115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199/2019 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin sinatu dituen hitzarmenak, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu tituluen arteko kredituak aitortzeari begira.

2013ko maiatzaren 16an, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak bi esparru-hitzarmen sinatu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu tituluen arteko kredituak aitortzeari begira. Halaber, Nafarroako Unibertsitatearekin ere esparru-hitzarmena sinatu zuen, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitate horrek Iruñeko campusean ematen dituen unibertsitateko gradu tituluen arteko kredituak aitortzeari begira.

Hitzarmen horietan, alderdiek betebehar gisa onartzen dute titulazioen araberako berariazko hitzarmenak sinatzea, tituluen eta alderdiek aitortu beharreko kreditu kopuruaren arteko erlazioa zehaztuko dutenak, baita berariazko hitzarmen horiek berrikustea eta eguneratzea ere, titulazio horietan aldaketaren bat badago edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritako irizpide orokorrak zehazten baditu.

Erabakitakoa aplikatzeko, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta bi unibertsitateek lan egin dute hitzarmen horietan adierazitako aitorpen erabakiak eguneratzeko. Horren ondorioz, azaroaren 12an, hitzarmenen eranskinak sinatu ziren, kredituak aitortzeari buruzko taula berriak gehitu zituztenak.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak hartu ziren erabakiei buruz aurkeztutako txostena ikusi da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eranskineko baliokidetasun taula onestea, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitate horrek ematen dituen gradu tituluen arteko kredituak aitortzeari begira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin sinatu duen hitzarmenean xedatuarekin bat.

2. Ebazpen honen II. eranskineko baliokidetasun taula onestea, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitate horrek Iruñeko campusean ematen dituen unibertsitateko gradu tituluen arteko kredituak aitortzeari begira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Unibertsitatearekin sinatu dituen hitzarmenean xedatuarekin bat.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntza Errektoreordetzara, Nafarroako Unibertsitateko Ikasketen Antolamendurako Errektoreordetzara, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Antolamendu Atalera, Orientazio Atalera, Aukera Berdintasunerako Atalera, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Lanbide Kualifikazioen Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko apirilaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (PDFa).

II. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitatea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905486