157. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 31n hartua, onesten duena Nafarroako Gobernuaren eta Autopistas de Navarra SAren arteko hitzarmena, Imarkoaingo ordainlekuan bidesaria aldi baterako kentzeari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak 2018ko abenduaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi ziren Nafarroako Autobideko tarifak eta bidesariak 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarterako.

2019ko uztailaren 11 egindako bilkuran, berriz, Nafarroako Gobernuak erabaki du AP-15 autobidean bidesaria aldi baterako kentzea Imarkoainen 1. eta 2. motako ibilgailu arin eta astunentzat, 2019ko uztailaren 9tik hasi eta N-121 errepidea konpontzeko lanek iraun bitartean, bide hori zerbitzurik gabe gelditu baitzen Nafarroako Erdialdean gertatu ziren eta bertako 14 herritan hondamendi egoera deklaratzea ekarri zuten eurite eta uholdeen ondorioz.

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen ahalmena ematea Garapen Ekonomikorako kontseilariari AUDENASArekin hitzarmena egin zezan, dagokion kalte-ordaina gauzatzeko moduari buruz, kontuan hartuta bidesaria aldi baterako kentzeak enpresa horri eraginen dion dirusarreren galera.

Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hitzarmenak izenpetu dituzte 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 28an, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an, eta horietan ezarri zen Nafarroako Gobernuak AUDENASAri ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoa AP-15 autobidearen erabiltzaileei bidesarietan deskontuak aplikatzeagatik.

AUDENASAren Administrazio Kontseiluan, non Nafarroako Gobernuak kapital sozialaren %50 baitauka, batzorde berezi bat sortu da, honako hauek osatua: Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkaria, AUDENASAko zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat eta ENA Infraestructuras SAren bi ordezkari. Batzorde horrek erabaki du hitzarmen bat sinatu behar dutela Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk, emakidaduna konpentsatzeko modua ezartzeko. Hitzarmenaren testua Nafarroako Gobernuak onetsi behar du orain.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik, bere izenean eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria ordezkatuz (Nafarroako Gobernuko lehendakariaren uztailaren 15eko 17/2019 Foru Dekretua),

ERABAKITZEN DU:

1. Imarkoaingo ordainlekuan bidesaria aldi baterako kentzeari buruz Nafarroako Gobernuak eta Autopistas de Navarra SAk sinatu beharreko hitzarmenaren testua onestea, erabaki honen I. eranskin gisa agertzen dena.

Hitzarmen horren ondoriozko obligazioak 2019ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko dira: 10000 100000 4709 441100 “AUDENASA. Merkataritza-politika” izenekoa.

2. Garapen Ekonomikorako kontseilariari ahalmena ematea hitzarmena sinatzeko, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz.

3. Erabaki hau jakinaraztea Nafarroako Autobideak SAri, eta igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen Ordezkaritzara eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO AUTOBIDEAK SA ENPRESAREN ARTEKO HITZARMENA, IMARKOAINGO ORDAINLEKUAN BIDESARIA ALDI BATERAKO KENTZEARI BURUZKOA

BILDU DIRA

Alde batetik, Manuel Ayerdi Olaizola jauna, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, horretarako ahalmena eman baitzitzaion Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 31n hartutako Erabakiaren bitartez.

Bestetik, Victor Torres Ruiz jauna, Nafarroako Autobideak SAko Administrazio Kontseiluak hitzarmen hau egiteko ahalmena eman baitzion 2019ko uztailaren 30ean hartutako erabakiaren bitartez.

Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

ADITZERA EMATEN DUTE

I.–Nafarroako Foru Diputazioak eta Nafarroako Autobideak SAk (aurrerantzean AUDENASA) 1973ko abuztuaren 10ean egiletsitako eskritura publikoaren bidez formalizatu zuten AUDENASAren aldeko emakida bat, Nafarroako autobidearen lehenengo fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko.

II.–Emakida horren ondoren, hainbat aldaketa egin zaizkio Nafarroako Foru Komunitatearen eta AUDENASAren arteko kontratuari, eta hainbat hitzarmen sinatu dira. Horien bidez, egokituz joan dira kontratuaren zenbait klausula unean uneko errealitatera, baita AP-15 autobidearen egokitzapenera ere, erabateko funtzionaltasuna izan dezan Nafarroako errepide sareko edukiera handiko errepide gisa. Dena den, hasiera bateko emakida kontratuaren izaera eta oinarrizko baldintzak bere osotasunean mantendu dira.

III.–Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hainbat hitzarmen izenpetu dituzte 1990. urteaz geroztik, AP-15 autobidearen erabiltzaileentzako deskontuen merkataritza-politika bat garatu eta aplikatzeko. 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 30ean, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an izenpetu ziren hitzarmenek, baita beroriek onetsi zituzten Nafarroako Gobernuaren erabakiek ere, aldatu dituzte, hurrenez hurren, emakida kontratuaren emakidadunak aplikatzen duen merkataritza-politikari buruzko klausulak, bereziki erabiltzaileei aplikatu beharreko deskontuei buruzkoak, AUDENASAren alde egin beharreko konpentsazio ekonomikoak ezarriz, hala bazegokion. Horrez gain, 2019ko urtarrilaren 23an, AP-15ean ibilgailu arinen (I. motakoak) erabiltzaileentzat beste deskontu bat ezartzeko baldintzak ezarri ziren.

IV.–Nafarroako Gobernuak 1997ko abenduaren 15ean, 2007ko ekainaren 18an eta 2015eko abenduaren 23an hartutako erabakietan ezarritako prozedura erabiliz, Nafarroako Gobernuak 2018ko abenduaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi ziren Nafarroako Autobideko tarifak eta bidesariak 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarterako.

2019ko uztailaren 11 egindako bilkuran, berriz, Nafarroako Gobernuak erabaki du AP-15 autobideko bidesaria aldi baterako kentzea Imarkoainen 1. eta 2. motako ibilgailu arin eta astunentzat, 2019ko uztailaren 9tik hasi eta N-121 errepidea konpontzeko lanek iraun bitartean, bide hori zerbitzurik gabe gelditu baitzen Nafarroako Erdialdean gertatu ziren eta bertako 14 herritan hondamendi egoera deklaratzea eragin zuten eurite eta uholdeen ondorioz.

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen ahalmena ematea Garapen Ekonomikorako kontseilariari AUDENASArekin hitzarmena egin zezan, dagokion kalte-ordaina gauzatzeko moduari buruz, kontuan hartuta bidesaria aldi baterako kentzeak enpresa horri eraginen dion dirusarreren galera.

VI.–2019ko uztailaren 31n, Nafarroako Gobernuak hitzarmen honen testua onetsi zuen, eta Manuel Ayerdi Olaizola jaunari eman zion izenpetzeko ahalmena.

AUDENASAko Kontseiluak ere onetsi zuen testua 2019ko uztailaren 30ean, eta Víctor Torres Ruiz jaunari eman zion izenpetzeko ahalmena.

Horrenbestez, bi alderdiek adostu dute lankidetza hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauek gobernatuko dutena:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Nafarroako autobidearen lehen fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko 1973ko abuztuaren 10ean Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk sinatutako emakida kontratua eta ondoren izenpetu dituzten akordio eta hitzarmenak garatzeko, honen bidez hitzartzen da AP-15 errepidearen emakidadunari dagokion kalte-ordain mota, Imarkoaingo ordainlekuan bidesaria aldi baterako kentzearen ondorioz jaso beharko duena.

Bigarrena.–Bidesaria eta merkataritza-politika aldi baterako kentzea.

2019ko uztailaren 11n, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen AP-15 autobideko bidesaria kentzea Imarkoaingo ordainlekuan 1. motako ibilgailu arin eta astunentzat eta 2. motako ibilgailu astunentzat, 2019ko uztailaren 9ko 13:00etatik aurrera, N-121 errepidea konpontzeko lanek iraun bitartean.

Aipatutako lan horiek 2019ko abuztuko lehen hamabostaldian bukatuko direla aurreikusten da, eta, beraz, denbora horretan izanen du indarra neurriak. Halere, epe hori, alegia, bidesaria aldi baterako kenduta izatekoa, lanen egiazko iraupenarekin eta amaierarekin bat etorriko da, eta Nafarroako Gobernuak eginen du horri buruzko berariazko jakinarazpena, Gobernuak AUDENASAn duen ordezkariaren idatzizko komunikazio baten bidez.

Bidesaria kenduta dagoen bitartean, erabaki da Imarkoaingo ordainlekuan ez dutela indarrik izanen AP-15eko deskontuen merkataritza-politika osatzen duten deskontuek, uztailaren 1etik 9ra, biak barne, indarra izan dutenek.

Hirugarrena.–Konpentsazioa emakidadunari.

Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 28an, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an sinaturiko hitzarmenek ezartzen dute Nafarroako Gobernuak AUDENASAri, bidesarietan deskontuak aplikatzeagatik, ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoa; kalte-ordain horren zenbatekoa kasuan kasuko aldian espero zen diru-bilketa teorikoaren eta egiazko diru-bilketaren arteko diferentzia da.

Nafarroako Gobernuak Imarkoaingo ordainlekuan bidesaria aldi baterako kentzeak emakidadunaren egiazko diru-bilketa murrizten du, eta, beraz, Nafarroako Gobernuak egiten duen diru-ekarpena handitzen du, zenbateko berean. Hori dela eta, AUDENASAk jaso beharreko diru-sarrerak besterik gabe berrorekatzen direnez, ez da beharrezkoa konpentsaziorako orain dagoenaz beste bitartekorik ezartzea. Horrenbestez, konpentsazioa kalkulatzeko formulak indarra izanen du orain ere, aipatutako hitzarmenetan ezarritakoarekin bat.

Modu praktikoan adierazita, eta arestian azaldutakoa zehazteko, uztaileko eta hurrengo hilabeteetako fakturan, indarra duten hitzarmenen aplikazio automatikoa dela medio, Nafarroako Gobernuak AUDENASAri emanen dion kalte-ordaina izanen da Imarkoaingo ordainlekuan egiaz izandako diru-bilketa txikiagoaren zenbatekoa, gehi deskontuen merkataritza-politikaren aplikazioak dakarren konpentsazioa; horrela, emakidaren oreka ekonomiko-finantzarioa ziurtatzen da.

Laugarrena.–Araubide juridikoa.

Alderdiak hitzarmen honetan ezarritakoari lotzen zaizkio, baita 1973ko abuztuaren 10eko emakida kontratuari, kontratu horri egindako aldaketei eta hura garatzeko hitzarmenei ere.

Eta ados egotearen frogagarri, honako hitzarmen honen bi ale izenpetzen dituzte, ondorio bakarrarekin, Iruñean, 2019ko uztailaren 31n.

Nafarroako Gobernuaren izenean: Manuel Ayerdi Olaizola.

AUDENASAREN izenean: Víctor Torres Ruiz.

Iragarkiaren kodea: F1910258