157. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

154/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez laguntzen araubide bat onesten baita, nekazaritza-enpresa txiki eta ertainei landare-izurriteen aurkako neurri fitosanitarioak aplikatzearen kostuen ordaina emateko. DDBN identifikazioa: 463413.

Nekazaritza-produkzioen osasuna faktore garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien segurtasunerako, eta ageriko interesa du gizartearentzat. Ez alferrik, kopuru nahikoa eskuratu ahal izateak eta behar besteko osasungarritasuna edukitzeak inspiratu izan dute arloa arautzeko legedia aspalditik. Gaur egun, Europako esparruan, Kontseiluaren maiatzaren 8ko 2000/29/EE Zuzentarauak babes neurriak ezarri ditu landareentzat edo landare-produktuentzat kaltegarriak diren organismoak Erkidegoan sartu eta hedatzearen aurka.

Urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuak babes neurriak ezartzen ditu landareentzat edo landare-produktuentzat kaltegarriak diren organismoak Espainian eta Europar Batasunean sartzea eta beste estatu batzuetara esportatu edo haietan hedatzea eragozteko.

Nafarroako nekazaritza-produkzioaren ezaugarri nabarmenak dira aniztasuna, kopurua eta kalitatea, eta hori guztia ustiategietako profesionaltasunari eta inplikatuta dauden gainerako eragileen eraginkortasunari zor zaie. Laguntzak, sargaiak, makineria, elkarteak, aseguruak, azpiegiturak eta abar arautzen dituen askotariko legeriak ez du landare-osasuna ahaztu, aipatutako nazioko eta Europako legeriarekin bat.

Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legeak antolatzen eta arautzen ditu Nafarroako laboreen babes fitosanitarioari buruzko alderdiak. III. kapituluan, izurrien prebentzioari eta kontrolari buruzkoan, 13. artikuluak arautzen ditu berrogeialdipeko izurri baten adierazpen ofiziala ekar dezaketen kasuak. Hori eginen da izurriak sortu dituen edo sor ditzakeen galera ekonomikoak edo kalteak hain handiak direnean non nahitaezko borroka beharrezkoa bihurtzen baita izurriari aurre egiteko biderik egokiena delako. Adierazpen hori eginez gero, izurria kontrolatu ahal izateko 15. artikuluan ezarritako neurri fitosanitarioak hartuko dira. Gaur egungo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak agindu ahal izanen ditu neurri horiek.

19. artikuluan, nahitaezko borrokaren arloko kalte-ordainei buruzkoan, ezartzen da izurri baten adierazpena egin ondoren hartzen diren neurriek ondasun edo jabetza partikular edo publikoak suntsitu, hondatu edo ezin erabiliz uzten dituztenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak –izurriaren adierazpena administrazio horrek egin badu– behar den ordaina pagatuko diela kaltetuei, eta haren zenbatekoa ezartzen diren arautegi eta baremoekin bat zenbatetsiko dela.

Europako Erkidegoaren eremuan, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduak (EB) –barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta– 26. artikuluan laguntzak ezartzen ditu animalien gaitzen eta landare-izurriteen prebentzio, kontrol eta deuseztapeneko kostuetarako, enpresa horiei ordaina emateko animalien gaitz edo landare-izurrite-horiek eragindako galerengatik. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren c) letrari jarraituz, eta 108. artikuluan aurreikusitakoaren jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita egonen dira, baldin eta I. kapituluko 26. artikuluaren 2. apartatutik 13. apartatura bitartekoetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Zerbitzu ofizialen ohiko kontroletan sartuta daude bai produkziorako laboreak, bai mintegiak eta landareen ugalketarako eta apaindurarako materialen hornitzaile diren beste instalazio batzuk ere. Landako jarduketek gutxitan eragiten dute landareen suntsitzea, eta ohikoa eta nahikoa izaten da labore-zikloa amaitzerainoko jarraibide batzuk ezartzea.

Mintegietako jarduketek garrantzi handiagoa dute, nekazaritzaren ingurunean epe luzera daukaten proiekzioa dela eta; horregatik, landare-materialaren suntsitzea dakarten neurriek eraginkortasun handia dute beren kostuari begiratuta.

Nekazaritza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan, kalte-ordainetarako baremoen araudia egokitzearen berri emateaz gain, proposatzen dira ugalketarako materialari dagozkionak ere, merkatuko balioarekin zuzenean lotuta.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Mintegietako kalte-ordainetarako arau orokorren eta baremoen onespena.

Kalte-ordainetarako arau orokorrak eta baremoak onesten dira, patata-laboreetan eta barazkien, fruta-espezieen, apaindurarako espezieen eta zuhaitz-espezieen mintegietan gertatzen diren landare-izurrite eta gaixotasunen ondorioz neurri fitosanitarioak aplikatzearen kostuengatik nekazaritza-enpresa txiki eta ertainei ordaina emateko laguntzak arautuko dituztenak. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. artikulua. Gardentasun-adierazpenaren betebeharrari buruzko ereduak onestea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onesten da, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_C.pdf

Xedapen gehigarri bakarra.–Aurrekontuko kredituak.

1. Foru agindu honetatik datozen kalte-ordainei aurre egiteko, 14.990 euroko gastua baimentzen da, 2019ko gastuen aurrekontuko “Landaketak erauzteagatiko kalte-ordainak” izeneko 71210 710000 4700 412100 partidaren kargura.

2. Baldin eta foru agindu honetan aipatutako neurrietatik datozen kalte-ordainek jarritakoa baino aurrekontu-konpromiso handiagoa eskatzen badute, baimendutako kreditua 300.000 euroko gehieneko zenbatekora arte handitzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letraren bigarren puntuan ezarritako baldintzei jarraituz.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko ekainaren 13an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Landare-izurriteen ondorioz neurri fitosanitarioak aplikatzearen kostuengatik nekazaritza-enpresa txiki eta ertainei ordaina emateari buruzko arauak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da kalte-ordainen baremoak aplikatzeko arau batzuk ezartzea, ugalketarako landare-materiala ekoizten eta hura merkaturatzen, bai eta apainketarako eta basogintzarako landareak merkaturatzen ere, diharduten nekazaritza-ustiategi txiki eta ertainentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan ofizialki deklaratutako landare-izurriteen eta gaitzen aurkako neurri fitosanitario ofizialak aplikatzen dituzten kasuetarako.

2. Arau honen xedea da ahalbidetzea nekazaritza-jarduera ereiteko eta landatzeko materialaren berme sanitario nahikoekin garatzea, eta, horrenbestez, produkzio materialaren berme sanitario nahikoarekin ere, hartara saneamendu-jarduketa ofizialak bideratuz, enpresen emaitza ekonomikoak kaltetu gabe, eta betiere Europako eta estatuko laguntzei buruzko legeria indardunari jarraituz.

3. Laguntzetarako araubide honek 2020ko abenduaren 31 arte iraunen du.

2. artikulua. Onuradunak eta betebeharrak.

1. Betiere, nekazaritzako ustiategiek eta mintegiek enpresa txiki edo ertaintzat jotzeko betebeharrak bete behar dituzte, Europako Batzordeak 2014ko ekainaren 25ean emandako 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoarekin bat. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa-eremuetan barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 108. eta 107. artikuluak aplikatuz.

2. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.

b) Krisian dauden enpresentzako laguntzak badira, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 2. artikuluan definitzen diren bezala, salbu eta kasuko enpresa krisian dagoen enpresa bihurtzen denean, landare-izurriteen ondoriozko kalte eta galerengatik edo/eta ezarritako desagerrarazte-neurrien kostuengatik.

3. Laguntzen araubide honek 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

3. artikulua. Konpromisoak.

1. Suntsitutako edozein materialen jatorriak edo erosi diren material horren hazien edo zuhaitz-landareen jatorriak araudi fitosanitarioa eta ugalketa-materiala merkaturatzekoa bete beharko du, edo barietatearen lortzaileen jabetzari dagokiona.

2. Onuradunak diligentziaz jarduteko konpromisoa hartzen du, infestazio berriak saihesteko eta arazoa hedatzea edo beste ustiategi batzuetara kutsatzea ere saihesteko, bai eta ustiategian sartzen duen materialaren osasuna dela-eta arreta areagotzeko ere. Ez da laguntzarik emanen egiaztatzen denean landare-izurritearen infestazioa nahita edo onuradunaren axolagabekeria dela-eta eragin dela.

3. Onuradunak konpromisoa hartzen du kontroletan laguntzeko, eskatzen den bidezko dokumentazio guztia emateko, infestazioak irauten duen bitartean eta deuseztapenean gorabehera oro komunikatzeko, eta jarduketa fitosanitario berengatik jasotzen dituen ordain edo laguntza oro jakinarazteko.

4. Onuradunak deklaratu beharko ditu, halakorik badu, landare-gaitzek eragindako kalteetatik datozen galerak estaltzeko izenpetutako polizak.

5. Administrazioaren kontrolak erraztea eta horri baimena ematea beharrezko datu guztiak egiaztatzeko, kalte-ordaina kalkulatzeko orduan.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

4. artikulua. Printzipio orokorrak eta kalte-ordainak jasotzeko bidea eman dezaketen gastuak.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako kalte-ordainek honako printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Neurri ofizialak agintzea dakarten landare-gaitz edo -izurriteak aurrez agintaritza eskudunak deklaratutakoak izan beharko dira, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan.

b) Ukitutakoei eman beharreko kalte-ordainak eranskin honetan adierazitako baremoetan ageri direnetara mugatuko dira, eta agintaritza eskudunak agindutako neurri fitosanitarioa aplikatu eta egiaztatu ondoren ordainduko dira. Horretarako, aldez aurretik, interesdunak eskatu zaizkion dokumentazioa eta ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Batasuneko araudiaren arabera nekazaritzako ustiategiek ordaindu beharreko neurriak ez dira laguntzen ahalko, non eta laguntza neurri horien kostua ez den osotara berdintzen ekoizleek ordaindu beharreko nahitaezko ordainarazpenekin.

d) Landare-materiala suntsitzen denean, laguntza zuzenean ordainduko zaio ukitutako enpresari edo hura kide deneko ekoizleen elkarte edo erakundeari. Baldin eta ekoizleen elkarte edo erakunde bati ordaintzen bazaio, haren zenbatekoak ez du gaindituko laguntza hori dela-eta enpresaren eskubidekoa den zenbatekoa.

e) Ustiategien titularrei soilik ordainduko zaizkie kalte-ordainak, neurri fitosanitario ofizialen aplikazioak ustiategiak ukitzen dituen neurrian. Kasua bada, suntsitze- edo konpontze-zerbitzuak ematen dituenari ordainduko zaizkio.

f) Kalte-ordainak suntsitzea agintzen den landaketaren zatiaren arabera zehaztuko dira. Izurria desagerrarazteari edo geldiarazteari ekin baino lehen, Nekazaritza Zerbitzuak kutsatutako eta kutsatu gabeko landareen portzentajea zehaztuko du. Kutsatuta edo infektatuta dauden landare-materialek ez dute merkatu-baliorik izanen, eta, horrenbestez, haiek direla-eta ez da kalte-ordainik emanen.

g) Kalte-ordaintzat hartuko dira, halaber, suntsitzeko eta desagerrarazteko kostuak, ukitutako enpresak ordaindutakoak, eta zehaztuko dira landareak erauzi diren azalera osoaren arabera, edo suntsitutako aleen kopuruaren, pisuaren edo bolumenaren arabera.

h) Laguntzen araubide hau gastua egin edo galera gertatu eta hiru urteko epean ezarriko da, eta laguntzak lau urteko epean ordainduko dira une horretatik aurrera. Nolanahi ere, haien ordainketa gastua egin dela justifikatzen den unean eginen da.

i) Laguntza eta onuradunak jasotako beste edozein ordainketa kostu diruz lagungarrien % 100era bitartekoak izanen dira; ordainketen artean daude beste neurri nazional batzuen, Europako beste neurri batzuen edo Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 7. 8. eta 9. apartatuetan jasotako dirulaguntza jasotzeko moduko kostu berdinetarako aseguru-polizen ondorioz egindakoak. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da dirulaguntzaren xede izanen, salbu eta onuradunak ezin badu berreskuratu.

2. Gastu hauek izanen dira kalte-ordainaren xede:

a) Landare-gaitzak prebenitzeko eta deuseztatzeko gastuak, bai eta landare-materiala eta ondasun eta azpiegiturak suntsitzeak eragindako kalteei dagozkienak ere, halakoak ezinbestekoak izan direnean ofizialki agindutako neurri fitosanitarioa betearazteko.

b) Erabilitako produktuen kostua. Produktu horiek direla-eta erosketaren faktura aurkeztu beharko da, edo beste frogabideren bat, produktuaren kostua egiaztatzeko bidea eman dezakeena, ofizialki zehazten denean tratamendu herbizida, intsektizida edo biozida bat aplikatu beharra dagoela, eta ukitutako ustiategian zuzenean aplikatzen denean. Nolanahi ere, konpentsatu beharreko produktu kantitatea aplikazioa egiteko beharrezkoa dena izanen da, aginduta dagoen dosiaren arabera.

c) Gaitzak prebenitzeko eta desagerrarazteko laguntzak egindako gastuan oinarrituko dira, eta gastu hori faktura batekin eta haren ordainketarekin justifikatuko da. Lan horiek honako hauek hartuko dituzte: landareekin kontaktuan dauden instalazioen, garraiobideen eta objektuen desinfekzioa; landareak erauztea, birrintzea, erraustea, kargatzea, garraioa eta lurperatzea, eta zabortegiko tasa, beharrezkoak diren eta ofizialki onetsita dauden beste batzuen artean. Inolaz ere ez da laguntzarik emanen xede horietarako makineriarik erosteko.

3. Gastu hauek direla-eta ez da kalte-ordainik emanen:

a) Neurri fitosanitario ofizial bat aplikatzearen ondorioz suntsitutako landare-materialarengatik edo izandako gastuengatik, baldin eta ukitutako landareen jabeak landare osasunaren arloko araudi indarduna bete ez badu, bereziki urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuan xedatutakoa, edota ukitutako pertsona Nafarroako Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 19. artikuluan adierazitako kasuren batean badago.

b) Foru agindu bidez ez gomendatua den edo, kasua bada, agintaritza eskudunak baimendu ez duen espezieen landaketak erauztea eta suntsitzea.

c) Nekazaritzako aseguru konbinatuen lerroek arrisku fitosanitarioetarako estaltzen duten zenbatekoan, ekoizpenetan neurri fitosanitarioak aplikatzeagatik izandako galerak.

5. artikulua. Landare-gaitzek eta -izurriteek mintegietan eta ugalketa-materialeko instalazioetan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak.

1. Azpiegituretan eta ondasunetan eragindako kalteak direla-eta emanen den kalte-ordaina egindako gastuaren % 100erainokoa izanen da, eta faktura baten ordainketaren bidez frogatuko da, baldin eta agindutako neurri fitosanitarioa betearazteko ezinbestekoak izan badira gastuak. Kaltetutako ondasun bat berrezartzeko kasuan, kalte-ordainak antzeko ondasun baten kostua estaliko du soilik. Ondasuna konpontzeko kasuan, antzeko ondasun baten erosketa estaliko da, baldin eta hura konpontzeak berria erostea baino kostu handiagoa badu. Zuzenean ordaintzen ahalko zaio konponketa- edo hornikuntza-zerbitzua ematen duenari, edo ukitutakoari, aurrez kasuko faktura ordaindu bada. Ondasuna erosteari edo konpontzeari buruzko hiru aurrekontu aurkeztu beharko dira, eta zenbateko txikienari dagokion faktura hautatuko da.

2. Patataren landare-materialeko kalteen balorazioa.

a) Laboreetako kalteen balioa kalkulatuko da entitate ziurtatzaileak barietate eta kategoria bereko patatengatik nekazari laguntzaileei likidatutako prezioen batez bestekoaren arabera, eta horretarako baldintza izanen da uzta nekazariaren kontura biltzea. Prezio hori ezin denean lortu edo adierazgarria ez denean, hurbileko beste entitate batzuek produktu berarengatik edo antzeko produktu batengatik ordaindutako prezioa eskatu eta erabiltzen ahalko da.

b) Suntsitu beharreko patata jada biltegian dagoenean, barietate eta kategoria bererako prezioak erabiliko dira, a) letran adierazitako baldintzetan. Laguntza horiek, halaber, soilik kontsumorako patatarako ustiategi eta instalazioetan aplikatuko dira.

c) Kontsumorako patata suntsituetarako laguntza, kasua bada, a) eta b) letretan adierazi bezala kalkulatuko da, eta foru agindu aplikatuko zaio.

3. Nekazaritzarako mintegietako kalteen balorazioa.

a) Barazkien, olibondoen, mahatsondoen eta beste zuhaitz-landareen mintegietan, kalte-ordaina landare suntsituen merkatuko balioaren % 80 izanen da gehienez.

b) Merkatuko balio hori ezarriko da mintegiak lehenago egindako antzeko landareen salmenta-fakturetan oinarrituta, edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egokientzat jotzen dituen informazioen arabera, horren barne direla produkzio berdinetarako beste establezimendu batzuen prezioak.

4. Basogintzarako, apaindurarako eta “garden center” erako mintegietako kalteen balorazioa.

Basogintzarako, apaindurarako eta “garden center” erako guneetarako zuhaitz-landareak ekoizten dituzten establezimenduen kasuan, suntsitutako landareen merkatuko balioaren % 50 bitarte ordainduko da kalte-ordain gisa.

Merkatuko balio hori ezarriko da mintegiak lehenago egindako antzeko landareen salmenta-fakturetan oinarrituta, edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egokientzat jotzen dituen informazioen arabera horren barne dela produkzio berdinetarako beste establezimendu batzuen prezioak.

6. artikulua. Laguntzen metaketa.

1. Laguntzak honako hauei gehitzen ahal zaizkie:

a) Estatuko beste edozein laguntza, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinei buruzkoak badira.

b) Kostu horietarako Estatuko beste edozein laguntza, izan partez edo izan osoki jarria, baldin metaketa horrek berekin ez badakar gehieneko laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) arabera aplikatu beharrekoa.

2. Laguntza hauei ez zaizkie gehituko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketei, baldin metaketa horrek berekin badakar foru agindu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

3. Laguntza horiek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) III. kapituluan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

4. Laguntza horiek ez dira metatuko nekazaritzarako ekoizpen-potentziala berrezartzera bideratutako inbertsioetarako laguntzekin, zeinak jasota baitaude Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluaren, 4. apartatuaren e) letran.

7. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Agindutako neurri ofizialak betearazi ondorengo 15 egun balioduneko epean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskabideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira ahal bada (González Tablas kalea, 9, Iruña), departamentuaren arloko bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

3. Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek zuzenean emateko prozedura erabiliz emanen dira.

9. artikulua. Deialdiaren ebazpena.

1. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eskaerak aurkezten direnetik gehienez hiru hilabeteko epean, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

2. Laguntzak eman eta ordainduko dira beharrezko egiaztapenak egin ondoren, besteak beste aseguruen primengatik eta lurzati eta helburu bererako emandako laguntzengatik jaso diren edo jasoko diren zenbatekoak egiaztatzea, eta, halaber, eskatzailearen kontularitzako informazioa, trazabilitatekoa eta tratamenduen erregistrokoa eskatzea.

10. artikulua. Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua bi hauetatik txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzen direlako gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute, dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da eskuragarri, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. artikulua. Itzulketa, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, dirulaguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

12. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da landare-ugalketako materiala ekoizten eta merkaturatzen diharduten nekazaritza-enpresa txiki eta ertainentzat jarduketa fitosanitarioengatik ezarritako kalte-ordainei dagokien fitxako zerbitzuen katalogoan.

Iragarkiaren kodea: F1908466