115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Eskaera egiteko epea irekitzea automobilgintzaren sektoreko enpresa misioan Indiara joateko irailaren 23tik 27ra bitarte.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, India lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Autoaren arloa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.

Urtean batez beste 25 milioi ibilgailu inguru ekoizten dira han, eta 29 milioi pertsona baino gehiagorentzako lanpostuak sortu dira (zuzenekoak eta zeharkakoak); Indiako automobilgintzaren sektorea munduko handienetako bat da. India da munduan traktore gehien fabrikatzen dituena, bigarrena bi gurpileko ibilgailu gehien fabrikatzen dituztenen artean, bigarrena autobus gehien egiten dituztenen artean, bosgarrena kamioi astunetan eta seigarrena automobiletan.

Automobilgintzako osagaien industriari dagokionez, 2017an BPGd-aren %2,3 izan zen eta 1,5 milioi pertsonari baino gehiagori eman zien lana, zuzenean eta zeharka.

Beren garapen-maila dela-eta, Delhi, Pune eta Chennai dira gunerik interesgarrienak, eta horrexegatik, misio zuzena proposatu da hiru hiri horietara.

Nafarroako Gobernuaren ustez, misio honek aukera garrantzitsuak eskaintzen ahal dizkie Nafarroako automobilgintzaren sektoreko enpresei eta eragileei.

Ekintzaren helburuak:

  • Harreman komertzialak eta/edo lankidetza teknologikoa sustatzea.
  • Merkatuan negozio aukerak identifikatzea.
  • Teknologia transferitzeko akordioak ezartzea.
  • Ezagutza trukea erraztea.

Sektorea:

  • Automobilgintzako osagaiak.

Ekintzaren edukia:

  • Enpresa nafar eta indiarren arteko topaketak egitea, Delhin, Punen eta Chennain merkataritza-aukerak identifikatzeko edo lankidetza teknologikoa sustatzeko.
  • Nafarroako ordezkaritzaren katalogo bat egitea, barnean sartuz sektoreari eta parte hartu duten entitateei buruzko datuak.
  • Automobilgintzako Indiako eta Nafarroako sektoreen aurkezpena.
  • Bisitak enpresa eta zentro teknologiko garrantzitsuetara.

Ekintza hau irailaren 23tik 27ra bitarte garatuko da.

Nafarroako Gobernuak ez ditu bere gain hartuko bidaiak, hotelak, otorduak, barneko joan-etorriak edo enpresa bakoitzaren berezko bestelako gastuak; horiek entitate parte-hartzaileen konturakoak izanen dira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

–Automobilgintzaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresak edo zentro teknologikoak izatea.

–Helbide fiskala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, beranduenez 2019ko abuztuaren 20an, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Nafarroako Gobernuak tramitazioa errazteko arretagune batzuk jarriko ditu erabiltzaileen eskura, behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten entitate eskatzaileentzat. Gune horiek non dauden behar bezala iragarriko da zerbitzuen katalogoaren fitxan. Gune horietan, eskaera aurkezteko moduaz aholku emanen zaie, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

Gehienez parte har dezaketen enpresen kopurua:

Misioan 15 enpresak parte har dezakete, gehienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta ekintzarako prestatzeko bilera baterako dei eginen die.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

–Enpresaren datuak ematea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 31n.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F1907619