173. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2019ko martxoaren 13an egindako osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Hasiera bateko onespenaren iragarkia argitaratu zen 2019ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 4an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, haien testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez deino.

ZIOEN AZALPENA

Gesalatzen, babespeko kontzejuetan, herri-lurretako aprobetxamendutik salbuetsi dira lur partikularrak.

Jakinik ezen Nafarroako Gobernuaren herri-lurren Departamentuak txosten bat egin duela arrazoi horregatik Deierriko kontzeju batean, eta gure kasuan ere aplikatzekoa denez, komenigarritzat jo da ordenantza aldatzea, herri-lurretako aprobetxamendurako eskubidea defendatzeko eta berreskuratzeko. Orobat, Nafarroako Administrazio Auzitegiak zenbait epaitan, adierazi du ezen finka partikularrekin batera ustiapen unitate bakar bat eratzen duten herri-lurrak bat datozela ordenamendu juridikoarekin eta herri-lurren eskubide bat dela finka partikular horien gainean, eta, horrenbestez, herri-ondasuna dela, eta partikularrak karga edo zortasun hori luditzen ahal duela, aldez aurretik kalte-ordaina pagatuta.

Oraingo ordenantzaren 52. artikuluan berariaz esaten da: “Arzozko herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, Udalaren finkekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute”. Idazketa hau du zeren babespeko herriak bi bazkaleku baititu, eta gainerako kontzejuetan ere aplika daiteke, hala baita ohituraz.

Udalak eskubidea eta betebeharra du finka partikularrak sartzeko herri-larreekin batera bazkaleku komunean, bazka-zortasunaren arabera, karga duen herri-lurraren alde.

Partikularrek ez dute eskubiderik beren finkak bazkaleku komunetik salbuesteko, ez baldin badute aldez aurretik luditu aipatutako karga edo zortasuna, aldez aurretik egoki den kalte-ordaina ordainduta eta egoki den prozedurari jarraikiz. Herri-ondasunak direnez, aldez aurretik beharko da Nafarroako Gobernuaren baimen espresua.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA GESALAZKO UDAL-MUGARTEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK: BABESPEKO KONTZEJUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Gesalazko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko: Babespeko kontzejuak.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak. Herri-larreak eta finka partikularrak batuta egiten den aprobetxamendua ustiapen baterako bakarra da, eta Udalak hura barnean sartzeko eskubidea eta betebeharra du.

Partikularrek ez dute eskubiderik beren finkak bazkaleku komunetik salbuesteko, ez baldin badute aldez aurretik luditu aipatutako karga edo zortasuna, aldez aurretik egoki den kalte-ordaina ordainduta eta egoki den prozedurari jarraikiz. Herri-ondasunak direnez, aldez aurretik beharko da Nafarroako Gobernuaren baimen espresua.

Prozedura:

a) Larreen aprobetxamendurako iragarkian, publizitatea emanen zaio aukera honi: herri-larreek eta finka partikularrek osatzen dutenez ustiapen unitate bakarra, jaberik baldin bada aipatutako ustiapen unitate horretara bere finka sartzea nahi ez duena, aukera du Gesalazko Udaletxean agertzeko eta horixe adierazteko, idatziz.

b) Salbuesteko eskaera ikusirik, osoko bilkurak baloratuko du zer eragin ekonomiko negatibo dakarren salbueste horrek, eta horixe izanen da jabeak kalte-ordain gisa ordaindu beharrekoa.

c) Herri-lurren Departamentuari bidaliko zaio, aldez aurreko baimen espresua lortzeko.

d) Herri-lurren Departamentuaren baimena eskuraturik, udalkideen legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin osoko bilkurak erabakiko du ondasunak salbuestea eta jabe eskatzaileak ordaindu beharreko kalte-ordaina.

e) Salbuestea eskatu duen jabeari eskatuko zaio osoko bilkurak eta Herri-lurren Departamentuak onetsitako zenbatekoa.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatua ezertan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Gesalazko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Gesalazko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Gesalazko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Gesalazko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Gesalazko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Gesalazko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Gesalazko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Gesalazko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Gesalazko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Gesalazko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Gesalazko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Gesalazko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Gesalazko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Gesalazko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

Finkak.

16.1 artikulua. Orokorrean, Gesalazko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa izena emana egotea Gesalazko Udalaren babespeko kontzeju batean, gutienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16.2 artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

16.3 artikulua. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Gesalazko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Gesalazko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

19. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

20. artikulua. Fidantzak.

a) Behin betiko adjudikazio prezioaren %20 ordaindu beharko da fidantzatako.

b) Enkanteetan parte hartu ahal izateko aprobetxamenduaren hasierako prezioaren %5 ordaindu beharko da hura egin baino lehenago.

c) Fidantza kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikazio-hartzailearen heriotza.

–Erretiroa.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

d) Adjudikazio-hartzailea beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa amaitzean, aurkitu zituen egoera berean itzultzera. Adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira egiten diren hondaketa guztiak.

Adjudikazio-hartzaileak elementu guztiak ezin hobeki itzultzen ez baditu, fidantzatik kenduko zaio, adjudikazioaren amaieran, hondaketak konpontzeko behar den dirua.

e) Adjudikazioaren epea amaitu baino lehenago aprobetxamendua deuseztatzeko eskatzen badu, Udalak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa osoko bilkuran erabakiko da.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Gesalazko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

22.1 artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

22.2 artikulua. Familia unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

22.3 artikulua. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

23. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

24. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutiago.

Udalak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

26. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Gesalazko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 28. artikuluan xedatua aplikatuko da.

27. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Gesalazko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko ahalmena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

28. artikulua. Gesalazko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Osoko bilkuran gehiengo soilaz Udalak hartzen duen erabakiaren arabera, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 26., 27. eta 28. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko da, baina ereitea eta gainerako lanak adjudikazio-hartzailearen esku geldituko dira.

b) Laborea: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean. Lehentasuna izanen dute ogibide nagusia nekazaritza dutenek.

30. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren azaleraren arabera.

31. artikulua. Adjudikazioaren epea 22. artikuluan adierazitako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

32. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalbatzak onetsiko du, lur motaren arabera.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura nekazaritzako produktuen KPIarekin batera eguneratuko da urtero. (Goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

34. artikulua. Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

35. artikulua. Gesalazko Udalak, Lehen eta Bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

38. artikulua. Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Gesalazko Udalaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

39. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udal-mugarte honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

h) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudelako ziurtagiria, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Gesalazko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

40. artikulua. Gesalazko Udalak, osoko bilkuran bildurik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasunezkoa edo herritarren artekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

41. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

42. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

43. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 31. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

44. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

45. artikulua. Gesalazko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako adjudikazio zuzenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

46. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Lehentasuna izanen dute ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenek eta aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epea izanen dute baldintza hori betetzeko.

47. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Gesalazko Udalak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

Adjudikazio-hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, besteren azienda sartzeko baimena emanen zaio larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio adjudikazio-hartzaileari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikazio-hartzailearen abelburu kopurua gutitzea.

48. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

49. artikulua. Gesalazko Udalak, aitzinetik ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Gesalazko Babespeko Kontzejuko herritarra izatea, gutienez ere urtebete lehenagotik, eta gutienez ere bederatzi hilabetez Gesalazko Babespeko Kontzejuan bizitzea.

b) Gesalazko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Gesalazko Udalak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

50. artikulua. Gesalazko Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa.

51. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Udalaren iragarki-taulan paratuko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onesteko.

Aprobetxamenduen epea 8 urte izanen da gutienez eta 15 urte gehienez.

52. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Gesalazko Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

53. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, baliokidetza hauek finkatu dira azienda mota ezberdinen artean:

a) Behor aziendako abelburu bakoitzeko behi bat.

b) Behi aziendako abelburu bakoitzeko 8 ardi.

c) Ahuntz aziendako abelburu bakoitzeko hamar ahuntz

54. artikulua. Arzozko herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, Udalaren finkekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute, aprobetxamendu eremu hauek ezarri dira:

A eremua, eskorta eta guzti, 493,30 hektareakoa; haren barnean sartzen dira herri-lurretako eta partikularretako ondasun guztiak, salbu eta Iturrabia, Estakadia eta beste mendi batzuetako 92 hektareak, 1993an eta 1994an Nafarroako Gobernuak oihanberritu baitzituen, eta 2004ko azaroaren hesitu ziren 76 hektareak.

B eremua, haren barnean sartzen dira larrea hobetzeko 2004ko azaroaren hesitu ziren 76 hektareak.

C eremua, haren barnean sartzen dira Iturrabia, Estakadia eta beste mendi batzuetako 92 hektareak, 1993an eta 1994an Nafarroako Gobernuak oihanberritu baitzituen.

Larratzeko sasoiak, azienda mota eta haien kopurua finkatzeko, honako irizpide hauek ezarri dira:

A eremua: 800 ardi.

B eremua: 320 ardi.

C eremua: 400 ardi.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

53. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Gesalazko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

54. artikulua. Gesalazko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Gesalazko Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

55. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

56. artikulua. Egurra banatzerakoan Gesalazko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

57. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Gesalazko Udala irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 22. artikuluan islatzen den bezala.

58. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

59. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

60. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

61. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Gesalazko Udalak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

62.1 artikulua. Gesalazko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

62.2 artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

62.3 artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

62.4 artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

63. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

64. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (frutarbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

j) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

65. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Gesalazko babespeko kontzejuetan diren ordenantzak, Gesalazko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen badituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Gesalatzen, 2019ko maiatzaren 30ean.–Alkatea, María Vicenta Goñi Azanza.

Iragarkiaren kodea: L1907561