115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTABIA

Artabiako Kontzejuaren (Allin ibarra) erabilera publikoko eremuen eta bideen aprobetxamenduak eta erabilera arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Artabiako Kontzejuak, 2018ko azaroaren 15ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Artabiako Kontzejuaren erabilera publikoko eremuen eta bideen aprobetxamenduak eta erabilera arautzen dituen ordenantza. 2019ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (foru lege hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Artabian, 2019ko maiatzaren 24an.–Artabiako Kontzejuko burua, Luis Fernando Lasa Aramendía.

ARTABIAKO KONTZEJUAREN ERABILERA PUBLIKOKO
EREMUEN ETA BIDEEN APROBETXAMENDUAK ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Artabia herriko eremuen eta bideen erabilera arautzea, zirkulazioa eta aparkatzea antolatzeko uda garaian.

2. artikulua. Definizioak:

–Udako aldia: ordenantza honen ondorioetarako, udako aldia da ekainaren 15etik irailaren 15era arteko aldia.

–Oinezkoendako eremua: eremu honetan debeku da ibilgailuen zirkulazioa, erreserbatua dago oinezkoak ez beste inor sartzeko, eta zama-lanetarako geldiuneak daude.

–Udarako aparlekua: udako hilabeteetara mugatzen den aparkalekua, 80 ibilgailu hartzen dituena gehienez ere.

–Aparkatzea: ibilgailu bat gelditzea 10 minutu baino luzaroago.

–Gelditzea: ibilgailu bat gelditzea 10 minutu baino denbora laburragoan, pertsonak edo salgaiak utzi edo jasotzeko.

–Aparkatzeko txartela: ibilgailu bakoitzak izan dezakeen egiaztagiria, udako aldian aparkatzea baimentzen diona.

3. artikulua. Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa eta administrazio organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haien aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak kontserbatu, mantendu eta zaintzea, baita Kontzejuaren interesekoak baino ez diren erabilera eta zerbitzu publikoko gainerako ondasunak ere.

–Bideen garbiketa.

II. TITULUA

Sarbidea herrigunera eta eremu publikoaren erabilera

I. KAPITULUA

Sarbidea eta zirkulazioa herrigunean

4. artikulua. Artabiako Kontzejuak aparkatzeko ematen duen txartelik ez duten ibilgailuek udako aldian debeku dute aparkatzea herrigune osoan. Soilik ahalko da aparkatu mugaketarik ez duten eremuetan. Aparkatzeko txartelik ez duten ibilgailuek udako aparkalekuan aparkatu beharko dute. Debeku hau bertan behera geldituko da herriko jaietan eta jendetza handia dakarten beste ekitaldi batzuk daudenean.

5. artikulua. Udako aldian oinezkoendako eremu gisa egokituko da Kale Nagusiaren, Langaren eta Elizaren arteko eremua, pilotalekuaren gunea eta aldameneko parkea mugatzen duena.

6. artikulua. Debeku da aparkatzea edo gelditzea zirkulaziorako ikuseremua oztopatzen edo eremu publikoan pasatzea eragozten duten lekuetan. Aparkatzeko gunea esplizituki adierazi gabeko eremuetan, espazioaren arrazoizko erabilera kontuan hartuz eta oinezkoentzako pasabideak oztopatzea saihestuz aparkatu behar da.

7. artikulua. Hiri barnean ibiltzeko gehieneko abiadura 20 kilometro ordukoa izango da.

II. KAPITULUA

Udarako aparlekuaren kudeaketa

8. artikulua. Udako aldian, aparkalekuaren erabileraren araberako tarifa ordaindu beharko da, ondoko puntuan jasotakoari jarraituz. Artabiako Kontzejuak urtero onetsiko du tarifa, aurrekontuarekin batera. Aparkaleku honek 80 ibilgailu hartzen ditu gehienez ere.

9. artikulua. Aparkalekuaren aprobetxamendurako bi tarifa daude:

–12 orduko sarrera. Ibilgailuak aparkalekutik atera behar du, sartu zenetik 12 ordura gehienez.

–24 orduko sarrera. Ibilgailuak aparkalekutik atera behar du, sartu zenetik 24 ordura gehienez.

10. artikulua. Artabiako Kontzejuak aparkaleku hauen kudeaketarako arduradun bat izendatuko du.

III. KAPITULUA

Aparkatzeko txartela

11. artikulua. Artabiako Kontzejua arduratuko da aparkatzeko txartela emateaz; txartela eskuratzeko eskubidea izango dute honako hauek:

a) Artabiako Kontzejuan, Allin udalerrian erroldaturik dauden ibilgailuak.

b) Artabian etxebizitza edukita, ibilgailua Allin udalerrian erregistraturik ez dutenek, kontzejuaren gastuetarako borondatezko ekarpena egiten badute, txartel bat emango zaie etxeko ibilgailu bakoitzerako. Eta txartel bat etxebizitza bakoitzeko, gainerako kasuetan.

c) Eskaera egiten duten ostalaritzako establezimenduei bezeroek erabiltzeko txartela emango zaie; Artabiako Kontzejuak balioetsiko du eskaeraren arabera.

12. artikulua. Txartel bakar bat emango da ibilgailu bakoitzeko; txartelean matrikula eta kode bat azalduko dira eta maiatzaren 1a baino lehen eskatu behar da. Salbuesten dira ostalaritzako establezimenduen txartelak, horiek generikoak izango baitira, ostalaritzako establezimenduaren izenarekin.

III. TITULUA

Zehapen araubidea

13. artikulua. Administrazioko arau-hauste dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

14. artikulua. Adierazitako arau-hausteak 100,00 euroko isunarekin zehatuko dira.

ERANSKINA

Oinezkoen eremuaren planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1907260