115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

264/2019 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2019ko Plana onesten duena.

Nafarroako Zerga Ogasuna Nafarroako Gobernuaren oinarrizko tresna da, zerga-sistema modu eraginkorrean aplikatzeaz arduratzen dena, eta funtsezko lana egiten du zerbitzu publikoen mantentzea finantzatzeko behar diren baliabideak lortzeko. Funtsezko helburuak ditu batetik Foru Komunitatean zergak ordaindu behar dituzten pertsona eta entitate guztiek zerga-betebeharrak borondatez bete ditzaten sustatzea, eta bestetik iruzur fiskala prebenitu, kontrolatu eta erreprimitzea.

Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak borondatezko betetzea sustatzeko jarduketak indartzen jarraitu behar du, bai eta prebentzio, egiaztapen, ikerketa eta erregularizazio jarduketak ere. Horrek eskatzen du aurretik planifikatzea eta lehentasunezkotzat hartzen diren oinarrizko irizpideak, arrisku fiskaleko profilak eta guneak definitzea. Prozesu horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana, urtero zehaztu eta ezartzen baititu Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketarako ildo nagusiak.

Ebazpen honen bidez, aditzera ematen da Zergen Kontrolerako 2019ko Plana, eta zergak kudeatu, ikuskatu eta biltzeko faseetan egiten diren jarduketak koordinatzeko jarraibide orokorrak ezartzen dira; hori guztia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 10.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz (aipatu erregelamendua ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2016-2019 aldirako Planaren barrenean Zergen Kontrolerako 2019ko Plana kokatzen da, Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 26an onetsia. Nafarroako Zerga Ogasunaren estrategia finkatzen duen urte anitzeko plan hori zergen kontrolerako urteroko planen bidez osatu, indartu eta eguneratzen da.

Horiek horrela, eta aipatu xedapenetan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, argitara ematen dira zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten jarduketa ildoak, iruzur fiskala prebenitu eta kontrolatzeko.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Zergen Kontrolerako 2019ko Plan hau onestea, jarraian adierazten diren jarduketa ildoak dituena.

1.–Iruzurraren gaineko informazio, laguntza eta prebentzio jarduketak.

Nafarroako Zerga Ogasunaren funtsezko helburuetako bat zerga-betebeharrak borondatez bete daitezen sustatzea da, eta, horrenbestez, iruzur fiskalaren prebentzioa. Helburu hori lortze aldera, oinarrizko jarduketa lerroa zergadunei informazioa eta laguntza emateko kalitatezko zerbitzuak ematea da, betetze mailak hobera egin dezan betetzearekin loturiko zeharkako kostuak minimizatuz.

2019an asmoa da aipatu laguntza eta informazio zerbitzuak indartzea, teknologia berriei eta sistema prebentiboei lehentasuna emanda, honako jarduketa hauen bidez:

1.1. Zergadunei laguntza baliabide elektronikoen bidez emateko bideak zabaltzea eta sustatzen jarraitzea, Nafarroako Zerga Ogasunean egin beharreko tramiteak errazteko; pixkanaka murriztu eginen da autolikidazioen eta informazio-aitorpenen papereko aurkezpena, 2019an bereziki Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez.

1.2. Cl@ve sistemaren erabilera bultzatzea, zergadunek Nafarroako Zerga Ogasunean egin beharreko tramiteak errazten eta arintzen dituen identifikatzeko bitarteko gisa.

1.3. Nafarroako Zerga Ogasunaren webgune berria garatzea eduki eta zerbitzu gehiagoren bidez; nabarmenena egoitza elektronikoa da, erabilgarritasuna sustatuz prozedurak sinplifikatzen baititu. Gailu mugikorren erabilera aztertzea zergadunekiko komunikazio-kanal berri gisa.

1.4. Nafarroako Zerga Ogasunean jakinarazpen elektronikoko sistema orokortzea, hura erabiltzera behartuta daudenen multzoa handituz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz.

1.5. Zergadunen arretarako bulegoetan ekipo informatikoak pixkanaka jartzea, zergapekoei beren zerga-betebeharrak bitarteko elektronikoen bidez betetzea ahalbidetuko dietenak.

1.6. 2018ko Errenta kanpainan, Nafarroako Zerga Ogasunak egindako autolikidaziorako proposamenen kopurua handituko da, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunean eskura dagoen “Nafarroako Errenta” izeneko aplikazioaren bidez aurkeztutako aitorpenak gero eta gehiago izan daitezen sustatzen jarraituko da, ohiko programen bidez aurkezteko aukera ere mantenduta. Gainera, aitorpena egiteko laguntza ematen jarraituko da.

1.7. Nafarroan 2018an indarra hartu eta BEZaren kudeaketan aldaketa ekarri duen Informazioa Berehala Emateko Sistemari (IBE) dagokionez, hura indartzen jarraituko da, bai barne mailan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunekin informazioa tratatzeko, ustiatzeko eta trukatzeko behar diren egokitzapenak eginez, bai kanpokoan, zergadunei eskainitako laguntza zerbitzuak pixkanaka hobetuz.

1.8. Nafarroako Zerga Ogasunak iruzur fiskala justifikatzen duten baldintza sozialen desagerpena sustatuko du, finantza publikoak gizartean hobeki ulertzea eta kontzientziazio fiskal handiagoa lortzea lagunduko duten jarduketa-lerroen bidez, zerga-betebeharrak borondatez betetzea sustatuz. Horretarako, herritarrek Hitzarmen Ekonomikoa eta Nafarroako tributu sistema ezagutzea sustatuko da, bai eta herritarren ekarpenen bidez lortzen diren funts publikoen erabilera eta ematen diren zerbitzuak ezagutzea ere. Horretarako, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean, gure haur eta gazteen hezkuntza zibiko-tributarioa sustatuko da hainbat ekimenetan. Besteak beste, hezkuntza zibiko-tributarioa zabaltzeko egindako materiala web bidez zergadunen esku jartzea 2019an. Nafarroako Unibertsitateetako ikasleekin prestakuntza ekintzak ere egiten jarraituko da, fiskalitatearen arloan haien interesekoak diren gaiak jorratzeko.

1.9. 2019. urtean tributuak ordaintzeko kanal berriak ezartzea aztertuko da, zergapekoei tramitea erraztuz eta tributuen diru-bilketan laguntzen duten finantza entitateetako bezeroak ez direnei zergak ezarrita dauden eta ezar daitezkeen baliabide elektronikoen bidez ordaintzeko aukera emanez.

2.–Beste zerga administrazio batzuekiko eta beste entitate publiko eta pribatu batzuekiko elkarlana.

Zerga-betebeharren borondatezko betetze egokia lortzeko eta egiaztapenerako hurrengo jarduketa administratiboak ongi gauzatzeko, beharrezkoa da zentzu zabalean Administrazioaren eskura egon daitekeen eta zergarako garrantzia duen informazio guztia atzematea. Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunaren abiapuntua da zergadunek berek aurkeztutako aitorpenetatik lortutako informazioa eta hirugarrenek egindako aitorpen informatiboetatik eskuratutakoa. Horri gehitzen zaizkio, aldian-aldian informazioa emateko betebeharrei jarraikiz, gainerako zerga administrazio, erakunde publiko edo entitate pribatuetatik jasotzen diren beste informazio batzuk, edo Nafarroako Zerga Ogasunak eskuratzeko jarduketetan lortuak, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. eta 104. artikuluen arabera.

2019an Nafarroako Zerga Ogasunak informazio berrien trukea sustatuko du gainerako zerga administrazioekin eta beste entitate batzuekin. Horretarako, dagozkion hitzarmen edo akordioak sinatuko ditu behar denean, eta jasotako informazioaren kalitatea sustatuko du, tresna informatiko aurreratuen bidez haren tratamendu eta sistematizazio hobea lortze aldera.

2.1. Elkarlana beste zerga administrazio batzuekin.

Gure inguruko zerga administrazioekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea, bai Estatu mailan Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diputazioekin, bai nazioarte mailan Europar Batasuneko eta ELGAko (OCDE) gainerako estatu kideekin, ezinbestekoa da deslokalizazio formulak eta planifikazio fiskal erasokorrak saihesteko. Formula eta planifikazio horien bidez zergapetzerik gabeko edo elusio fiskaleko egoerak bilatzen dira, zerga administrazioen araudiaren aplikazioan egon daitezkeen akatsak aprobetxatuz.

2019an Nafarroako Zerga Ogasunak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak batera lan eginen dute 2006an honako gaien gainean sinatutako akordioak berrikusteko: helbide aldaketak, eskudun ez den administrazioan egindako diru-sarrerak, zergen kontrola, akta bakarrak, BEZaren inguruko tramak eta itzulketen enbargoa. Esperientziak erakutsi du akordio hauek, bi zerga administrazioen arteko konfiantzan eta lankidetzan oinarrituak, oso erabilgarriak izan direla zergadunek administrazio bakoitzarekin egin behar dituzten zerga-betebeharren betetzea sinplifikatzeko eta administrazioen arteko elkarlanaren akatsez baliatzen diren iruzurra egiteko bideak ixteko. Akordio horietan finkatutako prozedurek esparru bat finkatzen dute Hitzarmen Ekonomikoaren eta beste zerga arauen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko. Honela, Hitzarmen Ekonomikoaren Arbitraje Batzordearen aurreko gatazkak ahal den neurrian saihesten dira.

Hala ere, operadore ekonomikoek eta Administrazioak berak bilakaera handia izan dute digitalizazioak eta globalizazioak markatutako azken urte hauetan, eta egoera berriak planteatu dira, 2006an aurreikusita ez zeudenak. Egoera horiei irtenbidea ematea komeni da, Hitzarmenaren 5. artikuluan aurreikusten den lankidetza printzipioari jarraikiz. Horretarako, bi Administrazioetako hainbat adituk osaturiko lantalde bat sortuko da, zeinak kasu berri horiek aztertuko baititu adostasunak lortzeko eta erabakian testua eguneratzeko asmoz.

Era berean, lantalde horren esparruan zerga kontuetarako informazioa trukatzeko 2011n sinaturiko lankidetza hitzarmenaren eguneratzea sustatuko da. Truke horietan oso garrantzitsuak diren nazioarteko informazio-iturri batzuk sartu dira orain gutxi, trukerako tresna garrantzitsu batzuk abian jartzearen ondorio direnak. Horien artean, 2013ko maiatzaren 14an Madrilen gauzatutako Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Akordioa, nazioarteko zerga-betebeharra hobetzen eta Foreign Account Tax Compliance Act (FATCA - atzerriko kontuen zerga-betebeharren gaineko legea) delakoa ezartzen duena, 2013ko maiatzaren 14an Madrilen gauzatutako Finantza-kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna, eta, Europar Batasunaren eremuan, Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentaraua, zeinak 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu baitzuen, tributu fiskalitatearen arloan informazio-truke automatikoa egin beharrari dagokionez.

2019an Nafarroako Zerga Ogasunak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak barne tributazioari eta nazioarteko fiskalitateari buruzko prestakuntza ekintza bateratu batzuk antolatzeko asmoa dute. Ekintza horietan, bi administrazioetako hainbat adituk aztertuko dituzte zerga arloan eragina duten informazio-iturri berriak, arrisku fiskalen aurren hartutako konponbideak, gauzatutako jarduketa-ildo ezberdinen emaitzak eta arauetan egin daitezkeen aldaketa gomendagarriak iruzur-jarduera berriei bukaera emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Diputazioekiko elkarlanari dagokionez, aurreikusita dago 2019an Nafarroako Zerga Ogasunak lankidetza hitzarmenak sinatuko dituela haietako bakoitzarekin, zerga administrazio bakoitzaren ahalak behar bezala gauzatzeko prozedura ezberdinak (helbide aldaketak, eskudun ez den administrazioan egindako diru-sarrerak, zergen kontrola, akta bakarrak, BEZaren inguruko tramak, itzulketen enbargoa) adostasunez arautzeko xedearekin, administrazioen artean nolabaiteko gainjartzeak gerta daitezkeen kasuetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Diputazioekiko eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekiko elkarlana honela ere gauzatuko da: haien zerga kontrolerako planak beteaz, finantza entitateei eta beste erakunde batzuei helarazitako eskakizunen bidez lortutako informazioen bateratze-lana eginen da.

Udal esparruan, 2019ko lehen hilabeteetan “Esparru-hitzarmena Nafarroako Zerga Ogasunaren eta Nafarroako udalen artean informazioa trukatzeko eta lankidetzan aritzeko zergen kudeaketan eta ikuskapenean” sinatu da. Hitzarmen horren bidez, zerga arloan garrantzitsuak diren eta udalen esku dauden informazio guztien aldizkako trukea normalizatzen da. Informazio horien artean, nabarmentzekoak dira obra-lizentziei eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren (EIO) gaineko zergari buruzkoa (lizentzia eskaeraren edo zerga-igorpenaren xedeko obrak exekutatzen dituzten enpresen identifikazioa barne), hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga (udal gainbalioa), irekitzeko lizentziak, eremu publikoan edukiontziak paratzeagatiko lizentziak, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak eta aisialdirako etxabeak.

Era berean, 2019ko martxoan hitzarmen bat sinatu da Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoarekin, Merkataritza Erregistroaren bidez merkataritza-sozietateen benetako titulartasuna kontsultatzeko. Informazio horrek zergapekoen aurrean tributuak aplikatzeko jarduketen perimetroa zehaztea ahalbidetuko du, merkataritza-sozietateen benetako titulartasuna kontuan hartuz.

2019an, Nafarroako Zerga Ogasunak lan eginen du sinatutako bi hitzarmen horietatik datozen eta zerga arloan garrantzitsuak diren datuak bere datu baseetan sartzeko. Horretarako, programa informatikoak garatuko dira eskuratutako datu horiek tributuak kudeatzeko, ikuskatzeko eta biltzeko prozeduretan eraginkorki erabil daitezen.

2.2. Lankidetza beste entitate publiko edo pribatuekin.

Nafarroako Zerga Ogasuna aktiboki aritzen da elkarlanean Justiziarekin, Ogasun Publikoaren aurkako delituengatik jurisdikzio organoetan irekitako prozesu judizialetan, edo haren laguntza behar den bestelako prozesuetan. Lankidetza hori hainbat arlotan ageri da, hala nola informazioa ematean epaitegi eta auzitegiei eta Fiskaltzari, eta peritu lana egitean eta laguntza judiziala ematean prozesu penaletan.

Ildo horretan, ogasun publikoaren kontrako delituak tramitatzeko prozedurak, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako prozeduretarako ezarriak, Nafarroako Zerga Ogasunaren eta Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren arteko koordinazioa areagotu du, zalantzarik gabe. Izan ere, Aholkularitzak du bere gain Administrazioaren interesen defentsa egitea auzitegietan eta Zerga Ogasunaren barruan ikuskapenerako eta diru-bilketarako organoen artean, eta tributu ikuskapenak ogasun publikoaren kontrako delitu-zantzuren bat antzemanez gero, balizko delitu horrekin loturiko likidazioak egiten ditu, salbu eta legez tasatutako zenbait kasutan. Likidazioekin batera, eta kereila onartu dela jasota gelditu ondoren, diru-bilketarako prozedura hasten da, iruzurraren existentziari eta zenbatekoari dagokienez zigor prozesuaren azken emaitzaren arabera egin beharreko egokitzapenak galarazi gabe.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Kudeaketaren, Ikuskatzailetzaren eta Diru-bilketaren arloetarako, funtsezkoa da Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak lan arloan duen informazio guztia gure sistema informatikoetan sartzea. 2019. urtean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren eta Nafarroako Zerga Ogasunaren arteko lankidetza hitzarmen berri bat sinatzea aurreikusita dago. Aipatu hitzarmenak informazio trukearen eta diru-bilketaren arloak jorratuko ditu eta 2007ko aurreko hitzarmena eguneratuko du, zerga arloan garrantzitsuak diren informazio berriak sartuz. Era berean, Tributu Ikuskapenak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak beren arteko elkarlana indartuko dute ezkutuko ekonomiaren aurkako jarduketa bateratuak egiteko, eta lan arloan eragin fiskala (eta alderantziz) izan dezakeen edozein erregularizazio espedienteren berri emanen diote elkarri.

Era berean, gorantz doazen zenbait sektoretan (esate baterako, hoteletatik kanpoko ostatuak eta apartamentu turistikoak) ezkutuko ekonomiaren aurka borrokatzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak trukeak sustatuko ditu Nafarroako Gobernuko beste erakunde batzuekin, hala nola Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin eta Nafarroako Estatistika Institutuarekin.

Beken eta dirulaguntzen arloan eskumena duten Nafarroako Gobernuko departamentuekin informazio trukeek jarraituko dute, pertsona fisiko edo juridikoek egindako iruzurrezko eskaerak antzemateko, euren benetako ahalmen ekonomikoa administrazioaren aurrean aitortutako datuekin bat ez datorren kasuetan.

Ikerketaren eta garapenaren esparrua Nafarroako zerga araudiak aitortzen dituen pizgarri fiskal nagusietako bat da; bertan, borondatezko betetzea errazteko eta zerga kontrol egokia lortzeko asmoz, Zerga Ogasunak Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiarekiko elkarlana areagotuko du proiektuak kalifikatzeko, irizpide interpretatzaile homogeneoak aplikatzeko eta arauetan egin daitezkeen aldaketak proposatzeko.

Lankidetza sustatuko da Nafarroako Foruzaingoarekin eta Estatuko beste segurtasun kidego eta indar batzuekin, ezkutuko ekonomiaren adierazleak handiak diren sektoreetan informazioa bertatik bertara eskuratzeko jarduketak egiteko, eta auditoretza informatikoko jarduketa bateratuak eginen dira iruzurra egiteko arrisku handia duten negozioetan.

Foru Komunitateko sektore ekonomikoekiko lankidetzari dagokionez, gaur egungo testuinguruan (globalizazio ekonomikoa, gero eta handiagoa den digitalizazioaren ondorioz negozio eredu tradizionaletan gertatu diren aldaketak eta merkatuan operadore berriak agertzea) Nafarroako Zerga Ogasunak bertatik bertara ezagutu behar du zein diren atzemandako beharrak, perspektibak eta arriskuak. Helburu hori betetzeko, 2019an bilerak eginen ditu enpresa elkarte, sindikatuen eta finantza entitateetako ordezkariekin, bai eta erregistro publikoen, lanbide elkargoen eta ekonomia, gizarte eta kultura arloko beste elkarte batzuetako arduradunekin ere, eta jarraituko du aktiboki parte hartzen hainbat foro sektorial edo orokorretan, hala nola turismoaren sektoreko Lehia Desleialaren Mahaian edo Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontrako Borrokarako Batzordean, 2016an sortua.

3.–Ikerketa eta iruzur fiskala egiaztatzeko jarduketak.

3.1. Informazio-iturri berrien erabilpena.

Azken urte hauetan hartu diren hainbat neurriri esker, errentak jasotzeari eta higiezin aktiboen titulartasunari dagokienez ahalik eta gardentasun handiena bermatzen duten mekanismoak garatzen baitituzte, Nafarroako Zerga Ogasunak Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez iritsi diren nazioarteko informazio berriak eskuratu ditu; datu horiek aurrerapen handia dira zergadunen tributu eta ondare arloko analisiak egiteko aukerei dagokienez.

Bereziki azpimarragarria da atzerriko finantza-kontuei buruzko informazioaren truke automatikoa orokortzea. Informazio hori Estatu Batuetatik (FATCAren ezarpenaren ondorioz) eta Europar Batasuneko estatuetatik (DAC2 Zuzentarauaren ondorioz) dator, bai eta Gardentasunerako eta Informazio Trukerako Nazioarteko Foroak sustatutako CRS (Common Reporting Standard) proiektuarekin pixkanaka bat egiten ari diren ELGAko (OCDE) beste herrialde batzuetatik ere. 2018. urtean aipatu trukeak 102 jurisdikziotara hedatu ziren, Espainiako erresumak CRS proiektua ezartzeko hartutako nazioarteko konpromisoei jarraikiz.

Gainera, 2015. urtean DAC3 Zuzentaraua abian jarri izanaren ondorioz, gaur egun Nafarroako Zerga Ogasunak ondasunen higiezinen titulartasunari eta errentei buruzko informazioa dauka, bai eta lan errentei, kontseilarien errentei eta pentsioei buruzko informazioa ere, Europar Batasuneko estatuek emana.

Informazio-iturri berrien erabilpenak aukera emanen du atzerrian gordetako ondareak detektatzeko eta indar handiagoz ikertuko dira zergadun deslokalizatuak. Iturri horiek gehitu zaizkie Nafarroako Zerga Ogasunak jada zituen beste hauei: dibisa trafikoa, “Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa” izeneko 720 eredua, ondarearen gaineko zergaren aitorpenak eta nazioarteko eskaeren bidez lortutako informazioa. Informazio hauek guztiak aztertuz eta gurutzatuz, eta Zerga Agentziarekin alor honetako etengabeko informazioa trukatuz bilatzen diren iturri berrien bidez, Nafarroako Zerga Ogasunak egiaztatuko du zergapekoek atzerrian dituzten ondasun eta eskubideen aitorpena zuzen egin ote duten, eta ikerketa abiatuko du zantzuak daudelarik zerbait guztiz edo partez ezkutatu ote den. Araurik bete ez bada, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 18. xedapen gehigarrian aurreikusten den zehapen araubidea aplikatuko da, eta aitortu gabeko ondasun eta eskubideak erregularizatuko dira justifikatu gabeko ondare-gehikuntza gisa, Sozietateen gaineko zergari buruzko eta Pertsona fisikoen gaineko errentaren zergari buruzko foru legeetan aurreikusitako kasuetan.

Halaber, egiaztapen lanak eginen dira detektatzeko Europar Batasunaren esparruan dibidenduak banatzeko ez-egoiliarrei buruzko araudian aurreikusitako salbuespenaren aplikazio gehiegizkoa egiten ote duten Nafarroan establezimendua duten multinazionalek, bai eta transferentzia prezioen arloan, oro har, tributazioa saihestea oztopatzeko ere, bereziki zainduz talde barreneko zerbitzuen eta finantzaketaren tributazioa egokia izatea eta balio handiko ukiezinekin egindako eragiketak. Alde horretatik, Foru Komunitatean dagoeneko ezarri dira nazioarteko informazio trukea egiteko beste bide batzuk: Tax Rulings direlakoak, mugaz haraindiko eragina daukatenak, DAC3 Zuzentarauarekin bat, eta “Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpena” izeneko 231 eredua, negozio zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurotik gora duten enpresa handiek aurkeztu beharrekoa, 2018ko ekainetik ezarrita dagoen DAC4 Zuzentarauarekin bat, zerga administrazioari aukera ematen diona etekinen balizko deslokalizazioak ebaluatzeko, etekinak errenten sorleku ez diren eta tributazio txikiagoa duten lurraldeetara eramateko asmoz eginak.

2019an informazioa lortzeko beste jarduketa batzuk ere eginen dira, atzerriko sozietateek aitortu ez duten balizko establezimendu iraunkorrak Foru Komunitatean hautemateko, eta, kasua bada, establezimendu iraunkor horien tributazioa, BEZaren eta sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, egokia dela egiaztatzeko, zerga-oinarrien deslokalizazioa saihestu beharrez.

Bestalde, informazio-iturri berriei dagokienez, oso garrantzitsua da Informazioa Berehala Emateko Sisteman (IBE, Nafarroan 2018ko urtarrilaren 1etik ezarria) sartutako entitateek jaulki eta jasotako fakturen erregistroak Nafarroako Zerga Ogasuneko datu baseetan sartzea. Sistema hori honetan datza: BEZaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bidez eramatea, fakturazio datuak bide telematikoen bidez berehalakoan helaraziz.

Zergadunei ematen zaien laguntzaren ikuspegitik, IBE sistemak betebehar formalak murrizten ditu, hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko F 50 eredua eta BEZaren erregistro liburuetan sartutako eragiketei buruzkoa (340) aurkezteko beharra ezabatzen baitu. Gainera, BEZaren autolikidazioak eta konturako atxikipenak aurkezteko epea luzatzen du.

Zerga kontrolaren ikuspuntutik, fakturen datuak orokorrean lau eguneko epean eskura izatea (faktura horiek egiten direnetik) funtsezko aurrerapena da arriskuen analisiari dagokionez, Nafarroako Zerga Ogasunari aukera ematen baitio informazioaren tratamendu masiboa eta ia berehalakoa egiteko, BEZean eta beste zergapetze mota batzuetan irregulartasunak edo iruzur jokabideak garaiz hautematera bideratua. IBE sistema erabiltzera beharturik dauden zergapekoen irregulartasunak eta iruzurrak hautematen dira, bai eta beren fakturak jasotzen dituzten baina beharturik ez dauden zergapekoenak ere; hau da, jarduera ekonomikoren bat egiten duten ia pertsona fisiko edo juridiko guztienak.

3.2. Lan prozesuen modernizazioa eta iruzurraren aurkako borroka ekonomia digitalean.

Azken urte hauetan, Nafarroako Zerga Ogasunak aurrerapauso nabarmenak egin ditu bere prozeduren automatizazioan eta zerga kontrol lanetarako auditoretza informatikoko tekniken erabilpenean. Informazioaren analisi sistematiko eta normalizatuaren bidez, egiaztatzeko jarduketak egiteko modua errotik aldatzea lortu da. Aipatu analisia posible da kontrol lanak sinplifikatzeko eta konplexutasun eta tamaina handiagoko beste batzuei ekiteko aukera ematen duten tresna informatikoei esker; izan ere, baliabide eta ezagutza horiek gabe, zaila litzateke lan horiek egitea.

Ildo horretatik, 2019an auditoretza informatikoak egiteko tresna berri bat ezarriko da Nafarroako Zerga Ogasunean. Tresna horrek nabarmenki hobetzen ditu gaur egun eskura dauden aplikazioen funtzionalitateak, eta haren bidez kontrol lanen eraginkortasuna eta efizientzia hobetu nahi da, erabakien hartzea arrazionalizatuz eta prozedurak (analisia, monitorizazioa, arriskuen ebaluazioa, zuzendaritza eta hartu-eman etengabea) hobetuz, balizko iruzur jokabideak hautemateko.

2018an Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua aldatu zen, ikuskapen prozedura modernizatzeko eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean egindako aldaketetara egokitzeko. Besteak beste, administrazio publikoarekin modu elektronikoan harremanetan jartzera beharturik dauden subjektuek emandako dokumentazioari zer tratamendu eman behar zaion ezartzen da, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua aldatzen da, jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartuta dauden zergapekoei dagokienez. 2019an aldaketa berriak eginen dira arauetan, administrazioarekin harremanetan sartzeko bitarteko elektronikoak erabiltzera beharturik daudenak eta jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartuta daudenak bateratzera bideratuak, eta eremu subjektiboa zabalduko da, behartuen zentsuetan sartu behar diren zehazteko egin beharreko tramiteak sinplifikatuz, osotua eta norabide anitzekoa den administrazio elektroniko baten barruan.

Auditoretza informatikoaren arloan, aurreko urteetan bezala, Nafarroako Zerga Ogasunak jarduketa batzuk eginen ditu tokian berean eta aurrez ohartarazi gabe, Foruzaingoko Delitu Ekonomikoen eta Ondarearen kontrako Delituen Brigadarekin elkarlanean. Era berean, Nafarroako Gobernuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren laguntza ere izanen du, jarduketa horietan kopiatutako edo atzemandako informazioaren analisia egiteko, 2016an horretarako izenpetutako kudeaketa aginduaren arabera eta 2018an Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan egindako aldaketei jarraikiz.

Nafarroako Zerga Ogasunak finkatutako helburuetako bat sarean emandako zerbitzu ez-aitortuak azaleratzea da. Horretarako, ondasunak eta zerbitzuak Interneteko atarien eta gizarte sareen bidez banatzeko eta merkaturatzeko eredu berrien eragiketaren eta tributazioaren analisian sakonduko da, jardueren deslokalizazioaz baliatzen diren zergak kentzeko egoerak aurkitzeko asmoz.

Era berean, 2019an finantza entitateetatik lorturiko honako informazio hauek aztertuko dira: sarean emandako zerbitzuengatik komisioak kobratzen dituzten enpresei buruzkoak eta Interneteko operadore handiek eta ordainketa plataforma elektronikoek Nafarroako zergapekoen kontuetan erregistratutako kargu eta ordainketei buruzkoak. Informazio horiek aitortutako magnitudeekin gurutzatuko dira, ez-betetzeak edo aitortuko gabeko transakzioak erregularizatzeko.

Estatuko araudian aurreikusitako aldaketen ildotik, araudi mailako betebehar berriak ezarriko dira moneta birtualak izatearen eta haiekin eragiketak egitearen gainean, horiek hainbat operazio motatan (erosketak, eskualdaketak, trukeak, transferentziak eta aipatu monetak erabiliz egindako kobrantzak eta ordainketak) parte hartzen duten bitartekariek egiten dituztenean; gainera, atzerriko moneta birtualei buruz 720 ereduaren bidez informatzeko berariazko betebeharra ezarriko da. Gainera, finantza entitateetatik atzemateko eskakizunen bitartez lortutako informazioak Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin trukatuko dira.

Gure inguruko zerga administrazio batzuek, ELGAren txostenetan bildutako gomendioei jarraikiz, salmenta-puntuko terminalen eta kutxa erregistratzaileen gaineko kontrolerako hainbat soluzio teknologiko ezarri dituzte. Haien esperientziak aztertu ondoren, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Foru Diputazioekin elkarlanean, fakturatzeko sistema informatikoak lehenetsitako baldintza tekniko batzuetara egokitzeko beharra ezartzeko aukera aztertuko da, erregistroen kontserbazioa, osotasuna, trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzeko. Betebehar berri honek berekin ekarriko luke berariazko zehapen araubide bat, aplikatzekoa zaiena bai ziurtagiririk gabeko sistema informatikoen produktore edo merkaturatzaileei bai sistemak behar bezala erabiltzen ez dituztenei. Neurri honen helburua da saihestea diru-sarrerak ezkuta daitezen eta kontabilitatea manipula dadin, esku-diru ugari erabiltzen duten eta IBE sistema erabiltzera beharturik ez dauden txikizkako sektore batzuetan bereziki.

3.3. Ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka.

Ezkutuko ekonomiak biltzen du ezkutatuko ez balitz kontabilitate publikoan erregistratuko litzatekeen legezko jardun osoa, ondasunak edo zerbitzuak produzitzeko. Ezkutatzearen asmoa da zergen eta Gizarte Segurantzarako ekarpenen ordainketa ekiditea eta hainbat arau (gutxieneko soldatak, segurtasun estandarrak) betetzen saihestea, bai eta beste betebehar formal administratibo batzuk (informazio edo erregistro arlokoak) saihestea ere.

2018. urtean, Nafarroako Zerga Ogasunak azterlan bat kontratatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroan 2006-2016 aldian izandako ezkutuko ekonomia eta iruzur fiskala kalkulatzeko; haren bidez, Foru Komunitatearen eremuan izurri honi buruzko diagnostiko egokia lortuko ahal izanen da. Aurreikuspenen arabera, aipatu azterlana 2019an argitaratuko da, 2016-2019 epean Iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko Plan indardunari jarraikiz.

Ezkutuko ekonomiaren aurkako borrokan, Nafarroako Zerga Ogasunak auditoretza informatikoko hainbat jarduketari ekinen die: aurretik abisatu gabe, ekipo informatikoak hartuko ditu zergapekoen egoitzan, ondoren Tributu Ikuskapenaren instalazioetan tresna informatiko aurreratuak erabiliz aztertzeko. Honela, askotan ezkutuko jarduera ekonomikoak atzematen dira, baita manipulatutako softwarea erabilita kontabilitatearen aldaketa egin den ere. Aurreko urteetan egin zen moduan, arrisku fiskal handiko sektore batzuetan auditoretza informatikoko jarduketa horiek aldi berean eginen dira negozio lokaletan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Foru Diputazioekin koordinatuta, baliabideak hobekien erabiltzeko, sinergiak baliatzeko eta jarduketa hauetan beharrezkoa den ustekabe faktorea babesteko. Jarduketa hauetan, Nafarroako Zerga Ogasunak Foruzaingoaren eta Estatuko gainerako segurtasun kidego eta indarren laguntza logistikoa eta informatikoa izanen du.

Auditoria informatiko hauez gain, Nafarroako Zerga Ogasunak tokian bertan beste jarduketa batzuk eginen ditu 2019an, Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean beharrezkoa denean, informazioa atzemateko eta zerga-betebehar materialak eta formalak betetzen ote diren egiaztatzeko, ezkutuko ekonomiaren adierazleak handiak diren sektoreetan.

Ildo horretatik, aurretik beren arrisku profilaren arabera hautatutako zergapekoen negozioak bisitatzeko kanpaina bat eginen da 2019an. Bisita horietan, informazioa atzemateaz gain, une hartan jasotako informazioa Nafarroako Zerga Ogasuneko datu baseetan eskura dagoenarekin alderatuko da, zergapekoari bere ez-betetzeei buruz abisua emanez. Bisita horietan lortutako informazioa erabiliko da etorkizunean egin daitezkeen egiaztatze lanak baloratzeko eta beste zergadun batzuk aukeratzeko orduan. Era berean, zenbait kolektibori gutunak bidaliko zaizkie, aitortutako magnitudeetan inkongruentziak edo desbideratzeak atzematen badira, eta egon daitezkeen arrisku fiskalei buruz ohartaraziko zaie. Honela, asmoa da bisita edo gutun horiek jasoko dituzten zergadunen tributazioan eta zerga-betebeharren betetze mailan eragitea.

Kontrol jarduketak egiten jarraituko da ezkutuko ekonomia maila altua dutela egiaztatu den sektore eta negozio ereduetan, higiezinen ustiapen turistikoaren kasuan, adibidez. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, ahaleginak bideratuko dira, alde batetik, egoitza Foru Komunitatetik kanpo duten online plataformak erabiliz pertsona fisikoek modu irregularrean jartzen dituzten lo-toki turistikoak atzematera, eta bestetik, bitartekaritza eta informazioa edo noizbehinkako beste zerbitzu turistiko batzuk ematen dituzten operadoreen jarduera egiaztatzera, bereziki Sanferminetan.

Nafarroako Zerga Ogasuna saiatuko da, era berean, aitortu gabeko enpresa edo lanbide jarduerak detektatzen, gai hauen inguruan eskura duen informazioaren analisi konbinatuaz: erroldak, etxebizitzak, aseguruak, ur eta argi kontsumoak, ibilgailuak, erosketen eta salmenten egozpenak, banku txartelen bidezko ordainketak, eskudiruaren mugimenduak, txekeak edo aitortutako kopuru ekonomikoekin bat heldu ez den edozein finantza mugimendu.

Gogorarazi beharrekoa da kontsumitzaileek tiketa exijitzeko eskubidea dutela, eta horrela eraginkortasunez laguntzen dutela iruzurraren prebentzioan. Kontzientziazio sozial handiagoa sustatze aldera, kanpaina berriak eginen dira tokian berean egiaztatzeko fakturazio betebeharrak modu egokian betetzen ote diren Foru Komunitateko sektore desberdinetan, eta behar den zehapen espedienteak irekiko dira, egiaztatzen delarik bezeroari ez zaiela tiketa ematen edo ez dela hura egiten.

3.4. Kontrolak eragiketen, zergapekoen eta jarduera sektore berariazkoen gainean.

Nafarroako Zerga Ogasunak kontrolatuko ditu zergapekoek aitortutako diru-sarrerak eta gastuak, betiere horiek aurreko urteetan egiaztapenaren eta erregularizazioaren xede izan badira, aipatu jarduketetan adierazitako errenta mailak hurrengo aitorpenetan mantentzen ote diren egiaztatzeko.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Foruzaingoarekin elkarlanean, jatorria hemen bertan zein Europar Batasuneko estatu kideetan duten ibilgailuen eskualdaketak kontrolatzeko jarduketak eginen dira, helburu hauekin: ezkutuko salmentak edo benetakoak baino prezio baxuagoengatik egindakoak detektatzea eta, tributu erantzukizunak saihesteko xedez, tarteko sozietateak erabiltzen ote diren zaintzea.

Nekazariak, ostalaritzako negozioak eta txikizkako beste merkatari batzuk PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidetik eta BEZaren araubide erraztutik baztertuko dira, egiaztatzen bada moduluetako tributazio okerra egiten dutela zergapekoak eta bere lotura-ingurune konputagarriak araudian aurreikusitako sarreren gehieneko kopuruak gainditzegatik.

Balio erantsi handiko zerbitzuak ematen dituzten profesionalen gaineko jarduketak egiten jarraituko da, bereziki aho-hortzen eta zerbitzu juridikoen sektoreetan; horretarako, batera aztertuko dira finantza entitateetatik lortutako informazioak, beste hirugarren batzuk aitortutako egozpenak, hornitzaileei eta azkeneko bezeroei egindako eskaeren bidez lortutako informazioak, eta erregistro publiko zein pribatuetatik lortutako beste batzuk. Aitortutako errenten eta gastu mailaren eta ondare egoeraren arteko korrelazioa aztertuko da, balizko desadostasunak atzemateko, eta, halaber, egiaztatuko dira tributazioa gutxitzeko xede hutsez profesionalek eratutako sozietateak.

Higiezinen sektorean, kontrol jarduketak eginen dira partikularrek errentan emandako ondasun higiezinen gainean, bai eta eraikinak birgaitzeko lanak eta luxuzko etxebizitzak sustatzeko eta salerosteko jarduketak kontrolatzeko ere, sozietateek eskuratutako higiezinei arreta berezia emanez, haien tributazioa egokia dela egiaztatzeko eta ondasunen benetako titulartasuna ezkuta dadin saihesteko.

Hondakin metalikoen tratamenduaren eta merkaturatzearen sektoreko jarduketak indartuko dira; bereziki egiaztatuko da fabrikazio prozesuetan txatarra produktu osagarri gisa sortzen duten enpresek behar bezala aitortzen dutela haren eskualdaketa handizkako edo txikizkako merkatariei.

Ezkutuko salmentak detektatzeko eta aitortutakoak bere jardunean benetan lortu dituen etekinekin bat egiten duela egiaztatzeko asmoz, kontrol jarduketak eginen dira barazki eta fruten sektorean, bai handizkako merkatariei bai azken kontsumitzaileei saltzen dieten txikizkako banatzaileei bideratuak.

Enpresa handiei bideratutako kontrol jarduketak eginen dira, honako hauek egiaztatu beharrez: eragiketa bereziki garrantzitsuen zerga ordainketa, sozietateen gaineko zergako finantza gastuen kenkariei dagokienez ezarritako onura fiskalen eta mugen aplikazio egokia eta BEZaren itzulketen bidezkotasuna, behin eta berriz eskatzen direnean eta diru kopuru handia egiten dutenean.

Kenkari eta itzulketa bidegabeak saihesteko, enpresariek eta profesionalek aitortutako BEZ jasanaraziaren zenbatekoak egiaztatuko dira, Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri diren erosketa eta eskuratze datuekin lotura ez dutelarik.

Iruzurra jatorrian atzemateko lehen neurri gisa, identifikazio fiskaleko zenbakiaren eskaeretan zorroztasunez egiaztatuko da jakinarazitako datuen egiazkotasuna, eta esleipena ukatuko da aplikatzekoa den araudia betetzen ez bada. Ondoren, berariazko jarraipena eginen da arrisku zantzu batzuk antzeman diren zergapekoen kasuetan; izan ere, hasiera batean esleitu zitzaien IFZ ezeztatuko da, ez-betetzeak gauzatzekotan.

BEZean tramak ager daitezen saihesteko, gainerako zerga administrazioekin koordinatuta, Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroaren gaineko kontrola zorroztuko da, jarduera ekonomiko erreala duten eta jardunbide irregularrik ez duten operadoreak baizik sar ez daitezen. Batasunaren barruko eragiketak, VIESen erregistratutakoak, Nafarroako zergapekoek aitortutakoekin alderatuko dira.

Gainerako zerga administrazioekin ere koordinatuta, zergapekoek aitortutako zerga helbidea egiazkoa ote den egiaztatuko da, batez ere itxuraz arrazoi fiskal hutsengatik gezurrezko helbide aldaketak erregistratu dituztenen kasuan, ohiko bizilekua eta hitzarmenean ezarritako gainerako elementu objektiboak ezkutatzeko. Era berean, enpresa-sorlekuetan eta guneetan sozietate bat baino gehiago helbideratuta ageri direnean, horien gaineko jarduketak eginen dira tokian bertan, aitortutako zerga helbidea egiazkoa ote den egiaztatzeko.

Sozietateen gaineko zergan eta BEZean aitortutako zifra erlatiboko portzentajeen gaineko kontrolak areagotuko dira, lurralde bakoitzean egiten diren eragiketa bolumenaren proportzioan tributatzen duten enpresa handien kasuan; Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako lotura puntuak aplikatuko dira, Arbitraje Batzordearen ebazpenekin eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarekin bat.

3.5. Beste kontrol batzuk.

3.5.1. Kenkari eta itzulketa bidegabeak eta bestelako irregulartasunak galarazi beharrez, jarraipen berezia eginen zaie hurrengo eragiketei balio erantsiaren gaineko zergan:

–IBEk emandako informazioaren eta aitorpenetan jasotakoaren artean alde nabarmenak dituzten zergadunen gaineko kontrola.

–Subjektu pasiboak higiezinen sektoreko inbertsio arauak betetzen ote dituen egiaztatzeko jarduketak, iruzurrak saihestu beharrez.

–Zergadun hauen kontrola: itxuraz jardunean ez direnak, edo BEZ kuota kengarriak bakarrik aitortzen dituztenak, edo sorrarazitako BEZ kuotak baino handiagoak diren BEZ oinarri kengarriak (edo etengabe irabazi-marjin oso txikiekin) aitortzen dituztenak.

–Beren alde konpentsatu beharreko BEZaren saldoak zenbait urtetan sistematikoki handitzen dituzten eta itzulketarik eskatzen ez duten zergadunen gaineko kontrola.

–Europar Batasunaren barreneko eragiketen aitorpen zuzenaren kontrola, araubide berezi erraztuan, nekazaritzakoan eta baliokidetasun-errekarguarenean.

–Enpresa edo lanbide jarduerari lotu gabeko ondasun eta zerbitzuen erosketan jasandako BEZaren kenkaria kontrolatzea.

–Faktura-hartzailearen zerga ordainketa iruzur bidez murrizteko asmoz zenbatespen objektiboko araubideetan eginiko erabilera neurrigabea atzematera bideratutako jarduketak.

–Kenkaria izateko eskubidearen egiaztapena, hura denean automobilak erosteagatik edo beste erosketa batzuk egiteagatik, etxebizitzarena kasu, baina enpresa jardueran osoki erabiltzen ez direnean.

–Aduanetan izandako inportazio eta esportazio eragiketei buruz ZAEAk emandako informazioaren eta BEZ aitorpenetan jasotakoaren arteko inkoherentzia nabarmenen gaineko kontrola.

–BEZaren itzulketen arloan, aurrekoan adierazitakoaz gain, jarduketak indartuko dira Hilabeteko Itzulketen Erregistroan inskribatutako zergadunak kontrolatzeko.

3.5.2. Sozietateen gaineko zergan kontrol hauek indartuko dira:

–Finantza gastuengatik kenkaria izateko baldintzak eta mugak betetzen ote diren kontrolatzea.

–Kontabilitatetik kanpoko doikuntza negatiboak eta likidazio-oinarriko murrizketak zuzen aplikatu ote diren egiaztatzea, berariazko arreta emanez batetik, onura bereziak berriz inbertitzeagatik zerga-oinarrian sartu ez izateari, eta, bestetik, inbertsioetarako erreserba berezia hornitzeagatiko murrizketari.

–Pizgarrien ondoriozko kenkariak zuzen frogatu eta aplikatu ote diren egiaztatzea; arreta berezia emanen zaio ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologikoaren jarduerak egitearen ondoriozko kenkariari.

–Zenbait aktibo ukiezinetatik ateratzen diren errenten zerga ordainketa zuzena kontrolatzea.

–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean bat-egiteen, zatiketen, aktiboen ekarpenen eta baloreen trukearen gainean aurreikusitako araubide bereziari loturik, enpresak birmoldatzeko egiten diren eragiketak kontrolatzea, Merkataritza Erregistrotik jasotako eta zergapekoek emandako informazioaren bitartez, erositako ondasunen balorazio fiskala eta geroko eskualdatzeetan aitortutako gainbalioen zenbatekoa egiaztatuz.

3.5.3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kontrol hauek indartuko dira, likidazioen zuzentasuna egiaztatzeko eta itzulketa edo konpentsazio bidegabeen eskaera eta lorpena galarazteko:

–PFEZaren subjektu pasiboei egozten ahal zaizkien dirulaguntzak kontrolatzea eta aitortu gabeko beste errenta batzuk kontrolatzea.

–Higiezinen sektorean, ondasun higiezinen errentamenduen ondoriozko etekinen eta egindako eskualdaketen zerga ordainketa behar bezala egin dela berraztertzen jarraituko da; orobat, ohiko etxebizitzan berriz inbertitzearen ondoriozko salbuespenetan baldintza subjektibo, objektibo eta denborazkoak betetzen ote diren egiaztatuko da.

–Lan etekinei, kapital higigarriari eta higiezinari dagozkien konturako atxikipen eta konturako sarreren zerga ordainketa behar bezala egin ote den egiaztatzen jarraituko da, betiere Nafarroako Zerga Ogasunean sartu badira. Bereziki, atxikitzaileak eta atxikitakoak aitortutako zenbatekoen arteko koherentzia aztertuko da.

–Ondare gehikuntzak, bereziki balio higigarrien eskualdaketetatik datozenak, modu egokian deklaratu ote diren kontrolatuko da.

3.5.4. Ondarearen gaineko zergari dagokionez kontrol hauek indartuko dira:

–Zergaren autolikidazioa egiteko betebeharraren ez-betetzeen azterketa.

–Jarduera enpresarialetan aritzen diren entitateetan partaidetzak edukitzeagatik kenkaria aplikatzeko baldintzak betetzen ote diren aztertzea.

3.5.6. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokienez, aitortu gabeko zergapeko egintzen gaineko iruzurra kontrolatzeko jarduketak egiten jarraituko da, aitortzeko errekerimenduak eginez eta dagozkien zehapenak ezarriz.

3.5.7. Zerga berezien eta bestelako tributuen arloan.

–Jarraipena emanen zaie ohiko jarduketa eta kontrolei, zuzen bete daitezen, bai zentsuen eguneratzeari dagokionez bai izaera formaleko zerga-betebeharrak betetzeari dagokionez. Arreta berezia emanen zaio operadore berriak kontrolatzeari, zerga berezi desberdinetan Nafarroan izaten diren sortzapenak zuzen aitortzen ez badituzte. Orobat, kontrol jarduketak eginen dira legez aurreikusitako zerga onuren aplikazio zuzenaren gainean.

–SILICIE.

–Fabrikazioaren gaineko zerga bereziei buruzko kontu-hartzailetza lanak indartuko dira, fabriketan, gordailu fiskaletan eta biltegi fiskaletan dauden produktuen mugimenduaren eta izakinen kontrol berariazkorako.

–Hidrokarburoen sektorean kontrolak eginen dira gordailu fiskalen araubidearen gehiegizko erabilera izan ez dadin BEZean iruzurra egiteko asmoz.

–Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari dagokionez, zerga-oinarrien aitorpen egokiaren eta salbuespenen eta zergaren menpe ez dauden kasuen gaineko kontrol jarduketak egiten jarraituko da.

–Honako zerga hauetan, aitortu beharreko zergapekoak kontrolatzeko eta aurkeztutako aitorpenak berrikusteko jarduketak eginen dira: Elektrizitatearen gaineko zerga, Aseguru primen gaineko zerga, Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga.

4.–Kontrol jarduketak diru-bilketaren fasean.

Diru-bilketa kontrolatzeko jarduketek jarraituko dute azken urteetan izan duten areagotze bidean, kontuan hartuta baliagarritasun handikoak direlako Nafarroako Zerga Ogasunaren helburu eta emaitzak lortzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatzeko aginduta dituen zorrak egiaz kobratzea izan behar baita haren helburu nagusia.

Alde horretatik, Zergen Kontrolerako 2019ko Planak, aurreko ekitaldietako planetan markatutako ildoei jarraitzeaz gain, baditu hobekuntzak, dirua biltzeko kudeaketaren eraginkortasuna handitu behar dutenak.

Zehazki, 2019an jarduketa ildo hauek garatuko dira:

4.1. Diru-bilketaren kontrola eta kudeaketa hobetzeko berariazko programa informatikoen garapenari jarraipena emango zaio, bai borondatezko diru-bilketaren ikuspuntutik, bai nahitaezko diru-bilketarenetik, eta diru-bilketaren prozedurako jarduketak lehenbailehen abia daitezen bultzatuko da. Arreta bereziz aztertuko dira erantzukizuna deribatzeko espedienteen kudeaketan eraginkortasuna bilatzeko beharrezko diren tresnak. Horren harira, egun gauzatzen ari diren lanek jarraituko dute, deribatzeko espedienteen kudeaketa eta kontabilizazioa Nafarroako Zerga Ogasunaren tresna estandarretan integratzeko. Espediente hauekin loturiko arazoak gainditzeak jarduketa kopurua handitu eta haien kudeaketa hobetu behar ditu.

4.2. Ordainketa zatikatzea:

a) Zerga zorrak zatikatzeko baimenak bizkortzen jarraituko da, eta ordainketak eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera egiten ote diren kontrolatuko da. 2019. urtean 2018ko urtarrilaren 1etik indarrean dauden zatikatzeko aukerak ebaluatzen jarraituko da, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren baldintza orokorretan, zenbait ekitalditan, salbuespenak ezarri dituzten baldintza bereziak kentzeko, behar izanez gero.

b) Lehentasunezko arreta izanen du zerga zorren ordainketa modu bidegabean geroratzea helburu duten zatikatze eskaeren kontrolak. Zergak zatikatzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, baldin eta eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez badira eta, zerga zorren ordainketa zatikatuta, horrekin ohiko jarduera finantzatzen bada. Alde horretatik, arreta berezia ematen jarraituko zaie balio erantsiaren gaineko zergako kuotak zatikatzeko obren sustatzaileak aurkezten dituen eskaerei, obra horietan gauzatu bada subjektu pasiboaren inbertsioa, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 31.1.f artikuluan aipatzen den inbertsioa.

Dirua biltzeko prozeduren betearazpena luzatzeko eta eteteko eskaeretan abusuzko jokabideak hauteman dira, antolamendu juridikoaren aldetik erantzun irmoak behar dituztenak. Horretarako, 2019an luzapenak ezestearen figura ezartzea aztertuko da, aurretik beste eskaera batzuk ukatuak dituzten zergapekoek aurkeztuak badira, ulertzen baita ukapen horiek jaso izanak egiturazko zailtasun finantzarioak daudela adierazten duela.

c) Administrazio-baimenaren mende dauden jardueren ondoriozko zatikatze eskaerak ukatuko dira, hala nola, fabrikazioaren gaineko zerga bereziak, zozketa, tonbola, apustu eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa eta beste batzuk, eta beharrezko kautela-neurriak hartuko dira kontzeptu horien bidez zerga zorrik sor ez dadin, jarduera horietan aritzeari loturiko bermeak betearaziz, are jardueran aritzeko administrazio-baimenak baliogabetuz ere.

4.3. Lankidetza handituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, ondare egoerari buruzko informazioa trukatzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearekin tributu-kredituak dituzten zordunak daudela adierazteko, baita nahitaezko diru-bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta bizkorrago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetzen ahal diren trukerako hitzarmenetan sartutako diru-bilketaren alderdiak garatuko dira. Bereziki, Europar Batasuneko kide diren estatuen elkarrenganako laguntza mekanismoetan sartzea bilatuko da diru-bilketaren arloan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez.

Horiek horrela, eta enbargoko puntu neutroa ezartzen ez den bitartean, Nafarroako toki administrazioekin batera aurrekontu-ordainketak enbargatzeko jarduketak sustatuko dira.

4.4. Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistemak jasotako informazioa ustiatuko da kreditu eskubideen enbargoak kudeatzean, eta hura emateko unea aurreratuko da zordunentzat kreditu eskubideak sortzen direnekiko. Horrekin batera, bide horretatik jasotako informazio goiztiar eta zabalari esker, zordunen jokabideak aztertzen ahalko dira erantzukizuna deribatzeko jarduketak aurerratzeko.

4.5. Kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazio handiagoa sendotuko da, egiaztatzeko jarduketa hasten denetik, diru-bilketarako arriskua goiz atzemanez gero, kautela-neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributu zorren kobrantza bermatzearren. Ildo horretan, 2017ko urtarrilaren 1etik instruitu diren delitu fiskalari buruzko espedienteen lehenbiziko likidazioekin hasitako jarduketak areagotuko dira; izan ere, jarduketa horiek, diru-bilketaren aldetik, Ikuskapenerako Zerbitzuak likidatutako zorren bilketaren kudeaketa aurreratzeko aukera eman dute.

4.6. Diru-bilketaren fasea kontrolatzeko jarduketa kualifikatuenak indartuko dira, konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan bereziki:

a) Aplikatzen diren kautela-neurri guztiak hartzea, Nafarroako Zerga Ogasunak likidatutako zorren kobrantza segurtatzeko.

b) Ondasun higiezinez baliatzea debekatzen duten akordioak, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta 14/2013 Foru Legean sartutako neurriaren baldintzak betetzen direnean.

c) Erantzukizuna deribatzeko prozedurak, ikerketa jarduketak bultzatuz beloa altxatu behar bada edo egitatezko administratzaileak eta erantzule solidario eta subsidiarioak aurkitu behar badira ondasunak ezkutatzeagatik edo jardueretan eta arduretan aritzean axolagabe jokatzeagatik; halakoetan, bidezko akzio judizialak erabiliko dira, hala behar badu. Helburu horretara bideratutako aurrekontuko baliabideak sendotzeak aukera eman behar du jarduketak eta, ondorioz, haien emaitza ekonomikoak handitzeko.

d) Zerga-betebeharrak sistematikoki betetzen ez dituzten zordunak kontrolatzeko jarduketak, haien egoitzetako ondasunak eta ahal bezainbat kreditu enbargatuta, jarduketa horietan biltzen ahal den kontabilitate-informazioaren arabera. Hori guztia bi helburu lortze aldera: zorra kobratzea eta merkatuan jardun dezaten zailtzea, eta Ogasun Publikoari egiten zaion kaltea galaraztea, eta orobat galaraztea sortzen duten bidegabeko lehia ere. Zordunen lokaletan aurrez aurreko jarduketak eginen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 123.4 artikuluan Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeak ekarri duen aldaketaren babespean. Ondorio horietarako, 2018an gauzatuko da abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoa, aurrez aurreko jarduketa horiek normalizatzeko xedeaz.

Alde horretatik, irailaren 14ko 118/2018 Foru Aginduaren onespena aipatu beharra dago. Foru agindu horren bidez, enbargo-jarduketa presentzialak egiten dituzten Diru-bilketa Zerbitzuko langileei produktibitatearen osagarria aplikatzeko baldintzak onetsi ziren. Tresna horri esker, 2019. urtean bilketa-jarduketak zordunen egoitzetan sistematizatu ahal izan dira, eta Foru Komunitatearen eremu geografiko osora iristea lortu da.

e) Ondarea ikertzen duten jarduketak, gezurrezko kaudimengabeziak atzemateko.

f) Akzio penalak bultzatzea kaudimengabeziagatik, jokabide horien salaketa Ogasun Publikoaren eskubideen defentsarik onena denez gero. Ildo horretan, 2018. urtean kereilak jarri dira lehenbiziko aldiz ondasunak ostentzeagatiko delituagatik, detektaturiko jokabideak bereziki larriak direla jotzen baita. 2019an zor kopuru handiko espedienteak aztertuko dira, kasu larrienak zigor arlotik salatzeko.

4.7. Diru-bilketaren kudeaketa areagotuko da zordunen oinordekoen aurrean, eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36.4 artikuluak pertsona fisikoen ezkutuko oinordekoekin prozedura jarraitzeko eskaintzen dituen aukerak baliatuko dira.

4.8. Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin lan eginen da zuzenbide publikoko zorra sor dezaketen espedienteetan bermeen eraketa indartzeko.

4.9. 2019. urtean aztertuko da Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamendua aldatzea, enbargoak eta bermeak betearazteari buruzko zatian. Gisa horretan, gaur egun oso konplexua den prozedura erraztu nahi da, hura administrazio publiko gehienetan (Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Ataria) ezarrita dauden tresna telematikoetan sartuz; horrek tramitazioa interesdunen artean zabaltzen lagunduko du.

4.10. Konkurtsoen arloan, konkurtsopekoa eta administratzaileak kontrolatzeko jarduketak indartuko dira, irekita dauden prozedura judizialetan Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideak kaltetzen ahal dituzten portaerak aurreikusi eta erreprimitzearren. Posible den guztietan, konkurtsopekoen bideragarritasuna bilatuko da, ordaindu gabeko kredituak kobratzeko baliabide egokiena denez gero.

4.11. Diru-bilketa Zerbitzuko langileentzako prestakuntza jarduketak mantenduko dira bereziki konplexuak diren gaietan, arreta berezia jarriz hildako zordunaren oinordekorik ez dagoen zorren espedienteen kudeaketan, bai eta konkista-sozietatearen likidazioetan ere, ezkontideetako bat zorduna bada.

4.12. Gizartearen kontzientzia fiskala indartzeaz den bezainbatean, 2019an 120.000,00 euro baino gehiagoko zorra duten zordunen zerrenda argitaratuko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 105 bis artikulua betez.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokia diren bide guztiak erabiliz zabal dadin.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 16an. Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendaria (titularraren ordez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 28ko 38/2019 Foru Aginduaren arabera), Javier Ezpeleta Iráizoz.

Iragarkiaren kodea: F1906790