209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104E/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Zubietako udal-mugartean, Zubietako 4. poligonoko 692. lurzatian bide bat zabaltzeko proiekturako. Sustatzailea Juan Luis Loyarte Santesteban da.

2019-04-15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketak landa-errepide bat zabaltzea du helburu; errepide hori 669 lurzatiaren ipar-erpinean hasten da, eta 669 eta 668 lurzatietatik igaro eta 692 lurzatian amaitzen da. Lurzati horiek guztiak Zubietako udal-mugarteko 4. poligonokoak dira. Zabaldu beharreko zatiaren luzera 134 metrokoa da, baina ez da errepide-zati berririk eginen. Proiektuan errepideari zabalera handiagoa ematea aurreikusten da, sustatzailearen 692. lurzatira traktore bidez iritsi ahal izateko. Jarduketan bide ertzetako belar-sastrakak garbituko dira, bost intxaurrondo eta lizar gazte eta kontserbazio egoera kaxkarrean dauden bi arbola hil ebakiko dira eta eskuinaldeko harresi txiki batean harriak kendu eta bidearen ezkerraldean kokatuko dira. Jarduketa horretan ez da lur-mugimendurik eginen, aipaturiko oztopoak kenduz bidea garbitzea baita xedea.

Espedientean Zubietako Udalaren txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du eskatutako jarduketak jarduera baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.e artikuluaren arabera; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Espedienteko txostenak aztertu ondotik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenak ezartzen dituena), eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Zubietako udal-mugartean, Zubietako 4. poligonoko 692. lurzatian, bide bat zabaltzeko proiekturako. Sustatzailea Juan Luis Loyarte Santesteban da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ez da lur-mugimendurik eginen, eta bidea arbolak ipurditik ebakiz eta aipatutako harresitik harriak kenduz garbituko da, zorua aldatu gabe eta azaleko jariatze-sarea aldatu gabe.

–Makinak sartu aurretik, landareak kenduko dira, eta lehentasuna emanen zaio adarrak inausteari zuhaitzak ipurditik moztearen aurretik. Adarren mozketak garbiak izan behar dira, zarrastarik gabe, eragindako orpoei osasun arazorik sortu ez diezaien.

–Zuhaitzak inausi edo kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatua) eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz.

–Sustatzaileak obrak hasi aurretik horren berri emanen dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) aurrerapen nahikoaz, eta obretan gerta daitekeen edozein gorabeheren berri ere emanen dio. Horretarako, gmabidasoa@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidali beharko dio edo 608245812 telefonora deitu.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Zubietako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Bidasoaldeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1912698