209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106E/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cordovilla eta Ezkirotz artean zuntz optikoa instalatzeko proiekturako, Galarko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2019ko uztailaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena emateari edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren helburua da Cordovillako azpiestazioa (3006-T) eta Ezkirozko transformazio eta banaketako azpiestazioa (4667-T) zuntz optikoaren bidez lotzea, zuntz optikozko kablea konektatuz “3006-62-Cordovilla-Potasas” 66 kV-eko linea elektrikoan dauden euskarrietara. Cordovillako azpiestazioaren (3006-T) eta 5. euskarriaren arteko 770 metroko aireko zati batekin abiatuko da; 5. eta 7. euskarrien arteko 396 metroko lurrazpiko zati batekin jarraituko da, egun dagoen kanalizazioaren bidez, eta 7. euskarriaren eta Ezkirozko transformazio eta banaketako azpiestazioaren (4667-T) arteko 2.746 metroko aireko zati batekin amaituko da. Beharrezkoa izanen da sei euskarri aldatzea, honako hauek, zehazki: 3, 8, 9, 10, 14 eta 15 zenbakidunak. Proiektua Cordovillako azpiestaziotik abiatzen da, eta PA-31 errepidea gurutzatzen du PA-32 errepidearekiko elkargunearen ondoan; ia 700 metroz A 15 errepidearen iparraldetik doa; 396 metroko lurrazpiko zati bat du Cordovillako gainen hegoaldean; A-15 errepidea gurutzatzen du hegoalderantz; Noaingo aireportuaren iparraldetik jarraitzen du; NA 6001 errepidea (Ezkirotz-Imarkoain) gurutzatzen du, Elortz ibaia zeharkatzen du, Ezkirozko herria mendebaldetik zeharkatu, PA-36 errepidea (Comarca II industrialdeko sarbidea) gurutzatu, eta industrialde horren ekialdetik jarraitzen du, haren barnean kokatuta dagoen Ezkirozko transformazio eta banaketako azpiestazioan amaitzeko.

Proiektuak hartzen duen eremuak ez du hegaztien babesgunerik ukitzen, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arabera; dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren. Hala ere, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera jokatuko da. Dekretu horrek hegaztiak babesteko instalazio elektrikoei ezarri beharreko arau teknikoak finkatzen ditu.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketa jarduera baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2.a) artikuluaren arabera; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du.

Espedienteko txostenak aztertu ondotik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenak ezartzen dituena) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Galarko udal-mugartean, Cordovilla eta Ezkirotz artean, zuntz optikoa instalatzeko proiekturako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Euskarri berrien loturetako isolagailuetarako, elementu eroalearen eta pausatze-gunearen artean 70 cm-ko distantzia errespetatzen duen isolagailu modelo bat erabili beharko da.

–Ordezten diren euskarri guztiak lurretik jasoko dira.

–Material soberakinak edo sortutako hondakinak beren izaeraren arabera behar bezala kudeatuko dira.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Galar Zendeako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1912700