209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2459E/2019 EBAZPENA, irailaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez aldatzen da 45 urtetik gorako luzaroko langabeen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzetarako 2019ko gastua baimendu zuen ebazpena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 7ko 850E/2018 Ebazpenaren bidez 480.000 euroko kreditua baimendu zen, 2019ko gastuen aurrekontuaren kargura, 45 urtetik gorako luzaroko langabeen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzak emateko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean 405816 zenbakia duten dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 26ko 1677/2018 Ebazpenaren bidez arautu ziren, eta honako honen kargura ordainduko dira: “Luzaroko langabeak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241206 aurrekontu partida.

Orain arte aurkeztutako eskaeren kopurua ikusirik eta 45 urtetik gorako luzaroko langabeen kontratazioa sustatzen segitzeko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak duen interesa kontuan harturik, dirulaguntza horiek emateko baimendu zen kreditua handitu behar dela aurreikusten da.

Bestalde, aurreko urteetako esperientzia aintzat harturik, aurreikustekoa da kreditu erabilgarria egotea aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen, Nafarroako Gobernuaren beste aurrekontu-partida batzuetatik sortua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuan ezartzen denaren arabera, deialdian zehazten ahalko da, kreditu erabilgarrien barruko gehieneko zenbateko osoaz gain, gehieneko zenbateko osagarri bat, beste deialdirik behar ez duena dirulaguntzetan aplikatzeko.

Aipatu 31. artikuluan ezarritako kasuetako bigarrenean egonen garela aurreikusten da, hau da, partida horietan zenbateko osagarria izanen dela aurrekontu-kreditu erabilgarria handituko delako, kreditu-gehitze baten ondorioz.

Izan ere, 31. artikuluak berak ezartzen duenez, honako hau jaso behar da deialdian, espresuki jaso ere: deialdia onesteko eskumena duen organoak baimendu behar du kreditu gehigarri hori, eta deialdiaren baldintza beretan eman argitara.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 7ko 850E/2018 Ebazpena aldatzea, lehenbiziko puntuari bigarren paragrafoa gehituz, honela:

“Era berean, gehienez 200.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da. Hori eraginkorra izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kasua bada, organo eskudunak emanen du kreditu gehigarri horretarako baimena, eta deialdiaren baldintza beretan emanen da argitara. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.

2. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko irailaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F1912529