220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

269/2019 FORU DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7koan.

Era berean, abuztuaren 14ko 93/2019 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 15ekoan.

Foru dekretu honen helburua, beraz, Osasun Departamentuaren egitura organiko berria finkatu eta garatzea da.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko urriaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Osasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Osasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: osasun publikoa, lan osasuna, osasun laguntza eta osasuna babesteari buruzko eskubideak bermatzea; eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak.

2. artikulua. Osasun Departamentuko titularra.

1. Osasun Departamentuko titularrak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Era berean, Osasun Departamentuko titularrari dagokio kide anitzeko organo hauetako buru izatea:

–Nafarroako Osasun Kontseilua.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Gobernu Kontseilua.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gobernu Kontseilua.

3. Osasun Departamentuko titularrari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean Departamentuko titularraren mende.

3. artikulua. Osasun Departamentuaren antolaketa orokorra.

1. Osasun Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere egituran:

a) Osasun Zuzendaritza Nagusia.

b) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoak Osasun Departamentuari atxikita egonen dira, eta beren estatutuen bidez arautuko dira. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikita egonen da.

3. Miguel Servet Fundazioa, bere estatutuen bidez arautuko dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari sostengu zientifiko eta teknikoa emateko erakundea da, osasun arloko ikerketa eta berrikuntza sustatu, bultzatu eta garatzeko, ezagutza sortu eta hedatzeko eta prestakuntza jardueretan laguntzeko.

4. artikulua. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren eskudantziak.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak, departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, horrez gain, indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Osasun Departamentuko titularrak haren esku uzten duen beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Osasuneko Idazkaritza Nagusi Teknikoari dagokio, foru dekretu honen 1. artikuluan definitutako eskumen esparruari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako eskumenak baliatzea, atxikia dagoen departamentuko titularraren goi zuzendaritzapean. Era berean, Idazkaritza Nagusi Teknikoak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskumenak dagozkio, bai eta indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten edo Osasun Departamentuko titularrak agintzen dizkion beste guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

Era berean, Idazkaritza Tekniko nagusiaren ardura izanen da genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzea Eskubide Sozialetako Departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

Horietaz gainera, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eskudantzia hauek izanen ditu:

–Laguntza juridikoa behar duten kide anitzeko organoen eta batzordeen idazkaritza lana egitea, arauetan ezarritako moduan.

–Bide judizial zibilaren edo lan arlokoaren aurreko errekurtso administratiboei eta erreklamazioei buruzko txostenak egitea.

–Osasun izaerako fundazioen gaineko babesletzarekin zerikusia duten eginkizun juridikoak betetzea.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru material eta funtzionalean, eginkizun hauek izanen dituzte: beren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz esleitzen dizkietenak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalei dagozkie, departamentuko goragoko organoek zuzendurik, kasuan kasuko esparru materialean, mendeko dituzten bulego edo unitateen jarduerak bete, haiei buruz txostenak eman eta proposatzeko eginkizunak, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzekoak, eta departamentuko organo eskudunek esleitzen dizkietenak.

II. KAPITULUA

Osasun Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Osasun Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

a) Bere eskumenen esparruan osasun agintea erabiltzea eta, norbanakoaren eta ororen osasunari doakionean, esku-hartze publikoko eginkizunak betetzea.

b) Plangintza eta ebaluazio estrategikoa. Osasun Plana, Osasun Departamentuaren Plan Estrategikoa eta izaera estrategikoa duten laguntza planak prestatzea.

c) Osasun baliabideen lurralde plangintza egitea.

d) Departamentuari atxikitako erakunde autonomoak eta Miguel Servet Fundazioa gainbegiratu eta kontrolatzea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin helburuen araberako kudeaketa-itunak proposatu, kontrolatu eta ebaluatzea, baita Miguel Servet Fundazioarekiko eginkizun esleipena ere.

f) Osasun laguntza beste entitate pribatu eta publiko batzuekin ituntzeko politika orokorra ezartzea.

g) Osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea aitortzea eta Osasun Prestazio Publikoen Katalogoa baliatzeko baldintzak kontrolatzea. Herritarren eskubideei eta osasun prestazioei dagokienez, herritarren arteko aukera-berdintasuna.

h) Nafarroako Gobernuak edo Osasun Departamentuak neurri mediko prebentiboen arloan ezartzen dituen osasun programa eta prestazioak.

i) Herritarrek eta entitate publiko nahiz pribatuek osasunari dagokionez dituzten eskubideak eta betebeharrak bermatu eta zaintzeko sistemak garatzea.

j) Gizarteak eta profesionalek Osasun Sistema Publikoan parte hartzeko bideak garatzea.

k) Osasun arloko herritartasunaren, gardentasunaren eta gobernu onaren arloko politikak bultzatzea.

l) Pazientearen segurtasunerako politikak eta osasun zentro eta zerbitzuetako prestazioen kalitatea.

m) Osasun zentroak, zerbitzuak, establezimenduak eta jarduerak –publikoak nahiz pribatuak– baimentzea, erregistratzea, egiaztatzea eta ikuskatzea.

n) Osasunaren zainketa, eta esku-hartze publikoa osasunaren gainean eragina duten zentro eta jarduera publiko nahiz pribatuetan.

ñ) Medikamentuen, produktu sanitarioen eta parekoen arloko jarduerak, zentroak, zerbitzuak, establezimenduak eta programak, barne hartuta publizitatea, saiakuntza klinikoak eta farmakozaintza.

o) Hileta-osasuna.

p) Teknologia sanitarioak ebaluatu eta haien emaitzak eta gomendioak zabaldu eta jarraitzea.

q) Toki entitateek osasun arloko udal eskumenetan jardutean, haiekin elkarlanean aritu eta, hala behar izanez gero, subsidiarioki esku hartzea.

r) Osasunaren arloan esku hartzea. Departamentuen arteko koordinazioa, baita osasun arloan diharduten erakundeekin eta entitate publiko eta pribatuekin ere.

s) Transplante, odol, organo eta ehun zentroak baimentzea eta kontrolatzea.

t) Nafarroan egiten diren organo transplanteen koordinazioarekin lotura duten eginkizunei elkarlana eskaintzea eta laguntza ematea.

u) Osasun arloko informazio eta inteligentzia sistemen plangintza estrategikoa egitea eta Emaitzen eta Kontu-ematearen Behatokia garatzea.

v) Prestakuntzaren eta ikerketaren arloko, eta oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak, hitzarmenak eta dirulaguntzak deitzea, ematea eta kudeatzea.

w) Osasun Zientzietako etengabeko prestakuntza planak, eta jarduerak, programak eta ikastetxeak egiaztatzea.

x) Graduaurreko, graduondoko eta espezializazioko prestakuntza, osasun sare publikoa erabiliko duten beste irakaskuntza-instituzio batzuekin koordinaturik.

y) Beharrak planifikatzea eta lanbide-gaitasunak egiaztatu eta ebaluatzeko sistemen garapena.

z) Ezagutzaren kudeaketa, argitalpenen edizioa, Osasun Zientzien Liburutegia eta informazio zientifikoaren beste iturri batzuk, Osasun Sistema Publikoan ebidentzia zientifikoa, berrikuntza eta jardunbide egokienak sustatzeko.

aa) Osasun zientzien arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza, baimena ematea halakorik behar duten proiektuei eta erakundeekin eta entitateekin elkarlanean aritzea ikerketaren arloan.

ab) Ordenamendu juridikoak Osasun Departamentuari esleitzen dizkion gainerako guztiak.

9. artikulua. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Osasun Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzua.

b) Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.

2. Laguntza Soziosanitarioko Planaren arduradunak bere araudiaren ondoriozko lotura izanen du Osasun Zuzendaritza Nagusiarekin.

2. ATALA

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzua

10. artikulua. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak dituen eskumenen esparru materiala.

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun arloko herritartasuna bultzatzea, bai eta gardentasunaren eta gobernu onaren arloko politikak ere.

b) Aurretiazko Borondateen Erregistroaren kudeaketa.

c) Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiari sostengua eta babesa ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko kontsulta-organo gisa.

d) Gizarteak eta profesionalek Osasun Sistema Publikoan parte hartzeko bideak garatzea.

e) Ondokoak antolatu, ikuskatu, ebaluatu, egiaztatu eta baimentzea, eta haien informazio-sistemak: zentroak, zerbitzuak, establezimenduak, osasun jarduerak, medikamentuak, osasun produktuak eta antzekoak, bai eta hilotzen gaineko osasun neurriak eta farmakozaintza ere.

f) Osasun jarduera, medikamentu, osasun produktu eta antzekoen gaineko publizitatea.

g) Osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea aitortzea.

h) Departamentuen arteko koordinazioa egitea, bai eta xede sanitarioa duten elkarte eta erakunde publiko edo pribatuen jarduerak koordinatzea ere, eta gobernuz kanpoko erakundeenak ere, osasunaren sustapenerako edo/eta autolaguntzarako programak egiten badituzte.

i) Nafarroan egiten diren organo transplanteen koordinazioarekin lotura duten eginkizunei elkarlana eskaintzea eta laguntza ematea.

j) Farmakozaintza Zentroko zuzendaritza.

k) Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun.

11. artikulua. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuaren egitura.

Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atala.

b) Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atala.

c) Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atala.

12. artikulua. Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea aitortzeari eta osasun laguntza emateko hitzarmen bereziak izapidetzeari dagokienez. Hitzarmen horiek aukera ematen dute Espainiako Osasun Sistemaren aseguratu edo onuradun ez diren pertsonak laguntza-estalduran sartzeko.

Era berean, prebentzioko, osasunaren sustapeneko eta autolaguntzako jarduerak egiten dituzten elkarteekiko harremanei buruzko eginkizunak garatuko ditu.

Bestalde, Aurretiazko Borondateen Erregistroaren kudeaketari eta Osasun Sistema Publikoan parte-hartze sozial eta profesionala garatzeari buruzko eginkizunak beteko ditu.

Indarrean den ordenamenduak ezartzen duen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun ere beteko du.

13. artikulua. Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atalaren eskumenen esparru materiala.

1. Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atalak foru dekretu honek jarraian adierazten diren arloetan ezarritako eginkizunak izanen ditu: entitate publiko zein pribatuen osasun zentroak, zerbitzuak, establezimenduak eta jarduerak, osasunari eta prestazio sanitarioei dagokienez; publizitate sanitarioa kontrolatzea; herritarren eskubideak eta segurtasun arauak betetzen direla ikuskatzea; eta hilotzen gaineko osasun neurriak.

Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun ere beteko du.

2. Organoen transplanteen koordinazioaren gaineko eginkizunei dagokienez, Osasun Departamentuko titularrak esleitzen ahalko dizkie ataleko langileei edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitakoei, dagokion foru agindua onetsita.

14. artikulua. Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, farmaziako zentro, zerbitzu eta establezimendu publiko eta pribatuei eta osasun produktuei dagokienez, bai eta medikamentuen, osasun-produktuen, produktu kosmetikoen eta norberaren zaintzaren arloan ere, ondokoaren arabera:

a) Farmazia zerbitzuak eta establezimendu sanitarioak antolatzea, ikuskatzea, baimentzea, egiaztatzea eta informazio-sistemak ezartzea.

b) Gizakientzako eta albaitaritzarako medikamentuak banatzen dituzten erakundeak, osasun produktuen fabrikatzaileak eta banatzaileak antolatzea, ikuskatzea eta baimentzea, eta farmazia laborategiak ikuskatzea eta kontrolatzea.

c) Medikamentuen, osasun produktuen, produktu kosmetikoen eta norberaren zaintzarako produktuen merkatua ikuskatzea eta kontrolatzea.

d) Medikamentuen, osasun produktuen eta produktu kosmetikoen arloan jardunbide egokiak betetzen direla egiaztatzeko ikuskapena.

e) Osasun-produktuak zaintzea eta kosmetozaintza. Osasun produktuekin eta produktu kosmetikoekin lotutako kontrako intzidenteen jakinarazpenak kudeatzea.

f) Medikamentuen segurtasunarekin, kalitatearekin, hornidura arazoekin edo bestelakoekin lotutako farmazia alertak kudeatzea eta zabaltzea, bai eta osasun produktuekin, produktu kosmetikoekin eta norberaren zainketarekin lotutakoak ere.

g) Establezimendu sanitarioen, medikamentuen eta osasun produktuen publizitatea kontrolatzea eta, hala badagokio, baimentzea.

h) Zentro, Zerbitzu eta Establezimendu Sanitarioen Erregistro Ofiziala kudeatzea, farmazia zerbitzuei eta establezimendu sanitarioei dagokienez, bai eta Osasuneko Profesionalen Erregistro Ofiziala ere, zerbitzu eta establezimendu horiei dagokienez.

i) Etengabeko farmazia arreta programatzea eta jarraipena egitea.

j) Nafarroako Farmakozaintza Zentroa. Medikamentuen kontrako erreakzioen susmoen jakinarazpenak, segurtasun seinaleen detekzioak eta medikamentuen segurtasunarekin lotutako beste funtzio batzuk kudeatzea.

k) Herritarren eta erakunde publiko eta pribatuen eskubideak eta betebeharrak babestea, farmazia zerbitzuei eta establezimendu sanitarioei dagokienez, bai eta medikamentuekin, osasun produktuekin eta produktu kosmetikoekin lotutako edozein jarduerari dagokionez ere.

l) Atalaren kalitatea bermatzeko sistema kudeatzea eta mantentzea.

m) Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua

15. artikulua. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

1. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun sistema publikoko zentroen eta eremuen prestakuntza plan koordinatuaren plangintza estrategikoa.

b) Osasun esperientzien zentroa kudeatzea eta koordinatzea, osasun kultura segurua, gizatiarra eta pazientearengan zentratua sustatzeko.

c) Osasun Departamentuaren etengabeko prestakuntzako irakaskuntza-plana planifikatzea, kudeatzea eta ebaluatzea.

d) Osasun prestakuntzaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.

e) Osasuneko lanbideen jarduerak, programak eta etengabeko prestakuntzako zentroak egiaztatze arloan indarra duten legeek Nafarroako Foru Komunitateari ematen dizkioten eskumenak bere gain hartzea, Nafarroako Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak eskatzen duen laguntza emanez.

f) Osasun zientzietako prestakuntza espezializatuaren arloan, indarra duten legeek Nafarroako Foru Komunitateari ematen dizkioten eskumenak bere gain hartzea. Prestakuntza espezializatuko zentroen, unitateen eta postuen plangintza; egiaztapen eskaeren txostena eta izapidetzea; irakaskuntza batzordeekin eta ikastetxe egiaztatuekin koordinatzea.

g) Osasun Departamentuaren mendeko osasun antolamenduen lankidetza sustatzea eta koordinatzea, unibertsitateko gradu eta graduondoko irakaskuntza praktikoan eta osasun arloko heziketa zikloetan (lanbide heziketa).

h) Unibertsitateekin eta beste irakaskuntza erakunde batzuekin irakaskuntza praktikorako lankidetza-hitzarmenak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.

i) Lanbide gaitasunak egiaztatzeko sistemak garatzea eta osasuneko langileen etorkizuneko beharrei buruzko plangintza egitea.

j) Osasunaren, Kontsumoaren eta Gizarte Ongizatearen Ministerioarekin koordinatzea prestakuntza eta osasun lanbideen garapena.

k) Osasun ikerketa eta berrikuntzaren arloko estrategiak lantzea eta ezartzea, eta horien jarraipena egiteko helburuak eta adierazleak ezartzea.

l) Osasunera bideraturiko ikerketa eta berrikuntza azpiegiturak, Nafarroako Ikerketa Sanitarioko Institutua (Idisna) eta ikerketa eta berrikuntza sanitarioarekin lotutako beste egitura batzuk funtzionalki antolatu eta koordinatzea.

m) Osasunaren arloko ikerketaren kultura sustatzea, bai eta ikertzaileen prestakuntza eta gaikuntza ere.

n) Departamentuari atxikitako Medikamentuen Ikerketaren Etika Batzordearen (CEIm) funtzionamendu egokia bermatzea.

ñ) Ikerketa biomedikorako laguntzak kudeatzea eta Osasun Departamentuaren berariazko baimena behar duten proiektuak ebaluatzea.

o) Berrikuntza helburuak eta ildoak definitzea eta berrikuntza esperientziak sustatzea eta ebaluatzea, I+G+b arloko Espainiako eta nazioarteko planekin koordinatuta.

p) Miguel Servet Fundazioarekin lankidetzan, osasun zientzietako ikerketa eta berrikuntza helburuak eta ildoak ezartzea, eta ikerketa talde eta ildo egonkorren sorrera eta mantentzea sustatzea.

q) Osasun teknologiak ebaluatzea eta haien emaitzen eta gomendioen jarraipena egin eta haiek hedatzea.

r) Osasun zientzien arloan xedeak eta berrikuntza teknologikoko ildoak ezartzea, Osasun Departamentuak finantzatuta eta I+G+bko Espainia eta nazioarte mailako planen barnean sartuta.

s) Kalitate zientifiko-teknikoa eta bikaintasun klinikoa sustatzea, ebidentzia zientifikoa asistentzia jardueran txertatzen lagunduz, erakunde profesionalekin eta elkarte zientifikoekin lankidetzan.

t) Osasun sistema publikoko Osasun Zientzien Liburutegia kudeatzea, baita argitalpenak eskuratzea ere, zientziari buruzko informazio-iturriak batuz ezagutzaren hedapena laguntzeko.

u) Osasun Departamentuak sustatutako argitalpen zientifikoen edizioa kudeatzea.

v) Nafarroako Osasun Planaren zuzendaritza, koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa.

w) Nafarroako herritarren osasuna baldintzatzen duten faktoreak, bai eta haien eragina norbanakoen zein taldeen osasunean ere, aztertu eta ebaluatzea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin elkarlanean.

x) Osasunaren eta esku-hartze sanitarioaren arloetako estrategiak planifikatzea, barnean sartuta Osasunaren, Kontsumoaren eta Ongizatearen Ministerioaren osasun estrategien koordinazioa eta sustapena.

y) Osasun-sistema publikoaren erabiltzaileek eta pazienteek herritarrei egindako iritzi-azterketak eta inkestak planifikatu, garatu eta aztertzeko lankidetza.

z) Eremu soziosanitarioan erakundeen arteko eta departamentuen arteko lankidetza bultzatzea.

aa) Osasun prestazio publikoen katalogoa mantentzea eta eguneratzea.

ab) Osasun baliabideen lurralde banaketa eta osasun eskualdeak planifikatzea.

ac) Osasun sisteman progresiboki ezartzeko laguntza-planak egiten laguntzea, departamentuko beste zuzendaritza batzuekin koordinatuta.

ad) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin helburuen araberako kudeaketa-itunak proposatzea.

ae) Osasun arloko itun politikaren plangintza estrategikoa.

af) Osasunaren, Kontsumoaren eta Gizarte Ongizatearen Ministerioaren Haurdunaldien Borondatezko Etenduren Erregistroa kudeatzea eta mantentzea. Urteko txostenak eta memoriak egitea.

ag) Osasun Departamentuaren jarduera estatistikoa koordinatzea. Departamentuko adierazleak definitu eta eguneratzea, osasun sistemaren emaitza orokorrak ebaluatzeko eta haien kontu emateko.

ah) Emaitzen eta Kontu-ematearen Behatokia garatzea.

ai) Osasun arloko informazio eta inteligentzia sistemen plangintza estrategikoa egitea.

aj) Nafarroako Foru Komunitateko zentro publiko eta pribatuetako datuen gutxieneko oinarrizko multzoaren koordinazioa, kontrola eta jarraipena.

ak) Indarrean den ordenamenduak ezarri edo agintzen dion beste edozein eginkizun.

16. artikulua. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak atal hauek ditu:

a) Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atala.

b) Prestakuntza Atala.

c) Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

17. artikulua. Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atalaren eskumenen esparru materiala.

Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu arlo hauei dagokienez: osasunaren eta esku-hartze sanitarioaren plangintza estrategikoa egitea eta prestazio sanitario publikoen katalogoa mantentzea. Horrekin batera, gai hauei buruzko eginkizunak ere beteko ditu: lurralde plangintza eta antolamendua, erakunde autonomoekin izenpetu beharreko helburu itunak proposatzea eta osasun sisteman itunak egiteko eta erregistroak kudeatzeko politikaren plangintza estrategikoa. Halaber, eskumenak baliatuko ditu departamentuaren estatistika jardueraren koordinazioari, osasun informazio eta inteligentziako sistemen plangintza estrategikoari eta osasun zentro publiko eta pribatuetako datuen gutxieneko oinarrizko multzoari dagokienez.

18. artikulua. Prestakuntza Atalaren eskumenen esparru materiala.

Prestakuntza Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, arlo hauei dagokienez: irakaskuntza planen plangintza, antolaketa eta koordinazioa; prestakuntzaren berrikuntza; osasun esperientzien zentroaren kudeaketa; prestakuntzan kudeaketa integratua bultzatzea; etengabeko prestakuntzaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen kudeaketa. Halaber, eskumenak baliatuko ditu egiaztapenari, prestakuntza espezializatuaren arloko eskumenak baliatzeari, graduko, graduondoko edo lanbide-heziketako irakaskuntza praktikorako prestakuntza-hitzarmenak kudeatzeari eta lanbide-gaitasunak egiaztatzeko sistemak garatzeari dagokienez, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioarekin koordinatuta.

19. artikulua. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak izanen dituen eskumenen esparru materiala.

Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezartzen diren eginkizunak izanen ditu, ondoko arlo hauetan: osasun zientzien arloko ikerketaren sustapena eta orientazioa, Miguel Servet Fundazioaren eginkizun esleipena barne; ezagutza eta kalitate zientifikoaren sustapena eta hedapena; osasun zientzien arloko liburutegiaren kudeaketa; eta argitalpenen edizioa, eta osasun arloko teknologien berrikuntza eta ebaluazioa.

III. KAPITULUA

Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia

20. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atala.

21. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan, arlo juridikoan, Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako eginkizunak izanen ditu.

Era berean, departamentuan irekitzen diren zehapen-espedienteak instruitu eta tramitatuko ditu, bukatu arte, arlo horretan eskumena duten gainerako unitateekin koordinatuta, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak agintzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu.

22. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atalaren eskumenen esparrua.

Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atalak gai tekniko-administratiboen, ekonomikoen eta kontabilitatearen gainean foru dekretu honetan Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako eginkizunak izanen ditu.

Era berean, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Idazkaritza Tekniko Nagusiari langileen arloan esleitutako gaien kudeaketa administratiboa egitea.

b) Aurrekontuen eta kontabilitatearen arloko kudeaketa.

c) Material suntsigarri eta inbentariagarria erostea.

d) Tresna korporatiboen definizio funtzionala.

e) Prozeduren modernizazioa, diseinua, sinplifikazioa eta hobekuntza.

f) Administrazio elektronikoaren informazio sistemak kudeatzea eta aplikatzea eta administrazioa sinplifikatzea.

g) Herritarrei arreta ematea kanal desberdinetatik.

h) Departamentuaren jardueraren plangintza eta ebaluazioa koordinatzea arlo hauetan: irisgarritasun unibertsala, eta Departamentuko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasun ordezkatuaren ardura duen unitatearen eginkizunak.

i) Genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeari lotutako eginkizunak gauzatzea Eskubide Sozialetako Departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat eginik Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

j) Idazkaritza Tekniko Nagusiak agintzen dion beste edozein.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eskumenak deskontzentratzeko baldintza orokorrak.

Indarrean dagoen araudiak administrazio organo bati esleitutako eskumenen titulartasuna eta egikaritza hierarkikoki mendekoak diren organoetan deskontzentratzen ahalko dira, xedapen orokor baten bidez, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita, hargatik eragotzi gabe eskumenak esleitzeko arauetan bertan zehaztutako betekizunak betetzea.

Bigarren xedapen gehigarria.–Deskontzentrazioa.

1. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren esku uzten dira ondoko eskudantzia hauen titulartasuna eta erabilera:

a) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Osasun Departamentuko titularrari dagozkion ahalmenak erabiltzea, foru lege horren bederatzigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren kontratuen gainekoak izan ezik, horiek Nafarroako Gobernuaren baimena behar baitute.

b) Osasun arloko arau-hausteengatik zehapen espedienteak irekitzea, ebaztea eta, kasua bada, zehapenak jartzea, 30.000 eurotik beherakoak badira.

2. Osasun Departamentuko titularrak indarrik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen diren eskumenen deskontzentrazioa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko den foru agindu baten bidez.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan: Farmazia Ikuskapenaren Ataleko buruarena, orain Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atalekoa izanen da; Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Ataleko buruarena, orain Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atalekoa izanen da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Prestasun osoko eta erabateko dedikazioko araubidea.

Farmazia Ikuskapenaren Atala aurrerantzean Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atala izanen da eta atal honi atxikitako mediku eta farmazialarien lanpostuetarako erabateko dedikazioko osagarria aitortua izanen du, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa onesten duen uztailaren 27ko 100/2005 Foru Dekretuak ezartzen duen gisan.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako “Ebaluazio eta Kontu-emate Atala” kentzen da, bai eta ere “Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Atala”, zeina amortizatzen den “Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atala” izeneko unitate berri bat sortzeko.

Seigarren xedapen gehigarria.–Osasun Herritartasun eta Aseguramendu Ataleko burutza betetzeko baldintzak.

Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burutzak betetzeko baldintza izanen da A edo B mailako osasun lanbide batean aritzea gaitzen duen titulua edo Gizarte Laneko gradu titulu bat izatea edo, bestela, osasun kudeaketako teknikari lanpostu bat betetzea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Unitateak bere horretan uztea.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Osasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F1913764