157. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariaren eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren 2019ko uztailaren 1eko hitzarmena argitaratzea agintzen duena. Hitzarmen hartan bi kontseilariek batera baimentzen dute Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egitea, Tuterako Torre Monreal HBIPa handitzeko eta egokitzeko proiektuan indusketa arkeologikoa gauzatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuarekin bat etorriz, Hezkuntzako kontseilariaren eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren 2019ko uztailaren 1eko Hitzarmenaren bidez batera baimendu zen Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egitea, Tuterako Torre Monreal HBIPa handiagotzeko eta egokitzeko proiektuan indusketa arkeologikoa gauzatzeko.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Foru agindu hau eta Hezkuntzako kontseilariaren eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren 2019ko uztailaren 1eko hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Hitzarmen hartan bi kontseilariek batera baimentzen dute Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egitea, Tuterako Torre Monreal HBIPa handitzeko eta egokitzeko proiektuan indusketa arkeologikoa gauzatzeko. Erabakia foru agindu honi erantsita dago.

2. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, eta Hezkuntza Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ETA KULTURA, KIROL ETA GAZTERIA DEPARTAMENTUAREN ARTEKO HITZARMENA, ZEINAREN BIDEZ BATERA BAIMENTZEN BAITUTE VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIARI KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA, TUTERAKO TORRE MONREAL HBIPa HANDITZEKO ETA EGOKITZEKO PROIEKTUAN INDUSKETA ARKEOLOGIKOA GAUZATZEKO

María Roncesvalles Solana Aranak, Hezkuntzako kontseilariak.

Ana Herrera Isasik, kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak.

ADIERAZI DUTE:

Martxoaren 11ko 5/2107 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dizkio Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenekoak diren hezkuntza-azpiegiturako obrak planifikatzeko eta kudeatzeko eskumenak. (31. d) art.).

Bere aldetik, irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren 8. b) artikuluak, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dizkio ondare historiko, artistiko, monumentuzko, arkitektoniko, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumenak. 10. a) eta b) artikuluek Ondare Historikoaren Zerbitzuari esleitzen dizkiote ondare arkeologikoa babesteko eta zaintzeko funtzioak, besteak beste, eta horretarako kontuan hartzeko irizpideak finkatzen dituzte.

Lehena:

Hezkuntza Departamentuak sustatu dituen Tuterako Torre Monreal HBIPa handiagotzeko proiektuaren eraikuntzako obrak egiten ari zirenean, hondar arkeologiko batzuk aurkitu dira. Hondarrok XII-XVI. mendeetako nekropoli islamiko handi batenak dira. Garbitze kontrolatuko lanak egin bitartean, 195 hobi eta bi hezurtegi aurkitu dira. Ikastetxea zedarritzeko patioetan eta hormetan egin beharreko obretan, nibelazio-lanak, horma-eraikitzeak eta lur-berdintzeak egin beharko dira; lan hauek hondar arkeologikoei eragingo diete, eta horregatik, obrekin jarraitu baino lehen, beharrezkoa da indusketa arkeologiko sakon bat egitea.

Indusketa lanen prezioa (ukitutako lurraren estaldura kentzea eta lurperatzeen indusketa eta desobiratzea), 73.000 eurokoa da. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuaren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egin du kalkulu hori, horretarako kontuan hartu duelarik dauden hobiratzeak eta horietako bakoitzean egin beharreko lanen iraupena.

Bigarrena:

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 59.3 artikuluak ezartzen du, obrak gauzatzeko kautela-neurriei dagokienez, kultur arloko departamentu eskudunak zilegi duela agintzea, ondare arkeologikoan eragina duten obrak egitea bultzatzen badu, Nafarroako eremu publiko edo pribatuetan edozein esku-hartze arkeologiko egitea, ondare arkeologikoa osatzen duten ondasunak badirelako susmo oinarritua baldin badu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek esleitzen ahalko dizkietela eskubide publikoko eta hari lotutako edo haren mendeko beste organo, organismo edo erakunde batzuei, beren eskumeneko jarduera material eta teknikoak egiteko, eraginkortasunezko arrazoiengatik edo beroriek egiteko bitarteko tekniko egokiak ez dituztenean; izan ere, artikulu beraren 3. apartatuan xedatzen da kudeaketa-esleipena egiten duen departamentukoa ez den administrazio organo bati egiten zaion kudeaketa-esleipena, edo beste departamentu baten mendekoa den organismo edo erakunde publikoari egiten zaiona, horretan sartuta dauden departamentuen titularrek batera emandako baimenaren bidez eginen dela.

Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren funtzioen artean dago ondare arkeologikoan esku-hartzeko proiektuak prestatzea eta zuzentzea. Hori horrela, dauden bitarteko teknikoak ahalik eta egokien eta eraginkorren erabiltzeko, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuaren eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren arteko lankidetza gauzatzea. Horretarako, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliko da.

Baimendu den kudeaketa-esleipenaren xedea da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak egin ditzan Tuterako Torre Monreal HBIPa handitzeko eta egokitzeko obretan aurkitu diren hondarren indusketa arleologikoaren lanak, horiek bukatzean lurrak berriz lehengoratuz, eraikinean egiten ari diren obrekin aurrera jarraitzeko. Esleipenak jarduketa administratibo eta tekniko guztiak hartuko ditu, lanen ordainketa ere barne. Esleipena lau hilabeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Horrenbestez,

HITZARTU DUTE:

Lehenbizikoa.

Batera baimentzea kudeaketa-esleipen bat egitea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, indusketa arkeologikoa egiteko Tuterako Torre Monreal HBIPa handiagotzeko eta egokitzeko proiektua egitean aurkitu diren hondarretan. Indusketak 70.054,44 euroko zuzkidura edukiko du, BEZa barne.

Bigarrena.

Kudeaketa-esleipena lau hilabeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Hirugarrena.

Kudeaketa-esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, aurrekontuko partida hauen kargura eginen da: Hezkuntza Departamentuaren 2019ko gastuen aurrekontuko 410001-41800-6020-3251000 partida, “Ikastetxe berriak eraikitzea eta obrak. Ikastetxeen Plana”.

Laugarrena.

Erabaki hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 1ean.–Hezkuntzako kontseilaria M.ª Roncesvalles Solana Arana. Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1909377