157. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2019 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: “30 kV-eko linea berria, Altzo-Leitza 2 lineak lotzeko, Larraunen eta Lekunberrin”, Lekunberriko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2018ko otsailaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da Larraun eta Arakil artean dauden bezeroen eta udalerrien argindar-horniduraren kalitatea hobetzea, gaur egun 66 kV-eko linea elektriko bakar baten mendean baitaude. Horretarako, linea berria egitea planteatzen da, inguru horretarako bigarren hornidura emanen duena, egun dagoen horniduran matxurarik gertatzen bada.

Hasieratik aintzat hartutako bi aukera baloratu dira: bata 13,2 kV-eko linea-tarte bat egitea, 13,2 kV-eko aireko lineak (“Irurtzun-Arakil” eta “Lekunberri-Larraun”, Egiarretatik Madotz aldera) lotuko dituena; eta bestea Leitzako BTA aldatuko lukeena eta aireko linea berri batez honako lineak lotuko lituzkeena: 13,2 kV-eko “Altzo-Leitza 2” aireko linea, Uitzitik hurbil, eta “Lekunberri-Lekunberri” linea, Lekunberriko lurzoru urbanizagarrian dagoena. Ulertu da “Altzo-Leitza 2” lineatik “Lekunberri-Lekunberri” lineara doan korridorea ingurumenaren aldetik egokiagoa dela Egiarretatik doan korridorea baino, zeren eta azken hori diseinatu baita “Aralar Mendilerroa” ES2200020 kontserbazio bereziko eremuko ingurumen balioa duten eremuetan barna eta larri gisa katalogatutako intereseko abifauna dagoen eremuetan barna; halere, lehenengoak basoa (nagusiki pagadiak) hartzen du bigarrenak baino tarte zabalagoan, eta inguruko zenbait ur-ibilgu zeharkatzen ditu.

Lekunberrik energia-eskakizun handiagoak dituenez, aztertu da bigarren aukera aldatu eta 30 kV-eko linea bat proposatzea, zeinak lotuko baitu “Altzo-Leitza 2” linea Lekunberriko BTArekin, eta azken BTA horretan 66/13,2 kV-eko transformadoreetako baten ordez 30/13,2 kV-eko bat jartzea. Linea elektrikoari dagokionez, bi tarte proposatzen dira:

–Aireko linea berri bat, “Altzo-Leitza 2” lineako 25.29 zenbakiko euskarritik, Uitzin, “Lekunberri-Lekunberri” 13,2 kV-eko lineako 01.14 zenbakiko euskarrira. Uitzitik hegoalderantz, Uitzi ibaia eta NA-1700 errepidea bi puntutan gurutzatzen ditu, bai eta Plazaolaren bide berdea ere, eta zuhaiztien mendi-hegaletan eta larre, soro eta baso-masa oso helduetan barna doa. Mineta eta Aizuriaga mendi-hegalen hegoaldeko muturretik, bao bakar batez, azkenean Uitzi ibaia gurutzatzen du, Iruña-Donostia A-15 autobiako iparraldeko ertzaren ingururaino, 127,45 k.p.aren parean, eta hortik autobia, Pagolletako erreka-zuloa eta NA-1300 errepide zaharra, “Lekunberri-Lekunberri” egungo linearen 01-14 euskarriraino. Tarte horren iparraldeko zatian, bi aukera aztertu dira hegoalderantz ateratzeko, eta errepidetik hurbilen dagoena hautatu da, goiko zonetatik eta interesekoa den eta larri gisa katalogatuta dagoen abifaunaren hazkuntzarako eremuetatik urruntzeko.

–30/13,2 kV-eko zirkuitu bikoitza, euskarri horretatik eta “Lekunberri-Lekunberri” lineako 01.08 euskarriraino, jada hiri-lurzoruan, aireko linea horren egungo trazadurari jarraituz; bertan dagoen zirkuitu bikoitza desmuntatutako da.

–Lur azpiko linea bat, lurzoru urbanizagarrian eta urbanizatuan, 01.08 azken euskarri horretatik Lekunberriko BTAraino.

Abifauna babesteko, proposatzen da loturako euskarrietako isolagailuak U70YB30 AL polimeriko motakoak izatea, PECA elementua erabiliz, L>1,00 m-ko isolatze-luzerarekin mugatutako eremuetan kokatutako tarteetan, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzeko –horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren–, eta U70YB30 AC motakoak, berriz, L>0,72ko isolatze-luzerarekin, gainerako tarteetan. Etendurarako isolamendua, berriz, U70YB30 motako konpositezko kateek osatuko dute.

Batzuen kokapenak eta irisgarritasun eskaseko sarbideak berrikusi ondoren, beste dokumentazio bat aurkeztu zen, trazadurarako aldaera batekin, Plazaolaren bide berdetik ekialdera, eta euskarrietarako sarbideen beste definizio batekin, zeinean, oro har, lehendik dauden sarbideak baliatzen baitira, soro eta larreetatik pasatuz, edo baso-eremuetan irekitako linearen kaletik bertatik definitzen baitira.

Proiektua jendaurrean egon da 30 egun baliodunez, iragarkia argitaratuz 2018ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 14koan, eta ez da alegaziorik jaso epe horretan.

Jendaurreko informazioari hasiera emateko komunikazioan, Larraungo eta Lekunberriko udalen txostenak eskatu dira. Espedientean Lekunberriko Udalaren txostena jaso da, zeina, batetik, aldekoa baita lurzoru urbanizaezineko eta hiri lurzoruko proiektuari dagokionez, eta, bestetik, determinazio batzuk ezartzen baititu lurzoru urbanizagarriari dagokionez.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da, 2019ko uztailaren 2ko behin betiko trazaduraren araberako proiektuari buruz egina, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, eta proposamenak eragindako ingurumen-ukipenak eta aplikatzekoak diren neurri zuzentzaileak eta jarraipenekoak baloratzen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: “30 kV-eko linea berria, Altzo-Leitza 2 lineak lotzeko, Larraunen eta Lekunberrin”, Lekunberriko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Sustatzaileak, lehenengo zuinketa egin ondoren, abisua emanen dio Basozaintzako 7. barrutiari (“Sakana-Mendialdea”, 948 500 361, gmasakana@navarra.es), behin betiko zuinketa baino lehen trazadura gainbegira dezan, zuhaitz-inausteak eta -botatzeak ahal den guztian murrizteko eta, beharrezkoa bada, bestelako neurriak zehazteko, sarbideak irekitzearen eta abarren ondoriozko beste ukipen batzuk kontrolatze aldera.

–Egin beharreko zuhaitz-mozketak direla eta, behar diren baimenak eskatuko zaizkio Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari.

–Linearen zati bat sarturik dagoenez Hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua betetzeko zedarritutako eremuetan, eta ikusita linea elektriko berriak gurutzatzen dituen lurren topografia eta ingurumen-balioa, hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu beharko dira bai ibarrak gurutzatzen dituzten baoak, bai Lekunberri eta Uitzi arteko muino eta mendilerro txikien gailurren paraleloan doazenak. Seinaleztapen horretan, fase bereko bi baliza kontsekutiboren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Zirkuitu bikoitzeko tarteetan, zirkuitu bakarra seinaleztatuko da.

–Elektrokuzio arriskua saihesteko, aurkeztutako dokumentazioan jasotako neurriei jarraituko zaie.

–Gainera, euskarri berezietan konexio-zubien eroaleei estalkia edo isolagailua jarriko zaie (lurrerako pasatzeak, ebakigailuak eta abar), bai eta “Altzo-Leitza 2” aireko linea elektrikoko 25.29 euskarrian, Uitzin, linea berriarekin konektatzeko behar diren deribazio-zubiak eta gurutzetak ere. Gauza bera eginen da eroale zentralean, baldin eta ganga motako edo antzeko euskarriak erabiltzen badira.

–Amarratze- edo lotura-grapetan eta tentsioan dauden gainerako elementuetan, ahal den guztietan, grapa-estaltzaile aurreformatuak edo antzeko beste elementu batzuk erabiliko dira (karpetak, txano aurremoldekatuak eta abar).

–Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek lurzoru urbanizaezinean kokatutako aireko linearen azpiegituraren zatia babesten du, eta baldintza gisa izanen du azpiegitura horren eta Lekunberriko industrialdean kokatutako BTAren arteko konexioa posiblea izatea.

–Linea elektrikoaren euskarriek 25 m-ko gutxieneko distantzia gorde beharko dute Plazaolaren Bide Berdearen trazadurarekiko (Plazaolaren ibilbidea lehengoratzeko UPSaren hirigintza-araudiaren 33. artikulua; 1993ko urriaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Bide publikoei dagokienez, euskarriek hiru metroko zortasun-eremua gorde beharko dute, haien kanpoko bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo bertan paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da:

  • Nahitaezko desjabetzeaz baliatzen badira, ez da beharrezkoa izanen ukitutako toki entitateek lurrak okupatzeko inolako baimenik eskatzea atal honi (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikulua). Desafektazioa gertatu dela ulertuko da gordailua ordaindu denean edo toki entitatearen herri-lurretan eragindako galerengatiko aldez aurreko kalte-ordaina kontsignatu denean.
  • Hala ez bada, (...) Lekunberriko eta Larraungo udalei bidaltzen zaizkien txostenean, honako paragrafo hau jaso beharko da: “Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk garatu beharreko jarduketak Lekunberriko Udalaren eta Uitziko Kontzejuaren (Larraun) herri-lurrak ukituko lituzkeenez, ukitutako lursailen jabe diren toki entitateek aipatutako lursail horiek okupatzeko baimenaren onespena eskuratu beharko lukete Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bereziki, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu beharko du, errepideetako ukipenari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearekin bat. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostenean adierazitakoari jarraituz:

  • Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Ezin da inola ere 50 metrotik beherako tartea utzi A-15 autobiaren kasuan, eta 25 metrotik beherako tartea, berriz, tokiko errepideen kasuan (NA-1300 eta NA-1700), halako moldez non eroriz gero ez baitu galtzada ukituko.
  • Errepideen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean gelditu beharreko gutxieneko garaiera librea departamentu eskudunak eskatutakoa izanen da, eta ez da inola ere 13 metro baino gutxiagokoa izanen autobiaren kasuan eta 7 metro baino gutxiagokoa, berriz, ukitutako errepideetan.
  • Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako nahitaezkoa den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, A-15 autobian eta NA-1300 eta NA-1700 errepideetan ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.
  • Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.
  • Halaber, ibilguen ukipenari dagokionez Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena beharko du, ur arloko legeria indardunarekin bat etorriz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak jardueraren titularra behartuko du ukitutako lurrak lehengoratzera, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsi eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Lekunberriko Udalera, Larraungo Udalera, Basozaintzara (7. barrutia, “Sakana-Mendialdea”) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 3an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1909389