213. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespena

2019ko abuztuaren 14ko Alkatetzaren probidentzia bidez, Idazkaritzari eskatu zitzaion txostena presta zezala Melidako herri-lurretako aprobetxamenduen gaineko udal ordenantzaren prozedurari eta hari aplikatzen ahal zaion legediari buruz.

Txosten hori kontuan hartu da, eta ikusi dira, batetik, Udalaren web atariaren bidez abiarazitako kontsulta publikoaren emaitzak eta, bestetik, udal zerbitzuek herri-lurrak arautzen dituen udal ordenantza aldatzeko egin proiektua, zeinean aintzat hartu baitira proiektua jendaurrean egon den bitartean jaso ekarpenak.

Legez ezarritako izapidea eginda, Idazkaritzaren txostena ikusita eta, orobat, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.d) eta 49. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, honako erabaki hau hartu zuen Osoko Bilkurak 2019ko urriaren 4an:

ERABAKIA:

Lehena.–Hasiera batez onestea Herri-lurrak arautzen dituen udal ordenantza, espedientean ageri den moduan; jarraian jasotzen da hitzez hitz.

Bigarrena.–Udal ordenantza jendaurrean edukitzea eta interesdunei entzunaldia ematea, hogeita hamar eguneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuta, interesdunek aurkez ditzaten erreklamazioak eta iradokizunak, Udalbatzak ebatziko dituenak. Aipatutako epean ez bada erreklamaziorik edo iradokizunik aurkezten, behin betikoz onetsitzat joko da, Osoko Bilkurak berariazko erabakirik hartu beharrik gabe.

Aldi berean, Udalaren atarian [http://melida.sedelectronica.es] argitaratuko da testua, ukitutako pertsonei entzunaldia emateko eta beste pertsona edo entitate batzuek egiten ahal dituzten ekarpen osagarri guztiak jasotzeko.

Hirugarrena.-Arau hau dela medio eskubide edo interes legitimoak ukitu zaizkien pertsonak elkartu edo ordezkatzeko eratu diren erakundeen edo elkartean iritzia zuzenean jasotzea, elkarteok legeak aitortuak badira eta haien helburua zuzenean loturik badago arauaren xedearekin.

Laugarrena.–Alkateari ahalmena ematea gai honi lotutako agiri mota oro izenpetzeko eta sinatzeko.

Ordenantza honen aurkako alegaziorik aurkezten ez bada, onetsitzat joko da, behin betiko iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharrik gabe.

Melidan, 2019ko urriaren 4an.–Alkatea, María del Valle Coca Pueyo.

MELIDAKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Melidako udal mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, babesa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Melidako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri ondasunen inguruan Melidako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Herri ondasunak desafektatzen ahalko dira bai erabilera laga bai haien gaineko kargak ezartzeko eta baita lurzati txikiak saldu edo trukatzeko ere. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen araberako erregelamenduzko tramitea bete beharko da horretarako. Herri ondasunak lagatzeko edo kargak ezartzeko erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, lagatzearen edo kargak ezartzearen helburuak desagertzen direnerako edo finkatutako baldintzak betetzen ez diren kasuetarako.

Herri ondasunak itzuli ondoren, Melidako udal ondarean sartuko dira berriz, herri-lur gisa sartu ere.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua.

Melidako Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua.

Melidako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Melidako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua.

Melidako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.

Melidako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua.

Melidako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua.

Melidako Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Titulartasuna eta aplikazio eremua

14. artikulua.

Melidako Udalak dio Melidako herria dela ondoko herri-lurren jabe eta edukitzaile juridiko bakarra. Hona hemen haien deskripzioa:

–Huerta Alta izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 89. orria eta 204. finka.

–Las Viñas izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 68. orria eta 868. finka.

–Corral Nuevo izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 65. orria eta 867. finka.

–Soto Bajo izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 92. orria eta 205. finka.

–El Arenal izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 95. orria eta 206. finka.

–La Liria izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 98. orria eta 207. finka.

–Sequero izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 12. orria eta 865. finka.

–Aria edo San Miguel izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 56. orria eta 864. finka.

–Estrecho izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 62. orria.

V. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

15. artikulua.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak.

d) Eguzki plakak edo haize errotak jartzea.

e) Olibondoak landatzea edo biomasa ekoiztea.

16. artikulua.

1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Melidako Biztanleen Udal Erroldan inskribaturik egotea, gutxienez ere 2 urteko antzinatasunarekin, aprobetxamendua hasten den urtearen hasieran.

c) Melidan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Melidako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Melidako Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

18. artikulua.

Erregelamendu honen ondorioetarako, laborantza lanak honelakoa behar du zuzenean eta pertsonalki egina dela ulertzeko: adjudikazio-hartzaileak berak egin beharko ditu laborantza lanak, eta ezin izanen du soldatapekorik hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Melidako Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

19. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioen kasuan, ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Melidako Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Melidako Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik. Melidako Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

20. artikulua.

Melidako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki gauzatzen dela ziurtatzeko. Urtero, adjudikazio-hartzaile bakoitzari emandako puntuak berrikusi eta adjudikatutako lurren azalera doitu eginen da, eremuak txikituz edo, soberako lurrik bada, handituz. Ikuskapen hori egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioak jasan beharko direlarik, bidezko diren zehapenez gainera.

Lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen ulertuko da honakoetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Baldin eta egiaztagiria eskaturik justifikatzeko lanak egin direla, erosi direla erregaiak, ongarriak, lehengaiak edo saldu direla norberak egindako produktuak, agindutako epean aurkezten ez badira.

c) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

e) Baldin eta, udal zerbitzuen edo Herri-lurren Batzordearen txostenen arabera, adjudikatu zaizkien lurzatiak zuzenean eta berek lantzen ez badituzte, aitzineko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

f) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

21. artikulua.

Melidako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Melidako Udalak zuzenean ustiatzea. Melidako Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

22. artikulua.

1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata horren halako bat eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko, lehentasuneko aprobetxamenduak eskatzeko beharrezkoa baita, ondoko agiriak aurkeztu beharko zaizkio Udalari:

a) Familia unitateko kide guztien errenta aitorpenen kopia konpultsatua edo Foru Ogasunaren egiaztagiria, aitorpenik egin behar ez dutela dioena, eta horrekin batera, kide guztien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

b) Familia unitatean bertzeren konturako langilerik bada, soldata-orrien kopia konpultsatua.

c) Familia unitateko kide guztien ondasunen katastroko ziurtagiria eta bakoitzaren jarduerena ere, hiri-lurreko, landa-lurreko eta abeltzaintzako erregistro fiskalak eta lizentzia fiskala adieraziz, baita bakoitzaren ibilgailuen ziurtagiria ere, zirkulazioaren gaineko udal zergari dagokionez.

d) Zinpeko aitorpena, ekarritako ziurtagirietako ondasunak familia unitateko kide orok Melidan nahiz bertze inon dituen guzti-guztiak direla. Hiri-lurreko ondasunen artean adierazi beharko da zein den familiaren etxebizitza. Orobat, adierazten ahalko da, agiri bidez justifikaturik betiere, ondasunen bat edo ondasun guztiak ez direla familiako inorenak, nahiz eta katastroan familia unitateko kideren baten izenean agertu, baina adierazpen hori aintzat hartu ahal izateko, Udalean katastroa aldatzeko aurkezturiko eskaera orriaren kopia konpultsatua ekarri beharko da.

e) Zinpeko aitorpena, familia unitateko kide bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bertzelako moduren batean lantzen dituen lurrena, dela udal honetako mugartean dela bertze batzuetan.

f) Errege Bardeko Komunitatean inskribaturik dituzten lurren egiaztagiria.

4.–Adjudikazio-hartzaileek artikulu honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte adjudikazioak dirauen bitartean, eta Udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren.

23. artikulua.

Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu mota honetan:

Eredu-lotea:

Ohiko ureztalurrak: 30 erregu.

Aspertsio bidezko ureztapena: 60 erregu.

Lehorreko lurra: 50 erregu.

24. artikulua.

22. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kidetik gorako famili unitateak, 5 koefizientea.

25. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Melidako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, 23. eta 24. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

26. artikulua.

Aprobetxamenduaren epea 8 urtekoa izanen da, lehorreko lurrena azken urteko irailean amaituko da, eta ureztatzeko lurrena, berriz, urte horretako abenduan, betiere uztak errespetatuz. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

27. artikulua.

Ordenantza honen eranskinean zehazten den kanonaren %50ekoa izanen da aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona. Zenbateko horiek hurrengo urteetan urtero eguneratzen ahalko dira, nekazariek hartzen dituzten prezioen goiti-beheitien arabera, erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraikiz. Nolanahi ere, kanonak Melidako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

2. ATALA

Adjudikazio zuzeneko herri-lurretako aprobetxamenduak

28. artikulua.

Lurzatiak lehentasuneko adjudikazioaren bidez banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak zuzenean adjudikatuko dira herritarren artean, 16. artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularren artean alegia.

29. artikulua.

1.–Zuzenean adjudikatuko diren loteen azalera Udalak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik. Adjudikazioa gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabide kopuruaren arabera eginen da.

2.–Modalitate honetan, familia unitate bakoitzari dagokion azalera zehazteko irizpide hauek hartuko dira oinarri: batetik (eta alderantzizko proportzioan) familia unitatearen nekazaritza ustiategiaren tamaina eta diru-sarrerak, eta, bertzetik, familiako kide kopurua eta dedikazioa.

3.–Irizpide horiek familia unitate bakoitzari aplikatzeko, puntuazioa jasotzen duten kide guztiek erroldatuta egon beharko dute eta puntuazio bat esleituko zaie, hain zuzen ere eskala hauek aplikatuz ateratzen diren puntuak batuta:

a) Familiaren egoera.

Familia unitate bakoitzari ondoko irizpide hauetako bakar bat aplikatuko zaio, behin bakarrik, eta betiere puntuei begira mesedegarriena dena.

  • 1.–Familia unitateko titular edo kide bakoitzeko, baldin eta Gizarte Segurantzan alta emanda badago nekazaritzako jarduera duen langile autonomo gisa eta ustiategia inskribatua badu Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan: 14 puntu.
  • 2.–Aurreko baldintzak bete ez baina nekazaritzako ustiategi baten titularra den familia unitateko titular edo kide bakoitzeko, nekazaritzako diru-sarrerak aitortzen baditu eta lurra zuzenean lantzen badu: 6 puntu.

b) Familia unitatearen osaera. Aurreko atalean aplikatzen den irizpidearen arabera aplikatuko da, aurreko horretan puntuak lortu dituzten kideei aplikatu ere.

Familia unitateko titularraren ezkontideagatik, diru-sarrerarik ez badu: 2 puntu.

Diru-sarrerarik ez duen familia unitateko gainerako kide bakoitzeko: puntu bat.

c) Familia unitateko ustiategiaren tamaina.

Familia unitateko ustiategiak lurrik ez badu ez jabetzan ez Bardeetan: 4 puntu.

Ustiategiak ureztalurrak jabetzan baditu edo Bardeetan lurrak baditu:

  • Ureztalurretako 0-50 erregu bitarte: 3 puntu.
  • Ureztalurretako 50-100 erregu bitarte: 2 puntu.
  • Ureztalurretako 100-400 erregu bitarte: puntu bat.
  • Ureztalurretako 400 erregutik gora: 0 puntu.

Ustiategiko lehorreko lurretarako honelako baliokidetasunak ezarri dira: erregu bat ureztalur berdin Bardeetako 6 erregu edo gainerako lehorreko lurretako 2 erregu.

Jabetzako lurra ez da bakarrik katastroan familia unitateko kideren baten izenean inskribaturik dagoen hori, hildako ahaideen izenean inskribaturik dagoena ere halakotzat hartuko baita baldin eta familia unitateak lantzen badu.

d) Familia unitatearen diru-sarrerak, nekazaritzako ustiategi baten titular ez denean.

Familia unitatearen diru-sarrera guztiak lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bat eta erdi eta halako bi artekoak badira: 4 puntu.

Familia unitateko diru-sarrera guztiak lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi eta halako bi eta erdi artekoak badira: 3 puntu.

Familia unitateko diru-sarrera guztiak lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi eta erdi baino gehiago badira: 2 puntu.

Honelakoak dira puntu bakoitzeko baliokidetasunak: aspertsio bidezko ureztalurreko 10 erregu berdin ohiko ureztalurreko 7 erregu edo berdin lehorreko 20 erregu.

4.–Lurzatien gaur egungo konfigurazioa kontuan hartuz, bereziki aspertsio bidezko ureztalurrena, bertan ur-ahoak baitaude, eta beraz ezinezkoa baita azalera zehatzak esleitzea familia unitate bakoitzaren puntuazioaren arabera, ureztalurren ordez lehorreko lurrak ematen ahalko dira, edo alderantziz, oinarritzat hartuz ureztalurretako erregu bati lehorreko lurretako bi erreguren balioa ematen zaiola.

5.–Aurkeztutako eskaeren kopurua handiagoa bada banatzeko dauden laborantza lurrena baino, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, kendu eginen dira diru-sarrera handienak eta nekazaritzako ustiategi handienak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak.

6.–Aprobetxamendu mota horretako herri-lurren onuradunek ordaindu beharreko kanona Ordenantza honen eranskinean ageri dena izango da. Zenbateko horiek urtero eguneratzen ahalko dira, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen igoeraren (KPI) arabera. Nolanahi ere, kanonak Melidako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

30. artikulua.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko ordenantza honetako 22.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie. Era berean, baratzerik ez duten herritarrek hala eskatuz gero, erregu bateko lurra adjudikatzen ahalko zaie ibarbasoetan baratzetako erabil dezaten, baldin eta urtebeteko antzinatasuna badute udal erroldan. Ordenantzako eranskinean zehazturiko prezioan adjudikatuko da lur hori.

31. artikulua.

Adjudikazio mota horri 16, 17, 18, 19 eta 20. artikuluetan zehaztutako guztia aplikatuko zaio, laborantza zuzen eta pertsonalari dagokionez, eta 26. artikuluko guztia, berriz, aprobetxamenduen adjudikazio epeaz den bezainbatean.

3. ATALA

Melidako Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

32. artikulua.

Lehentasunezko eta zuzeneko adjudikazioetarako prozedurak burutu eta oraindik soberan baldin bada laborantzako lurra, Melidako Udalak enkante bidez adjudikatuko du, halako moldez non adjudikazio aldia bukatzerakoan lur osoa libre geldituko den.

Erregelamendu honek finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; hurrengo urteetarako prezioa, berriz, aplikaturiko urteko igoeren arabera finkatuko da. Enkante horietan ere aplikatuko dira gainerako lurzatien urteko igoera berberak. Enkanteren bat eman gabe geldituz gero, hasierako prezioak %10 eta %20 beheitituko dira. Enkante hauek eginda oraindik soberan baldin bada laborantzako lurra, Melidako Udalak zuzenean lantzen ahalko du edo, bertzenaz, Udalaren intereserako komenigarri iruditzen bazaio, bertze enkante bat eginen du zura ateratzeko landaketak egiteko. Hala eginez gero, adjudikazio epea luzatuko du, landaketaren bizitza erabilgarriaren heinera.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

33. artikulua.

Melidako Udalak aitzinetik erabakia hartuta, hamabortz egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, behar den iragarkia argitaratu ondoan.

34. artikulua.

Eskabideen eredu ofizialak Udaletxean jasotzen ahalko dira eta bertan zehaztuko da eskatutako banaketa mota. Eskabideekin batera, ondoko alderdiei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Melidako bizilaguna izatea, bi urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Melidako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute. Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, nekazaritzatik heldu direnak nahiz industriatik edo zerbitzuen alorretik datozenak, baita Gizarte Segurantzako pentsioak zein bertzelako errenta guztiak ere.

d) Nekazaritzan ari diren familia unitateko kideak, Gizarte Segurantzan sarturik daudenak nekazaritzako jarduera duten langile autonomo gisa.

e) Zenbat hektarearen jabe diren, udal mugarte honetan edo bertzeren batean, ureztalurrak eta lehorreko lurrak bereizita, familia unitateko kide guztien lurrak edo hildako ahaideenak kontuan harturik.

f) Zer lur lantzen dituzten errentan harturik edo jabetzaz aparteko bertzelako tituluren baten bidez, udalerri honetan edo bertzeren batean, ureztalurrak eta lehorreko lurrak bereizita, familia unitateko kide guztiak kontuan harturik.

g) Beren ondasunen balioa, hiri-lurreko ondasunen katastroan, norberaren etxebizitza sartu gabe, udalerri honetan edo bertzeren batean.

h) Beren azienden gaineko kapital zergagarriak, edo aziendaburuak zer espezietakoak eta zenbat diren, udalerri honetan edo bertzeren batean.

i) Familia unitateko diru-sarrerak, guztira. Eskatzaileari eskatzen ahalko zaio agiri bidez egiaztatzeko berak zuzenean lantzen dituela banaketa berria egiten den garaian adjudikatuak dituen herri-lurretako lurzatiak; edo, bertzenaz, bere nekazaritzako ustiategia, ordenantza honetako 20. artikuluan xedatutakoaren arabera. 20. artikuluan zehaztu den bezala, Melidako Udalak badu ahalmena interesdunei eskatzeko aitzineko apartatuetan aipatzen diren xehetasunak egiaztatzeko agiriak ekar ditzaten, eta bidezko arrazoirik izan gabe aurkeztu ezean, ezarrita dauden ondorioak jasan beharko dituzte.

35. artikulua.

Melidako Udalak, osoko bilkuran bildurik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz adjudikazio zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du, unitate bakoitzari esleitutako puntuak zehaztuta. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

36. artikulua.

Aprobetxamendu mota bakoitzera onartu direnen behin-behineko zerrendak Udal honen iragarki taulan paratuko dira zazpi egun balioduneko epean, bidezko alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bilakatuko da, bertzerik gabe.

37. artikulua.

Adjudikazioak zozketa bidez eginen dira, lehentasuna duten aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, horren ondotik, herritarrendako adjudikazio zuzenekoetarako, gisa honetan:

1.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak:

Lehentasuna duten aprobetxamenduetarako eskabideetarako behar bezainbat lote prestatuko dira. Loteei zenbakia ipini eta eskatzaileak alfabetoari jarraituz ordenatuko dira. Ondoren, abizen bat zozketa bidez aterako da eta hortik abiatuta aterako dute zenbakia, bakoitzari dagokion lote kopurua eskuratu arte.

2.–Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak:

Lehentasuna dutenendako adjudikazioa bukatuta, herritarrendako zuzeneko adjudikazioei helduko zaie, herri-lurretako gainerako azalera adjudikatzeko, betiere %5 gordeta, etorkizunean izan daitezkeen eskaerendako. Banaketako bigarren modu honetan, kontuan harturik eskatzaileen puntuak eta banatzeko dagoen azalera, puntu bakoitzaren eta erreguen arteko baliokidetza kalkulatuko da.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradun guztiak behartuta daude hiru lurzati motak onartzera, alegia, aspertsiokoak, betiko moduan ureztatutakoak eta lehorrekoak, bai lehenengo zein bigarren mailakoak. Soilik hirugarren mailako lurzatien adjudikazioei egin ahalko diete uko, baina ez zaie konpentsatuko bertze mota bateko lur batekin edo maila hobekoarekin.

Banaketa modu honetan ere zozketak jarraian eginen dira eta adjudikazio-hartzaile bakoitzak behar adina aldiz aterako ditu zenbakiak, dagokion azalera lortu arte.

Udalak arautuko du zozketa hori eta behar diren neurriak hartuko ditu egoki egin dadin eta bermatzeko adjudikazio-hartzaile guztiek lurzatiak eskuratzeko aukera berdinak dituztela. Kontuan hartuta aspertsio bidezko lurzatiak ezin direla zatitu eta nahiz eta adjudikazio-hartzaile bakoitzaren puntuazioari dagokion azalera lehorreko edo betiko moduan ureztatutako lurzatiekin osatzen saiatu, baliteke adjudikatutako azalera zehatza ez izatea.

3.–Etorkizunean izan daitezkeen adjudikazioetarako gordetako azalera:

Udalak, azkenik, baldintzak ezarriko ditu etorkizunean izan daitezkeen adjudikazioetarako gordetako lurzatien behin-behineko adjudikazioak egiteko, bai urtebeterako adjudikazioak eginez bai baldintzetan dagokion ebazpen baldintza gehituz, hurrengo urteetan lurzatiak behar badira.

4.–Adjudikazio prozesuaren amaiera:

Lurzatien adjudikazioa amaitutakoan, iragarki taulan argitara emanen da adjudikazio-hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati dituzten herri-lurretan.

38. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko adjudikazioaren bidezko eskatzaile guztiei adjudikatzeko, baztertu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia unitateetako titularren eskabideak.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua

39. artikulua.

Udalak onetsitako ordenantzaren arabera eginen da herri-larreen aprobetxamendua.

IV. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

40. artikulua.

Lur horietan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua berariazko arauen bidez arautuko da.

41. artikulua.

Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

42. artikulua.

1.–Melidako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

43. artikulua.

Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik hamabortz egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoan.

44. artikulua.

Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

VI. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izanen dira.

Arau-hauste oso astuntzat honako egitate hauek hartzen dira:

1.–Norberak zuzenean ez lantzea herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak. Adjudikazio-hartzaileak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

2.–Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren adjudikaziorik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da bertze familia unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.

3.–Ezarritako epeen barrenean ez ordaintzea kanona, landazaintza edo erregelamenduz ezartzen diren bertzelako tasak.

4.–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

Arau-hauste astuntzat honako egitate hauek hartzen dira:

1.–Nekazaritza lanak egitea ordenantza honetan edo Herri-larreen ordenantzan baimendu gabeko denboran, belarren kaltean.

2.–Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

3.–Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

4.–Bertze lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.

5.–Bide edo altxonbideak goldatzea.

6.–Bideetan eta altxonbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

7.–Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

8.–Ureztatzeko erretenak ez garbitzea behar diren bandoen bidez aditzera emanen diren denbora eta epeetan.

9.–Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

10.–Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.

11.–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, eta horren ondorioz herri-lurretan kalte egitea eta herritarrak horietaz modu ordenatuan baliatzeari traba egitea.

12.–Lurzatietatik uzta hondarrak edo bertzelako materialak ateratzea bideetara.

13.–Ureztaketa kanpainaren amaieran lurzatiak aspertsio bidez ureztatzeko zirkuituak ez hustea.

Arau-hauste arinak izango dira honako hauek:

1.–Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

46. artikulua.

1.–Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Arau-hauste oso astunak:

–1.agatik, 1.000 euroko isuna jarriko zaio herri-lurraren adjudikazio-hartzaileari, baldin eta bere lurzatietako nekazaritza lanak bere familia unitateko hirugarren batek egiten baditu, ahaidetasun harremana izanagatik ere. Horretan berreroriz gero, bigarren aldian zehapenak herri-lurraren kontzesioaren iraungipena ekarriko du.

–2.agatik, 1.000 euroko isuna jarriko zaio adjudikazio-hartzailea izan gabe herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egiten dituenari. Pertsona hori, gainera, Melidako herri-lurren adjudikazio-hartzailea baldin bada bertze familia unitate batean, ahaidetasun harremana izanagatik ere, 1.000 euroko isuna jarriko zaio lehen aldian eta, berreroriz gero, bigarren aldian zehapenak bere familia unitatearen herri-lurraren kontzesioaren iraungipena ekarriko du.

–3.agatik eta 4.agatik, herri-lurraren kontzesioaren iraungipena.

Arau-hauste astunak:

–100,01etik 500 euro bitarteko isuna horietako bakoitzagatik, aparte utzita ondasun publikoei edo partikularrei egindako kalteen zenbatekoa bidezko den moduan ordaintzea eta ordezko betearazpenak edo gauzak lehengoratzeak ekartzen dituzten gastuak ordaintzea.

Arau-hauste arinak:

–50etik 100 euro bitarteko isuna horietako bakoitzagatik, aparte utzita ondasun publikoei edo partikularrei egindako kalteen zenbatekoa bidezko den moduan ordaintzea eta ordezko betearazpenak edo gauzak lehengoratzeak ekartzen dituzten gastuak ordaintzea.

2.–Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikatzekoa den araudia.

Alkatearena da zehapen prozedurak hasteko eta haien instrukzioa egiteko eskumena; aldiz, horien gaineko ebazpena ematea osoko bilkurari dagokio.

3.–Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bertzelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez, hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.

4.–Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Halakoetan, deliturik edo hutsegiterik ez dela egon jotzen bada, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.

II. KAPITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

47. artikulua.

Herri-lurretako lurzatien adjudikazio berrirako zozketa orokorra egin ondoan, bertze adjudikazio batzuk eginen dira urtero; izan ere, herri-lurren %5 gordeko baita, gehienez ere, adjudikazio horietarako. Eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, eskatzaileak baztertzeko zozketa eginen da, eta baztertuek lehentasuna izanen dute hurrengo urteko kontzesioan.

48. artikulua.

Aurreko artikuluak aipatzen dituen kontzesioak direla-eta, herri-lurretako lurzatiak adjudikatzeko urtero eginen den zozketa eginen da, eskaerak aitzin uztailean aurkeztu ondotik, eta betiere ordenantza honetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Adjudikazio berri horiek erabiltzeko epea izanen da aprobetxamendu guztiak bukatzeko falta den berbera.

49. artikulua.

Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean, hura landua edo larre utzia badago, adjudikazio-hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondotik. Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikazio-hartzailearena izanen da uzta bildu arte, eta orduan adjudikazio-hartzaile berriak okupatuko du.

50. artikulua.

Ez da onartuko herri-lurretan adjudikatutako lotea osatzen duten lurzatietakoren bati uko egitea. Herri-lurretako lote osoari borondatez uko egiten bazaio, galdu eginen da, aprobetxamendu guztiak bukatzeko falta den aldirako. Hala ere, Udalaren ustetan arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbertzeko bertzelako kasuak), eta eskatzaileak 16. artikuluko baldintzak betetzen baditu, bertze adjudikazio batean izanen du aukera, 47. eta 48. artikuluekin bat.

Udaleko osoko bilkurak, orobat, adjudikazio-hartzaileen artean lurzatiak trukatzea baimentzen ahalko du, hala eskatzen badute, betiere labore jakin batzuen kokalekua hobetzeko nekazaritza kanpaina zehatz batean. Baimena emateko kontuan hartuko dira aukera-irizpideak, azaleren baliokidetasuna eta abar.

51. artikulua.

Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: Melidako biztanle izateari uzteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik.

52. artikulua.

Ureztatzeko herri lurzatien adjudikazio-hartzaileek ubideak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu. Zainketari dagokionez, Udalak konponketak egiteko materialak jarriko ditu adjudikazio-hartzailearen esku; eta garbiketari dagokionez, berriz, behar diren bandoak argitaratuko dira, aldian aldiko garbiketak egiteko epeak zehazteko. Garbiketarako epeak bukatutakoan, udal langileak ubideetara joan eta garbituko dituzte. Adjudikazio-hartzaileak, zehapena pagatzeaz gain, garbiketak dakarren kostua ere ordaindu beharko du.

53. artikulua.

Hona hemen Herri-larreen aprobetxamenduaren ordenantzak ezarritako epe eta arauak:

–Luzerna duten lurzatietan, aziendak azaroaren 1etik otsailaren 10era sartzen ahal ditu abeltzainak. Azaroaren 1erako segaz moztuta daudenetan, ordea, nekazariak azaroaren 15a arte izanen du husteko. Egun hori egin gabe iragaten bada, abeltzainak nahi bezala aprobetxatzen ahalko du.

–Abeltzainak ezin izanen ditu abereak larratzera eraman ez gabilen artean ezta mahastien artean ere, landatu zirenetik gutxienez ere bortz urte iragan ez badira. Era berean, ezin dira lur larre utzietan sartu euria egin eta, gutxienez ere, hogeita hamasei ordu iragan arte. Debeku da arrunt ahuntzak eramatea, eta lurzatien fruta-arboletan sortutako kalteen erantzulea izanen da hala egiten duena.

–Herri-lurretako ureztalur berriak abuztuaren 8tik aurrera labakitzen ahalko dira, eta lehorrekoak, berriz, apirilaren 1etik aitzina. Berdintze lanak egin behar dituztenek abuztuaren 1etik aitzina ekin ahalko diote. Aldez aurretik landazainari ohartaraziko diote, abeltzainak aprobetxamendua egin dezan. Lurzatian erremolatxa dutenek hostoa aprobetxatzen ahalko dute, baina ezin izanen dute labakitu hura kendu eta gutxienez ere zortzi egun iragan arte.

–Bigarren uzta izanen dutenek landazainari jakinarazi beharko diote, gutxienez ere zortzi egun lehenagotik, hark abeltzainari ohartarazteko. Abeltzainak hiru eguneko epea izanen du aprobetxamendua egiteko.

–Lehorreko uztondoak baliatzen ahalko dira, eta abuztuaren 30a arte ezin izanen da lurra landu.

–Uzta bildu ondoan hamar egun egonen da lastoa kentzeko.

–Artasoroen uztondoari dagokionez, bortz egun egonen dira artaburua biltzeko; abeltzaina, berriz, bertze hamar egunetan sartzen ahalko da. Hamar egun horiek iragandakoan, lurra lantzen ahalko da eta paxuak egin, betiere arrastelurik gabe.

–Luzerna lurzatiak lantzerakoan, herritarrak hamabortz egun lehenagotik jakinaraziko dio landazainari, abeltzainak belarra baliatu ahal izateko.

–Zainzuriak landatzeko baimena ematen bada, herritarrak Udalak lurzatirako ezarri duen kanona ordaintzeaz gain, bazkalekuaren zenbatekoaren arabera erreguko ateratzen den ehunekoa ordainduko du, abeltzainak baliatuko ez dituen belarren kalte-ordain.

54. artikulua.

Udalak inguruabar bereziak direla-eta bertzerik xedatzen ez duen bitartean, honela jokatuko da ureztalur berrietan:

–Ureztapen handiko aroa. Alorrak mailaz maila ureztatuko dira, txandaka hasita, gau eta egunez, goitik beheiti.

–Ureztapen txikiko aroa. Landazainak antolatuko du ureztapena, ura ahalik eta ongien baliatzeko. Betiere, landazainaren jarraibideak begiratuko dira beti lurrak ureztatzeko, eta berak antolatuko du barazkiak nola ureztatu. Adjudikazio-hartzaile batek txanda pasatzen uzten badu bere lurzatia ureztatzeko txanda duenean, maila osoa ureztatu arte itxaron beharko du lurzati hori ureztatu ahal izateko.

Adjudikazio-hartzaileek, lurzatiak ureztatu ahalean, ondoko ureztatzaileari garaiz gaztigatu beharko diote, eta gauza bera eginen dute txanda pasatzen uzten dutenean ere. Ureztatzeko maila aldatzen denean, behar bezala jakinaraziko da bandoen bidez.

55. artikulua.

Udalak badu ahalmena halako inguruabar ez ohikoetan (ureztatzeko ur eskasia dagoenean edo bertzelakoetan), herri-lurretan laborantza mota batzuk eta lurren zabalera mugatzeko, Udalaren interesetarako mesedegarria den neurrian.

III. KAPITULUA

Aspertsio bidezko ureztalur bihurturiko hermendiari buruzko xedapenak

56. artikulua. Aplikazio esparrua.

Modernizazio proiektuaren jarduketa eremuan berrantolatu diren Melidako lurrei aplikatuko zaie kapitulu honetan ezarritakoa. Proiektua Nafarroako Gobernuak onetsi zuen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzetik ondoriozta daitekeen erantzukizunetik salbuestea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean ezarri diren edo ezarriko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; adjudikatutako loteetan, ureztalurraren oinarrizko azalerari eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek adjudikatzeko lehentasun irizpideak finkatzea.

57. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzerako, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Riegos de Navarra SAren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat. Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretarako.

58. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, Alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %11tik %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, harentzat ezarritakoa baino %21 edo handiagoa bada. Kasu honetan, berarendako ezarritako kontsumotik goitikoari zehapen handiagoa ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %500 erantsiko baitzaio. Alkatetzak, lan batzordeak proposaturik, kanpaina bakoitzean ezarriko du I. multzoko metro kubiko kontsumituaren prezioa.

59. artikulua. Erantzukizunak.

Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak –bereziki, eskualderako eta ohiko laborantzetarako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik goiti hartzeak ekarritakoak– egonez gero, erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna. Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

60. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

1.–Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, erranen diote Nafarroako Gobernuari edo haren meneko enpresa publikoei, eskualdean zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten.

2.–Ureztatzaileek, ureztaketa bukatuta eta neguko hotzak ureztatzeko instalazioak kaltetu ez ditzan, bateriak kendu eta desmuntatu beharko dituzte, baita lurzatietako hodiak hustu eta garbitu, eta programatzaileen estalkiak itxi ere.

3.–Ezin izanen dira bide ondoko aspertsoreen xaflak tolestu edo aldatu uraren irteera aldatzeko.

61. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera. Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabortz urtean, loteen azalera eraikuntza proiektuan ureztatzeko definituriko oinarrizko azalera bezainbatekoa edo handiagoa izanen da.

Modernizaziotik ateratzen diren loteak adjudikatzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

a) Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

b) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

c) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loterik bada, enkante bidez adjudikatzen ahalko da.

62. artikulua.

Kapitulu honetan ezarritakoak ez dio ez Udalari ez inongo herritarri legeek aitortutakoez bertzeko eskubiderik ematen; eta, era berean, ez die kentzen legeen arabera aitorturik duten eskubiderik ere.

IV. KAPITULUA

Arriskua eta mentura

63. artikulua.

Adjudikazioen arriskua eta mentura adjudikazio-hartzailearen gain egonen dira erabat, eta ezin izanen du prezioa murriztea edo adjudikazioa partzialki desegitea eskatu, inguruabarren batengatik ereiterik ez badu ere eta uzta murriztu edo uztarik gabe gelditzen bada ere. Adjudikazio-hartzaileak ponpaketa instalazioetan izaten diren geldialdi teknikoak, konponketak edo mantentze lanak direla-eta gertatzen diren ondorioak bere gain hartuko ditu eta ezin izanen dio inola ere Udalari erantzukizunik eskatu.

IV. KAPITULUA

Errekurtsoak

64. artikulua.

Ordenantza hau interpretatzean, Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren goiti-beheiti guztiak hautara ondoko errekurtsoetako bat paratuz ebatziko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Udalari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jaso gabeko kasu berezietan, Udalak behar diren erabakiak hartuko ditu, herri-lurren aprobetxamenduen arloan indarrean den araudiari jarraikiz. Herri-lurren ordenantza hau onesteko, prozedura honi jarraituko zaio:

1.–Melidako Udaleko osoko bilkuraren hasierako onespena.

2.–Jendaurreko aldia, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko epean bidezko juzgatzen diren alegazio edo erreklamazioak aurkez daitezen.

3.–Epearen barnean aurkeztutako erreklamazio eta alegazio guztien ebazpena eta behin betiko onespena, osoko bilkuran erabakia.

4.–Behin betiko onespenaren iragarkia.

Ordenantza hau aldatu edo eranskinik sartzeko, onesteko erabili den tramitazio berdina beteko da, 53. artikuluan ezarritakoari dagokionez izan ezik, bertan bildu baitira, aipatzearren baizik ez, Herri-larreen aprobetxamenduen ordenantzan ezarritako hainbat arau, laborantzako lurrei eragiten dietenak alegia, eta, hortaz, ordenantza horren bidez aldatzen ahalko dira.

ERANSKINA

Hona hemen kobratuko den kanona:

–Hermendiko ureztalur tradizionalak: 23,00 euro erreguko.

–Bajo ibarbasoa:

  • 1. mailakoa: 27,00 euro erreguko.
  • 2. mailakoa: 26,00 euro erreguko.
  • Liria ibarbasoa: 23,00 euro erreguko.

–Baratzea: 23,00 euro lurzatiko.

–Lehorreko lurra: 3,00 euro erreguko.

–Aspertsio bidezko ureztapena:

  • 1. mailakoa: 38,00 euro erreguko.
  • 2. mailakoa: 34,00 euro erreguko.
  • 3. mailakoa: 29,00 euro erreguko.

Aspertsioko urteko kanonari gehituko zaio Udalak denboraldiaren bukaeran egiten duen banaketa, hain zuzen ere ureztaketa instalazioen gastuengatik egiten dena, lurzati bakoitzak kontsumitutako uraren arabera. Orobat, lurzati bakoitzaren barneko instalazioetan gertatzen diren hausturen edo kalteen gastuak ere gehituko dira.

Adjudikazioduna pertsona juridikoa denean eta enkante bidez eskuratzen duenean herri-lurrak ustiatzeko eskubidea, dagokion urteko kanona bi epetan ordaindu beharko du: uztailean eta urtarrilean, alegia.

Iragarkiaren kodea: L1913285