157. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

163E/2019 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Cabanillas II” parke eolikoaren eremuan, Cabanillasko udal-mugartean, neurketarako dorreak paratzeko proiekturako. Sustatzailea Eólica Valdetellas SL da.

2018ko azaroaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da metalezko saretaz eginiko bi dorre meteorologiko txarrantxatu instalatzea, 120 metroko altuerakoak, eta haietan neurketa-ekipamenduak jartzea, etorkizuneko Cabanillas II haize-parkearen kokagunean haizearen banaketa lortzeko eta bertan proiektatutako haize-sorgailuak kalibratzen laguntzeko. Sustatzailea, izan ere, parke horren eraikuntzaren eta ustiaketaren titularra eta erantzulea da.

Cabanillas II haize-parkea eta harekin lotutako instalazioak Eólica Navarra SLUk sustatutako Plan Eoliko Estrategikoaren barruan daude. Plan hori udalez gaindiko proiektu sektorial moduan izapidetu da, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez onetsi zuen. Halaber, proiektu horri aplikatzekoa zaio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpena. Haren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena egiten da UPS horretan jasotako parkeetarako.

Neurketa-dorreak 6. poligonoko 173. lurzatian jarriko dira –lurzati hori proiektatutako parkeko hego-mendebaldean dago–. Bietako bat koordenatu hauetan egonen da: x: 620.129 y: 4.657.631. UTM-ETRS89 30N, 01 haize-sorgailuaren kokapenean, eta bestea, erreferentziako neurketa-dorrea, hauetan: x: 620.063 y: 4.657.349 UTM ETRS89 30N, lurzati berean, hegoaldeko mugan. Dorre horiek 6 hilabeterako eta 3 urterako aurreikusi dira, hurrenez hurren, eta zimendurik gabe eginen dira, lurperatutako xafla batzuetan ainguratuko diren metalezko sirgekin tenkatuta. Zentrotik urrunen dagoen ainguratze-gunea 70 metrora egongo da, erradio-orientazioko hiru ardatzetako bakoitzean, zeinetan bat etortzen baitira tenka-sokak, 120º-ko angeluez bereizita.

Espedientean Cabanillasko Udalaren 2019ko ekainaren 16ko txostena jaso da.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostenak dorreen behin-behineko izaera nabarmentzen du, bai eta balio naturalez zuzkitutako eremu batean kokatuta dagoela ere, zeinaren aldeko ebaluazioa eta txostena eman baita haize-parke bat jartzeko aldez aurreko proiektu batean; izan ere, parke hori ezartzeko aurreikusi diren jarduketak justifikatuta daude. Berriz ebaluatu beharreko alderditzat jo dira zelaiguneko ertzetan dauden larre-sasietan kokatutako habitatak, ukituta gerta baitaitezke makinak sartzean eta lan egitean, bai eta ainguratze-xaflak zimentatzerakoan ere.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cabanillasen Cabanillas II haize-parkeko neurketa-dorreak paratzeko proiekturako. Eólica Valdetellas SL da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Dorreak paratzeko behar diren ekintzak Estepako Abifauna Kontserbatzeko Intereseko Eremuan dauden espezie katalogatuen ugalketa-alditik kanpo eginen dira; bereziki, honako espezie hauen kasuan: basoiloa, atalarra, ganga azpibeltza, ganga azpizuria eta Naumann belatza.
  • Zelaigunearen ertzetan kokatutako zuhaixka-larrearen magaletan aurreikusitako ukipena kenduko da; bertan, izan ere, kokatzen da dorreei eusten dieten tenka-soken ainguratzea. Erabaki da aldaketa bat egitea dorreen kokagunean edo garraio-sisteman, makinak sar ez daitezen eta larrea okupa ez dezaten.
  • Egiturek altxaturik dirauten garaian, azkenean hautatzen diren kokaguneetan abifaunaren eta kiropteroen gainean gertatutako intzidentzien erregistro bat egin beharko da; aldi hori, proiektuaren arabera, gutxienez ere hiru urtekoa izanen da erreferentziako neurketa-dorrearen funtzionamendurako, eta sei hilabetekoa, berriz, 1. haize-sorgailuaren kokapenean dagoen dorrearen funtzionamendurako.
  • Parkea funtzionamenduan jarri arte, jarraipen horren metodologia “egiaztapenarena” izanen da, ezaugarri berak dituzten antzeko beste instalazio batzuetakoaren antzekoa, eta hartatik lortzen diren emaitzak departamentu honetan aurkeztuko dira, ondoko honen arabera:
  • Hilero bisitak eginen dira kokaguneetara, instalazioak abifaunan duen eragina kontrolatzeko, arrastoak edo gorpuak lokalizatuz, eta hegaztiak babesteko balizak birjartzeko edo seinaleztapenerako proiektatutako sistemak berregiteko.
  • Txostenak eginen dira, lehenengo sei hilabeteetan hiru hilean behin eta hurrengo hilabeteetan, berriz, sei hilean behin, abifaunarekin gertatutako gorabeheren erregistroa jasotzeko, parkean abifaunaren istripuen jarraipenerako proposatu den landa-fitxaren arabera; fitxa horretan, halaber, espeziaren kategoria jasoko da, bai eta, kasua bada, istripuak egiaztatuz gero hartu beharreko neurriak ere.

Parkea zerbitzuan jarri ondoren, gorabeheren jarraipenean lortutako emaitzen arabera, baloratuko da erreferentziako neurketa-dorrea sartzen ote den kokatuta dagoen parke eolikoaren jarraipen- eta zaintza-planean.

  • Dorrearen muntaketa eta ekipamenduen kokapena lurzoru produktiboan eginen da, eta erabilitako eremua lehengoratuko da hura utzi ondoren. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzailearen esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, izaeraren arabera.
  • Obrak hasi baino lehen, sustatzailea harremanetan jarriko da Tuterako Barrutiko Basozaintzarekin, bertatik bertara gainbegira dezan txosten honen baldintzak egiazki aplikatzen direla, eta obra-zuinketari aurre-abisua emanen dio, gutxienez ere 48 ordu lehenago (ogfotude@navarra.es).

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko bi dorre eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.
  • Herri-lurren Atalaren 2019ko otsailaren 20ko txostenari jarraituz, obra-lizentzia eman aurretik, Cabanillasko Udalak baimena lortu beharko du Eólica Valdetellas SLk hartuko duen herri-lur guztien desafektaziorako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, eta gogoratzen da, gainera, 6. poligonoko 135. eta 147. lurzatietako desafektazioa izapidetzeko, Cabanillasko Udalak beste bi udalerri partzuerren adostasuna lortu beharko duela, “Tuterako herritarrek ere eskubideak dituzten Cabanillas eta Fustiñanako herri-lurren gozamen eta aprobetxamendurako Erregelamenduaren (Fazeroa)” 31. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
  • Egin nahi den jarduerak izan ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoen eskutik. Zehazki, Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak lortu beharko du aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak emandako aldeko ebazpena, dorreek 100 metrotik gorako garaiera dutelako.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar diotela berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko direla, foru lege horren 101.h. artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Cabanillasko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 25ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1908915