17. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

1/2019 FORU LEGEA, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO ESKUBIDE KULTURALEI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

I

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluan ezarrita dagoenez, pertsona orok du eskubidea erkidegoaren bizitza kulturalean libreki parte hartzeko, arteez gozatzeko, aurrerapen zientifikoan eta horrek dakartzan onuretan parte hartzeko, bai eta norberak egindako lan zientifiko, literario edo artistikoak direla-eta dagozkion interes moralak babestuta izateko ere. Ondoren, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen 1966ko Nazioarteko Ituneko 15. artikuluak adierazi zuen itunaren sinatzaile diren estatuek eskubide horiexek aitortzen dizkiotela pertsona orori, eta horrekin batera ezarri zuen estatuen konpromisoa, eskubide horiek ziurtatzeko behar diren neurriak hartzekoa.

Nazioarteko zenbait testu eta agiritan ere aipatzen da gai hau. Hauek dira nabarmenenak: Kultur Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala, Unescoren Konferentzia Nagusiak 2001eko azaroaren 2an onetsia; aipatutako Nazioarteko Itunaren 15.1 a) artikuluari buruzko 21. Ohar Orokorra (pertsona orok eskubidea du bizitza kulturalean parte hartzeko), Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak 2009an egindakoa; eskubide kulturalen alorreko errelatore bereziak 2010etik aurrera egindako txosten aldizkakoak eta sektorialak; edo, hertsiki araugintzaren esparruan, Unescoren Konbentzioa, kultur aniztasuna babestu eta sustatzeari buruzkoa, Parisen 2005eko urriaren 20an egindakoa, Espainiako Erresumak 2006ko abenduaren 18an berretsi zuena.

Iturri horiei guztiei gehitzen ahal zaizkie bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea dela-eta Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioan izandako ekimenak eta lanak, bai eta gai zehatzei buruzko beste batzuk ere, hala nola kultur ondare material eta immaterialaren babesari buruzkoak. Denen artean, ezbairik gabeko munta duen esparru kontzeptual bat tankeratzen dute, estatuen barnean arauzko zehaztapena behar duena alabaina, elementu haietako askok indar juridiko loteslerik ez daukatenez.

II

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 44.1 artikuluak ezartzen du botere publikoek kultura edonoren irispidean egotea sustatu eta zainduko dutela, guztiek baitute hartarako eskubidea. Eskubide horren edukia legegileak zehaztu beharrekoa dela begi-bistakoa da, eta Estatuko ordenamenduan nahiz Nafarroako Foru Komunitatekoan emandako xedapen sektorial batzuk lagungarriak dira kulturaren arlo jakin batzuetan hura zedarritzeko, hala nola ondare material eta immaterialaren kasuan, edo museo, artxibo eta liburutegiei dagokienez, esate baterako.

Komeni da, halere, kultur eskubideen antolaketa juridikoa halako moduz egitea non, eskubide horiek egikaritzen diren sektoreei ezinbesteko arreta emateaz harago, eskubideen beraien esparru orokor, argi eta zehatz bat eskainiko baita, arestian aipatutako nazioarteko testuetan oso argi bereizi diren ideia nagusiak ardatz harturik. Alegia, unibertsaltasuna, kultur aniztasuna eta pertsona orori askatasuna aitortzea bere identitate kulturala aukeratzeko eta bizitza kulturalean parte hartuko duen ala ez, eta nola, erabakitzeko. Izan ere, unibertsaltasuna, aniztasuna eta askatasuna dira kultur eskubideen bizkar-hezurra osatzen duten balioak, eta ez da harritzekoa hala izatea, onartuz gero ezen eskubide guztiak, zein diren ere haiei eransten zaizkien adjektiboak, pertsonen duintasunarekin daudela uztarturik. Horregatik, adibidez, kultur aniztasuna ezin da erabili giza eskubideen errespetuarekin bateraezinak diren jardunbideak edo adierazpenak justifikatzeko, halakoak izateagatik pertsonen duintasunaren kontrakoak baitira.

Eskubide kulturalak egiazko eskubide direnez gero, botere publikoek horiekiko dituzten betebeharrak gainerako eskubideekiko dituzten berberak dira: errespetatu, babestu, eta haien egiazko erabilera erraztu eta sustatzea. Horretarako, nahitaezkoa da eskubideen edukia zehaztea, eta gizarte demokratiko batean lan hori gehienbat herritarren ordezkariei dagokie -parlamentuei, alegia-, ukatu gabe epaileek eta auzitegiek ere, beren eginkizun jurisdikzionala betez, zehaztapenak eranstea edo interpretazioak egitea, horretara ezkero.

III

Horiexek dira Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Lege honen abiapuntuak; Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.8 artikuluan xedatutakoan babesten da eskumenei dagokienez, eta haren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko herritarren eskubide kulturalak bermatu eta sustatzea, honakoak defendatuko dituzten politika kulturalak bultzatuz: kulturak ondasun amankomun bezala duen balioa, eta kulturarako irispidea izateko nahiz bizitza kulturalean parte hartzeko eskubideak, gizarte berdinzaleagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko zutabe diren aldetik.

Nafarroa identitate aberatsa eta askotarikoa duen erkidegoa da, bere-bereak diren gobernantza ereduetan errotutako historia duena; horregatik, kulturak kidetasun-sentimendua sortzen du, pentsamolde kritikoa hezurmamitzen, jasangarritasuna hobetzen, erkidegoko lurralde egituren taxuketan eragiten, eta gizartearen elementu integratzailea, eraldatzailea eta dinamizatzailea da, enplegua sortzeko eta garapen ekonomikorako faktore garrantzitsua izateaz gain.

Horrenbestez, foru lege hau kulturarako eskubidetik eskubide kulturaletarako aurrerapausoa da, eta lagungarria izanen da eskubide horiek giza eskubide gisa erabil daitezen, eta kulturarako nahiz sorkuntza artistikorako irispidea izateko eta kultur bizitzan parte hartzeko aukerak unibertsalak izan daitezen; orobat, sormen-gaitasunerako pizgarri eta arte adierazpenetarako babes izanen da, eta babesa eta aitortza emanen dizkie kultur arloko langile direnen eta kultur eta sorkuntza industrietako ekintzaileen zereginari.

IV

Foru lege honek honako egitura du: sei titulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen.

I. tituluan biltzen dira xedapen orokorrak eta foru legearen xedea, oinarrizko printzipioak eta aplikazio esparrua. Era berean, kultur eskubideak zein diren adierazten du titulu horrek, eta horiek osotara eta libreki egikaritzea bermatzeko agintzen die Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoei.

II. tituluan kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea arautzen da. Administrazio Publikoek zaindu beharko dute eskubide horiek betetzen direla, eta behar diren baldintzak sustatu nahiz neurriak hartuko dituzte egiazko berdintasunean gauzatuak izan daitezen, inklusioa ziurtatuz pertsona eta talde ahulentzat eta desgaitasuna dutenentzat, bai eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ere.

Kulturarako irispidearen arloan, aurreikusten da, batetik, ez bakarrik fisikoki irisgarriak izatea kultur zentroak, museoak, artxiboak, liburutegiak, antzokiak, auditorioak, kultur ondarea osatzen duten ondasunak eta, oro har, edozein ekipamendu kultural, baizik eta irispide birtuala edukitzea informazioaren teknologien eta kultur bitartekaritzaren bidez.

Berariaz arautzen dira zenbait gai: Nafarroako Kultur Ondarearen parte diren ondasunetarako irispidea eraentzen da, zehaztasunez adieraziz zer araubide izanen duen Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean adierazitako betebeharrak, bisita publikoa baimentzearenak; ondare immaterialerako irispidea eta haren sustapena; dokumentu-ondarerako, museo eta bilduma museografiko iraunkorretarako irispidea, eta, azkenik, liburu eta liburutegietarako irispidea.

Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloari dagokionez, nabarmentzekoa da kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren mendeko Nafarroako Zinematekaren eginkizunen arautzea.

II. tituluan daude, halaber, arte eszenikoei, musikari, kultur eta sorkuntza ekosistemari eta kultur ekipamenduei dagozkien xedapenak.

Azkenik, aitortzen da pertsona orok, banaka nahiz taldean, eskubidea duela bizitza kulturalean eta kultur arloko politika publikoekin lotutako erabakiak hartzeko prozesu garrantzitsuetan parte hartzeko, betiere gardentasunaren, informazio publikorako irispidearen eta gobernu irekiaren gaineko araudiaren esparruan, eta ezertan ukatu gabe partaidetza-tresnak aurreikusten dituzten beste arau batzuetan xedatutakoa.

III. titulua arte eta literatur sorkuntzari eta ikerketa zientifikoari buruzkoa da. Alde batetik, I. kapituluak heltzen dio sortzeko eta ikertzeko askatasunari, eta II. kapituluak, berriz, Administrazio Publikoek esparru horietan egin beharreko sustapen eta zabalkundeari.

IV. tituluak arautzen du Administrazio Publikoek kulturaren arloan duten erantzukizuna, eta ezartzen du haien jarduna bete behar dela jarduera publikoaren gardentasunaren gaineko araudiaren esparruan.

Bestalde, kultur sektoreetan lan egiten duten pertsonen profesionalizazioa bermatzeko xedeaz, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak bete beharko dituen jarduketak ezartzen dira.

Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez, kulturaren arloko eskumena duen departamentuari gai hauen gaineko eskumenak esleitzen zaizkio: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako irispidea izatea; arte sorkuntza eta zabalkundea bultzatu eta sustatzea; foru lege honetan aitortutako eskubideak eraginkorrak direla eta legea betetzen dela zaintzea, ezertan ukatu gabe Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumenak eta Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuekiko koordinazioa.

Horretarako, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak garatu beharko dituen jarduketak, neurriak eta programak ezartzen dira, hain zuzen foru legearen xedeak eta helburuak betetzeko eta jasotzen dituen eskubideak eta printzipioak egiaz aitortu eta erabiltzeko behar direnak.

Udalerrien kasuan, toki araubideko oinarrizko legeriari jarraikiz, betiere berezko eskumen gisa eginen dute kulturaren eta kultur ekipamenduen sustapena, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeriaren baldintzetan; horrez gain, foru legeak haien kultur ondarearen zabalkundea egin eta hari balioa emateko eginkizuna esleitzen die, ukatu gabe arlo horretako eskumena duen departamentuarekin lankidetzan aritzea, hura babestu, areagotu eta jakitera emateko.

Bereziki, udalerriak kultur ondare immaterialaren zabalkundeaz eta sustapenaz arduratuko dira, eta ahaleginduko Nafarroako herri kulturen eta kultura tradizionalen agerpen ezberdinak testuinguru historiko, kultural eta lurraldekoan kokatzen.

Udalerriek, beren eskumenak betez eta bakarka edo udalez gaindiko entitateen bidez, besteak beste sustatuko dituzten kultur zerbitzuak jasotzen dira.

V. tituluan Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua jasotzen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kulturaren arloan duen kontsulta eta aholkuetarako organoa izateko. Halaber, haren eginkizunak aipatzen dira eta osaera ezartzen, erregelamenduz garatuko dena, haren antolaketa eta funtzionamendua bezalaxe.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren oinordekoa denez, foru lege honen xedapen indargabetzaile bakarrak xedatzen du bereziki indargabetuko dela Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 10. artikulua, kontseilua juridikoki taxutu zuena. Lehen xedapen iragankorrean, bestalde, ezartzen da Nafarroako Kulturaren Kontseiluaz ordenamendu juridikoan egiten diren aipamenak Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaz eginak direla ulertuko dela, eta foru lege honek indarra hartzen duenean Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen direla gaur egun Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kide diren horiek.

Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta jardunbidea ezartzen dituen araudi indardunean ezarritakoarekin bat gaur egungo kideen agintaldia amaitu ondoren, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideak hautatuko dira, foru lege honetan xedatutakoari jarraikiz.

VI. titulua finantza eta zerga xedapenei buruzkoa da, eta gai hauek aurreikusten ditu: kulturaren finantzaketa publikoa; kulturaren arloko eskumena duen departamentuak diru-laguntzak eta laguntzak ezartzea; kultur mezenasgoaren zabalkundea; eta kultur ekintzailetzarako funtsak sortzea eta krediturako irispidea, Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin edo beste entitate batzuekin elkarlanean egiteko aukerarekin.

Foru legeak zerga arloko foru legeriara igortzen du eskubide kulturalen arloan aplikatzekoak diren zerga onuren gaia, eta espresuki aipatzen ditu kultur mezenasgoari, babesletzari, zinema ekoizpenei eta ikus-entzunezko serieei dagozkienak.

Xedapen gehigarri bakarrean ezartzen denez, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak zerbitzu-gutunak onetsi beharko ditu, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita urtebeteko epean, eta haietan zehaztuko da zein diren bere eskumen esparruetako prestazioak.

Lehen xedapen iragankorraren xedea, arestian esan bezala, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren oinorde egitea da. Bigarren xedapen iragankorrak Nafarroako Kulturaren Atari Digitalaren ezarpena arautzen du.

Xedapen indargabetzaile bakarrak foru lege honen aurkako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabetzen ditu, eta espresuki, honakoak: Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 10. artikulua, baita haren 28. artikuluko b) eta c) apartatuak ere, indarra hartzen dutenetik aurrera, foru lege honen azken xedapenetatik bosgarrenaren bigarren paragrafoarekin bat, 10. artikuluko 2., 3., 4., 5. eta 6. apartatuak.

Azkenik, azken xedapenetako lehenak Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legea aldatzen du, liburutegi publikoen oinarrizko zerbitzuei dagokienez; azken xedapenetako bigarrenak Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Legea aldatzen du, errazte eta sustatze aldera adingabeak eskubide kulturalez balia daitezela; azken xedapenetako hirugarrenean Foru Komunitateko zerga-araudiaren egokitzapena jasotzen da; azken xedapenetako laugarrenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari foru legea erregelamenduz garatzeko; eta azken xedapenetako bosgarrenak indar-hartzea ezartzen du.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honek eskubide kulturalen araubide juridikoa ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatean, eta pertsona guztiei bermatzen die eskubide horiek eraginkortasunez erabiltzea, foru legean bertan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoari jarraikiz.

2. Foru lege honetan xedatutakoa betetzeko, Nafarroako Administrazio Publikoek koordinatuko dituzte eskubide kulturalekin lotuta gauzatzen dituzten jarduketak, bermatu eta sustatuko dute eskubide horien erabilera eta kultur ondasun eta zerbitzuetarako irispidea izatea, eta ziurtatuko dute sortzaileen, kultur eragileen eta herritarren parte-hartzea bizitza kulturalean eta kulturaren arloko politika publikoak diseinatu, garatu eta ebaluatzeko prozesuetan.

2. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Honako hauek dira foru lege honen inspirazio-printzipioak, Nafarroako botere publikoek kulturaren esparruan gauzatzen duten jardunari ere oinarri eman behar diotenak:

a) Pertsona guztiek kulturarako irispidea izatea eta bizitza kulturalean libreki parte hartzea erraztera bideratutako ekintzak sustatu eta betetzea.

b) Kultur aniztasuna eta norberaren kultur identitatearen hautatze librea errespetatzea eta inklusioaren eta kulturarteko harremanen sustapena.

c) Nafarroako kultur ondare materiala eta immateriala babestea, zaintzea, ezagutaraztea eta balioan jartzea.

d) Errespetatzea adierazpenerako eta sorkuntza artistikorako askatasuna eta ekoizpen eta sormen lanetatik eratorritako eskubide utziezinen gozamena.

3. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean aplikatuko da.

4. artikulua. Eskubide kulturalak.

1. Eskubide kulturalak honako balio hauetan oinarritzen dira: askatasuna, kultur aniztasuna, genero berdintasuna, diskriminazio eza, pluralismoa, kohesio soziala, eskuragarritasuna eta garapen jasangarria.

2. Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, herritarren kultur eskubide dira, berdin delarik indibidualki ala kolektiboki baliatzen diren:

a) Norberaren kultur identitatea libreki aukeratzeko, kultur erkidego bateko edo batzuetako kide izateko nahiz ez izateko, eta aukeratze hori errespetatua izateko eskubidea, halatan babesturik kultur aniztasunerako eskubidea.

b) Iritzi askatasuna eta norberak aukeratutako hizkuntzazko adierazpenerako askatasuna izateko eskubidea, ezertan ukatu gabe Nafarroako hizkuntza ofizialen gaineko araudian xedatutakoa.

c) Kulturarako irispidea eta Nafarroako Administrazio Publikoek eskaintzen dituzten ondasun eta zerbitzu kulturaletarako irispidea askatasunez eta berdintasunez izateko eskubidea.

d) Ekoizpen eta sorkuntza literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako eskubidea eta talentuaren eta sormenaren garapenerakoa, bai eta horien emaitzak jendearenganatu eta banatzekoa ere.

e) Bizitza kulturalean norberak aukeratutako jardueren bidez libreki parte hartzeko eskubidea, norberaren praktika kulturalak gauzatzekoa, sormenez jokatzekoa eta sormen jardueretan parte hartzekoa.

f) Foru lege honek aitortzen dizkien eskubideetan eragina izan dezaketen erabakiak hartzeko prozesu garrantzitsuetan modu aktibo eta informatuan libreki parte hartzeko eskubidea.

g) Nafarroako kultur ondare material eta immaterialerako irispidea libreki eta parekotasunez izateko eskubidea, ondare horren titulartasuna zein den ere, bai eta hartaz gozatzekoa ere, eta norbere erkidegoarekin elkarlanean aritzeko eskubidea ondare hori berreskuratu, ikertu, babestu, zaindu, jendearenganatu, balioan jarri eta sustatzeko zereginetan.

h) Herri kulturak eta kultura tradizionalak ezagutzeko eskubidea.

i) Memoria kulturala eta historikoa berreskuratzeko eskubidea.

j) Foru lege honetan aitortzen diren kultur eskubideak eraginkortasunez erabiltzeko garrantzitsua den informazio guztia jasotzeko eskubidea, bai eta kulturaren arloko informazioa eskatzekoa ere, gardentasunaren eta informazio publikorako irispidearen gaineko araudian ezarritako baldintzetan.

k) Kultur informazioa sortu eta jendearenganatzeko eskubidea, betiere errespetatuz sortzaileen eta egileen eskubide uko egin ezinezkoak.

l) Norbere literatur, arte eta zientzia ekoizpen lanetatik eratorritako egile-eskubide uko egin ezinezkoak babestuta izateko eta haietaz gozatzeko eskubidea, arloaren gaineko araudiarekin bat.

3. Foru lege honetan aipatzen diren eskubideak erabiliko dira bertan eta aplikatzekoak diren gainerako arau eta xedapenetan ezarritakoarekin bat, eta errespetatuz Konstituzioak, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen babeserako Europako Hitzarmenak eta eskubide eta askatasunei buruz Estatuak berretsitako nazioarteko itun eta akordioek ezartzen dituzten mugak.

5. artikulua. Eskubide kulturalen bermea eta sustapena.

1. Foru lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitako baldintzetan, Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoek bermatuko dute eskubide kulturalak osotara eta libreki erabiltzea egiazko berdintasuneko araubidean, horretarako behar diren aurrekontu-neurriak hartuz, bai eta behar diren gainerako neurriak ere, izaera positiboa eta sustapenekoa dutenak barne.

2. Aplikatzekoak izanen dira, kasua bada, legezkotasuna berrezartzeko neurriak eta zehapen araubidea, jasota daudenak kultur ondare, artxibo, agiri, museo eta bilduma museografiko iraunkorrei buruzko foru araudian eta gainerako ordenamendu juridikoan.

II. TITULUA

Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea

I. KAPITULUA

Kulturarako irispidea izateko eskubidea

6. artikulua. Kulturarako irispidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek begiratuko dute kulturarako irispidea eta bizitza kulturaleko parte-hartzea egiazko berdintasunez gauzatzen direla, eta diskriminaziorik gabe jatorria, etnia, erlijioa, ideologia, sinesteak, generoa, sexu orientazioa, desgaitasuna edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial dela-eta.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek baldintza egokiak sustatuko dituzte pertsonaren eta hark osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna errealak eta eraginkorrak izan daitezen kulturarako irispidea izateari eta bizitza kulturalean parte hartzeari dagokienez, eta horiek erabatekoak izatea zailtzen edo eragozten duten oztopoak kenduko dituzte. Horretarako sustatuko dute herritarrek kulturarako irispidea izatea eta bizitza kulturalean parte hartzea, eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte, positiboak barne, pertsona eta talde ahulen eta desgaitasuna dutenen inklusioa ziurtatzeko, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ere.

7. artikulua. Kulturarako irispide fisikoa.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek progresiboki bermatu beharko dute irispide fisikoa, psikikoa eta sentsoriala aurreko artikuluan xedatutakoaren araberakoak izatea kultur zentroetan, museoetan, artxiboetan, liburutegietan, antzokietan, auditorioetan, kultur ondareko ondasunetan eta, oro har, kultur ekipamendu orotan.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek herritarrei behar den informazioa eta behar bezala eguneratua emanen diete arestian aipatutako toki, zentro eta guneetarako irispidearen baldintzei buruz. Informazio horretan jasoko dira, gutxienez, jendearentzat irekita egoteko ordutegia, ordaindu beharreko prezioa, baldin badago, eta eskura dauden zerbitzu osagarriak.

3. Herritarrentzako informazioa eta arreta eskainiko dira euskarari buruzko araudian eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoan xedatutakoarekin bat.

8. artikulua. Kulturarako irispide birtuala. Nafarroako Kulturaren Atari Digitala.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek erraztu eginen dute kulturarako irispidea informazio-teknologien bitartez lortzea, eta teknologia horien bitartez ezagutaraztea beharrezkoa eta eguneratua den informazioa, kultur zentroei, museoei, artxiboei, liburutegiei, kultur ondareko ondasunei eta, oro har, edozein kultur ekipamenduri buruzkoa. Horrek barne hartzen ditu garrantzi kultural berezikotzat jotzen diren toki, eraikin edo guneen bisita birtualak; batez ere, horietarako sarbide fisikorako murrizgarri espezifikoak daudenean.

2. Herritarrentzako informazioa eta arreta 7. artikuluko 3. apartatuan adierazitako baldintzetan eskainiko dira.

3. Kultura arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako Kulturaren Atari Digitala sustatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko zerbitzu publiko gisa, herritarrek haren bitartez eskura dezaten kultur informazioa eta dokumentazioa, eta Nafarroako kultur esparru digitala garatu eta sendotzen laguntzeko.

4. Nafarroako Kulturaren Atari Digitalak irisgarritasun unibertsalaren irizpideak beteko ditu.

5. Ulertzen da artikulu honetan xedatutakoa ez dela oztopo izanen gardentasunaren gaineko araudiak aipatzen duen Gobernu Irekiaren Atariaren bitartez bideratzen diren zerbitzuetarako.

9. artikulua. Kultur bitartekaritza.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek kultura eta arte bitartekaritzako prozesuak jarriko dituzte eskura, herritarrei arte eta kultur adierazpenen kultur kodeetarako irispidea izaten laguntzeko, eta haiek ezagutu eta ulertzearekin lotzeko, bai eta herritarren eskura jartzeko ere kultur ekoizpenak behatzea eta haietaz gogoeta egitea ahalbidetzen duten baliabideak.

2. Kultur eragileek tresnak eta ekintzak sustatuko dituzte, lanak eta edukiak beren testuinguruetan ulertzea ahalbidetzeko, eta herritarrek esanahien eraikuntzan parte har dezaten laguntzeko.

II. KAPITULUA

Kultur adierazpenetarako irispidea

10. artikulua. Nafarroako Kultur Ondareko ondasunak.

1. Pertsona orok du eskubidea Nafarroako Kultur Ondarea berdintasunez gozatzeko, ondasunen zainketa- eta babes-beharrizanak errespetatuz.

2. Edozein titulurengatik Nafarroako Kultur Ondareko ondasunen jabe edo edukitzaile diren pertsona edo entitateek betebehar hauek dituzte:

a) Baimena ematea interes kulturalekotzat deklaratutako ondasunen eta ondasun higiezin inbentariatuen doako bisita publikorako, halako moduz non hilean lau egunez eta egunean lau orduz egin ahalko baita gutxienez ere, aurrez adierazitako egun eta orduetan. Interes kulturaleko ondasun higigarriei dagokienez, zilegi izanen da, edozein titulurengatik jabe edo kasuko eskubideen edukitzaile direnek hala eskatuta, arestian aipatutako betebehar horren ordez haiek gordailuan uztea, kultura arloko departamentu eskudunak haien erakusketa publikorako erabakitzen duen zentroan.

b) Interes kulturaleko ondasun higigarriak maileguan uztea Nafarroako Administrazio Publikoek antolatu edo sustatutako aldi baterako erakusketa publikoetarako.

c) Behar bezalako egiaztagiria duten ikertzaileak baimentzea Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden ondasunetarako irispidea izan dezaten, horretarako eskaera arrazoitua egin ondoren; eskaera horri uko egiten ahalko zaio soilik horretarako arrazoiak daudenean, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak arrazoi horiek egiaztatu ondoren. Ondasun higigarriei dagokienez, zilegi izanen da, edozein titulurengatik jabe edo edukitzaile direnek hala eskatuta, arestian aipatutako betebehar horren ordez haiek gordailuan uztea, kultura arloan eskudun den departamentuak xedatzen duen zentroan.

3. Artikulu honetan xedatutakoa halaber aplikatuko zaio interes kulturalekotzat deklaratuak izanik Eliza Katolikoaren jabetzakoak diren ondasunei buruzko legediari, irispide publikoa ahalbidetze aldera kasuan kasuko lankidetza akordioen bitartez; hori, halere, ez da eragozpena izanen 1. apartatuan aurreikusitako eskubiderako.

4. Ezin izanen da urtean 60 egun natural baino gehiagokoa izan a), b) eta c) letretan aipatzen diren mailegu eta gordailuen denbora-muga.

5. Salbuespen gisa, kultura arloko eskumena duen departamentuak zilegi izanen du 2. apartatuan ezarritako betebeharrak betetzetik aske uztea, osorik edo hein batean, ofizioz edo pertsona nahiz entitate interesdunek hala eskatuta, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik; besteak beste, pertsonen segurtasuna bermatu beharra, edo kultur ondasunaren zainketa.

6. Kultura arloko eskumena duen departamentuak bisitaldi publikorako egutegiak eta ordutegiak onetsi eta behar bezala ezagutaraziko ditu. Horretarako, ondasunen jabe edo edukitzaile diren pertsona edo entitateei eskatuko die beren proposamenak egiteko, departamentuak ezartzen dituen epe eta baldintzetan.

7. Nafarroako Administrazio Publikoek, kultur ondarea eta horren osagai diren ondasunek jasotzen dituzten balioak ezagutaraztearen arloan dituzten eginkizunak betetzeko, tokian bertan informazioa eskainiko diete herritarrei ondasun horien kultur esanahiaz eta ondasun horiek araudian aurreikusten diren babes kategorietakoren batean sartzeko arrazoiez.

11. artikulua. Ondare immateriala.

1. Pertsona guztiek dute eskubidea Nafarroako ondare immaterialaren parte diren ondasunetarako irispidea izateko eta haien esanahia ezagutzeko, ikerketarako izan edo ez, eta ondasun horiek Nafarroako Ondare Immaterialaren Inbentarioan sartuta egon edo ez. Eskubide horren erabilerak bat etorri beharko du Kultur Ondare Immaterialaren Babesa dela-eta Unescok tankeratutako Printzipio Etikoekin.

2. Kulturaren arloko eskumena duen departamentua toki entitateekin, elkarteekin eta artikulu honetan aipatzen diren ondasunen titularrekin elkarlanean arituko da ondasun horien zabalkundea egiteko, horiek ezagutzera emateko eta horiek balioan jartzeko, batez ere Nafarroako Ondare Immaterialaren Inbentarioko dokumentazioaren bidez eta herritarrei eduki horietarako irispidea errazteko neurriak ezarriz.

3. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak lagunduko du herri kultura eta kultur tradizional direnak oro har garatzen eta, bereziki, haien molde eta adierazpide guztiak garatzen, sektoreko entitateekin lankidetzan arituz garapen hori ahalik eta onena izan dadin. Halaber, beti ahaleginduko da landa-munduak eta hiri-munduak haien taxuketan, zaintzan eta adierazpidean duten parte-hartzea agerian jar dadin.

4. Berariazko deialdien bidez sustatuko dira Nafarroako herri kulturen eta kultura tradizionalen adierazpenak suspertzen eta balioan jartzen dituzten toki-ekimenak, eta elkarlanean sortuko dira programa espezifikoak.

12. artikulua. Artxiboak eta Dokumentu-ondarea.

1. Pertsona guztiek dute eskubidea Nafarroako Dokumentu-ondarearen parte diren ondasunak ezagutza- eta ikerketa-helburuetarako kontsultatzeko, ondasun horiek Nafarroako Artxiboen Sisteman sartuta egon edo ez.

2. Nafarroako titulartasun pribatuko Dokumentu-ondarerako irispidea ezagutza- eta ikerketa-xedeetarako bermatze aldera, ondasun horien jabe edo edukitzaile diren pertsonek edo entitateek foru lege honen 10. artikuluko 2. apartatuan adierazita dauden betebeharrak izanen dituzte; halere, zilegi izanen dute horiek bete ordez dokumentuen gordailua egitea Nafarroako Errege Artxibo Nagusian.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak digitalizatu eginen ditu Nafarroako Dokumentu-ondarearen parte diren titulartasun publikoko dokumentuak.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sustatu eginen du Nafarroako Dokumentu-ondarearen parte diren titulartasun pribatuko dokumentuen digitalizazioa, eta langintza horretan lagunduko du dokumentu horietarako irispidea errazteko, batez ere Nafarroako Kulturaren Atari Digitalaren bidez. Titulartasun pribatuko dokumentuen zuzeneko kontsultaren edo gordailua egitearen ordez digitalizazioa erabiliko da, salbu eta interesdunek frogatzen badute beharrezkoa zaiela dokumentuetarako irispidea izatea, ezagutzari edo ikerketari dagozkion arrazoiengatik. Kulturaren arloan eskudun den departamentuak arrazoi horiek egiaztatu beharko ditu.

13. artikulua. Museoak eta bilduma museografiko iraunkorrak eta arte plastikoak.

1. Pertsona guztiek dute eskubidea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribatutako museoetarako eta bilduma museografiko iraunkorretarako irispidea izateko, foru lege honetan ezarritako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ukatu gabe, aitortuak eta Erregistroan inskribatuak izan diren museo eta bildumetan dauden ondasunen jabe edo edukitzaile diren pertsonak edo entitateak behartuta daude foru lege honen 10. artikuluko 2. apartatuan ezarritako betebeharrak betetzera.

2. Bisitarako ohiko ordutegiez gain, artikulu honetan aipatzen diren museo eta bilduma museografiko iraunkorretarako sarbidearen doakotasunari buruz honakoa ezartzen da:

a) Jende guztiarentzat astean doako bisita egun bat izanen da gutxienez ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan.

b) Museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida izendunen bidez ematen zaizkien diru-laguntzak arautzeko oinarriek doako sarbiderako ordutegi bat ezarriko dute jende guztiarentzat, zentro horien irekitze-ordutegien arabera.

c) Jende guztiarentzako doako bisitarako ordutegia irizpide bezala baloratuko da museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei funtzionamendu-dirulaguntzak emateko garaian.

3. Kulturaren arloko eskumena duen departamentua elkarlanean arituko da artikulu honetan aipatzen diren museoen eta bildumen titularrekin, batez ere bildumen digitalizazioa egiten, bisita birtualen arloan eta beste baliabide tekniko batzuekin egin daitezkeen jarduera guztietan, mota guztietako bisitariek instalazio eta edukietarako irispidea izan dezaten errazteko.

4. Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko xedeaz, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak prestakuntza, esperimentazioa eta ikerketa sustatuko ditu haien lengoaia ezberdinei buruz.

14. artikulua. Liburua eta liburutegiak.

1. Pertsona guztiek dute eskubidea Nafarroako liburutegi publikoetako oinarrizko zerbitzuetarako irispidea izateko, Foru Komunitateko liburutegi-sistemaren gaineko araudian ezarritako baldintzetan.

2. Kulturarako irispidea izateko eskubidea gauzatzen laguntzeko, Nafarroako Gobernuak irakurketaren sustapenerako planak egin eta garatuko ditu; aldizka ebaluatu eta eguneratuko dira plan horiek, aurrekontuko zuzkidura egokia esleituko zaie, eta berrikuntza teknologikoetara moldatuko dira.

Irakurketaren sustapenerako planek arreta berezia emanen diete haur eta gazteei, irakurtze-ohitura sendotzeko, bai eta gizartean egoera ahulagoan dauden sektoreetan daudenen, desgaitasuna dutenen eta migratzaileen beharrei ere.

3. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako Ondare Bibliografikoaren parte diren titulartasun publikoko funts bibliografikoak digitalizatuko ditu.

4. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako Ondare Bibliografikoaren parte diren titulartasun pribatuko funts bibliografikoen digitalizazioa sustatuko du eta horretan elkarlanean arituko da, horietarako irispidea errazteko, batez ere Nafarroako Kulturaren Atari Digitalaren bidez horiek eskueran jarriz. Titulartasun pribatuko funts bibliografikoen digitalizazioa zuzeneko kontsultaren edo gordailuaren ordez eginen da, salbu eta interesdunek frogatzen badute dokumentuetarako sarbidea derrigorrezkoa zaiela ezagutza- edo ikerketa-arrazoiengatik. Kultura arloko eskumena duen departamentuak arrazoi horiek egiaztatu beharko ditu.

5. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak agiri irisgarriak izanen ditu, eta, horretarako, desgaitasunaren arloko entitate espezializatuekin arituko da elkarlanean.

6. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak plan eta programak bultzatuko ditu literatur sorkuntzako obretarako (genero guztietakoak) mesedegarriak diren baldintzak sustatzeko, bai eta beste arte-adierazpen batzuekin eta giza eta gizarte zientziekin lotutako gaien azterketa, kritika eta ikerketa ere; horretarako, sortzaile eta idazle berrientzako eta liburu-argitalpenerako laguntza-tresna espezifikoak tankeratuko ditu.

7. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak beharrizan sozialei egokitutako liburutegi-eredu bat bultzatuko du, hura egokituz eskainitako irakurketa-plan eta -zerbitzuei, gizartearentzat hurbilagokoa den sistema digital bati egokituta.

15. artikulua. Nafarroako Zinemateka, zinemagintza eta ikus-entzunezkoak.

1. Nafarroako Zinemateka kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren menpe egonen da, eta, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu zinemagintza eta ikus-entzunezko jarduerarekin lotuta:

a) Irabazi-asmorik gabe ziklo eta saioak edo beste edozein zinemagintza-adierazpide antolatuz ondare zinematografikoa ezagutaraztea, hura zeinahi euskarritan editatzea eta kultura zinematografikoa jendearenganatzeari begira egokitzat jotzen diren jarduera guztiak egitea.

b) Nafarroako Foru Komunitatean dagoen ondare zinematografiko eta ikus-entzunezkoa, bai eta zinemagintzari loturiko beste edozein elementu ere, defendatu, berreskuratu, babestu, zaharberritu, dokumentatu eta katalogatzea.

c) Edozein euskarritako filmen eta ikus-entzunezko lanen artxiboa babestu eta zaintzea, bai eta oro har funts zinematografiko guztiak ere, hala bere jabetzakoak nola jatorria lege-gordailu, borondatezko gordailu, dohaintza, jaraunspen edo legatuetan dutenak.

d) Organo eskudunak arlo honetan ematen dituen laguntza publikoen onuradunek entregatu beharrekoak diren lan zinematografikoak edo ikus-entzunezkoak babestu eta zaintzea, bai eta jendearenganatzea ere, ezartzen diren baldintzetan.

e) Ikerketak eta azterlanak egitea eta sustatzea, arreta berezia emanez Nafarroako filmografiari.

f) Autonomia erkidegoetan ezarritako zinematekekin elkarlanean aritzea haien jardueretan, bai eta Zinemateka Nazionalean sartuta daudenekin, Film Artxiboen Nazioarteko Federaziokoekin eta beste batzuekin ere.

2. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak eginkizun hauek izanen ditu ikus-entzunezkoen sektoreari dagokionez:

a) Ikus-entzunezko kultura sustatu eta jendearenganatzeko planak egin eta garatuko ditu; aldizka ebaluatu eta eguneratuko dira plan horiek, aurrekontu zuzkidura egokia esleituko zaie eta berrikuntza teknologikoetara moldatuko dira.

b) Navarra Film Commission erakundearen bitartez, Nafarroan lan egiteko behar duten informazioa emanen die ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta profesionalei, naziokoei nahiz nazioartekoei, eta, horrekin batera, aholkularitza integrala lokalizazioak aurkitzeko, ekoizpeneko logistikan eta behar duten beste edozein zerbitzutan.

Era berean, Nafarroako enpresa eta profesionalen nazioarteratzea eta kanpoko proiekzioa sustatuko ditu, bai eta beste lurralde batzuekiko aliantzak ere, ikus-entzunezkoen sektoreko beste eragile batzuekin lankidetzan.

c) Ikus-entzunezko kultur sorkuntzarako baldintza mesedegarriak ikuspegi guztietatik sustatuko dituzten planak eta programak bultzatuko ditu, ikusgai eginen dituztenak zinemaren eta ikus-entzunezkoen lengoaia eboluzionaraziko duten proposamen berritzaileak bereziki.

d) Ikus-entzunezkoen arloko kontzepzio desberdinen jendearenganatzea errazteko jaialdiak edo lehiaketak antolatu edo sustatuko ditu.

16. artikulua. Arte eszenikoak eta musika.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek, arte eszenikoen eta musikaren sektoreetako arte eta kultur adierazpideen gozamena bermatzeko, eginkizun hauek izanen dituzte, zeinek bere eskumenen alorrean:

a) Sustatuko dute arte eszenikoen eta musikaren sektore profesional eta amateur-ek parte har dezaten Nafarroako Foru Komunitateko arlo horietako kultur politikak diseinatu eta garatzen.

b) Gizartean arte eszenikoek eta musikak prestigioa har dezaten begiratuko dute, berezko balioa duten adierazpide soziokulturalak eta artistikoak diren aldetik, eta sustatuko dute haien praktika, publikoen prestakuntzari begira duen garrantziari arreta emanez bereziki, bai eta hura egiten dutenei ere, sektore profesionaletik nahiz amateur-etik etorri, ez bata ez bestea kaltetu gabe.

c) Arte eszenikoen eta musikaren sustapenerako programak diseinatuko dituzte, eta arte lengoaia garaikide berrien jendearenganatzean lagunduko dute.

d) Jaialdiak edo lehiaketak antolatu edo sustatuko dituzte, bai eta unean uneko kultur adierazpideak ere, kultur kontzepzio desberdinen jendearenganatzeari laguntzeko.

e) Arte eszeniko eta musikalen sorkuntzari eta ekoizpenari laguntzeko bideak ezarriko dituzte, horien artean zuzendaritza artistikoak, gune eszenikoen eta baliabideen lagatzea bertan egoitza duten konpainientzat eta Nafarroan sormen edo ikerketa proiektuak garatzeko egonaldi artistikoak egiten dituztenentzat.

f) Arte eszenikoen garapena bultzatuko dute, lan eta ikuskizun eszenikoak sortzea nahiz horien sustapena eta jendearenganatzea egitea, bai eta haien banaketa egokia ere, sustapen plan berariazkoen bidez.

g) Elkarlanean arituko dira emanaldietarako sareak diseinatzen eta mantentzen, arreta berezia emanez Nafarroako sorkuntza lanei, horrela arte eszeniko eta musikalen programazioa ziurtatzeko Nafarroako udalerrietan, emanaldietarako guneak bilduko dituen behar besteko sare dibertsifikatu baten bidez, formatuen eta ikusle moten arabera.

2. Bereziki, kultura arloko eskumena duen departamentuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sorkuntzarako, ekoizpenerako, emanaldietarako, banaketarako eta zabalkunderako berariazko laguntza lerroak garatuko ditu, bai eta ikerketa nahiz elkartegintza sustatzeko ere; horretarako, eskaintzaren aniztasuna eta publikoen eskakizunak eta beharrak bultzatuko ditu.

b) Nafarroako arte eszenikoen eta musikaren sektoreei buruzko informazio iturriak izaten saiatuko da, lehen nahiz bigarren mailakoak, joerei buruzko analisiak egiteko.

c) Nafarroako arte eszeniko eta musikalen ondarea osatzen duten ondasun materialen eta immaterialen kontserbazioa eta haiei buruzko ikerketa bultzatuko ditu.

17. artikulua. Kultur eta sorkuntza ekosistema.

Foru lege honen ondorioetarako, kultur eta sorkuntza ekosistema harreman-ingurune bat da, non profil desberdinek (artistikoak, zientifikoak eta teknikoak) parte hartzen baitute, mota desberdinetako ereduen bidez sormena eta berrikuntza hedaturik.

Pertsona guztiek dute eskubidea kultur eta sorkuntza ekosistemak eragiten dituen eta kultur politiken esparruan sustatzen diren adierazpideetarako irispidea izateko eta haietaz gozatzeko. Eskubide hori bermatzeko, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak honela jokatuko du:

1) Kultur eta sorkuntza ekosistemaren berri izaten lagunduko du, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean horri buruzko mapaketak eginez.

2) Kultur eta sorkuntza ekosistema ikuspuntu sozialetik, ekonomikotik eta prestakuntzakotik ezagutzeko behar diren azterlanak sortuko ditu.

3) Kultur proiektu eta prototipoak ekoiztea sustatuko du, norgehiagokako prozedura erabiliz.

4) Pizgarriak emanen ditu kultur eta sorkuntza ekosistemak tokia izan dezan espezializazio adimentsuko estrategietan edo sortzen diren bestelako plan eta estrategietan, batez ere estrategia horien alderdi ekonomiko, teknologiko, kultural eta sozialak integratuko dituen kultur politika baten barruan.

5) Zabalkunderako eta ezagutzera emateko behar diren ekintzak antolatu eta bultzatuko ditu.

6) Kultura komunala eta librea aldeztu eta sustatuko ditu.

18. artikulua. Kultur ekipamenduak.

1. Pertsona guztiek dute eskubidea Nafarroako Administrazio Publikoen kultur ekipamenduetan gauzatzen diren adierazpen eta agerpen artistikoak sustatzen dituzten zerbitzu, programa eta jardueretarako irispidea izateko.

2. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren kultur ekipamendu berri guztiek izan beharko dute bideragarritasun plan bat eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak emandako nahitaezko txosten bat.

3. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak udalen kultur ekipamenduak eraikitzen eta hornitzen lagunduko du, haien lurralde-banaketa orekatu bat lortze aldera, aintzat harturik proportzionaltasun-irizpidea eta kokatuta dauden toki entitatearen errealitateari egokitzearen irizpidea.

4. Aurreko apartatuetan xedatutakoaz gain, Nafarroako udalerriek ahalegina eginen dute, bakarrik edo udalez gaindiko entitateen bitartez, kultur ekipamenduen arloan dituzten eskumenez baliatuz, langile profesionalak dituzten gertuko kultur ekipamenduak lortzera eta/edo sorkuntza-gune kogestionatuak eta autogestionatuak lortzera bideraturiko neurriak hartzen.

5. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak sustatuko du mapaketak egin daitezen, joeren diagnostikoa eta azterketak egiteko baliagarriak izanen direnak, Nafarroako kultur ekipamenduen kasuan nahiz arte eta kultur sormena bultzatzen duten guneen kasuan.

6. Kulturaren eta arteen arloko ekipamenduek irisgarritasun unibertsalaren gaineko araudiak esparru horietan ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dituzte.

III. KAPITULUA

Bizitza kulturalean parte hartzea eta erabakiak hartzea

19. artikulua. Bizitza kulturalean parte hartzea.

1. Bizitza kulturalean parte hartzeko eskubideak berekin dakar pertsona orok, berez, beste batzuekin batera edo erkidego bateko kide gisa, libreki esku har dezakeela erkidegoaren bizitza kulturalean, bere kultur praktikak gauzatu, hautatuko hizkuntza erabili, eta kultur ezagutzak eta adierazpideak garatu eta beste batzuekin partekatu.

2. Bizitza kulturalean parte hartzeko eskubideak bere baitan hartzen du norbere erkidegoaren nahiz beste erkidego batzuen kultura ezagutu eta hautatzeko askatasuna.

3. Bizitza kulturalean parte hartzeko eskubideak berekin dakar, halaber, pertsona orok egin dezakeela bere ekarpena erkidegoaren adierazpen material eta intelektualak sortzen, baita parte hartu ere kide den erkidegoaren garapenean.

20. artikulua. Erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea.

1. Gardentasunaren, informazio publikorako irispidearen eta gobernu irekiaren gaineko araudiaren esparruan, eta parte hartzeko bideak aurreikusten dituzten beste arau batzuetan xedatutakoa ukatu gabe, herritarrek eskubidea dute bizitza kulturalean libreki parte hartzeko, eragiten dieten kulturaren arloko politika publikoekin lotutako erabakiak hartzeko prozesu garrantzitsuetan esku hartuz, eta beren kultur eskubideez baliatuz.

Nafarroako Administrazio Publikoek bultzatuko dute herritarrek eskubide hori erabil dezaten.

2. Erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko eskubidea erabiltzen ahalko da banako gisa edo kulturaren eta kultur nahiz sorkuntza adierazpenen sustapena helburutzat duten elkarte, erakunde eta entitateen ordezkari gisa.

III. TITULUA

Arte eta literatur sorkuntza eta ikerketa zientifikoa

I. KAPITULUA

Sorkuntzarako eta ikerketarako askatasuna

21. artikulua. Arte eta literatur sorkuntzarako askatasuna.

Ordenamendu juridikoarekin bat, pertsona guztiek dute eskubidea arte eta literatur ekoizpen eta sorkuntzarako, bai eta aukeratzen dituzten lengoaiak, kodeak eta formatuak erabiliz beren sormen-lanak adierazi edo formulatzeko ere.

22. artikulua. Ikerketa zientifikorako askatasuna.

Ordenamendu juridikoarekin bat, pertsona oro balia daiteke ikerketa zientifikorako askatasunaz, aukeratzen dituen jakintza arlo eta eremuetan.

23. artikulua. Aurrerapen zientifikoaren onurez gozatzeko eskubidea.

Ordenamendu juridikoarekin bat, pertsona orok du eskubidea aurrerapen zientifikoaren eta haren aplikazioen onurez gozatzeko.

24. artikulua. Egile eskubideak.

1. Ordenamendu juridikoarekin bat, pertsona orok du eskubidea norberak egindako literatur, zientzia edo arte ekoizpenen kariaz dagozkion uko egin ezinezko eskubideak gozatu eta haien babeserako; eskubide horren helburua da pizgarri bat ematea ekarpen aktiboa egin dakien arte eta zientziei eta gizartearen kultur aurrerapenari.

2. Kultur sorkuntzaren edozein formatan diharduten pertsonek eskubidea dute zergen ikuspuntutik tratamendu arrazoizkoa, inpartziala eta berdintasunezkoa jasotzeko, aintzat hartua izanez, kasua bada, jarduera horretatik datozkien diru-sarreren irregulartasuna eta noizbehinkakotasuna, bai eta horiek beste jarduera profesional edo ekonomiko batzuekiko duten osagarritasun-izaera.

II. KAPITULUA

Administrazio Publikoek arte sorkuntza
eta ikerketa zientifikoa sustatu eta jendearenganatzea

25. artikulua. Administrazio Publikoak eta arte eta literatur sorkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sustapena eta jendearenganatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoek jardunaldiak, biltzarrak, jaialdiak edo beste edozein ekitaldi egitea sustatuko dute, arte eta literatur sorkuntza eta ikerketa zientifikoa bultzatu eta jendearenganatzeko.

26. artikulua. Ikerketa zientifikoari laguntzea.

Nafarroako Administrazio Publikoak elkarlanean aritzen ahalko dira ikerketa zientifikoan diharduten erakunde akademikoekin, ikerketa zientifikorako ezinbestekoa den askatasuna zainduz eta, beraz, ikertzaileen jardunaren gauzatzean esku-sartzeak edo interferentziak ekidinez. Horretarako, ekitaldi zientifikoak diruz laguntzen ahalko dituzte, hala nola biltzarrak, jardunaldiak, hitzaldi zikloak edo mintegiak, ikerketa proiektuak, liburuen eta aldizkarien argitalpena, edo zientziaren berri emateko beste edozein bide.

27. artikulua. Aurrerapen zientifikoaren onurak sustatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute aurrerapen zientifikoaren eta haren aplikazioen onurez gozatzea, bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidearekin lotuta. Horretarako, sustatuko dute herritarrek irispidea izan dezaten zientziaren eta haren aplikazioen onuretarako, jakintza zientifikoa barne, Liburutegien Sarearen, Nafarroako Kulturaren Atari Digitalaren eta beste tresna batzuen bitartez.

28. artikulua. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak sustatutako jardunaldi akademikoak eta dibulgaziokoak.

Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kulturari buruzko ikerketa jendearenganatzeko bideak jarriko ditu, biltzarrak, jardunaldiak, hitzaldi zikloak edo mintegiak antolatuz, publiko espezializatuei zuzenduta nahiz dibulgaziorako.

29. artikulua. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak sustatutako argitalpenak.

Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak formatu desberdinetako argitalpenak sustatuko ditu Nafarroako kulturari eta giza eta gizarte zientziei buruzko emaitzak jendearenganatzeko, bide hauek erabiliz, besteak beste:

a) Artikuluak argitaratuz aldizkari espezializatu hauetan: “Príncipe de Viana”, “Fontes Linguae Vasconum”, “Cuadernos de Etnografía y Etnología de Navarra”, “Trabajos de Arqueología de Navarra”, bai eta etorkizunean sor litezkeen beste batzuetan ere, kultura librearen printzipioak aplikatuz.

b) Monografiak argitaratuz.

IV. TITULUA

Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan

30. artikulua. Gardentasuna eta jardunbide egokiak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoen kulturaren arloko jarduna bat etorriko da jarduera publikoaren gardentasunaren gaineko araudiarekin, eta, ordenamendu juridikoan xedatutakoaren esparruan, jardunbide egokiak ezarriko ditu kontratazioaren eta dirulaguntzen arloan, baita jarduerarako babes eta pizgarri izanen diren beste neurri batzuk ere.

2. Bereziki, Nafarroako Administrazio Publikoen kultur arloko jarduketak diskriminaziorik ezaren eta kultur eskubideen berme eta eraginkortasunaren printzipioak beteko ditu.

3. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak jardunbide egokien kode bat egin eta erabiliko du.

31. artikulua. Nafarroako administrazio eta erakunde publikoen argitalpenetarako irispidea eta haien erabilera.

Nafarroako administrazio eta erakunde publikoen berezko argitalpenetarako irispidea eta haien erabilera Kultura Libre eta Komunalaren printzipioen araberakoak izanen dira, Copyfarleft-aren oinarriak jasotzen dituzten lizentziak tarteko. Horretarako, Nafarroako administrazio eta erakunde publikoek kasuko sorkuntza-eskubideen lagapena lortu eta erabakiko dute.

32. artikulua. Kultur sektoreen profesionalizazioa.

Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak, kultur sektoreetan lan egiten duten pertsonen profesionalizazioa bermatzeko, honakoak eginen ditu:

a) Behar diren neurriak sustatuko ditu, bermatze aldera sektoreei dagozkien lanpostuen aitortza eta, halaber, kudeatzaile, liburuzain, artxibozain, sustatzaile, ikertzaile, bitartekari, teknikari eta kultur sektoreetako beste batzuen trebakuntza eta espezializazioa.

b) Berak bakarrik edo beste entitate batzuekin elkarlanean, kultur eragileentzako prestakuntza eta trebatze ekintzak bultzatuko ditu, erronka berriei erantzun kualifikatua emateko eta kultur sektoreen garapen iraunkorra bermatzeko.

33. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

1. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako irispidea izatea; arte sorkuntza eta jendearenganatzea bultzatu eta sustatzea; eta foru lege honetan aitortutako eskubideak eraginkorrak direla eta legea betetzen dela begiratzea. Horiek guztiak, betiere, ukatu gabe Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumenak eta Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuekiko koordinazioa.

2. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak Nafarroaren kultur garapena sustatuko du, eta kultur zerbitzuen, baliabideen eta jardueren kalitatezko kudeaketa eraginkorra bultzatuko; horrekin batera, horietarako irispidea berdintasunez izateko bideak jarriko ditu, eta bermatuko du pertsona guztiak baliatu ahal izatea Nafarroako bizitza kulturalean libreki parte hartzeko eskubideaz; aintzat hartuz, bereziki, Nafarroan gizarteratze-zailtasun gehienekin bizi diren taldeak.

3. Bereziki, eta foru lege honen xede eta helburuak betetzeko, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak honakoak eginen ditu:

a) Koordinazio eta lankidetza harremanak ezarriko ditu Nafarroako Administrazio Publikoek atxikita edo menpean dituzten kulturaren arloko erakunde eta entitateekin.

b) Koordinazio eta lankidetza harremanak ezarriko ditu kulturaren sektoreekin lotura duten entitate, lanbide elkarte, fundazio eta gobernuz kanpoko erakundeekin.

c) Koordinazio eta lankidetza harremanak ezarriko ditu kulturaren arloan eskumena duten autonomia erkidegoetako, estatuko, Europako edo nazioarteko beste erakunde eta sare batzuekin, kanpoan Nafarroako kulturari tokia egin eta haren berri emateko.

d) Nafarroako kanpo ekintzaren eta Foru Komunitateko kultur politikaren esparru orokorraren barruan, jarduketak sustatuko ditu eta bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroaren proiekzioari laguntzen dioten erakundeekin.

e) Ikertzaile, sustatzaile, kudeatzaile, teknikari, sortzaile, interprete eta egileen prestakuntza, eguneratze eta profesionalizaziorako neurriak eta programak sustatuko ditu kultur eta arte adierazpideen eremu desberdinetan.

4. Horrez gain, kulturaren arloko eskumena duen departamentua:

a) Elkarlanean arituko da hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuarekin eginkizun hauetan:

i) Hezkuntza sisteman arte eta kultur irakaskuntzak sendotu eta handitzea.

ii) Kulturaren zeregina sendotzea hezkuntzaren arloan; horretarako, hartarako irispidea eta haren ezagutza haurtzarotik eta nerabezarotik izatea ahalbidetuko duten ekimenak bultzatuko ditu, haur eta nerabeen gaitasun kognitibo, artistiko eta sorkuntzakoak garatzen laguntzeko bitartekoa izan dadin.

b) Elkarlanean arituko da turismoaren arloko eskumena duen departamentuarekin, kultur turismo jasangarria eta orekatua bultzatzeko, erkidegoen garapen ekonomiko eta sozialerako lagungarria izan dadin, kultur ondasun eta baliabideen babes egokia arriskuan jarri gabe etorkizuneko belaunaldiei begira.

c) Elkarlanean arituko da Nafarroako kultur, zientzia eta hezkuntza erakundeekin, herritarrek haien kultur informazio eta dokumentaziorako irispidea izatea errazteko.

d) Sustatuko du sortzaile, sustatzaile, ikertzaile, kultur kudeatzaile eta oro har herritarrek parte har dezaten kulturaren arloko politikak zehazten, garatzen, aplikatzen eta haien eragina aztertzen. Horretarako, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak parte-hartzerako plan eta ekintzak bultzatuko ditu.

e) Sustatuko du kultur sektoreek eta eragileek parte har dezaten kultur ekintzailetzari eta kulturaren garapen ekonomikoari lagunduko dioten estrategiak, neurriak eta pizgarriak diseinatzen.

f) Nafarroako udalerriekiko koordinazio eta ardurakidetzarako foro bat sortzea bultzatuko du, kulturaren arloko politiken artikulazioa bermatzeko.

g) Lan-mahaiak edo -foroak ezarriko ditu sustapen planak abian jartzeko kultur sektore ezberdinetan.

h) Aholkua eta laguntza emanen die Nafarroako toki entitateei kulturaren arloan.

i) Gizarteratzeko zailtasun gehien dituzten taldeek kulturarako irispide eraginkorra izatea eta beren kultur adierazpenak egitea ahalbidetuko duten jarduketak eginen ditu.

j) Desgaitasunaren arloko erakunde eta entitate espezializatuekin elkarlanean arituko da, aholku eman diezaioten irisgarritasun unibertsalarekin lotutako gaietan, foru lege honen aplikazio esparruan.

k) Oro har, foru lege honetan jasotzen diren eskubideak eta oinarrizko printzipioak eraginkortasunez aitortu eta baliatzeko bide emanen duten ekintza guztiak.

34. artikulua. Udalerriak.

1. Kultur sustapenaren arloan dituzten eskumenez baliatuz, udalerriek zeinek bere mugartean duen kultur ondarea ezagutarazi eta balioan jarriko dute, ezertan galarazi gabe arlo horretan eskumena duen departamentuarekin elkarlanean aritzea hura babestu, areagotu eta transmititzeko.

Bereziki arduratuko dira kultur ondare immateriala ezagutarazi eta balioan jartzeaz, Nafarroako herri kulturen eta kultur tradizionalen agerpen desberdinak beren testuinguruan kokatuz historiaren, kulturaren eta lurraldearen ikuspegietatik.

2. Kultura sustatzearen arloan dituzten eskumenez baliatuz, Nafarroako udalerriek, beren kabuz edo berek osatzen dituzten udalez gaindiko entitateen bitartez, honako kultur zerbitzu hauek sustatuko dituzte, besteak beste:

a) Arte eta kultur jardueren programazioa, kultur aniztasunari eta kultur adierazpen edo agerpenen aniztasunari erantzuten diona.

b) Tokian tokiko arte eta kultur elkarteak sustatu eta aldeztea, eta herritarrek kulturaren arloan egindako proposamenak eta eskaerak jaso eta bideratzea.

3. Nafarroako udalerriek kultur ekintzako planak prestatzen ahalko dituzte, kultur ohiturak eta praktikak sustatzekoak.

4. Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute erabilerarik gabe dauden titulartasun publikoko guneak erabilgarri egotea bertan arte eta kultur sormena bultzatzen duten ekimenak garatzeko. Berrikuntza ere bultzatuko dute kudeaketa ereduetan, kogestioa eta autogestioa barne.

V. TITULUA

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua

35. artikulua. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua Foru Komunitateko Administrazioak kulturaren arloan duen kontsulta eta aholkularitzarako organoa da.

2. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua kulturaren arloko eskumena duen departamentuari atxikitzen zaio; azken horrek funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren laguntza eta bitartekoak emanen dizkio.

3. Hauek izanen dira Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nafarroako Foru Komunitateari aholku ematea kulturaren arloan.

b) Kulturaren arloko eskumena duen departamentuarekin elkarlanean aritzea haren kultur politikak zehazten, gauzatzen eta ebaluatzen arteen, ondarearen eta kulturaren esparruetan.

c) Arteei, ondareari, kulturari eta lurraldeari buruzko eztabaida eta ezagutza sortzea.

d) Kulturaren eta kultur politikaren arloan azterlanak eta txostenak egitea eta gomendioak helaraztea, bere ekimenez edo Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta.

e) Jarraipena eta ebaluazioa egitea Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoari eta kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren ekintza planei buruz.

f) Nafarroako Gobernuari proposatzea Vianako Printzea Kulturaren Saria nori eman.

g) Informazioa jasotzea kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren aurrekontu proiektua egiteko prozesuari eta haren betearazpenari buruz.

h) Kultur ondarea babestu eta areagotzeko egoki iruditzen zaizkion ekimenak plazaratzea eta neurriak proposatzea.

i) Ordenamendu juridikoak ematen dizkion gainerako eginkizunak betetzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak haren esku uzten dituenak ere.

4. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideak hauek izanen dira: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak, Nafarroako toki entitateenak, kultur entitateenak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarenak, eta Kontseiluaren eginkizunen esparruan prestigio handia, ezagutza espezializatua edo presentzia frogatua duten pertsonak. Kontseiluko lehendakaria kulturaren arloan eskumena duen departamentuaren titularra izanen da.

Kontseiluaren osaeran genero parekotasuna bermatuko da.

5. Beren eginkizunak betetzeagatik, kideek erregelamenduz ezartzen diren ordainsariak jasoko dituzte.

6. Erregelamenduz ezarriko dira Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua.

VI. TITULUA

Finantza eta tributu arloko xedapenak

I. KAPITULUA

Kultur politiken finantzaketa

36. artikulua. Finantzaketa publikoa.

Kulturaren finantzaketa publikoa bermatzeko, Nafarroako Gobernuak, aurrekontu orokorrak prestatzean, aurrekontu kreditu egokia ezarriko du kulturaren arloko eskumena duen departamentuarentzat, eta hurbildu eginen da Nafarroako Foru Komunitatearen antzekoak diren Europako erregioen batez bestekora.

37. artikulua. Diru-laguntzak eta bestelako laguntzak.

Urtero, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak diru-laguntzak eta bestelako laguntzak ezarriko ditu erabakitzen diren kultur sektoreetarako, foru lege honen 2. artikuluan aipatzen diren printzipioekin bat.

38. artikulua. Mezenasgoa.

1. Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak kultur mezenasgoa ezagutarazten eta hedatzen lagunduko du, indarreko araudiaren barruan; horretarako, ez-zuzeneko kultur politika bat eginen du, zeinak aldeztuko baititu finantzaketa, mezenasen eta kultur sorkuntzaren artean proiektu-ikuspegi konpartitua egotea, eta gizarte zibilak parte hartu eta ardurakidetza izatea.

2. Nafarroako administrazio publikoek mikromezenasgoa bereziki sustatu eta harentzako pizgarriak emanen dituzte, horretara bideratutako berariazko ekintzen bitartez.

39. artikulua. Kultur ekintzailetzarako funtsak eta krediturako irispidea.

Kulturaren arloko eskumena duen departamentua, bere kabuz edo Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batzuekin edo beste entitate batzuekin elkarlanean, funtsak edo bestelako finantza tresnak sortzeaz arduratuko da, kultur sektoreetako mikroenpresei eta enpresa txikiei kreditua ematea errazteko. Halaber arduratuko da kultur ekintzailetza sortu, garatu eta hedatzeko eta kultur ondasun eta zerbitzuak ekoizteko pizgarria izanen den beste edozein neurri hartzeaz.

II. KAPITULUA

Onura fiskalak

40. artikulua. Onura fiskalak eskubide kulturalen arloan.

Eskubide kulturalen arloan aplikatzekoak izanen dira zergei buruzko foru legediak ezartzen dituen onura fiskalak.

41. artikulua. Kultur mezenasgorako pizgarri fiskalak.

Kultur mezenasgoaren gaineko araudiaren arabera interes sozialaren deklarazioa edo izaera duten kultur proiektuetan edo jardueretan parte hartzeak zergei buruzko foru legeetan ezartzen diren onura fiskalak izanen ditu.

42. artikulua. Babesletza.

Interes sozialeko deklarazioa duten kultur jardueren babesletzarako kontratuek eragindako publizitate gastuek eskubidea emanen dute zergei buruzko foru legeetan aurreikusten diren kenkariak egiteko.

43. artikulua. Zinema-ekoizpenak eta ikus-entzunezko serieak.

Zinema-ekoizpenetan eta ikus-entzunezko serieetan egiten diren inbertsioek eskubidea emanen dute zergei buruzko foru legeetan aurreikusten diren kenkariak egiteko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Zerbitzu-gutunak.

Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak zerbitzu-gutunak onetsiko ditu, eta bertan zehaztuko da zein diren prestazioak bere eskumen esparruetan, haien kalitatea hobetzeko eta herritarren beharrei, gogoei eta eskaerei hobeki erantzuteko, bai eta, azkenik, foru lege honetan aitortzen diren eskubide kulturalen erabilerarako irispidea bermatzeko ere.

Lehen xedapen iragankorra.–Nafarroako Kultura Kontseilua.

1. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, Nafarroako Kultura Kontseiluaren izena Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua izanen da.

2. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak foru lege honek esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu eta, halaber, ordenamendu juridikoaren gainerakoak Nafarroako Kultura Kontseiluari esleitutakoak.

3. Ordenamendu juridikoan Nafarroako Kultura Kontseiluaz egiten diren aipamenak aurrerantzean Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaz eginak direla ulertuko da.

4. Foru lege honek indarra hartzen duenean, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua gaur egun Nafarroako Kultura Kontseiluko kide direnek osatuko dute.

Gaur egungo kideen agintaldia amaitzen denean, Nafarroako Kultura Kontseiluaren osaera, antolaketa eta jardunbidea ezartzen dituen indarreko araudiarekin bat, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideak izendatuko dira foru lege honetan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarren xedapen iragankorra.–Nafarroako Kulturaren Atari Digitala ezartzea.

Nafarroako Foru Administrazioak foru lege hau onesten denetik gehienez ere hiru urteko epean irekita eduki beharko du Nafarroako Kulturaren Atari Digitala. Horretarako, Gobernuak atari horren diseinu orokorrari buruzko proiektu bat aurkeztu beharko du gehienez ere 6 hilabeteko epean, Nafarroako Parlamentuak ezagutu eta hartan parte har dezan.

Atari digital horrek gutxienez ere jasoko du bere irekitze-unean Nafarroako Foru Administrazioarena den eta administrazio horretan dagoen informazioa, zeinari denboran zehar gehituko baitzaizkio foru lege honen 8. artikuluan zehazten diren edukiak, baldin eta une horretan ez badago haiei buruz modu birtualean erakusteko moduko informaziorik.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arau-indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak; eta, bereziki:

–Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 10. artikulua.

– Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 28. artikuluko b) eta c) letrak, 10. artikuluko 2., 3., 4., 5. eta 6. apartatuek indarra hartzen dutenetik aurrera, foru lege honen azken xedapenetako bosgarrenaren bigarren paragrafoarekin bat.

Azken xedapenetan lehenbizikoa.–Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legearen 12. artikuluaren 1. apartatuak testu hau izanen du aurrerantzean:

“1. Hauek dira Nafarroako liburutegi publikoen oinarrizko zerbitzuak: informaziorako irispidea izatea; aretoetan mota guztietako dokumentuak irakurri eta kontsultatzea, edozein euskarri eta formatutan, babes, zainketa eta osotasun berme egokiekin; dokumentuen mailegua, banakakoa, kolektiboa eta liburutegien artekoa; Interneterako eta lineako informazio zerbitzuetarako sarbidea”.

Azken xedapenetan bigarrena.–Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen aldaketa.

Martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 10. artikuluaren 5. apartatuko a) letra aldatzen da. Honela geldituko da:

“a) Dantzaleku, diskoteka eta antzekoak, salbu eta zuzeneko emanaldiak daudenean; halakoetan, izan ere, hamasei urte baino gutxiagokoak beren guraso edo tutoreekin sartu ahalko dira. Emanaldiak irauten duen bitartean zuzen identifikaturik egonen dira, eta emanaldia amaitzen denean adingabeak ezin izanen dira establezimenduan geratu”.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Araudi fiskala egokitzea.

Foru lege honen 24. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko araudi fiskala egokituko da Artistaren Estatutua prestatzeko Azpibatzordearen txostenean egiten diren proposamen eta gomendioetara, honako gaietan: fiskalitatea, batetik, eta prestazio publikoen jasotzea jabetza intelektualaren eta sormen jarduerengatiko eskubideen ondoriozko diru-sarrerak ere jasotzearekin bateragarria izatea. Aipatu txostena 2018ko ekainean onetsi zen Diputatuen Kongresuan.

Azken xedapenetan laugarrena.–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatzeko arauak emateko eta foru lege hau betetzeko behar diren neurriak hartzeko.

Azken xedapenetan bosgarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Aurrekoa gorabehera, 10. artikuluko 2., 3., 4., 5. eta 6. apartatuek legea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebetera hartuko dute indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 15ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1900678