17. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

415/2018 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez diru-laguntza batzuk onesten baitira, Agenda 21eko tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak eta teknikariak finantzatzeko, toki entitateentzat, 2019rako. DDBN (Identifikazioa): 431170.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Nazio Batuek Ingurumenari eta Garapenari buruz egindako Konferentzian (Lurraren Gailurra) du jatorria. Rio de Janeiron egin zen, 1992an. Gero, Hiri Jasangarrien gaineko Europako 1. Konferentzian (Aalborg 1994) garatu zen, Europako Hirien Jasangarritasunerako Gutuna sinatuta, baita Aalborgko Konpromisoa (2004) izenekoak sinatuta ere. Hona hemen zer arlori heldu zioten:

1. Gobernu moduak.

2. Udal kudeaketa jasangarritasunaren aldera.

3. Baliabide natural amankomunak.

4. Kontsumo eta bizimodu arduratsuak.

5. Hirigintzaren planeamendu eta diseinua.

6. Mugikortasun hobea eta trafikoa murriztea.

7. Osasunaren aldeko tokiko ekintza.

8. Tokiko ekonomia bizi eta jasangarria.

9. Berdintasuna eta justizia soziala.

10. Tokikotik globalera.

Behin Agenda 21 eginda, gako dira haren kudeaketa eta Ekintza Planaren jarraipena; hortaz, bidezkoa da eginkizun horiez arduratzen diren zerbitzu teknikoak finantzatzea. Bestalde, komeni da bultzada ematea tokiko garapen jasangarria eta ingurumen proiektuak errazten dituzten tokiko zerbitzuei.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza batzuk onestea, Agenda 21eko tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak eta teknikariak finantzatzeko, toki entitateentzat, 2019rako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak, onestea.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuetako partida honen kargura: “Toki Entitateentzako diru-laguntzak Agenda 21 - jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007 74700 4609 468100 partida. Edo, bestela, 2018. urtean ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko sortzen den partida baliokidearen kargura izanen da. Betiere, kreditu nahikoa eta egokia izan beharko da gastu honetarako.

4. Deialdi hauek Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2018ko abenduaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

TOKI ENTITATEENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK, JASANGARRITASUNERAKO ZERBITZU TEKNIKOAK FINANTZATZEKO, 2019RAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Ebazpen honen xedea da diru-laguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoen jarduera finantzatzeko, 2019an, helburua izanik garapen jasangarria sustatzea tokiko mailan.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Diru-laguntzaren xede izanen da Nafarroako Toki Entitateek Tokiko Agenda 21 gainbegiratzeak eta kudeatzeak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate batek egitea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo entitateen batasun batek.

b) Tokiko Agenda 21 baten garapenaren eta kudeaketaren barnean egotea, tokiko organo eskudunak onetsitako eta Nafarroako Gobernuak balidatutako Ekintza Plan batekin.

c) Entitatearen langileekin egiten direnean, langile horien kontratazioarekin lotutako gastuak diruz lagundu daitezke.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak, eskabide orokor bat beteta, dokumentazio hau eraman beharko du:

1. 2. eranskina. Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, entitate eskatzailearen guztirako populazioa adieraziko du, baita diru-laguntzaren xede diren entitateenak ere. Eskaera entitate bat baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer entitate diren.

2. Zenbait entitaterako eskaera eginez gero, delegatutako entitate bakoitzerako 3. eranskina osorik beterik gehituko da: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duen erantzukizunpeko adierazpena, eta entitate eskatzaileari egindako eskuordetzeari buruzko adierazpena.

Jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku dauden dokumentuak badaude, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den eta zer espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada, baimena emanen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haietan sartzeko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo toki-korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da. Proiektu mankomunatuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile ofizialak sinatuko du eskaera. Agenda 21ek zenbait udalerritan baldin badu eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko delegazio-agiria erantsiko da, hots, 3. eranskina.

Eskaera Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari eginen zaio, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko da (González Tablas kalea, 9, Iruña). Orobat, aurkezten ahalko da Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Epaimahaiburua: Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Epaimahaikidea: Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak aurkeztutako eskaeren xedeko gaietako teknikari adituen parte-hartzea eskatzen ahalko du.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota,Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio ezen zuzentzen ez badu eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

3. Diru-laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik diru-laguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak idatziz onetsi beharko du proiektua egitean haren edukian edo forman egiten den edozein aldaketa.

2. Ekintzak 2019ko ekitaldiaren barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2019ko ekitaldian eman dezan toki entitatearen aldeko ordainketa agindua.

3. Diru-laguntza jasotzen duten proiektuen edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako ekintzen %100 bitarte kontrata dezake.

5. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

6. Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.

7. Jasotako diru-laguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Diru-laguntza onartzen denetik hiru hilabeteko epean, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari honako dokumentazio hau igortzeko konpromisoa:

a) Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoaz arduratzen diren langileen izenak, deiturak eta titulazioa.

b) Agenda 21en egoera: antzinatasuna eta betetze mailaren txostena. Orobat, honako hauei buruzko txostena aurkeztuko da: aldaketa klimatikora egokitzearen eta hura murriztearen egoera, ingurumenaren arloko boluntariotza eta aktibismoa detektatzea eta sustatzea, eta lurraldean garatzen diren ingurumen hezkuntzako ekintzak.

c) 2019an garatu beharreko programa, barnean direla Agenda 21aren Ekintza Planaren garapena, aldaketa klimatikora egokitzeko eta hura murrizteko planak, ingurumenaren arloko boluntariotza eta aktibismoa detektatzea eta sustatzea, eta lurraldean garatzen diren ingurumen hezkuntzako ekintzak.

9. Atal berari, azaroaren 15a baino lehen, honako dokumentazio hau igortzeko konpromisoa:

a) Garatutako programa baloratzeko txostena.

b) Programa horren garapenean izandako gastuen eta sarreren zerrenda.

10. Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoko kideek parte hartuko dute Nafarroako Gobernuak tokiko jasangarritasunaren arloan antolatutako prestakuntza ekintzetan: Agenda 21, aldaketa klimatikoa, ingurumenaren arloko boluntariotza eta aktibismoa eta ingurumen hezkuntza.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako diru-laguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, diru-laguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

2019ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, 2019ko gastuen aurrekontuan honako partida honi dagokion partidaren kargura: 2018ko gastuen aurrekontuko “Toki Entitateentzako diru-laguntzak Agenda 21 - jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007747004609468100 partida.

Hamargarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, 2019an, gehienez 40.000 euro emanen dira guztira.

Hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera puntuazio bat emanen zaio proiektu bakoitzari, eta proportzioan proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Zortzigarren oinarrian exijitutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaerari uko eginen zaio, eta diru-laguntza berriz kalkulatuko da, irizpide beraren arabera.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, diru-laguntzaren zenbatekoa araberan murriztuko da.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

Entitate bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, puntuazioa honela emanen da:

a) Abiapuntu gisa, toki entitate guztiek 10 puntu izanen dituzte, eta honako puntuazio hauek gehituko zaizkie:

b) Bost puntu, Nafarroako toki entitateen jasangarritasunaren sareetan parte hartzeagatik.

c) Hiru puntu, 10 urtetik beherako Agenda 21 bat izateagatik.

d) Bi puntu, diruz lagundutako ekintzak entitate eskatzailearengan delegatutako udal bakoitzeko; 10 puntu gehienez.

e) Puntu bat, zerbitzuaren xede den udalerrietan bizi diren mila biztanleko; gehienez 10 puntu.

Behin entitate eskatzaile bakoitzaren puntuazioa kalkulatuta, guztirako diru-laguntza proportzioan banatuko da puntuazio bakoitzaren arabera.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

2019ko azaroaren 15a arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Tokiko jasangarritasunaren zerbitzu teknikoak garatutako jarduerei buruzko txostena.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna

Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da diru-laguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Hemezortzigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 egiteko diru-laguntza eskatu duen entitatearena (PDFa).

3. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 egiteko eskuordetu duten entitateena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1814968