209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89/2019 EBAZPENA, urriaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzat baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onesten dituena 2019-2020 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 477409.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan jasotakoarekin bat, administrazio publikoen esku dago konpentsazio neurriak hartzea egoera ahulean dauden pertsona, talde eta lurralde esparruei dagokienez. Neurri horien helburua hezkuntza sistemaren lana indartzea izanen da, desorekarik izan ez dadin faktore sozial, ekonomiko, kultural, geografiko, etniko eta bestelakoengatik.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak 36. artikuluan ezartzen du ezen, berdintasuna bermatzeko eta desorekak konpentsatzeko, deialdiak eta laguntzak izanen direla urtero, bai jantokirako, bai eskola materialerako, bai prestakuntza jardueretarako eta jarduera osagarrietarako.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen 39.2 artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuak, hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren kargura gastu-konpromisoak hartuta, bekak eta laguntzak eman eta eskola garraioa eta eskola jantokien zerbitzua kontratatzen ahalko ditu, betiere konpromiso horiek aurrekontuko ekitaldia ez den urteko aldi bati badagozkio, ikasturtearen beharrei erantzunez.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena ikusirik, non proposatzen baita 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzat diru baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2019-2020 ikasturterako.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoen dirulaguntzarako, 413.000 euroko gastua baimentzea. Horietarik 115.800 euro 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko “Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako” izeneko 410003-42190-4811-322402 partidaren kargura izanen dira; gainerakoa (hau da, 297.200 euro), berriz, 2020ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari; Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura; Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura; Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera; Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko urriaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzat baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak 2019-2020 ikasturterako

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitzea behar ekonomikoak dituzten ikasleak eskolatzen laguntzen diharduten eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluari jarraikiz.

2.–Baliabide ekonomikoak.

Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira. Baliabide ekonomiko horiek ikastetxe itunduek jasotzen duten modulu ekonomikoaren “beste gastu batzuk” atalari erantsiko zaizkio. Horien aplikazioa ikasturte bakoitzaren bukaeran justifikatuko da, hezkuntza ituneko “beste gastu batzuk” atalarekin egiten den prozedura bera erabiliz, hau da, zenbateko horien aplikazioari buruz Eskola Kontseiluak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du ikastetxeko titularrak. Curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateek baliabide ekonomiko horiek justifikatuko dituzte beren emaitzen kontuan, ikasturtea bukatzen denean.

2019-2020 ikasturterako baliabide hauek diruz laguntzen ahalko dira, xedeen arabera:

a) 106.000 euro, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen ekipamendu pertsonalerako.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta horiekin ordainduko dira ikasle bakoitzaren ekipamendua, eskolako lan-ateraldietan parte hartzea eta ikasleentzako beste jarduera osagarri batzuk. Xede horrekin 150 euro arte ordainduko dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle bakoitzeko.

b) 300.000 euro, eskola jantokiko zerbitzurako. Ikastetxeei 400 euro ordainduko zaizkie gehienez, ikasturtean, zerbitzu hori behar duen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle bakoitzeko.

c) 7.000 euro gordeko dira oinarri hauen 5.2 puntuko bigarren paragrafoan adierazten den dataren ondotik egiten diren eskaerentzat.

Ikastetxeei bai ekipamendurako bai jantokirako ordaindu beharreko kopuruak kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer kopuru ezarri den deialdi honetan eta zenbat ikasle onartu diren.

Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduen eta entitateen titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean jasoko dira ikastetxe bakoitzerako deialdi honen ebazpenaren ondorioz onesten diren baliabideak.

3.–Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Deialdi honen 1. puntuan adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatu eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari zuzendua, hogei egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita.

3.2. Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko du eskaera.

Horrez gain, laguntzak kudeatzen dituen pertsonaren izen-deiturak agertuko dira, ardura duen atalarekin harremanak izateko.

Hezkuntza Departamentuak emanen dituen ekipamendurako eta jantokietarako laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Horiek ikasle eskatzaileen familiek duten premia ekonomikoari buruzko txostenak eskatuko dizkiete gizarte zerbitzuei, zeinek bere udalekoari; aldez aurretik, ikasleen legezko ordezkarien baimena izan beharko dute datuak lagatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Eskaerarekin batera, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

1) II. eranskina, behar bezala betea ikasleen datuekin (deiturak, izena, ikasturtea, ekipamendurako dirulaguntza, jantokirako dirulaguntza eta dagokion gizarte zerbitzua).

2) Dagozkion gizarte zerbitzuen txostena, ikasle eskatzaileen familiek duten egoera sozioekonomiko ahula egiaztatzen duena.

Udalek ematen dituzten jantokirako laguntzak, halakorik balego, Hezkuntza Departamentuak ematen dituen laguntzen osagarri izanen dira.

3) Ikastetxearen aitorpena, laguntzen hartzaileek irakaskuntzaren kuota ordaintzeko inolako diru-ekarpenik egiten ez dutela adierazteko.

3.3. Laguntza eskaerak eta eskatutako dokumentazioa, II. eranskinaren arabera, 3.1 atalean adierazitako epearen barnean aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak aipatzen du erregistro hori).

Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalak eskaeren bi zerrendak alderatuko ditu, hau da, ikastetxeek bidalitakoak eta gizarte zerbitzuek egindakoak, non adieraziko baita, egoera ahulean egonik, zer ikaslek betetzen dituzten laguntza hau hartzeko baldintzak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek hamar eguneko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.

4.–Egoera sozioekonomiko ahulean egon eta deialdi honetan ezarritako epearen ondotik hasten diren ikasleentzako laguntza eskaerak.

4.1. Halaber, eskolan egoki integratzeko, dirulaguntza emanen zaie egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei, 2. atalean zehazten den eskola ekipamendurako eta/edo jantoki zerbitzurako, nahiz eta behar horiek 3. atalean ezarritako epea bukatu ondoren sortu. Laguntza horien zenbatekoa ikasturtea bukatzeko gelditzen den denboraren heinekoa izanen da, ikasturtea hamar hilabetekoa dela kontuan hartuta, baldin eta behar beste diru badago 2019ko aurrekontuko “Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako” izeneko partidan edo 2020ko gastuen aurrekontuan izen horrekin gaitzen den partidan.

Halaber, ikastetxeek Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari adieraziko diote ikasleen artean zer baja diren jantokian, laguntza hauek behar bezala arautzeko eta bideratzeko.

5.–Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

5.1. Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak izendatzen dituen teknikariek eskaera egiten duten ikastetxe guztien gaineko txosten bakarra prestatuko dute. Txostenak hauek jaso behar ditu:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Egoera sozial ahulean dauden ikasleengan atzemandako behar ekonomikoen azterketa eta balorazioa.

Txostenean jasoko da, halaber, ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren baliabide ekonomikoen proposamena.

5.2. Balorazio prozesua bukatuta, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak, batzorde teknikoak aurrez balorazioa eginda, behin-behineko proposamena eginen du, zeina ikastetxeei jakinaraziko baitzaie, bost eguneko epean egoki iruditzen zaizkien alegazioak edo erreklamazioak aurkez ditzaten.

Instrukzio organoak erreklamazioak ebatzi ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiari igorriko zaio behin betiko ebazpen proposamena.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie.

5.3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, 2. atalean jasotzen diren laguntzak, 5.2 atalean ezarritako epea amaitu ondoren sortutakoak, hornitzeko baliabide ekonomikoak emanen ditu; aurkezten diren eskaerak hautatzeko ardura duen batzorde teknikoak eginen du proposamena eta, aldez aurretik, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak txostena egin beharko du.

5.4. Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, ikastetxeen laginketa baten bidez, deialdiaren xedeko laguntzak deialdiaren helburuetarako erabili direla egiaztatuko du, dagokion gastuen justifikazioa eskatuz. Gastuak justifikatzeko eskaera jasotzen duten ikastetxeek 2020ko uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

5.5. Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek laguntzen onuradun diren ikasleen familiei adieraziko dizkiete laguntzen zenbatekoak eta haien kontzeptuak; eta, urteko ordainketa egin ondoren, laguntza ekonomikoaren hartze-agiri bat sinatuko dute, eta, hartan, datu hauek bilduko dira: izena, deiturak –bai familiaren ardura duenarena bai ikaslearena–, nortasun agiri nazionala eta ikastetxeak jantokiagatik edo ekipamenduagatik osotara jasotako diru kopurua.

6.–Organo eskudunak.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organoa.

Eskaerak hautatzeko batzorde teknikoak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Ataleko burua.

–Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

–Aurreko ataleko langile bat.

Idazkaria:

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

7.–Errekurtsoak.

7.1. Deialdi honen aurka, bai eta beronen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman edo dagokien ikastetxeei jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Egoera sozioekonomiko ahulean izanda, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1913227