220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

270/2019 FORU DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, aldatzen dituena.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak abuztuaren 6an emandako 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru Dekretu hori 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7koan.

Era berean, abuztuaren 14ko 93/2019 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 2015eko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 15ekoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua bere estatutuen bidez arautuko dela xedatuz.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren, bai eta ere egitura organikoa arautu.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura, estutuetan jasotakoa, aldatzea du xede foru dekretu honek, gaur egungo behar eta erronkei egokitzeko, geroan plantea litezkeen beharrezko aldaketak baztertu gabe.

Lehenik eta behin, eginkizunei dagokienez, beste funtzio bat sartzen da Eriari Laguntza emateko Zuzendaritzan, ondare-erantzukizuneko prozedurak izapidetzean Araubide Juridikoaren Zerbitzuarekin lankidetzan aritzeari buruzkoa, hala eskatzen zaionean, murrizteko gaur egun kanpo-aholkularitzarekiko dagoen mendekotasuna, praktika medikoaren balorazioari dagokionez.

Egiturari dagokionez, Farmazia Zuzendariordetzaren barruan Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzua sortzen da. 2015ean, Zuzendariordetzan ez zen egitura berririk sortu, eta egitura hori ez zen nahikoa esleitu zitzaizkion eginkizunak betetzeko. Zehazki, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osorako erosketa zentralizatuen funtzioak eta egoitza publikoetarako banaketa eta arreta farmazeutikoak, farmazia prestazioa kudeatzeko zerbitzuko baliabide asko bereganatu dituzte.

Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzu berria sortzearen helburua da argiki bereiztea (eta horrela, baliabideak behar bezala berresleitu ahal izatea), besteak beste, farmazia prestazioaren kudeaketa eta ezagutzaren kudeaketa eta, horrekin batera, preskriptoreari aholkularitza farmakoterapeutikoa ematea, informazio terapeutikoa, preskripziorako laguntza sistemak, medikamentuen erabileraren adierazleak definitzea, tratamenduak berrikustea, buletinak prestatzea, lantaldeetan eta protokoloetan parte hartzea, orain jada Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eremu osorako, eta ez soilik Oinarrizko Osasun Laguntzarako.

Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetza, osasun arloko informazio sistemen behar funtzionalak eta eskakizunak definitzeko, bai eta sistema horien garapena bultzatzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko ere.

Zuzendariordetza eta hura osatzen duten unitateak izanen dira gainerako unitateekin eta Osasun Departamentuko langileekin komunikatzeko bide bakarra, behar informatikoei erantzuteko. Era berean, beste departamentu batzuen eta Osasun Departamentuaren arteko komunikazio bide bakarra izanen da behar teknologikoei buruzko informazioari dagokionez. Osasun Departamentuan administrazio elektronikoa ezartzeko prozesuan aholkuak eta laguntza emanen ditu, eta Osasun Departamentuaren eremuan informazioaren segurtasunaren arloko politikak eta gidalerroak proposatu, landu, eguneratu eta kontrolatuko ditu, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin eta datuen babeserako ordezkariarekin koordinatuta.

Era berean, emaitzak ebaluatzeko sistema autonomo eta integrala garatuko du, Osasun Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ezarritako behar funtzionalen araberakoa, adierazleak ezartzean koherentzia estrategikoa ziurtatzeko, eta emaitzen ebaluazioa eta zabalkunde publikoa egiteko bide emateko. Halaber, historia kliniko elektronikoari lotutako erabaki klinikoak hartzen laguntzeko sistemak garatuko ditu, eta zerbitzuak eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzei buruzko osasun informazioko sistemak mantenduko ditu, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritzarekin koordinatuta.

Azkenik, Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetza eta Hil ala Biziko Larrialdietarako Arretaren Zuzendaritza Teknikoa sortu dira, Osasun Departamentuak larrialdien arloan dituen erronka nagusiei erantzuteko, hala nola landa-eremuan etengabeko arreta eta larrialdiko arreta berrantolatzea, eskualdeko larrialdietako zerbitzuak garatuz eta Nafarroa osoan larrialdietako laguntza mapa definituz; Iruñerriko larrialdietako zerbitzua finkatzea; eta denboraren mendeko larrialdiei erantzuteko estrategia garatzea, prozeduren detekzioa, alerta eta funtzionamendua hobetzeko, herritarrak, estamentu ez-sanitarioak eta, azkenik, osasun-baliabide guztiak inplikatuz: oinarrizko osasun laguntzako eta larrialdietako zerbitzuak, osasun garraio publiko eta itundua, ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzuak eta ospitaleak.

Ezinbestekoa da Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren mende Larrialdietako Zuzendariordetza bat sortzea, eskualdeko larrialdietako zerbitzuen garapenari aurre egiteko behar besteko mailarekin, Nafarroako Foru Komunitate osoan eskumenak izanen dituena, denboraren mendeko larrialdietako zuzendaritza teknikoko eginkizunak izanen dituena Nafarroa osoan, osasunekoak ez diren elementuak asko direlako, eta osasunekoak direnen barruan baita ospitalez kanpoko eremua ere badagoelako. Denboraren mendeko larrialdien arretaren zuzendaritza teknikoa ere bere gain hartuko du Nafarroa osoan.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 30eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak aldatu dira eta honela geldituko dira idatzita:

Bat. 25 A)5. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

“5. Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetza”.

Bi. 29. artikuluko ñ) letra aldatzen da. Hona testu berria:

“ñ) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea ondare-erantzukizuneko prozedurak izapidetzen, konplexutasuna dela-eta ikuskapen medikoaren edo zuzendaritza honetako unitate organikoei atxikitako beste edozein langileren aholkularitza eta esku-hartzea behar dutenean, zerbitzu horrek eskatuta”.

Hiru. b) letra erantsi zaio 30. artikuluaren 2. apartatuari, eta honela dio:

“b) Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzua”.

Lau. 37. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzua Farmazia Zuzendariordetzaren mende egonen da eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

"a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erakunde publiko edo pribatuekin sinatzen dituen prestazio farmazeutikoaren eta produktu dietoterapikoen arloko itunen jarraipena eta kontrola bere gain hartzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ospitalez kanpoko farmazia prestazioak kudeatzea.

c) Farmaziako prestazioa kudeatzeko beharrezkoa den Informazio Farmazeutikoko Sistema kudeatzea eta mantentzea, bai eta ere erabiltzailearekin koordainketak eta laguntzak izapidetzeko beharrezkoak diren aplikazioak.

d) Errezeta elektronikoaren diseinu funtzionala eta kudeaketa, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta.

e) Itundutako zentro soziosanitarioetan farmazia arretaren kontrola eta ebaluazioa bere gain hartzea.

f) Arreta farmazeutikoa kudeatzea eta ebaluatzea titulartasun publikoko zentro soziosanitarioetan eta sistemari lotutako zentro guztietan.

g) Atzerriko medikamentuen banaketa kudeatzea, Ospitaleko Farmazia Zerbitzuekin koordinatuta.

h) Farmaziako prestazioekin lotutako gaietan erabiltzaileek aurkezten dituzten eskaerak eta erreklamazioak ebaztea.

i) Aurrekoekin loturik, Farmazia Zuzendariordetzak agintzen dizkionak”.

Bost. 37. bis. artikulua gehituko da. Honako testua izanen du:

“37. bis. artikulua. Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuaren eginkizunak.

Farmazia Zuzendariordetzari atxikiriko Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuak ondoko eginkizunak beteko ditu:

a) Aholku ematea zuzendaritzako langileei,profesionalei, osasuneko langileei eta herritarrei medikamentuen erabilera arrazional, eraginkor eta seguruari begira.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako eta zentro itunduetako profesionalen preskripzio farmakologikoaren kalitatea monitorizatu eta ebaluatzea.

c) Aholkularitza eta lankidetza Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzarekin, farmakoterapian erabakiak hartzen laguntzeko sistema informatikoak ezartzeko.

d) Farmakoterapian koordinazioa sustatzea osasuneko egituren eta maila asistentzialen artean.

e) Farmakoterapiari buruzko batzorde eta lantaldeetan parte hartzea.

f) Paziente polimedikatuen eta premia handiena dutenen farmakoterapiaren optimizazioa bultzatzea, tratamenduaren berrikuspena babestuz eta trantsizio asistentzialetan medikazioa uztartuz.

g) Jarduketak farmakozaintzaren alorrean ezarritakoari egokitzea.

h) Osasunaren arloko profesionalentzako prestakuntza jarduerak, medikamentuak zentzuz erabiltzearen arlokoak, sustatzea eta horietan laguntzea.

i) Ebaluatzea praktika klinikoan medikamentuen erabilerak izandako emaitzak eta famakoterapiaren alorreko programak eta jarduketak

j) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat interes estrategikoa duten botiken erabilerari eta osasunean izandako emaitzei buruzko ikerketa eta parte-hartzea sustatzea, eta botikekin egiten diren ikerketa proiektuen balorazioan parte hartzea.

k) Aurrekoekin loturik, Farmazia Zuzendariordetzak agintzen dizkionak."

Sei. V. kapituluko 54. bis. eta 54. ter. artikuluak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

"V. KAPITULUA

Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetza

54. artikulua. Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzaren eginkizunak.

Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren menpe jarduten du zuzenean, eta eginkizun hauek beteko ditu:

a) Osasuneko informazio sistemen behar funtzionalak eta eskakizunak zehaztea, bai eta horien garapena sustatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea ere.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak informatika eta telekomunikazioen arloko ekipamendu eta materialetan dituen behar funtzionalak eta eskakizunak zehaztea.

c) Historia kliniko integratua (ANDIA) garatzea, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak ezarritako lehentasunei jarraikiz.

d) Emaitzak ebaluatzeko sistema autonomo eta integrala garatzea, Osasun Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ezarritako behar funtzionalen araberakoa, adierazleak ezartzean koherentzia estrategikoa ziurtatzeko, eta emaitzen ebaluazioa eta zabalkunde publikoa egiteko bide emateko.

e) Erabaki klinikoak hartzen laguntzeko sistemak sortu eta garatzea, historia kliniko elektronikoarekin lotutakoak.

f) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari proposatzea osasun informazioko sistemen arloko aurrekontuak eta beharren lehentasunak.

g) Osasuneko informazio sistemak mantentzea –zerbitzuetan sartzeari eta haiek erabiltzeari dagokienez–, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta.

h) Osasun informazioko sistemen erabiltzaileei sostengu tekniko, funtzional eta legala bermatzea.

i) Informazioaren segurtasunaren arloko politika eta jarraibideak proposatu, prestatu, eguneratu eta kontrolatzea Osasun Departamentuaren esparruan, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin eta datuen babeserako ordezkariarekin koordinatuz.

j) Lankidetza Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin eta datuak babesteko ordezkariarekin, informazio sistemen segurtasun intzidente eta arrailak kudeatzeko, erantzun erreaktiboak emanez.

k) Barne auditoriak egitea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren informazio sistemen segurtasuna egiaztatzeko, baita Osasun Departamentuan ere.

l) Osasun Departamentuaren erreferente gisa jardutea Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekiko harreman ereduan, eta Osasun Departamentuaren solaskide bakarra izatea Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiko kontuaren arduradunarekin. Osasun Negozioaren arduradunak izendatzeaz ere bera arduratuko da.

m) Hornidura eta Azpiegitura Unitateei laguntzea, gainbegiratzea eta aholkatzea zeinahi motatako produktu informatikoa barne hartzen duen ekipamendu sanitarioa eskuratzeko pleguak egiteko orduan.

n) Osasun Unitateak aholkatzea eta ikuskatzea, produktu eta zerbitzu informatikoen eskaerei dagokienez.

ñ) Osasun Departamentuan administrazio elektronikoa ezartzeko prozesuan aholkuak eta laguntza ematea.

o) Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin batera, kanpoko eragileekin harremanetan jartzeko ereduak sortzea, hala nola unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta abarrekin, Osasun Departamentuan ezartzeko produktu informatikoak garatzeko.

p) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan erregistro klinikoen sorrera aholkatzea, koordinatzea eta sostengu teknikoa eta legezkoa ematea.

q) Osasun Departamentutik kanpoko itunpeko zentroek osasun informazioko sistemen beharrei erantzuteko irtenbide egokienak diseinatzea eta ezartzea.

r) Espainiako eta/edo nazioarteko erakundeekin hitz egitea, beren proiektuen informazio sistemen eskariak jaso eta koordinatzeko, eta, beharrezkoa izanez gero, eskatutako irtenbide informatikoak ezartzeko.

s) Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiarekin batera, irtenbide informatikoak ematen dituzten enpresen solaskide izatea.

t) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak berariaz agintzen dizkion gainerakoak.

2. Zuzendariordetza eta hura osatzen duten unitateak izanen dira gainerako unitateekin eta Osasun Departamentuko langileekin komunikatzeko bide bakarra, behar informatikoei erantzuteko. Era berean, beste departamentu batzuen eta Osasun Departamentuaren arteko komunikazio bide bakarra izanen da behar teknologikoei buruzko informazioari dagokionez.

3. Horrekin batera, Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzak osasun informazioko sistemen arloko laguntza teknikoa eta funtzionala emanen die Osasun Departamentuari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

54. bis. artikulua. Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzak unitate organiko hau du bere egituran:

–Osasun Emaitzak Ebaluatu eta Zabaltzeko Zerbitzua.

54. ter. artikulua. Osasun Emaitzak Ebaluatu eta Zabaltzeko Zerbitzuaren eginkizunak.

Osasun Emaitzak Ebaluatu eta Zabaltzeko Zerbitzua Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzaren mende egonen da zuzenean, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Emaitzak ebaluatzeko sistema autonomo eta integrala garatzea, Osasun Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ezarritako behar funtzionalen araberakoa, adierazleak ezartzean koherentzia estrategikoa ziurtatzeko, eta emaitzen ebaluazioa eta zabalkunde publikoa egiteko bide emateko.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren gaitasuna, jarduera eta emaitzak ezagutzeko datu-base integratuak sortzea eta mantentzea.

c) Ekipamendu eta material informatikoaren eta telekomunikazioen behar funtzionalak eta eskakizunak definitzea, osasun arloko emaitzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesional guztiei zabalduko zaizkiela bermatzeko.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aginteko goi mailako langile guztien koherentzia bermatzea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtsezko adierazleak behar bezala definitzen, eraikitzen, erabiltzen eta zabaltzen direla ziurtatzea.

f) Emaitzak ebaluatzeko proiektuen informazio eta jarraipen eskaria kudeatzea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Emaitzen Ebaluazioari buruzko prestakuntza kudeatzea.

g) Datuen kalitatea bermatzea eta datuen gobernuaz arduratzea, koherentzia eta baliozkotasuna ziurtatzeko.

h) Datu meatzaritzako eta iragarpen ereduetako teknikak prestatzea, beste erakunde batzuekin lankidetzan hartutako erabakiek zer ondorio izanen lituzketen jakiteko, hain zuzen ere, osasun arloko emaitzak aztertzen laguntzeko.

i) Inteligentzia artifizialeko sistemak garatzea, herritarrei osasun arreta eraginkorragoa emateko.

j) Osasun Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak lehenetsitako erregistro klinikoak garatzea”.

Zazpi. 57. artikuluko 5. puntuko a) letra aldatzen da. Hona testu berria:

“5. Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetza eta Hil ala Biziko Larrialdiei Arreta emateko Zuzendaritza Teknikoa”.

Zortzi. 61. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

“61. artikulua. Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetza eta Hil ala Biziko Larrialdiei Arreta emateko Zuzendaritza Teknikoaren eginkizunak.

1. Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetza eta Hil ala Biziko Larrialdietarako Arretako Zuzendaritza Teknikoak Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren mende jardunen du zuzenean, eta herritarrek behar dituzten ospitalez kanpoko larrialdietan arreta emateko eskuragarri dauden giza baliabideak eta baliabide materialak integratuko ditu.

2. Zuzendariordetza horren mende egonen dira, organikoki, Iruñerriko Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuko langileak, Tafallako Larrialdietako Zerbitzu Arrunteko eta Tafallako eskualdeko larrialdietako zerbitzuko ospitalez kanpoko larrialdietako langileak, 112 larrialdiak koordinatzeko zentroan zerbitzuak ematen dituzten osasun langileak eta Iruñerriko bizi euskarri aurreratuko anbulantzietako osasun-langileak.

3. Koordinazio funtzionala: Tutera eta Lizarrako ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzuak, Tuterako eta Lizarrako bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak, Nafarroako Gobernuaren ECl helikoptero medikalizatua eta Nafarroa osoko oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziak, itunpekoak zein publikoak.

4. Koordinazio funtzionala, aldi baterako eta denboraren mendeko larrialdietarako laguntzari dagokionez, antolatzen diren eskualdeko larrialdietako etorkizuneko zerbitzuei dagokienez, bai eta lehen mailako arretako taldeei eta landa-larrialdietako zerbitzuei dagokienez ere, denboraren mendeko larrialdietan egiten dituzten esku-hartzeetan.

5. Osasun Departamentuak erabakitzen duen neurrian, Nafarroako etengabeko eta premiazko arretaren plangintzan parte hartzea.

6. Beharrezko neurriak proposatzea denboraren mendeko larrialdietako arreta hobetzeko, barne hartuz Osasun Departamentukoak ez diren baina hil ala biziko larrialdietan esku har dezaketen erakunde eta kolektiboekin lotutako jarduerak, hala nola:

–Segurtasun-indar eta -kidegoetako kideak, sorosleak eta monitoreak.

–Hezitzaileak, ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako irakasleak.

–Hedabideak.

7. Osasun Departamentuaren ordezkaritza, hil ala biziko larrialdiari buruzko foro teknikoetan."

Bederatzi. Kentzen da bosgarren xedapen gehigarria. Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzuko maila apalagoko atalen eta unitateen egitura.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Osasun Zuzendaritza Nagusiko Ebaluazioaren eta Emaitzen Atala

Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako Ebaluazioaren eta Emaitzen Atalari atxikitako langileak Osasun Emaitzak Ebaluatu eta Zabaltzeko Zerbitzuari atxikiko zaizkio.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateen amortizazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak aldatzen dituen Foru Dekretu hau onartzeak berekin dakar ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzua amortizatzea, Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzak eta Bizitza Larrialdietarako Arretako Zuzendaritza Teknikoa sortzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Unitateak bere horretan uztea.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, zerbitzuarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behineko egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena eman zaio Osasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F1913765