220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

271/2019 FORU DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7an.

Orobat, abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuaren bidez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, hura gero garatu ahal izatea galarazi gabe. Foru dekretu hori 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 15ean.

Beraz, foru dekretu honek bi xede ditu: Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 30eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: hizkuntza politika; euskararen berreskurapena eta garapena; hizkuntza politikaren arloko erakunde eta entitateekiko harremanak; bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko politikak; Nafarroako Memoriaren Institutua; memoriaguneak; Europar Batasunaren gaineko erakunde eta aferetan parte hartzea; Gobernuak Europar Batasunean duen Ordezkaritza; mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza; kanpoan bizi diren herritar nafarrekiko harremana eta arreta; eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak.

2. artikulua. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularra.

1. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumenen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Bereziki, eskudantzia material hauek erabiltzea dagokio:

a) Dirulaguntza deialdiak eta haien oinarri arautzaileak onestea.

b) Elkarlanerako hitzarmenak eta lankidetza hitzarmenak eta akordioak sinatzea Estatuarekin, autonomia erkidegoekin eta beste administrazio publiko batzuekin.

c) Bere eskumenen esparruan beste administrazio batzuekin batera jarduteko planak onestea.

3. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrari dagokio, halaber, Euskararen Nafar Kontseiluko lehendakaritza.

4. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrari dagokio, halaber, Kanpo Ekintzarako Nafarroako Kontseiluko lehendakaritza.

5. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan Kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean departamentuko titularraren mende.

3. artikulua. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren antolaketa orokorra.

1. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere egituran:

a) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia.

b) Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia.

c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua izeneko erakunde autonomoa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari atxikita dago, eta bere estatutuen bidez arautuko da.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko zuzendaritza nagusiek, departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrak agintzen dien beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumen-esparruaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 33. artikuluan eta Idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskudantziak (8. artikuluan aurreikusten direnak barne) erabiliko ditu Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularraren goi-zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, bai eta indarra duten xedapenek emandakoak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, eginkizun hauek izanen dituzte: beren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz esleitzen dizkietenak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalei dagozkie, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta kasuan kasuko esparru materialean, beren mendeko bulego edo unitateen jarduerak gauzatu, haiei buruz txostenak eman eta hierarkian goragokoari proposatzeko eginkizunak, jarduera horiek koordinatu, zuzendu eta kontrolatzeko eginkizunak, eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkietenak.

II. KAPITULUA

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

1. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, honako arlo hauekin loturik:

a) Nafarroako kanpo ekintza planifikatu, koordinatu eta bultzatzea, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin elkarlanean.

b) Europar Batasunaren aurrean Nafarroaren interesak ordezkatzea, eta horiek sustatu eta babestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuei esleitutako eskumenak galarazi gabe.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Europako eta/edo nazioarteko erakundeen arteko harremanak koordinatzea, Nafarroarentzat interesekoak diren proiektuen eta programen jarraipena egiteko.

d) Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoekin koordinatzea Espainiako eta nazioarteko erakundeekin hitzarmenak, akordioak eta protokoloak izenpetzeko, Nafarroako kanpo proiekzioa sendotzea helburu.

e) Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorreko zuzendaritza.

f) Kanpo Ekintzarako Nafarroako Kontseiluaren sorrera sustatzea.

g) Mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza harremanak bultzatzea eta koordinatzea.

h) Kanpoan dauden nafar taldeekiko harreman eta arreta politikaren plangintza.

i) Nafarroaren irudia sustatzea, haren sustapenarekin eta kanpo proiekzioarekin.

j) Indarra duten xedapenek Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari esleitzen dizkioten beste batzuk, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan, eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

2. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren menpe egonen da zuzenean Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorra, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasuneko Eskualdeetako Komitearen lanen jarraipena, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren sareena ere.

b) Europar Batasuneko erakundeek erabakiak hartzeko jarraitutako prozesuaren segimendua egitea eta erakunde horiek arauak sortzeko prozesuetan informazioa lortzea, Nafarroako Foru Komunitatearen interesei eragiten dien neurrian.

c) Europako seihilekoetan laguntzea, autonomia erkidegoek Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluan parte hartzeko akordioaren esparruan.

d) Espainiako Erreinuak Europar Batasunean duen ordezkaritza iraunkorrarekin eta Bruselan kokatuak dauden Espainiako beste autonomia erkidego batzuen bulegoekin edo beste estatu kide batzuetako antzeko entitateekin lankidetzan aritzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko sektore publiko eta pribatuarentzat aukerak bilatzen laguntzea enpresaren eta finantzen arloan.

f) Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren EBren programak eta aukerak zabaltzea eta sustatzea.

g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

9. artikulua. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua izanen du bere eginkizunak betetzeko.

2. ATALA

Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren
eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua

10. artikulua. Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuaren eginkizunak.

Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorrarekin harremana.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen interes sozioekonomikoen alde jardutea, Batasuneko ekintzek edo programek horiengan eragina badute.

c) Batasuneko politikei eta programei buruz informatzea eta aholku ematea.

d) Gobernuko departamentuei laguntza ematea eta 2021-2027 aldirako Nafarroako Foru Komunitatean gauza daitezkeen Europar Batasuneko Programa Eragileak idazten aktiboki parte hartzea.

e) Aholkularitzarako logistika zentroa den aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko entitate publiko eta pribatuentzako aholkularitza teknikoa ematea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, Europar Batasunaren erakundeekin edo nazioarteko beste erakunde batzuekin dituzten harremanetan.

g) Nafarroako Gobernuak Europako aferetarako duen departamentu arteko talde teknikoa koordinatzea.

h) Nafarroako Foru Komunitatea koordinatzea autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko gaietan parte hartzeko akordioetan, bereziki EBrekin zerikusia duten gaietarako konferentzian, autonomia-erkidegoek EBko Ministroen Kontseiluan parte hartzea eta komitologian parte hartzea.

i) Kanpo Ekintzarako Nafarroako Kontseiluaren jarduera koordinatzea.

j) Nafarroako entitateen (zentro teknologikoak, enpresak, unibertsitateak...) ikusgarritasuna eta posizionamendua indartzea kanpora begira.

k) Mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza-harremanak bultzatu eta koordinatzea, hala nola Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Pirinioetako Lan Elkartea, Periferiako eta Itsasoko Eskualdeen Konferentzia eta haren batzorde geografikoa, Arku Atlantikoa eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarritzat jo daitekeen beste edozein.

l) Nafarroako Kanpoko Herritarrentzako NEXT Estrategia garatu, bultzatu eta koordinatzea.

m) Kanpoan Nafarroaren eta Nafarroako komunitatearen arteko lotura babestea eta sustatzea, bai eta beste eskualde eta herrialde batzuetan ezarritako nafarren biltokiekin eta Nafarroan jarduten duten autonomia erkidegoetako etxeekin ere.

n) Nafarroaren kanpo irudiaren diseinuan parte hartzea eta Nafarroaren nortasuna kanpoan zabaltzea.

ñ) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

11. artikulua. Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuaren egitura.

Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atala.

b) Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Atala.

c) Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atala.

12. artikulua. Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalaren eginkizunak.

Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Plan sektorialekin koordinatzea eta Nafarroako Gobernuak finkatutako Eskualdeko Garapen Estrategia bultzatzen gehien lagun dezaketen proiektuak edo proiektu motak identifikatzea.

b) Programa eta deialdiei buruzko informazioa eta, orobat, Europako beste ekimen estrategikoei buruzko informazioa.

c) Informazio publikoko kanpainak egitea Nafarroan EBko ekimenen eta lehentasunen gainean.

d) Nafarroako Gobernuak Europako aferetarako duen departamentu arteko talde teknikoaren intraneta eguneratzea eta mantentzea.

e) EBko proiektuen erregistroa sortzea eta dinamizatzea, organismo bakoitzak oinarrizko informazioa sartu ahal izan dezan aurkeztu dituen edo esleitu dizkioten proiektuei buruz.

f) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

13. artikulua. Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Atalaren eginkizunak.

Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eskualde anitzeko lankidetza erakundeetan.

b) Nafarroako Gobernuari aholkularitza ematea eskualdeen arteko eta mugaz gaindiko ekintzari dagokionez.

c) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren eta Europar Batasuneko beste eskualde batzuetakoen arteko bat-etortze eta osagarritasun puntuak identifikatzea.

d) Europar Batasunaren deialdietara aurkeztutako Nafarroako proiektuen prestaketa, kudeaketa, koordinazioa, tramitazioa, kontrola eta jarraipena.

e) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

14. artikulua. Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalaren eginkizunak.

Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu ondoko arlo hauetan:

a) Beste eskualde eta herrialde batzuetan ezarrita dauden nafarren biltokiak eta Nafarroan ezarrita dauden erkidegoetako etxeak sustatzea.

b) Nafarroa kanpoan sustatzeko estrategiari laguntzea.

c) Nafarren biltokiak eta taldeak indartzen laguntzea, haien barne-kohesioa eta elkarte-ekintzen eraginkortasuna bultzatuz.

d) NEXT estrategiaren bidez, Nafarroaren eta kanpoan den nafar komunitatearen arteko loturak eta harremanak sustatu, koordinatu, ezarri eta areagotzea, batez ere arlo sozial, kultural eta ekonomikoan.

e) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

III. KAPITULUA

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

15. artikulua. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatzeko politikak sustatu eta koordinatzea, betiere giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarriturik.

b) Memoria Historikoari eta Memoria Hurbilari buruzko politika publikoak zehaztea.

c) Biktima guztientzako elkartasun, aintzatespen eta arretarako politikak garatzea.

d) Politika horiek garatzeko eta aplikatzeko bidea ematen duten proiektu, plan eta programak bultzatzea, horiek gauzatzean buru aritzea eta behar bezala betetzen direla kontrolatzea.

e) Gainerako departamentuekin eta entitate, elkarte eta erakunde publiko edo pribatuekin batera –bereziki, Nafarroako Parlamentuarekin– lan egin eta elkarri eragitea, helburu berak garatzeko.

f) Onesten ahal diren eta, gaia dela eta, zuzendaritza nagusiaren eskumenen arloari dagozkion dirulaguntzen deialdiak proposatu eta ebaztea.

g) Indarra duten xedapenek Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari esleitzen dizkioten beste batzuk, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan, eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

16. artikulua. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzua.

b) Nafarroako Memoriaren Institutua.

2. ATALA

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzua

17. artikulua. Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren eginkizunak.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Bakearen, normaltasunaren eta bizikidetza demokratikoaren aldeko plana prestatzea. Plan hori memoriaren kudeaketa integralaren ikuspuntutik sortuko da, eta, helburu politikoei begira indarkeria mota guztiak erabiltzeari uko egiteaz gain, bakea eta bizikidetza soziala eta politikoa ezartzen lagunduko du.

b) Bakearen aldeko politika, Egia, Memoria, Justizia eta biktima guztiei –inolako salbuespenik gabe– eragindako kaltea konpontzea oinarri dituena.

c) Terrorismoaren biktimak babestu eta aintzatestea, eta horiei kalte-ordainak ematea.

d) Motibazio politikoko ekintzen biktimak aintzatesteko eta horiei kalte-ordainak emateko prozesuak garatzea, apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legean aurreikusita baitaude.

e) Lankidetza harremanak izatea administrazio publiko, erakunde eta entitate sozialekin, biktimei laguntza integrala eta egokia emateko asmoz.

f) Indarkeriari eta haren ondorio sozialei buruzko ikerlan eta argitalpenak sustatzea.

g) Alde batetik, herritarren partaidetza eta, beste aldetik, giza eskubideekin eta bizikidetza demokratikoaren balioekin bat egiten duten elkarteen eta fundazioen lankidetza sustatzea.

h) Sentsibilizazio sozialeko eta prestakuntzako ekimenak bultzatzea, honako hauekiko errespetuan oinarritzen den bizikidetzaren aldeko kultura sustatu nahi dutenak: giza duintasuna, giza eskubideak, oinarri demokratikoak, biktimekiko elkartasuna eta gatazken konponbide baketsua.

i) Giza eskubideen urraketaren bat jasan duten biktimak aintzatesteko jardunaldiak antolatzea.

j) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

18. artikulua. Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren egitura.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Biktimen Arretarako Bulegoa.

b) Bizikidetza Atala

19. artikulua. Biktimen Arretarako Bulegoaren eginkizunak.

Biktimen Arretarako Bulegoak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

a) Biktimekiko elkartasuna eta horiek jendaurrean zein gizartean aintzatesteko lana sustatzea.

b) Biktimek egia jakiteko, justizia eskuratzeko eta jasandako kaltearen ordaina izateko dituzten eskubideak gauzatzen laguntzea.

c) Guneak bilatzea arlo honetan esku hartzen duten erakunde eta entitate sozial guztiekin batera lan egiteko.

d) Giza eskubideen urraketa jasan duten pertsona guztien errolda antolatzea.

e) Biktimei zuzeneko arreta ematea, haiei eskubideen eta, indarreko legeriaren arabera, eskura dituzten baliabideen berri emanez.

f) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

20. artikulua. Bizikidetza Atalaren eginkizunak.

Bizikidetza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

a) Terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak oroitzeko eta aintzat hartzeko jarduerak sustatzea udalen esparruan.

b) Ikastetxeekiko lankidetza bultzatzea ikasleak gaiotan prestatu eta hezteko: giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, gatazken konponbide baketsua eta bizikidetza.

c) Jarduketa lerro berariazkoak sustatzea gazteriaren, kulturaren eta hezkuntza ez formalaren esparruan, arlo horietan eskumena duten erakundeekin bat.

d) Laguntza eta bultzada ematea bizikidetzaren eta giza eskubideen defentsaren kultura sustatzeko hezkuntzako ekimenei eta ekimen sozialei.

e) Herritarrek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren arloan parte har dezatela sustatzea.

f) Sentsibilizazio sozioedukatiboko ekimenak bultzatzea indarkeriaren kontrako eta giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren balioen aldeko kontzientzia sozial kritikoa bizkortzeko.

g) Zikloak, ikastaroak, mintegiak edo kongresuak antolatzea, gizarte osoari informazioa emateko eta hausnarketa egiteko, gai honi buruz: motibazio politikoko indarkeria dela-eta giza eskubideen alorrean izandako urraketen larritasuna eta garrantzia.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

3. ATALA

Nafarroako Memoriaren Institutua

21. artikulua. Nafarroako Memoriaren Institutuaren eginkizunak.

Nafarroako Memoriaren Institutuak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren menpeko zerbitzu baten maila izanen du, eta foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

a) Memoriaren ondarea kontserbatzea Nafarroan, euskarri desberdinetan.

b) Erakunde publiko eta pribatuekin eta elkarteekin lankidetzan, memoria historikoari eta memoria hurbilari buruzko ikerketak sustatzea.

c) Memoria oinarri harturik, giza eskubideen balioa eta bakearen kultura sustatzea, batik bat geroko belaunaldiak aintzat harturik.

d) Nafarroako herritar guztiei ematea Nafarroako memoria demokratikoaren berri. Horri dagokionez, Nafarroako Memoriaren Institutuaren lana izanen da herritarrei ondare memorialistarako irispidea ematea Institutuak biltzen dituen zenbait tresnen bitartez: iturriak, bibliografia, ikus-entzunezko baliabideak eta beste edozein bitarteko.

e) Nafarroako Memoriaren Institutuaren helburu berekin lan egiten duten erakunde eta elkarte publiko eta pribatuekiko parte-hartze eta lankidetza sustatzea.

f) Errepresio frankistaren, terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aintzatespen eta ordain morala ematea, biktima bakoitzaren memoria bere testuinguru biktimologikoan aintzat hartuz.

g) Iragan hurbilean bakeari eta bizikidetzari egindako ekarpenagatik gogoratzeko modukoak diren gertakariak ospatzea edo pertsona edo taldeak omentzea, horretarako ekitaldi, argitalpen, jardunaldiak eta beste eginez.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

22. artikulua. Nafarroako Memoriaren Institutuaren egitura.

Nafarroako Memoriaren Institutuak atal hauek ditu:

a) Memoria Atala.

b) Dokumentazio Atala.

23. artikulua. Memoria Atalaren eginkizunak.

Memoria Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Hezkuntza jarduerak egitea, gehienbat datozen belaunaldiei begira, giza eskubideen balioa eta memorian oinarritutako bake kulturaren garrantzia nabarmentzeko.

b) Nafarroako Memoriaren Institutuaren helburu berekin lan egiten duten erakunde eta elkarte publiko eta pribatuekiko parte-hartze eta lankidetza ezarri eta haien funtzionamendua antolatzea.

c) Ahaideen elkarteekin eta elkarte memorialistekin koordinatuta, Nafarroan indarkeria frankistaren biktimak hobitik ateratzeko urteko planak diseinatzea.

d) 1936ko kolpe militarraren ondoren desagertutako pertsonen ahaideen laginak jasotzeaz arduratzen den DNA bankua koordinatzea, bai eta lurpetik ateratzen diren gorpuzkien laginak ere, Exhumazio Plana aplikatuz.

e) Errepresio frankistaren, terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aintzatespen eta ordain morala emateko jarduketak antolatzea, biktima bakoitzaren memoria bere testuinguru biktimologikoan aintzat hartuz.

f) Antolamenduan laguntzea, iragan hurbilean bakeari eta bizikidetzari egindako ekarpenagatik edo errespetuan, bakean eta giza eskubideetan oinarritutako kultura demokratikoaren aldeko lanagatik gogoratzeko modukoak diren gertakariak ospatzeko edo pertsona edo taldeak omentzeko ekitaldi, argitalpen, jardunaldiak-eta egiteko.

g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

24. artikulua. Dokumentazio Atalaren eginkizunak.

Dokumentazio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan:

a) Dokumentazioa eta testigantzak biltzeko programak garatzea, Nafarroako memoriaren ondarea euskarri desberdinetan kontserbatzeko.

b) Terrorismoaren biktimen testigantzak, bizipenak eta gogoetak argitara daitezen laguntzea.

c) Beste erakunde publiko eta pribatuekin batera eta elkarteekin lankidetzan, memoria historikoarekin eta memoria hurbilarekin zerikusia duten ikerlanak egiteko programa egitea urtero.

d) Ondare memorialista herritarrei hurbiltzeko zabalkuntza eta sentsibilizazio proiektuak egitea, erakusketen bidez eta jendearentzako ekimen irekien bidez, bide emanen baitute institutuak biltzen dituen iturriak, bibliografia, ikus-entzunezko tresna eta baliabideak eta bestelako bitartekoak ezagutarazteko.

e) Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuen Erregistroa koordinatzea eta bake eta bizikidetza gune gisa haien berri eman dadin bultzatzea.

f) Espazio publikoa demokratizatzera bideratutako jarduerak sustatzea, sinbologia frankista guztia behin betiko kenduz, dagoen legeria aplikatuz eta lotura horiek frogatzen dituzten txosten historikoak egin ondoren.

g) Iragan hurbilean bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako balioak sustatzen lagundu duten gertaerak oroitzeko argitalpenak, jardunaldiak etab. antolatzen laguntzea.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

IV. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

25. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atala.

c) Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Atala.

26. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Araubide Juridikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nahitaezko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta agintzen zaizkion bestelako txostenak ere.

b) Departamentuaren egintza eta xedapenen kontra jarritako administrazio errekurtsoen ebazpen proposamenak prestatzea.

c) Departamentuaren eskumeneko arau eta xedapenen proiektuak prestatzen eta haien gaineko txostenak egiten laguntzea.

d) Departamentuko organo tekniko eta administratiboei aholkularitza juridikoa ematea.

e) Departamentuari lotutako organoetako idazkaritzen eskumenak izan arren, esleitzen zaizkion eginkizunak betetzea.

f) Departamentua ukitzen duen eta Nafarroan aplikatu beharreko foru legeria, estatukoa zein Europar Batasunekoa, biltzea eta eguneratzea.

g) Arlo juridikoko funts bibliografikoak eratzea eta mantentze-lanez arduratzea.

h) Departamentuaren intereseko legedia, jurisprudentzia eta doktrina aztertu eta haien gaineko txostenak egitea.

i) Departamentuak eskualdeen arteko edo mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan parte hartzen duen organoetan laguntza juridikoa ematea.

j) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

27. artikulua. Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.

Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko zerbitzuek proposatzen dituzten espediente guztiak tramitatzea eta artxibatzea eta horien kontrol administratiboa egitea.

b) Departamentuari atxikitako giza baliabideen kudeaketa eta kontrola, eta haien egitura organikoaren segimendua.

c) Agiriak konpultsatzea.

d) Agirien sarrera-irteeren erregistroaz arduratzea.

e) Departamentuko aurrekontuen aurreproiektua egiten laguntzea eta lan hori koordinatzea.

f) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontua nola garatzen den kontrolatzea, eta zerbitzuei zein erabiltzaileei aldian-aldian informazioa ematea, erabakitzen den maiztasunarekin.

g) Klausula ekonomikoak dituzten espedienteak tramitatzen laguntzea, eskatzen denean.

h) Eskatzen zaizkion txostenak, azterlanak edo datuak prestatzea.

i) Ogasunak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuarekiko lankidetza.

j) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari laguntzea mugaz gaindiko edo eskualdeen arteko lankidetzaren arloan.

k) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

28. artikulua. Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Atalaren eginkizunak.

Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan:

a) Laguntza publikoei, kexei eta zehapen prozedurei, arau eta erregelamendu teknikoei eta Solvit sareari, barne merkatuaren informazio sistemari (MIS) eta halakoei buruzko Europar Batasuneko prozeduren gaineko kontrola, koordinazioa eta aholkularitza.

b) Estatuko Administrazioaren organo eskudunekin bitartekari lana egin eta elkarlanean aritzea, lehenago aipatutako arloen gainean, Europako erakundeen aurrean kudeatzeko.

c) Europar Batasunaren eremu juridiko eta jurisprudentzialaren barrenean, Europako erakundeetatik datorren dokumentazioaren segimendua eta sistematizazioa.

d) Nafarroako Gobernuaren erakunde-ordezkariei aholku teknikoak ematea, Eskualdeetako Lantaldean, Europar Batasunaren gaineko Aferetarako Konferentzian eta nazioez gaindiko edo nazioarteko beste edozein erakunde, batzorde eta instituziotan parte hartzearekin lotutako gaietan.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen diren arloen gaineko Europar Batasuneko zuzentarauen transposizio prozesuak sustatzea.

f) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Datu-babesa eta informazioaren segurtasuna.

Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Atalak beteko ditu informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak, hain zuzen ere zehazten direnak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan, segurtatu eta zaindu dadin betetzen dela informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia, barnean dela datu pertsonalen babesa; hori dena, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eremuan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Irisgarritasun unibertsala.

Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalak Departamentuaren jardueraren plangintza eta ebaluazioa koordinatuko ditu arlo hauetan: irisgarritasun unibertsala, eta departamentuko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasun ordezkatuaren ardura duen unitatearen eginkizunak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Genero ikuspegia.

Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalak aholkularitza eginkizunak beteko ditu departamentuaren jardueraren plangintzan, kudeaketan eta ebaluazioan genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeko.

Laugarren xedapen gehigarria.–Eskumenak deskontzentratzeko betebehar orokorrak.

Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean deskontzentratzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, galarazi gabe eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak indarrik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumen deskontzentrazioa, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Deskontzentrazioa.

Departamentuko Zuzendaritza Nagusietako titularrengan deskontzentratzen dira, bakoitzari dagokion eremuan, indarrean dagoen araudian kontratazioaren eta ondare erantzukizunaren arloan Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko titularrari esleitzen zaizkion administrazio eskudantzien titulartasuna eta egikaritza.

Seigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Berretsi egiten dira foru dekretu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten zerbitzuetako zuzendaritzen eta ataletako burutzen izendapenak, haiek egin zireneko baldintza berberetan betiere.

Era berean, honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

a) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusian, Europako Lurralde Lankidetzako Ataleko burua, Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzako Ataleko buru gisa.

b) Idazkaritza Tekniko Nagusian, Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Ataleko burua, Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko buru gisa.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Aritzeko baldintzak.

Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Ataleko burua prestasun osoko eta erabateko dedikazioko araubidean arituko da eta, beraz, horri dagokion osagarria jasoko du.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Unitateak bere horretan uztea.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Organo eta unitate administratiboak.

Foru dekretu honen bidez Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrari edo bere menpeko organoei esleitutako eginkizunei buruz indarreko beste arau batzuetan dauden aipamen guztiak foru dekretu honen bidez araututako organo eta unitateei dagozkiela ulertuko da.

Hamargarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuen aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.–Langileen birbanaketa.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko titularrari giza baliabideak esleitu eta bana ditzan foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1913766