209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, bukatutzat jotzen duena Nafarroako Foru Komunitatea José Ramón García Suescun jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko espedientea, eta, horren ondorioz, jaraunspenaren ondasunak eta eskubideak esleitzen dituena (GP 2017024).

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legearen arabera, legezko oinordetzara joko da baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatu ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Beste alde batetik, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak, 24.5 artikuluan, xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz, eta 24.6 artikuluan arautzen du Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura.

2017ko otsailaren 13an, Iruñeko Torralba del Río kaleko 4ko bizilagunen erkidegoak jakinarazi zuen José Ramón García Suescun jauna hil zela. Aurkeztutako jakinarazpenaren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatea jaraunsle deklaratzeko jarduketak hasi ziren.

Egindako ikerketen arabera, hauxe da jaraunspenaren inbentario ezaguna:

–Banku-kontu bat Caixabank SA entitatean, ES 4421005153992100564157 IBAN zenbakia duena; 2016ko abenduaren 31n, 9.340,09 euroko saldoa zuen.

–Etxebizitza bat Iruñeko Torralba del Río kaleko 4an, 2. C letran, kokatua.

Espedientean dagoen informazioa azterturik, bidezkotzat jo zen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura administratibo bat hastea, Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren abenduaren 5eko 485/2018 Ebazpenaren bidez. Gero, Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 212/2019 Ebazpenaren bidez zuzendu zen aipatu ebazpena.

Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren abenduaren 5eko 485/2018 Ebazpen hori 2018ko 308. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 22koan, jakinarazpenen gehigarrien atalean, baita 2018ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abenduaren 21ekoan, 14.318. orrialdean, eta Iruñeko Udalaren iragarki-taulan, 2019ko urtarrilaren 18tik otsailaren 18ra bitarte, udal horrek emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala. Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 212/2019 Ebazpena, 2019ko 179. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27koan, jakinarazpenen gehigarrien atalean, baita 2019ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abuztuaren 12koan, 10.155. orrialdean, eta Iruñeko Udalaren iragarki-taulan, 2019ko maiatzaren 27tik ekainaren 28ra bitarte, udal horrek emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala. Horren ondorioz, ez da alegaziorik aurkeztu, ez eta inolako agiri edo iritzi-elementu egokirik ere.

Espedientean txosten eta agiri hauek jaso dira: Nafarroako Zerga Ogasunaren txostena, zenduaren ondasun higiezinaren eta banku-kontuaren zerrenda erakusten duena; Zerga Agentziaren txostena; Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren txostena; eta Iruñeko Udalaren erroldatze-ziurtagiria, zendua 1996az geroztik Iruñean erroldatua zegoela agertzen duena. Espedientean txosten juridiko bat ere jaso da, non adierazten baita Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko egindako jarduketak egokiak eta nahikoak direla eta deklarazioa arautzen duten xedapenak bete direla.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organiko orokorra ezartzen duen abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren 9. artikuluak garai hartan Aurrekontuaren zuzendari nagusi zenari esleitutako eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzea José Ramón García Suescun jaunaren (NANa: ****0439D) jaraunsle bakar eta unibertsala, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen duela ulertuta.

2. Jaraunspenaren inbentarioan azaldutako ondasun eta eskubideak eta ager litezkeen gainerakoak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki-taulan argitaratu eta agerian egon dadin hilabeteko epean, eta, hala badagokio, jaraunspenaren ondasunak kontrolatzeaz arduratzen den organo judizialari jakinaraztea.

4. Honako hauek izendatzea, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, ebazpen honetan ezarritakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzaten eta behar diren agiri publiko edo pribatuak sina ditzaten: Marta Echavarren Zozaya andrea, Ondare Zerbitzuko zuzendaria; María Iparraguirre Picabea andrea, Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Ataleko burua; eta Susana Montilla Larriqueta andrea, Administrazio Laguntzako Bulegoko burua.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalera, Administrazio Laguntzako Bulegora, Inbentario Orokorraren Bulegora eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, baita departamentu horretako kontu-hartzaile delegatuari ere.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuaren arabera, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri baino lehen.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketa kasuetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du abintestato jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioaren alde esleitzeagatik kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.

Iruñean, 2019ko urriaren 1ean.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F1912831