209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131E/2019 EBAZPENA, urriaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena honi buruz: “Urdazubiko Udal Plan Orokorraren egiturazko aldaketa (harrobien gunea)”. Urdazubiko Udala da sustatzailea.

Aldaketa txikia da hau, zeina definiturik baitago Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan; hortaz, aplikazio-eremuan ezartzen denaren arabera (6.2.b artikulua), bete behar du ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Aldaketa 2018ko ekainaren 29an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2018ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 22koan. Jendaurreko aldian SOS Alkerdik eta Mármoles Baztanek sinatutako alegazioak jaso dira.

Aldaketaren xedea da indarreko udal planeamendua Alkerdi-Berroberria sistema kultura-intereseko ondasun (KIO) deklaratzen duen eta babes eremua ezartzen duen foru agindura egokitzea. Horretarako, eremu horiek ukitzen dituen araudia eta lurzoru urbanizaezinaren sailkapena egokitu, eta lurzoru urbanizaezinaren sailkapenari eta kalifikazioari buruzko 1. eta 2. planoak aldatzen dira; halaber, 3. planoa gehitzen da, katastroaren gaineko zona arkeologikoari buruzkoa.

Aldaketaren eremuak Alkerdiko eta Ikaburuko harrobiek okupatutako lurzoruak hartzen ditu barnean, indarreko planeamenduak lurzoru generikotzat jotzen dituenak. Alkerdi guneari dagokionez, aldaketak KIOren esparrua eta haren babes arloa hartzen ditu barnean, eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezintzat jotzen da hemendik aurrera. Erabileren araubidea artikulu berri batean zehazten da, zeina justifikatzen baita egindako azterlan eta ikerketen emaitzak oinarri hartuta. Aztarnategi arkeologikoak jada KIOren barnean daudenez, 31. artikulua kentzen da (lurzoru generikoa-aztarnategi arkeologikoak).

Ikaburuko harrobiko eremuari dagokionez, haren araudiaren 28. artikulua aldatzen da, hori betetzeko eta leheneratzeko emandako baimenarekin bat etor dadin.

Proposaturiko aldaketak ez du ingurumen ukipenik sortzen, haren helburua sektoreko legeriaren ondoriozko alderdiak gehitzea baita, adibidez, Kultura Departamentuak ezarritako KIO sartzea, kasu honetan bezala. Bai KIOrako bai Ikaburuko harrobien eremurako arau erregimenaren proposamena koherentea eta kontsekuentea da babestu nahi diren balioekin.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea honi buruz: “Urdazubiko Udal Plan Orokorraren egiturazko aldaketa (harrobien gunea)”. Urdazubiko Udala da sustatzailea.

2. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Urdazubiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913020