209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

295E/2019 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, ukatzen duena Kasedako udal-mugartean elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra VISCOFAN SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 232/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 198E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 14ko 35E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

Era berean, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berri bat eman zen, 4. nabean zelulosazko eta fibrosazko hesteak ekoizteko lerro berriak ezarri baitziren, hori instalazioaren funtsezko aldaketa gisa hartu zenez gero. Baimen berri honetan ezarritako baldintzak aplikatzekoak izanen dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela eta martxan jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera.

2019ko uztailaren 4an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, hiru hondakin berri hauek sartzea: HEZ 07 02 13, zelulosazko heste akastunei dagozkien plastiko hondakinak; HEZ 03 03 11, araztegiko lohiei dagozkien hondakinak, eta HEZ 07 01 12, orobat araztegiko lohiei dagozkienak.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:

–Uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren III. eranskinean badago HEZ 07 20 13 kodea daraman hondakina (plastiko hondakinak); hortaz, ez da bidezkoa ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean hura sartzea.

–HEZ 03 03 11 kodea daraman hondakina (araztegiko lohiak) paper-orea, papera eta kartoia ekoitzi eta transformatzeko prozesuan sortzen denari dagokio, eta horrek ez du zerikusirik instalazio honetako prozesuarekin. Hortaz, ez da bidezkoa ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean hura sartzea.

–HEZ 07 01 12 kodea daraman hondakinari (araztegiko lohiak) dagokionez, berriz, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jadanik badago HEZ 07 02 12 kodea daramana, zeina 07 02 prozesuari baitagokio (plastikoak, kautxu sintetikoa eta zuntz artifizialak fabrikatzean, formulatzean, banatzean eta erabiltzean sorturiko hondakinak). Aldiz, 07 01 prozesua oinarrizko produktu kimiko organikoak fabrikatzean, formulatzean, banatzean eta erabiltzean sortzen diren hondakinei dagokie. Prozesu hori ez dator bat instalazio honetan egiten denarekin, ez baita ekoizten inongo produktu kimiko organikorik gero haiek beste instalazio batzuetara eraman eta bestelako produktu kimiko batzuk ekoizteko. Hori dela eta, ez da bidezkoa ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean hura sartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea Kasedako udal-mugartean elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketak. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Bigarrena.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez instalazio honi emandako ingurumen baimen integratuan, hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Viscofan SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Iragarkiaren kodea: F1912913