173. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2019 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Valtierrako udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko bat egiteko proiekturako, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematen duena.

2019ko apirilaren 25ean, Francisco Javier Berazaluce Minondok, Renovables de la Ribera SL ordezkatuz, aurretiazko administrazio baimena emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko baimen administratiboa eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere, instalazio elektriko honetarako:

–Espedientea: SAT10857.

–Instalazioaren helburua: energia elektrikoa ekoizten duten instalazioak garraio sareari konektatzea.

–Kokapena: 8. poligonoko 652. lurzatia, Valtierrako udal-mugartea.

–Instalazioaren ezaugarriak: “Valtierra Renovables” transformazioko azpiestazio elektrikoa, 66/30 kV, 125 MVA. Honako sistema hauek osatuko dute azpiestazioa:

  • Aterpez kanpoko 66/30 kV-eko sistema. Posizio bakarra izanen du, hiru zatitan banatua: 66 kV-eko lineako posizio bat, 66/30 kV-eko potentzia-transformadore bat, eta 30 kV-eko posizio bat.
  • Zerbitzu lagungarrien sistema.
  • Kontrol eta babes sistema (bigarren mailako ekipoak).

–Aurrekontua: 3.644.488,14 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, Renovables de la Ribera SLren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia argitaratu baitzen 2019ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 16koan, eta Diario de Navarra egunkarian, egun berean. Halaber, iragarkia Valtierrako Udalari bidali zitzaion, jendaurrean jar zezan ediktuen taulan.

2019ko maiatzaren 29an, Valtierrako Udalak komunikazio bat igorri zuen, non azaltzen baitzen aldeko txostena ematen zitzaiola “Valtierra Renovables” transformazioko azpiestazioa eraikitzeari.

Jendaurreko epean Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalaren txosten bat jaso zen, 2019ko ekainaren 10ekoa (espedientea: 399/SCO/19). Txosten hori Renovables de la Ribera SLri igorri zitzaion, eta enpresak idatzi bat aurkeztu zuen, 2019ko ekainaren 28koa. Enpresaren idatzia ikusirik, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalak beste txosten bat eman zuen 2019ko abuztuaren 2an.

Laburbilduz, Herri-lurren Atalaren iritziz ez da beharrezkoa zehazki onura publikoaren deklarazioa ematea, ez baitago justifikatuta betetzen denik premiaren eta presako okupazioaren baldintza; izan ere, Renovables de la Ribera SLk lortu du herri-lur horien erabilera lagapena, Renovables de la Ribera SLren eta Valtierrako Udalaren arteko akordioari esker.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 151. artikuluan adierazten denez, “Edozein unetan eta libreki, onura publikoaren deklarazioaren eskatzaileak beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak erostea adostu dezake horien titularrekin. Instalazioaren onura publikoa deklaratzen denean, akordio horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan aurreikusitako izaera eta ondorioak hartuko ditu, eta, beraz, horrek desjabetze espedientearen amaiera ekarriko du. Kasu horietan, onura publikoaren deklarazioaren onuradunak eskatzen ahalko dio agintari eskudunari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 59. artikuluan ezarritako mekanismoa aplikatzeko.

Ulertu daiteke Renovables de la Ribera SLk eta Valtierrako Udalak desafektatutako herri-lurren erabilera lagatzeko lortu duten aurretiazko akordioa dela legean aipatzen den “adostasuna”, desjabetze espedientea tramitatzea ekidinen lukeena. Nolanahi ere, bidezkoa da zehazki onura publikoa deklaratzea, eta hala, une horretan akordioak hartzen ditu Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan aurreikusitako ondorioak (hau da, desjabetze espedientea amaitzea edo ez hastea, kasu honetan bezala), abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 151. artikuluan ezarri moduan.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak abuztuaren 5ean emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eman zitzaizkion Renovables de la Ribera SLri.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatzen du instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzea, eta aitortzea Renovables de la Ribera SL enpresari onuradun izaera desjabetze espedientean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Instalazio horri, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

2. Renovables de la Ribera SL enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

3. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau Renovables de la Ribera SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau Valtierrako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 13an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1910703