193. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2019 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 13ko 59/2011 Foru Agindua, mugaz gaindiko langile izaera aitor dadila eskatzeko prozedura arautu eta 047 eskaera-eredua onesten duena.

Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak hitzarmen bat sinatu zuten 1995eko urriaren 10ean Madrilen, errentaren eta ondarearen gaineko zergen arloan zergapetze bikoitza saihesteko eta ihes eta iruzur fiskalei aurrea hartzeko. Hitzarmen horri erantsitako protokoloaren 12. atalak indarrean mantentzen du, estatu kontratugileek besterik hitzartzen ez duten bitartean, Espainiak eta Frantziak errentaren eta ondarearen gaineko zergen arloan zergapetze bikoitza saihesteko 1973ko ekainaren 27an sinatu zuten hitzarmenaren 15.4 artikuluan ezarritakoa.

Espainiak eta Frantziak errentaren eta ondarearen gaineko zergen arloan zergapetze bikoitza saihesteko 1973ko ekainaren 27an sinatu zuten hitzarmenaren 15.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, mugaz gaindiko langileak direla frogatzen dutenak, 15.4 artikulu horren arabera, bizi diren estatuan bakarrik egonen dira zergapean mugaz gaindiko lan horren ordainean jasotzen dituzten soldata, lansari eta bestelako sariengatik. Gainera, bi estatuetako agintari eskudunek zehaztuko dute, hala behar denean, nola aplikatuko diren aurreko xedapenak, eta frogagiri bat egitea adostuko dute, beharrezkoa izanez gero.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak apirilaren 13an emandako 59/2011 Foru Aginduak arautzen du zein den prozedura Frantziako mugaldean bizi eta inoren kontura Nafarroako mugaldean lan egiten duten langileek mugaz gaindiko langile izaeraren aitorpena eskatu ahal dezaten, Espainiak eta Frantziak errentaren eta ondarearen gaineko zergen arloan zergapetze bikoitza saihestu eta ihes eta iruzur fiskalei aurre egiteko egin zuten hitzarmenean ezarritako tratamendua aplikatu ahal izateko, hau da, bizi diren estatuan soilik ordain dezatela lanaren errenten gaineko zerga, eta, beraz, Nafarroan ez dezatela atxikipenik izan.

Eskaera hori Nafarroako Zerga Ogasunaren bulegoaren bidez egin behar da, “Mugaz gaindiko langile izaera aitortzeko eskabidea” 047 eredua baliatuta.

Martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen funtsezko helburuetako bat da administrazio elektroniko orokorra ezartzea eta teknologia berriak prozedura administratiboari aplikatzea, oinarrizko legeriak eskatzen duen bezala.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea onetsi zenetik, Administrazio Publikoak bere funtzionamendua errealitate sozial berrira egokitu behar izan du, herritarrei zerbitzu egokiagoak eman ahal izateko; izan ere, gaur egun Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak ezin dira jada ez ulertu ez eta garatu ere bilakaera teknologikoari bizkarra emanda. Zerbitzuak ematen dituzten erakundeek diharduten testuinguruaren eraldaketa eta hartako aldaketa sozialak ikusirik, behar-beharrezkoa da administrazioa berritzea.

Arlo horretan eskuratu diren lorpenak eta onurak aipagarriak dira, batik bat Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak indarra hartuz geroztik. Dekretu horrek erraztu zien zergapekoei beren zerga-betebeharrak, materialak eta formalak, telematikoki betetzea, eta horri esker hobetu zen administrazioaren eraginkortasuna zergak aplikatzean.

Orain arte, 047 eredua paper inprimatuan bakarrik aurkez zitekeen; orain, zergadunek errazago bete ditzaten beren tributu arloko betebeharrak, eta egunetik egunera bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak garatuago daudenez, aipatutako ereduaren aurkezpen telematikoa gaitu da, eta jada ezabatu da paper inprimatuan aurkezteko aukera.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horiek horrela,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 13ko 59/2011 Foru Agindua, mugaz gaindiko langile izaera aitor dadila eskatzeko prozedura arautu eta 047 eskaera-eredua onesten duena.

Bat. 3. artikuluko lehenbiziko paragrafoa.

“Aurkeztutako agiriak ikusirik, Ez-egoiliarren Errentaren, Sozietateen eta Saltoki Handien gaineko Zergen Ataleko buruak ebazpena emanen du. Bertan adieraziko du langileak mugaz gaindiko izaera duen ala ez, eta, beraz, bidezkoa den ala ez berari aplikatzea Espainiak eta Frantziak zergapetze bikoitza saihesteko eta ihes eta iruzur fiskalei aurrea hartzeko egindako hitzarmenak erantsia duen protokoloaren 12. apartatuan ezarritakoa.”

Bi. 8. artikulua.

“8. artikulua. 047 eredua onestea.

Onestea 047. Eredua, “Mugaz gaindiko langile izaera aitortzeko eskabidea”. Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

047 eredua telematikoki aurkeztuko da, 9. eta 10. artikuluetan ezarritako baldintzei eta prozedurari jarraikiz.

Eredu hori formatu elektronikoan baizik ezin da eskuratu.”

Hiru. 9. artikulua gehitzea.

"9. artikulua. 047 ereduaren aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko baldintza orokorrak.

047 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

2. Aitortzaileak Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektroniko bat izan beharko du, arloan indarra duen legerian ezarri bezala.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

3. Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpoko lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek foru agindu honek aipatzen duen ereduari dagokionez erabiltzen ahalko dute ahalmen hori."

Lau. 10. artikulua gehitzea.

“10. artikulua. 047 ereduaren aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko prozedura.

1. 047. ereduaren aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, honako prozedura hau erabiliko da:

1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura sartu Interneteko helbide honen bidez: http://www.hacienda.navarra.es.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du frogagiri gisa erabiltzeko.

2. 047 eredua aurkeztearekin batera, 2. artikuluan aipatzen den dokumentazioa erantsi beharko da.”

Bost. I. eranskina kentzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko irailaren 18an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1912238