193. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Ordenantza, Joko eta apustuetarako aretoen ezarpena arautzen duena. 46. ordenantza. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2019ko maiatzaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen joko eta apustuetarako aretoen ezarpena arautzen duen ordenantza. 46. ordenantza.

Iragarkia 2019ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 6an, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Ikusirik Noain Elortzibarko Udalak osoko bilkuran erabaki zuela ordenantza horretako 4. artikuluan akats zuzenketa bat egitea, osoki ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Noain Elortzibarko udalerrian Joko eta apustuetarako aretoen ezarpena arautzen duen ordenantza

Zioen azalpena

Azken urteetan erruz ugaritu dira zorizko jokoetarako eta apustuetarako aretoak. Horren ondorioz, eta gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria dela-eta, jabetu gara egoeraren larriaz eta hasi gara hartzen ludopatia osasun publikoko arazotzat.

Jokoari buruzko Nafarroako 2017ko memoriaren arabera, apustuetara doan gastua nabarmen igo da 2012tik, 44,41 milioi gehiago data horretatik, 2017an apustuetarako gastua 74 milioi eurokoa izateraino; hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, on-line jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira.

Autonomia erkidegoetako legeriak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak paratzeko, bai aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore hau arautua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzeko.

Hori guztia, jokoan ibiltzeko erraztasuna guztiz kezkagarria baita populazio bereziki ahulari eragiten diolako; zentzu horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasunaren prebentziorako eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek.” Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteak kaltetzen dituzten jarduerak galarazteko, haien nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren garaian.

Hori esanik, ikusten dugu, batetik, udalerriek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak ezartzen du joko aretoekin lotutako jarduerek jarduera sailkaturako udal lizentzia beharko dutela. Lizentzia hori ukatu dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik (IBEFLren 72. art.).

Horregatik uste dugu Noaingo Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintzeko. Muga horiek arautuko dute zorizko joko edo apustuetarako areto edo lokalak non ireki, populazio sentikorra (haurrak, nerabeak eta gazteak) maiz ibiltzen den tokietatik hurbil.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetara eta, batez ere, gazte eta haurrek erabiltzen dituzten eremu libreetara.

2. artikulua. Eraginpeko establezimenduak.

Ordenantza honen eraginpean daude jokorako aretoak baldin, makinan dirua jokatuz, trukean zuzenean nahiz zeharka sari bat lortzea ahalbidetzen badute.

Beraz, parametro horiek aplikatuz, berrikusi eginen da aurkeztutako jarduera-lizentziaren eskabidea, batez ere joko areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko eta, oro har, Nafarroako Gobernuan organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarra duen legerian babesturik.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak.

Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio zaurgarria babesteko, kirol, kultura, hezkuntza eta jostetako instalazioen sarreratik 400 metroko erradioan diren kale guztiak.

Hori, ukatu gabe izaera bereko establezimenduen arteko bereizketa tarteak, dagokion legeriak ezarriak.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Distantzia hori neurtuko da babestutako ekipamenduaren fatxada-puntu hurbilenetik, establezimendu berriaren fatxada-puntu hurbilenera. Neurketa hori beti eginen da bide publikoa edo iragatekoa erabiliz.

5. artikulua. Mugaketa, populazioguneei dagokienez.

Noaingo (Elortzibar) udalerriaren lurralde egitura kontuan harturik, debeku da ezaugarri hauek dituen establezimendu bat baino gehiago jartzea ibarreko kontzejuetan, eremu saturaturik sor ez dadin. Salbuespena da Noaingo gunea.

6. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

Erradio bereko babes zerrenda bat ezartzen da. Bertan galarazia dago, berdin-berdin, kartel bidezko publizitatea egitea eta ordenantzaren eraginpeko establezimenduak non diren adierazteko seinaleak paratzea.

7. artikulua. Ordenantza hau betetzen dela justifikatzea.

Distantzien eraginpeko jarduera-lizentziak eskatzeko nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetarako, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da. Bertan adieraziko da, zehatz, lizentzia zer lokaletarako eskatzen den, haren kokapena eta zabalik dauden beste lokaletara dagoen distantzia. Ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak ere betetzen direla adierazi beharko da.

8. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

Zein sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartela beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu beharko dira.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2019ko irailaren 11n.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

Iragarkiaren kodea: L1911812