173. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

190E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Jaizko udal-mugartean egitekoa den “Euskarri gaineko transformazio zentroa, Jaitzen” izeneko proiektuari. Josu Gironés Barberiak sustatu du proiektua.

2019ko maiatzaren 13an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa hauxe da: beste linea elektriko bat jartzea, sustatzaileak Jaizko 2. poligonoko 480. lurzatian duen oilaskoak gizentzeko ustiategi ekologikoa hornitzeko. Erdi tentsioko aireko deribazio bat proposatzen da, “Allotz-Jaitz” 13,2 kV-eko erdi tentsioko aireko lineatik egitekoa. Deribazioak 13 m-ko aireko baoa du eta hego-mendebaldetik ipar-ekialdera igarotzen du eremua, “Allotz-Jaitz” erdi tentsioko aireko linearen 53 zenbakiko euskarrian –instalazioetatik hurbil, hego-ekialdean– egitekoa den deribazioko gurutzeta batetik egun ez dagoen beste euskarri batera. Euskarri berri horretan honako hauek egonen dira: XS ebakigailua, 50 kWA-ko aterpez kanpoko transformazio zentroa eta lurpekorako lotura. Hortik lurpeko 25 m inguruko kanalizazio bikoitza proiektatu da, nabeen guneraino ailegatzen dena.

Proiektuan azaltzen denaren arabera, U70YB20AL isolatzaileak eta PECA-1000 elementua instalatuko dira abifauna babesteko, baita aldez aurretik egindako pieza babesleak (xafla gainekoak, XS polimerikoa babestekoak eta autobalbuletarako estalkiak) eta eroaleen deribazioko zubiak estaltzekoak ere (Olit zinta edo antzeko bat).

Espedientean jasota dago Jaizko Udalak egindako txostena, proiektuaren aldekoa. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, kontuan harturik aurkeztutako dokumentazioan jaso diren neurri zuzentzaileak eta ingurumen baldintzak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Jaizko udal-mugartean egitekoa den “Euskarri gaineko transformazio zentroa, Jaitzen” izeneko proiektuari. Josu Gironés Barberiak sustatu du proiektua.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • U70YB20-AL isolatzaile mota erabili behar da lotzeko isolatzaile, linea bukaeraren euskarriko isolatzaile eta deribazioko euskarriko isolatzaile guztietarako.
  • Deribazioko euskarrietan, deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere.
  • Elektrokuzio arriskua ahalik eta gehien gutxitzearren, honako hauek isolatuko dira linea bukaeraren euskarrietan: lineako eroaleak eta autobalbula-tximistorratzak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) eta konexioko botilak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, berriz, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aldez aurretik moldekatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
  • Euskarri berriaren zapatek eta lurpeko hodiaren zangak ukitzen dituzten lurrak lehengoratuko dira obrak egin ondoren, landare-estalkia berreskuratzeko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuetarako harguneak edo sare elektrikoarekiko loturak.
  • Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Azpiegitura eta/edo azpiegitura horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Hori horrela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Jaizko Udalari, Basozainei (6. barrutia: “Lizarra 1”) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 12an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1910716