209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32/2019 EBAZPENA, urriaren 4koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematen baitira Garesko udal-mugartean goi-tentsioko linea elektriko baten instalazioa aldatzeko.

2018ko uztailaren 5ean, Francisco Javier Larumbe Samperrek, Hidroeléctricas de Vasconia SA ordezkatuz, aurretiazko administrazio baimena emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko administrazio baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere, instalazio elektriko honetarako:

–Eskatzailea: Hidroeléctricas de Vasconia SA.

–Espedientea: SAT04672-2.

–Instalazioaren kokapena: “Aloa” industrialdea, Garesko udal-mugartean.

–Xedea: Egun dagoen linea elektrikoaren euskarria lekuz aldatzea, lursail pribatu baten gaineko bide-zorra ekiditeko; lursail hori Recuperaciones Valdizarbe SLrena da.

–Ezaugarri teknikoak: 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa aldatzea, beste kokaleku batean lotze-funtzioa duen beste euskarri bat muntatuz, Recuperaciones Valdizarbe SLren lursailaren kanpoaldean eta errepidearen eta “Aloa” industrialdearen artean dauden lurretan. Aldaketa egin ondotik, linea elektrikoa euskarri berrira aldatuko da, eta honela geldituko da trazadura: 166 metroko aireko zati bat, lehengo LA-56 dena, eta 8 metroko lurrazpiko lotura, kutxatila berritik: HEPRZ1 12/20 3x(1x240) mm² Al+H16.

–Aurrekontua: 22.102,49 euro.

I.–Jendaurrean jartzea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, Hidroeléctricas de Vasconia SAren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 10ekoan, eta 2018ko abuztuaren 11ko Diario de Noticias egunkarian, eta Garesko Udalari ere bidali zitzaizkion, ikusgai jar zitzan. Ez da alegaziorik jaso.

2019ko otsailaren 4an Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan Recuperaciones Valdizarbe SLren eskaera jaso zen, espedienteari buruz emandako edozein ebazpen berari igortzeko eskatzen zuena.

II.–Ukitutako erakundeak eta enpresak.

II.1. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoari proiektuaren separata igorri zaio, 2018ko abuztuaren 8ko eta irailaren 17ko datarekin.

II.2. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzua.

Zainketa Zerbitzuak, 2018ko abuztuaren 20ko dokumentuan (2018/536873 esp.), adierazten du ezen, Zainketa Zerbitzuan aurkeztutako informazioa aztertu ondoren, ez dela inolako eragozpenik antzeman aipatutako obrak gauzatzeko, betiere zenbait baldintza tekniko betetzen badira.

II.3. Garesko Udala.

Proiektuaren separata Garesko Udalari igorri ondoren, Alkatetzatik 2018ko urriaren 5eko 1591 Ebazpena eta 2018ko azaroaren 29ko 1666 ebazpena igorri dira.

Udalak, bi dokumentuetan, eskatutako baimenaren aurkako iritzia azaltzen du, indarrean dagoen hirigintza-planeamenduarekin (poligonoko araudia, plan partziala...) bateragarri ez izateagatik. Hala ere, onura publikoaren deklarazioak titularrari eta/edo administrazio jarduleari legez ezarrita dauden jarduketak egitea ahalbidetzen ahal diola adierazten du.

Laburbilduz, Udalak adierazi du zutoin berria kokatu nahi den lurzatia “Aloa” industrialdekoa dela, eta errepidearen eta Arga ibaiaren artean dagoen 101. lurzatiak legeria indardunean ezarritako zuzkidurako eremu berde publikoen parte direla (jabari eta erabilera publikoko espazio libreak), eta hiri lurzoru finkatutzat jotzen direla. Haietan edozein motatako azpiegiturak edo erabilera pribatuak kokatzea ez dago hirigintza-planeamenduak baimentzen dituen jardueren artean jasota. Horrez gain, Udalak jabari publikoari eta/edo zuzkidura-eremu publikoei eragiten ez dieten beste aukera batzuk proposatu ditu.

III.–Ebazpen-proposamena.

Aurrekoa ikusirik, 2019ko maiatzaren 9an Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Hidroeléctricas de Vasconia SAri errekerimendu bat igorri zion, 2018ko uztailaren 5ean proposatutako linea elektrikoaren ibilbidearen ordezko aukerak aztertuko zituen txosten tekniko bat igor zezan, aukera bakoitzaren zenbatespen ekonomikoa ere barne.

Hidroeléctricas de Vasconia SAk hasieran aurkeztutako proposamenaren ordezko lau aukera jasotzen dituen txostena igorri du:

–1. aukera. Linearen eroanbidea zangako zentraletik Donejakue bideko autobiako zubiraino irtetea, Arga ibaia gurutzatzea zubiaren taulara lotuta, eta industrialdean dagoen konexio-kutxatilaraino iristea zanga baten barruan. Zangako eroanbidea 141 metrokoa izanen da, taulara lotutako linearen aireko igarobidea 150 metrokoa, zubiaren pilareetarako irteera eta jaitsiera 40 metrokoa, eta 5 kutxatilako instalazioa izanen du. Kalkulatutako aurrekontua 109.016,73 eurokoa da (BEZa barne).

–2. aukera. Zentraleko linearen eroanbidea zangan irtetea eta NA 16073 goi-tentsioko lineako konexioraino (1901 zutoina) iristea. Zutoin hori A-12ko atsedenlekuaren ondoan kokatuta dago. Zutoinaren gutxi gorabeherako UTM koordenatuak (ETRS-89, 30. EREMUA) honako hauek dira: X=596.713,00; Y=4.725.795,00. 440 metroko eroanbidea izanen luke zangan eta 5 arketa instalatuko lirateke. Kalkulatutako aurrekontua 93.123,70 eurokoa da.

–3. aukera. Linearen eroanbidea zentraletik irtetea eraso-putzuraino, eta Arga ibaia hinkan gurutzatzea eraso-putzuraino (irteera) eta linea zangan eramatea eraso-putzutik (irteera) industrialdean dagoen konexio-kutxatilaraino. 75 metroko eroanbidea izanen luke zangan eta 150 metrokoa hinkan. Kalkulatutako aurrekontua 140.942,77 eurokoa da.

–4. aukera. Zentraletik linearen eroanbidea irtetea ikastetxearen alboan dagoen transformazio-zentroraino. Honek 360 metroko eroanbidea izanen du zangan eta 4 kutxatilako instalazioa. Kalkulatutako aurrekontua 82.720,32 eurokoa da.

Hidroeléctricas de Vasconia SAk ondorioztatzen duenez, 2018ko uztailaren 5eko hasierako proposameneko irtenbidea da teknikoki errazena, eragin txikiena izanen duena, finka gutxien okupatuko dituena eta merkeena.

Aurrekoa ikusirik, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Hidroeléctricas de Vasconia SAk eskatutakoari erantzun nahi dio, aurretiazko administrazio baimena emanez eta 2018ko uztailaren 5ean aurkeztutako exekuzio proiektua onetsiz.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Hidroeléctricas de Vasconia SAri aurretiazko administrazio-baimena ematea 13,2 kV-eko aireko linea elektriko bat aldatzeko, Garesko udal-mugartean.

2. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Instalazio hori egiteko 2018ko uztailaren 5ean aurkeztutako proiektua, Julio Laita Zabalza industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak burutzeko.

4. Hidroeléctricas de Vasconia SA enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoekin talka egin ez dezan eta elektrokutatu ez dadin abifauna babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

7. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura, Zainketa Zerbitzura eta Ingurune Naturalaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau Hidroeléctricas de Vasconia SAri eta Recuperaciones Valdizarbe SLri (Artazuko errepidea z.g., 31100 Gares) jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Garesko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruña, 2019ko urriaren 4a.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1912896