Bankua kudeatu, lurzorua eskuratu eta urbanizatzea, baita bere jardueraren eremu materialean agintzen zaizkionak ere.

21. artikulua. Etxebizitza Zerbitzuaren egitura.

Etxebizitza Zerbitzuak atal hauek ditu egituran:

a) Eraikuntza Atala.

b) Laguntzen eta Plangintzaren Atala.

22. artikulua. Eraikuntza Atalaren eskumenen esparru materiala.

Eraikuntza Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu eraikuntzaren arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Etxebizitzen eraikuntzarako betebehar teknikoak kontrolatzea.

b) Etxebizitzen diseinuaren eta kalitatearen araudia prestatzea.

c) Kalitateko arkitektura egiteko programak kudeatzea.

d) Birgaitze babestuko espedienteetan txostenak eta proposamenak egitea.

e) Etxebizitza babestuko espedienteetan txostenak eta proposamenak egitea.

f) Eraikuntzako alderdiei buruzko azterlanak egitea.

g) Lurraldeko bulegoen jarduketak gainbegiratzea.

h) Etxebizitza babestuen espedienteak kudeatzea.

i) Nafarroako etxebizitzen erregistroa kudeatzea.

j) Etxebizitzen ondare publikoa kudeatzea.

k) Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan sartzea sustapenak.

l) Etxebizitzen bizigarritasunari buruzko espedienteak kudeatzea.

m) Eraikuntzaren ikuskapen teknikoa ezartzea eta kudeatzea.

n) Lurzoruaren Foru Bankua kudeatzea.

ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

23. artikulua. Laguntzen eta Plangintzaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Laguntzen eta Plangintzaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu etxebizitza eskuratzea bultzatzeko arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Babesgarriak diren eragiketetarako laguntza planak eta programak prestatzea.

b) Etxebizitza babestuen salerosketarako eta alokairurako kontratuak ikus-onesteko espedienteak kudeatzea.

c) Finantza hitzarmenen formulazioan eta jarraipenean parte hartzea.

d) Etxebizitzen arloan babesgarriak diren jarduketetarako laguntza publikoak kudeatzea.

e) Etxebizitza planak eta programak ebaluatzeko tresnak garatzea.

f) Jendeari etxebizitza arloko informazioa ematea.

g) Hipoteka eta alokairu kontuetan bitartekari lana egitea.

h) Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua eta egiten diren etxebizitza adjudikazioak kudeatzea.

i) Etxebizitzak lehentasunez eskuratzeko eskubideak kudeatzea.

j) Alokairuko etxeen poltsa kudeatzea.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

3. ATALA

Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzua

24. artikulua. Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, betiere honako hauekin loturik: etxebizitza arloko Nafarroako legeria betetzen denetz ikuskatzea eta kontrolatzea, sistemen komunikazioa, hedapena eta kudeaketa, baita bere jardueraren eremu materialean agintzen zaizkionak ere.

25. artikulua. Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuaren egitura.

Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuak atal hauek ditu egituran:

a) Ikuskapen Atala.

b) Programen Hedapenerako Atala.

26. artikulua. Ikuskapen Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ikuskapen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu etxebizitzaren ikuskapenaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Nafarroako Foru Komunitatean etxebizitzaren arloan aplikagarri den araudia aztertu eta egiaztatzea.

b) Etxebizitzak hutsik egoteari buruzko aztarnak berariaz egiaztatzea.

c) Indarreko legedia betetzen dela bermatzeko behin-behineko eta behin betiko neurriak hartzeko proposamenak egitea, horren barne direla legezkotasuna babestu eta berrezartzeko neurrien proposamenak.

d) Zehapen espedienteak irekitzeko proposamenak eta legezkotasuna berrezartzeko bidezkoak diren babes neurriak hartzeko proposamenak egitea.

e) Ikuskapen kanpainak programatu eta planifikatzea.

f) Etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzeko prozeduren tramitazioa.

g) Etxebizitzen Erregistro Orokorra kudeatzea.

27. artikulua. Programen Hedapenerako Atalaren eskumenen esparru materiala.

Programen Hedapenerako Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu sistemen komunikazio, hedapen eta kudeaketaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Proiektu eta programei publizitatea egiteko eta haiek hedatzeko kanpainak diseinatu eta programatzea, komunikazioaren arloan eskumenak dituzten organoekin koordinatuz.

b) Beharrak sortu, hobetu eta ebaluatzeko proposamena, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren eskumena diren programak eta prozedurak kudeatzeko berariazko aplikazio informatikoei dagokienez, informazio sistemen arloan eskumena duten organoekin koordinatuz.

c) Nafarroako Gobernuaren web ataria kudeatzea etxebizitza arloan, informazio sistemen arloan eskumena duten organoekin koordinatuz.

d) Herritarren partaidetza bideratzeko proposamena egitea etxebizitza arloko politika publikoak diseinatu eta burutzean.

IV. KAPITULUA

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

28. artikulua. Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Politika publikoak planifikatu eta garatzea lurralde estrategia jasangarriaren arloan.

b) Lurraldea ardazten duten, aurrerapena ematen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak sustatzea, zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz.

c) Proiektu estrategikoei laguntza eman eta haien jarraipena egitea.

d) Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren jarduera bultzatzea.

e) Proiektu estrategikoetan parte hartzeko prozesuak ezarri eta modu eraginkorrean ezagutzera ematea.

29. artikulua. Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzua du egituran.

2. ATALA

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzua

30. artikulua. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, betiere honako hauekin loturik: politika publikoak aztertu eta planifikatzea, lurralde estrategia jasangarrietan; lurraldeko behar eta errealitateen azterlanak, ikerlanak eta lurraldearen proiektu estrategikoen garapen eta kudeaketa, parte-hartze eta komunikazio prozesuen jarraipena, kontrola eta koordinazioa, baita bere jardueraren eremu materialean agintzen zaizkionak ere.

31. artikulua. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren egitura.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Proiektu Estrategikoen Azterketa eta Plangintzarako Atala.

b) Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Atala.

c) Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atala.

32. artikulua. Proiektu Estrategikoen Azterketa eta Plangintzarako Atalaren eskumenen esparru materiala.

Proiektu Estrategikoen Azterketa eta Plangintzarako Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu proiektu estrategikoen azterketa, analisi eta plangintzaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Lurraldearen ezagutzaren sistema integratuaren definizioa eta garapena.

b) Lurralde estrategia jasangarria garatzeko proiektu estrategikoen definizioa eta plangintza.

c) Datu administratiboetan sartzeko eta datu horiek lurraldearen ezagutza-sisteman integratzeko koordinazioaren zuzendaritza.

d) Ezagutza garatuaren sistematik abiaturik, simulazio- eta predikzio-tresnak sartzea.

e) Plan eragileen eta ezarri beharreko jarduketen definizioa.

f) Zehaztutako adierazleak garatzea, estrategiari zein ezarri beharreko proiektu estrategikoei jarraipena egiteko.

g) Lurraldearen gaineko informazioa erauzi eta haren analitika garatzea, lurraldea ezagutzeko tresna garatua oinarritzat harturik.

h) Beharrak edo gabeziak hautemateko analitika prediktibo bat garatzea.

i) Garatu nahi diren planak eta programak egiteko beharrezkoa den inbertsioa planifikatzea.

j) Azterlanak egitea herritarren eta enpresen beharren edo lurralde-ikuspegia osatzen duten sektore arteko gabezien gainean.

k) Bere eskumenen esparruaren gaineko azterlanak hedatzea.

l) Azterketak egitea ekonomia berriko prozesu edo teknologietan berrikuntzak egiteko aukeren eta lurraldean izanen duten aplikagarritasunaren gainean.

m) Lurraldeko proiektu estrategikoak ebaluatu eta haien jarraipena egitea.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

33. artikulua. Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Atalaren eskumenen esparru materiala.

Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu proiektu estrategikoen kudeaketa eta koordinazioaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Lurralde estrategia jasangarria bultzatzeko zehaztu diren proiektu estrategikoen kudeaketa.

b) Lurraldean lanean ari diren eragile eta erakundeekin elkarlanean aritzea.

c) Egiten ari diren proiektu estrategikoen jarraipena egin eta haiek kontrolatzea.

d) Zehaztutako proiektuak garatu eta ezartzea (proiektu horiek ekitate handiagoa ematen dute zerbitzuak, azpiegiturak eta ezagutza eskuratzeko).

e) Sektore eta administrazio arteko lankidetza hitzarmenak garatzea, eta haiek abian jarriko direla bermatzea.

f) Nafarroako Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluari argibideak ematea lurralde politikaren arloan ezarritako jarduketa-ildoez.

g) Nafarroako Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak lurralde estrategiaren arloan egindako gomendioak eta txostenak txertatzea.

h) Zeharkako izaera duten gaiak departamentuko gainerako unitateekin koordinatzea.

i) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

34. artikulua. Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu lurraldeko proiektu estrategikoen jasangarritasunaren eta komunikazioaren arloan eta, zehazki, honako hauek:

a) Jasangarritasun printzipioak proiektu estrategikoetan sartzen direla bermatzea.

b) Jasangarritasunaren arloan lurralde estrategia bultzatzeko definitutako proiektu estrategikoak garatu, zuzendu eta burutzea.

c) Jasangarritasunaren arloan lurraldeko eragile guztien erantzukidetasun soziala bultzatzea.

d) Jasangarritasunaren arloan egiten ari diren proiektu estrategikoen jarraipena egin eta haiek kontrolatzea.

e) Lurralde garapen jasangarriko formulak garatzen laguntzea.

f) Lurralde garapen jasangarriko formula definituak kudeatu eta ezartzea.

g) Jasangarritasunaren arloan aholku eta laguntza teknikoak ematea lurraldearen garapenerako.

h) Parte-hartze prozesuak kudeatzea lurralde garapen jasangarriaren arloan egin beharreko jarduketetan ari diren erakunde eta eragile guztiekin batera.

i) Lurralde aldetik jasangarriak diren proiektu estrategikoak komunikatzea.

j) Proiektu estrategikoetako sare sozialen eta web orriaren kudeaketa.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

V. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

35. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu egituran:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atala.

c) Kudeaketa Administratiboaren Atala.

36. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, idazkaritza tekniko nagusiei dagozkien eskumen juridikoekin loturik, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk edo Idazkaritza Nagusi Teknikoko titularrak bere jardueraren eremuan agintzen dizkionak ere.

Eta, legozkiokeen artetik, bereziki, etxebizitzaren eta proiektu estrategikoen esparru materialeko hauek:

a) Nafarroako Gobernuko departamentuko titularrak igortzen dizkion departamentuko gaiei buruzko espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Departamentuko titularrak ebatzi behar dituen departamentuaren eskumeneko gaien espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea, onetsiak izan daitezen.

c) Departamentuko organoei aholkua eta laguntza juridikoa ematea.

d) Nahitaezko txosten juridikoak eta departamentuko organoek eskatzen dizkioten txostenak egitea.

e) Txosten juridikoak prestatzea departamentuak ematen dituen egintzen aurka jartzen diren errekurtso administratiboei buruz.

f) Arauak bildu eta eguneratzea eta, orobat, interes juridikoa duen jurisprudentzia, doktrina eta informazioa bildu, hedatu eta haien jarraipena egitea.

g) Ondare-erantzukizunaren prozedurak tramitatu eta ebazteko proposatzea.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Espedienteak prestatu eta berrikustea, organo jurisdikzionalei igortzeko.

j) Zehapen-espedienteak instruitu eta haiei jarraipena egitea.

k) Nafarroako Arartekoaren bulegoak egiten dituen eskaera eta jarduketa juridikoak kontrolatu eta horien jarraipena eta txostenak egitea.

l) Genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeari lotutako eginkizunak gauzatzea departamentuko politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat eginik Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

m) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

37. artikulua. Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Departamentuko unitate guztiei aholkuak ematea, aurrekontuen aurreproiektua eta departamentuaren epe ertaineko plan ekonomikoa prestatu behar direnean.

b) Departamentuko aurrekontuen aurreproiektua koordinatu eta tramitatzea.

c) Departamentuko aurrekontuen kudeaketari buruzko informazioa beti eguneraturik edukitzea.

d) Ordaintzeko aginduak, justifikatu beharrekoak, kudeatu, jarraitu eta justifikatzea, eta Departamentuko unitateen kutxako aurrerakinen kontuak kudeatu eta kontrolatzea.

e) Departamentuko unitateen jarduera ekonomikoen kontabilitate orokorra eta aurrekontuen kontabilitatea.

f) Departamentuko unitate bakoitzari dagozkion sarrera eta gastuen espedienteak kontabilizatzea.

g) Azterlan ekonomikoak egitea.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Idazkari tekniko nagusiak bere eskumenen esparruan agintzen dion beste edozein.

38. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Kudeaketa Administratiboaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, idazkaritza tekniko nagusiei dagozkien eskumen juridikoekin loturik, eta, bereziki, honako hauek:

a) Idazkaritza Tekniko Nagusiari langileen arloan esleitutako gaien kudeaketa administratiboa egitea.

b) Material suntsigarri eta inbentariagarria erostea.

c) Agiriak konpultsatzea.

d) Agirien sarrera-irteeren erregistroaz arduratzea.

e) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren unitate organikoei alderdi administratiboan babesa ematea.

f) Behar den guztia prestatzea departamentuaren zerbitzu administratibo eta orokorrek funtzionamendu egokia izan dezaten.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere departamentuaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.

h) Departamentuaren jardueraren plangintza eta ebaluazioa koordinatzea arlo hauetan: irisgarritasun unibertsala, eta departamentuko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasun ordezkatuaren ardura duen unitatearen eginkizunak.

i) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren titularrari agintzen zaion beste edozein.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eskumenak deskontzentratzeko baldintza orokorrak.

1. Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

2. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrak indarrik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumen deskontzentrazioa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko den foru agindu baten bidez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskumenen deskontzentrazioa Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian.

1. Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta haien erabilera, arlo hauetan: dirulaguntzak, kontratazioa, enkarguak, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

2. Era berean, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren esku uzten da, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: lurraldearen antolamendua eta hirigintza.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Eskumenen deskontzentrazioa Etxebizitza Zuzendaritza Nagusian.

Etxebizitzako zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: kontratazioa, enkargua eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Laugarren xedapen gehigarria.–Eskumenen deskontzentrazioa Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa eta enkarguak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Unitateak bere horretan uztea.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Seigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Foru dekretu honetan ezarritako egituran izen bera duten ataletako buruen izendapenak berresten dira, baldintza berberetan, baita Lurralde Antolamenduaren eta Estrategiaren Ataleko buruarena ere, hemendik aurrera Lurralde Antolamenduaren Ataleko burua deituko baita.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Unitate hauek sortu dira:

a) Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atala.

b) Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoa.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.

Unitate hauek sortu dira:

a) Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua.

b) Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala, zeinaren burutza beteko baitute A edo B mailako funtzionarioek.

c) Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzua.

d) Ikuskapen Atala, zeinaren burutza beteko baitute A edo B mailako funtzionarioek.

e) Programen Hedapenerako Atala.

f) Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzua.

g) Proiektu Estrategikoen Azterketa eta Plangintzarako Atala, zeinaren burutza beteko baitute A edo B mailako funtzionarioek.

h) Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Atala, zeinaren burutza beteko baitute A edo B mailako funtzionarioek.

i) Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atala, zeinaren burutza beteko baitute A, B edo C mailako funtzionarioek.

j) Araubide Juridikoaren Atala, zeinaren burutza beteko baitute Zuzenbideko lizentzia edo gradua duten A mailako funtzionarioek.

k) Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atala, zeinaren burutza beteko baitute A, B edo C mailako funtzionarioek.

l) Kudeaketa Administratiboaren Atala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da, foru dekretu honen kontra doan orotan eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, bai eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko eta Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko titularrei gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F1913756