209. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

101E/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, iraungitzat deklaratzen duena Fustiñanako “La Carne” bazkalekuan lehorreko zenbait lurzati ureztalurrera eraldatzeko espedientea. Antonio Marchite Floristanek eskatuta hasi zen espedientea.

2017ko apirilaren 8an sartu zen aurreko paragrafoan aipatutako espedientea. Eskaerarako aurkeztu zen dokumentazio teknikoa ikusirik, 2017ko maiatzaren 10ean jakinarazitako idazkiaren bidez sustatzaileari eskatu zitzaion behar zen dokumentazio osagarria bidal zezala, espedientea behar bezala tramitatzeko.

Emandako epea aise iragan da, eta sustatzaileak ez dio erantzun egindako errekerimenduari. Hortaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak nahiz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Iraungitzat deklaratzea Fustiñanako “La Carne” bazkalekuan lehorreko zenbait lurzati ureztalurrera eraldatzeko espedientea, eta horretan egindako jarduketak amaitutzat jotzea. Antonio Marchite Floristanek eskatuta hasi zen espedientea.

Adieraztea ezen, etorkizunean obra horiek gauzatu nahiko balira, espediente berri bat hasi beharko litzatekeela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritako moduan. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen epeak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea interesdunari, Fustiñanako Udalera, Ingurune Naturalaren Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera eta basozainei (Tuterako barrutia), jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1912709