115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

307/2019 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Helduarora Igarotzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira funts publikoak jasotzen dituzten hezkuntza bereziko ikastetxeetan eta Helduarora Igarotzeko Gela Alternatiboetan, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak atarikoan ezartzen du aniztasunari arreta ematearen printzipioak oinarrizko hezkuntza guztia gidatu behar duela. Horrela, ikasleei beren ezaugarriei eta beharrei egokitutako hezkuntza emanen zaie.

Lege horren 74. artikuluak (“Eskolatzea”) ezartzen duenez, “hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak normalizazio- eta txertaketa-printzipioei jarraiki eskolatuko dira [...]. Ikasle horiek hezkuntza bereziko unitateetan edo ikastetxeetan eskolatu ahal izango dira hogeita bat urteko adinera bitartean, betiere, ikastetxe arruntek aniztasunarekiko arretarako hartzen dituzten neurrien esparruan ikasle horien premiei erantzun ezin bazaie”.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da. Foru agindu horren 14.2.d) apartatuan, Helduarora Igarotzeko Programaren xedea eta ezaugarriak zehazten dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Helduarora Igarotzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Programaren definizioa

1.–Programaren helburua eta iraupena.

a) Helduarora Igarotzeko Programaren (HIP) helburua egokitzapen trebetasun batzuk garatzea da, ikasleen garapen pertsonala, ongizate fisikoa eta natur inguruneetako parte-hartzea sustatzeko behar direnak, hain zuzen, ikasleen bizi-kalitatea hobetze aldera.

b) Programa honen iraupena 4 ikasturtekoa izanen da. Ikasturtea hasten den urte naturaleko abenduaren 31n ikasleek 21 urte dutenean, ikasturte hori izanen da haientzat azkena.

2.–Helburu orokorrak.

Eguneroko bizitzaren trebetasun kontzeptual eta sozialen eta funtzionamendu praktiken arabera, Helduarora Igarotzeko curriculum zehaztapenak ikasleei ikaskuntza batzuk garatzen lagunduko die, zeinek hau ahalbidetuko baitiete:

Ahal den neurrian, etxean eta komunitatean aktiboki parte hartzea, testuinguru horietan garatzen baita helduaroa, ingurune horietako bakoitzean eguneroko bizitzaren oinarrizko jardueren garapena eginda edo horretan lagunduta, haien adinaren eta egoeraren arabera.

a) Norberaren eguneroko zainketari, elikadurari eta hidratazioari lotutako oinarrizko jarduerak onartzea, horietan laguntzea eta/edo gauzatzea.

b) Komunikazio funtzionalerako eta autodeterminaziorako trebetasunak eta/edo sistemak garatzea, bizitzaren testuinguruetan ahalik eta parte-hartze eta eragin handienak lortzeko asmoz, testuinguru bakoitzeko eskaerekin eta baldintza sozial, material, espazial eta tenporalekin bat datorren portaera agertuta.

c) Hainbat ingurune eta egoeratan harreman egokiak izatea beste pertsona batzuekin, pertsonen arteko harreman sozialeko trebetasun onak erakutsita.

d) Aisia eta aisialdiko une eta baliabideez gozatzea eta horietan parte hartzea, euskarri egokien bidez eta beste ikaskide eta/edo lagun batzuekin jolas jarduerak hautatu, garatu eta mantentzeko gai izanda; halaber, portaera sozial egokia erakustea, harreman sozialak izateko eta handitzeko aukera ematen diena.

e) Aurreko hezkuntza etapan eskuratutako gaitasun orokorrak mantendu eta indartzea, eta ikaskuntza esanguratsuak eta funtzionalak eskuratzea eguneroko bizitzaren egoerak konpontzeko; ikaskuntza horiek ikuspuntu pertsonal eta sozialetik aberasgarrienak diren inguruneetan sartzen lagunduko diete.

f) Arauekiko eta argibideekiko errespetuzko jarrerak hartzea, norberaren eta besteen osasuna eta segurtasuna babestea edo hobetzea ahalbidetzen dutenak, arlo horietako bakoitzean ahalik eta autonomia maila handiena lortuta.

g) Izaera okupazionaleko trebetasunak eskuratzea ahalik eta modu oso, doi eta gogobetegarrienean, eguneko zentro batera edo zentro okupazional batera sartzeko aukera ematen dietenak.

3.–Ikasleen profila.

Helduarora Igarotzeko Programa desgaitasun intelektualagatik eta garapenaren desgaitasunagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat da; ikasle horiek bestelako desgaitasuna ere izan dezakete, edo zenbait kasutan, jokabidearen nahasmendu larriak edo bestelako adimen nahasmenduak.

Ikasle horiek euskarri handiak eta orokorrak behar dituzte moldatze-portaeraren arlo guztietan edo ia guztietan: komunikazioa, ikaskuntza esanguratsuak eta funtzionalak, osasuna eta segurtasuna, aisia eta astialdia, etxeko bizitza, komunitateko bizitza, norberaren zainketa, autodeterminazioa, harreman sozialak eta izaera okupazionaleko trebetasunak.

4.–Sartzeko baldintzak.

Oro har, aldi berean hurrengo baldintzak betetzen dituzten ikasleak sartzen ahalko dira programa honetan:

–Adina: hamaseitik hogeita bat urte bitarte izatea, biak barne, ikasturtea hasten den urteko abenduaren 31n.

−Oinarrizko irakaskuntza hezkuntza bereziko ikastetxe batean edo horren ordezko gela batean ikasi izana.

Salbuespen gisa, beste erkidego, hezkuntza sistema edo eskolatze mota batetik datozen ikasleak ere sartzen ahalko dira programa horretan. Ebaluazio psikopedagogikoa eta eskolatze motarako proposamena egin ondoren, matrikula eginen da Eskolatze Batzordea ados egonda, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduan ezarri bezala. Foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen du.

Salbuespen gisa, Lanbide Heziketa Berezia egiten ari den ikasle bat Helduarora Igarotzeko Programa batean matrikulatzen ahalko da, ikastetxeko profesionalak eta familia ados badaude, zirkunstantzia erabakigarriak badaude eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen prozedura egin bada.

5.–Programaren edukien antolaketa.

Helduarora Igarotzeko Programa lau ikasturtetan garatuko da. Antolaketa malgua izanen da, ikasleen egoera desberdinetara egokitzearren.

Programan ezarritako helburuak lortzeko eta ongizate pertsonalaren, autonomiaren eta parte-hartze sozialaren arloetan ahalik eta maila handiena sustatzeko asmoz, Helduarora Igarotzeko Programa esperientzia eremuetan egituratuko da, eta, horiei esker, ahalik eta testuinguru egokienetan jartzen ahalko dira ikaskuntzak.

Hona hemen proposatzen diren eremuak:

a) Garapenaren eta ongizate pertsonalaren eremua. Bertan honako hauek garatuko dira: norberaren zainketaren trebetasunak, ikaskuntza esanguratsuak eta funtzionalak eta komunikazioa garatzeko trebetasunak, osasunari eta segurtasunari lotutako trebetasunak, eta autodeterminaziorako trebetasunak.

b) Parte-hartze sozialaren eta komunitarioaren eremua. Honako hauek garatuko dira: komunitateko eta etxeko bizitzaren trebetasunak, harreman sozialak ezartzeko eta mantentzeko trebetasunak, aisiako eta aisialdiko trebetasunak, eta izaera okupazionaleko trebetasunak.

c) Konfigurazio askearen eremua: ikastetxeek erabakitako moduluak gehituko dira, ikasleen ezaugarriak eta ikastetxe bakoitzaren testuingurua kontuan hartuta.

6.–Ratioa.

Programaren talde bakoitzak gutxienez hiru ikasle eta gehienez bost izanen ditu, ikasleen sostengu beharren eta ezaugarrien arabera.

Taldeak 5 ikasle baditu, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeari jada esleitutako baliabideak beste batzuekin osatzeko aukera aztertzen ahalko du.

7.–Irakasleak.

HIPetan prestakuntza emateko, Pedagogia Terapeutikoko maisu edo maistra izan beharko du irakasleak.

Ikasleen hezkuntza premien eta ikastetxearen testuinguruaren arabera, irakasle taldeak zehaztuko du komenigarria den irakasle espezialistak sartzea.

8.–Ikasleak ebaluatzea programaren barnean.

Helduarora Igarotzeko Programaren ebaluazioa etengabea, hezigarria eta integratzailea izanen da. Hori egiteko, erreferentziatzat hartuko dira bai ikaskuntzaren emaitzak bai emaitza horiek nola gauzatzen diren curriculum orokorretan jasotzen diren ebaluazio irizpideetan. Eremuetako ebaluazio irizpide horiek lotuta egonen dira ikasleek lortu behar dituzten ikaskuntzei, ikasleen aukerak eta ezaugarri pertsonalak kontuan hartuta, betiere.

Ikasleen beharrak askotarikoak direnez eta oso ezberdinak izan daitezkeenez batzuen eta besteen artean, baliteke eremuetako ebaluazio irizpide zehatz batzuk malgutzea edo ezabatzea, beharrezkoa bada. Horrenbestez, ikasle bakoitzarentzat banakako lan plana ezarri beharko da.

Esperientzia eremuetako ebaluazioaren emaitzak kualitatiboki adieraziko dira, eta bereziki aipatuko dute zer alderditan egin duten hobera ikasleek eta zeinetan hobetu behar duten.

Profesionalen taldeak hasierako ebaluazioa eginen du, egokitzapen trebetasunei eta bizi-kalitateari dagokienez ikasleek zer maila duten jakiteko. Horrela, irakatsi eta ikasteko prozesuak izaera funtzional eta bereizia hartu, eta ikasle bakoitzak beharko dituen euskarri eta jarduerei buruzko informazioa ematen ahalko du. Ebaluazio horretatik aurrera, banakako lan plan bat prestatuko da, ikasturtean zehar ebaluatuko dena.

Banakako lan planak eta ebaluazioaren izaera etengabea erreferentziatzat harturik, profesionalen taldeak ebaluazio saioak eginen ditu ikasturtean zehar, alde batetik, irakatsi eta ikasteko prozesua baloratzeko eta, beste aldetik, ikasleen ikaskuntzen banakako aurrerapena eta jabetzea eta proposamen didaktikoaren egokitzapena aztertzeko. Jasotako informazioa ikasleari arreta egiten dioten profesional guztiei eta familiei jakinaraziko zaie.

Ikasturtea amaitutakoan, azken ebaluazio saioa eginen da. Bertan, irakasle taldeak ikaslearen banakako ikaskuntzari buruzko txostena prestatuko du, ikasitako esperientzia eremuetako ikaskuntzen jabetze mailari buruz.

9.–Ikastetxeak baimentzea Helduarora Igarotzeko Programa emateko.

Hezkuntza Departamentuak baimenduko du programa ikastetxe publikoetan zein pribatuetan ematea, ikasleen hezkuntza premiak kontuan hartuta. Eta programa aldatzen ahalko da, premia horien arabera.

10.–Egiaztapena.

Programa amaitutakoan, ikasle bakoitzak egiaztagiria jasoko du, bere ikastetxeak emana. Bertan, ikaslearen datu pertsonalak eta programaren hasiera- zein bukaera- egunak adieraziko dira.

Helduarora Igarotzeko Prestakuntza Programaren egiaztagiria Hezkuntza Departamentuak ezarritako ereduaren araberakoa izanen da.

Egiaztagiriarekin batera, dagokion txostena emanen da, programa eman duen irakasleek prestatutakoa. Bertan, eremu guztietan lortutako maila eta orientabiderako proposamena adieraziko dira.

11.–Curriculuma.

Hezkuntza Departamentuak Helduarora Igarotzeko Programa egituratzen duten eremuen curriculum edukiak zehaztuko ditu.

Iragarkiaren kodea: F1907578