157. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1569/2019 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da honako ikerketa proiektu hau garatzeko: PEJ2018-002849-P “Mahastizaintza 4.0”.

Uztailaren 30ean, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, PEJ2018-002849-P “Mahastizaintza 4.0” ikerketa proiektua garatzeko proiektuko laguntzaile gisa. Ikerketa proiektuaren ikertzaile arduraduna Luis Gonzaga Santesteban García jauna da, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Kontratazio hori diru publikoarekin finantzatuko da, ekintza honen barruan: PEJ2018-002849-P “Mahastizaintza 4.0”. Ekintza hori Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak eman eta finantzatu zuen, I+G+b-ko Gazteen Enplegua Sustatzeko eta Gazte Bermea Ezartzeko Laguntzen 2018ko Deialdiaren bidez.

Ekintza Gazte Bermearen Nazioko Sistema (GBNS) delakoaren esparruan kokatzen da, eta Europako Gizarte Funtsaren (EGF) eta Gazteen Enplegurako Ekimenaren (GEE) baliabideekin finantzatzen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egitea honako ikerketa proiektu hau garatzeko: PEJ2018-002849-P “Mahastizaintza 4.0”.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura helaraztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 1ean.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: PEJ2018-002849-P “Mahastizaintza 4.0”.

–Maila profesionala: proiektuko laguntzailea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak:

1. jarduera.–Erabilera uniformeko eremuak delineatzea mahastietan.

1.1. Iturri desberdinetatik datorren informazio espaziala eskuratzea.

1.2. Eskuratutako informazio espaziala txertatzea.

1.3. Delineatutako eremuen egokitasuna baliozkotzea.

2. jarduera.–Mahastian doitasunezko ureztapen sistema bat jartzeak dituen inplikazioak ebaluatzea.

2.1. Lursail barneko egoera hidrikoaren aldakortasuna aztertzea.

2.2. Lursailaren aldakortasunaren neurrira egindako ureztapen sistema ezartzea.

2.3. Neurrira egindako ureztapenaren efektua ebaluatzea.

3. jarduera.–Doitasunezko mahastizaintzako tresnak mahastiaren eguneroko kudeaketan txertatzea.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: bi urte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

–Finantzaketa: Europako Gizarte Funtsa eta Gazteen Enplegurako Ekimena.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gradua, diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) B motako gidabaimena.

e) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

f) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

2.3.–Kontratazioa egiten den unean Gazte Bermearen Nazioko Sistemaren fitxategian izena emanda egon behar da. Hazkunderako, Lehiakortasunerako eta Efizientziarako Presako Neurriak onesten dituen 2014ko urriaren 15eko 18/2014 Legearen 98. artikuluak eta Gazte Bermearen Nazioko Sistema Bultzatzeko Presako Neurriei buruzko 2016ko abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege Dekretuaren 1.9 artikuluak ezarritakoaren arabera, telematikoki eman daiteke izena sistema horretan, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren egoitzan sartuta, edo, bestela, modu ez telematikoan, aipatutako artikuluan ezarritako salbuespenen kasuan.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2.–Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3.–Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik egingo.

4.4.–Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5.–Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6.–Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3.–Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

6.4.–Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira edo maila edo kategoria handiagoko lanpostu bati dagokion zerrenda batetik egina bada deia.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Carlos Miranda Jiménez, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Luis Gonzaga Santesteban García, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: M.ª Jesús Laquidáin Imirizaldu andrea, unibertsitate eskolako irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: J. Bernardo Royo Díaz, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Idazkaria: Luis Miguel Arregui Odériz, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Silvia Arazuri Garín, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Hautaketa prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa–.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautapen Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Erabiliko den baremoa eta/edo egingo diren probak

1. Apartatua: Titulazioak eta ikasketa espedientea

Puntuak:

16

Titulazioaren ikasketa espedientea proportzionalki balioetsiko da, 4 punturekin gehienez ere. Ateratzen den puntuazioa 4 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa hauetako bat bada: Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa, Nekazaritzako Ingeniaritza, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua, Nekazaritzako Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua edo parekagarria; 2 faktorearekin antzeko titulazioak badira; eta 1 faktorearekin beste titulazio bat bada.

2. Apartatua: Lan esperientzia

Puntuak:

8

Frutagintzaren edo mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreekin lotutako enpresa edo ikerketa taldeetan kontratu edo beken bidez izandako parte-hartzea, sektore publikoan nahiz pribatuan, betiere haren xedea mahastizaintzaren eremuko ikerketarekin loturik badago: gehienez ere puntu 1 emango da hilabete bakoitzeko, kontratu honen xede diren garatu beharreko jarduerekin duten loturaren arabera. Esperientzia beste sektore batekoa bada, proportzionalki balioetsiko da, parekotasun mailaren arabera. Enpresetako praktikak edo ikasketa amaierako lana mahastizaintzaren eta ardogintzaren esparruan egin badira, lan esperientziatzat hartuko dira ondorio hauetarako, eta bakoitzak bi hilabete iraun duela zenbatuko da.

Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emango zaie.

3. Apartatua: Elkarrizketa

Puntuak:

6

Aurreko ataletan gutxienez 13 puntu atera dituzten izangaiei baizik ez zaie egingo elkarrizketa. Deialdi honen xede izan eta garatu behar diren jardueretarako izangaiek zenbat dakiten eta egokiak ote diren balioestea da elkarrizketaren helburua.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 16 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 1. Apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. Apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F1910427