220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2019 FORU AGINDUA, urriaren 25ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2020an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituena.

Hala ezartzen baitu 10. artikuluko 1. apartatuak Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean, behin idazketa berria emanik abenduaren 24ko 27/2014 Foru Legeak eta abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak, etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariari dagokio gehieneko prezioa finkatzea babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko, foru lege horretan aurreikusitakoarekin bat. Horretarako, adierazten du, halaber, 10. artikuluan bertan jasotzen den formulako aldagaien balioak kasuan kasuko foru aginduan justifikatu behar direla.

Zehazki, horri dagokionez, 1.d) apartatuak honako hau xedatzen du: “Moduluak urtero eguneratuko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) gehieneko salmenta-balioa formula hau erabiliz kalkulatuta:

VMu = ((1.27 + H/100) x PEMu) / (0.755 - (F + Co + B)/100), hau da:

VMu = gehieneko salmenta-balioa, babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

H = Obra-proiektuaren eta -zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren gaineko ehunekoan adierazia. Kostu horren balio normala %7koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

PEMu = Exekuzio materialaren aurrekontua, eurotan, metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Hori kalkulatzeko, sustapen baten guztizko azalera erabilgarritzat joko da etxebizitza eta garajeetarako azalera erabilgarri guztizkoen eta trasteleku eta lokaletarakoen %40aren batura.

F = Sustatzailearen finantza kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala %4koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

Co = Merkaturatze-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala %2koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

B = Sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia (VM). Kostu horren balio normala %11koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

Aldagai horiek zehazteko, lehentasunez hartuko dira kontuan babes ofizialeko etxebizitzen sustapen publikoak. Era berean, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan kalifikazioa jasotzeko aurkezten diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei buruzko datuak ere erabil daitezke. Horretarako, departamentu horrek sustatzaileei eskatzen ahalko die aurkez dezatela obra amaierako ziurtagiria, edo formulan aurreikusitako aldagaiak kalkulatzeko interesekoak izan daitezkeen beste datu batzuk.

e) Modulu ponderatua.

Babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko balioa zehaztu ondoren, modulu ponderatua kalkulatuko da balio hori zatituz babes ofizialeko etxebizitzen eta haien eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko salmenta-prezioak zehazteko ezarritako koefizientearekin.

f) Modulu ponderatugabea.

Modulu ponderatugabearen balioa modulu ponderatuaren balioaren ehuneko 96koa izanen da”.

Bestalde, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatu horrek ezartzen du parte-hartze sozialaren prozesu bat garatu behar dela onetsi aurretik, hala aurreikusten baita Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean. Lege aipamen hori gaur egun Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeari egiten zaiola ulertu behar da, arlo horri buruzko aurreko legea indargabetu baitzuen.

Ondorio horretarako, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren irailaren 25eko 8/2019 Foru Aginduaren bidez, herritarrek parte hartzeko prozesu bat abiarazi zen, legez aurreikusitakoarekin bat. Horretarako, aditzera eman ziren zein elementu hartu diren kontuan Nafarroan babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko gehieneko prezioak finkatzeko, 2020. urterako, maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatuarekin bat.

Gainera, parte hartzeko prozesu hori 2019ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 4koan, iragarri zen, bai eta etxebizitzaren arloko gaiei buruz informazioa emateko webgunean eta Gobernu Irekiaren atarian ere, espedientean jaso den bezala.

Parte hartzeko prozesuaren emaitza jasota dago dagokion txostenean, zeina espedientean sartu baita.

Hori guztia ikusirik, bidezkoa da, foru agindu honen bidez, irailaren 25eko 8/2019 Foru Aginduan egindako proposamena berrestea, eta, hala, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2020an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2020an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.266,06 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.

Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2020an aplikatuko zaien modulu ponderatugabea 1.215,42 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.

2. Foru agindu hau igortzea Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzura, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta etxebizitzaren arloko gaiei buruzko webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) argitaratzea, eta entzutea emateko eta herritarrek parte hartzeko tramitearen ondoriozko txostenaren edukia, berriz, Gobernu Irekiaren atarian (www.gobiernoabierto.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 25ean.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F1913592