115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

511/2019 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ebazten baitira aurkeztutako alegazioak Iruña-Tutera-Zaragoza, Erriberabarrena (NAV 003) tartean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren aurreproiektuan, eta onesten baita zerbitzu horren proiektua.

Herri Lanetako zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 1015/2018 Ebazpenaren bidez, onetsi zen Iruña-Tutera-Zaragoza, Erriberabarrena (NAV 003) tartean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren aurreproiektua, eta jendaurrean jarri, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren 63. artikulua aplikatuz.

Horretarako, behar diren iragarkiak argitaratu ziren 2018ko 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 30ekoan, eta 2018ko 286. Estatuko Aldizkari Ofizialean, azaroaren 27koan. Aurreproiektua Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian ikusgai egon zen, eta 30 egun balioduneko epea ezarri zen ohartarazpenak aurkezteko, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik hasita.

Epe hori igaro eta gero, Garraio Zerbitzuak jakinarazi du alegazioak jaso dituela Juan José Suárez Iglesias jaunak aurkeztuta, Compañía Navarra de Autobuses SA (CONDA) konpainiaren izenean.

Compañía Navarra de Autobuses SA (CONDA) konpainiak aurkeztutako alegazioak Garraio Zerbitzuak baloratu ditu, eta ondoren adierazten den moduan ebaztea proposatu du:

–Aurreproiektuan ez dira jasotzen ibilbide bakoitzaren jatorriaren eta helburuaren arteko trafikoen matrizeak, eta, hortaz, ez dago jakiterik zein den trafikoen konfigurazioa kontratu berrian.

Garraio Zerbitzuak proposatu du alegazio hori ezestea; izan ere, Lurreko Garraioen Antolamenduaren Erregelamenduak ezartzen du, bere 62.1.2 artikuluan, aurreproiektuetan jasota egon behar duela eginen diren trafikoen deskribapen zehatza, eta jendaurrean egon den aurreproiektuak betetzen du, hain zuzen, aurreikuspen hori, 2.1etik 2.7ra arteko ataletan zehaztuta baitauzka trafikoak eta haien debekuak, emakidaren parte diren 7 lineetako bakoitzarenak, eta, horrez gain, debeku horiek berariaz jasotzen ditu 2.9 atalean, eta hauek dira:

Iruña-Tutera-Zaragoza, Erriberabarrena (NAV-003) emakidak geldialdia izanen du Tafallan, Erriberrin eta Caparroson, eta trafiko debeku hauek izanen ditu:

–Iruña-Tafalla eta alderantziz.

–Iruña-Erriberri eta alderantziz.

–Iruña-Caparroso eta alderantziz.

–Tafalla-Erriberri eta alderantziz.

–Tafalla-Caparroso eta alderantziz.

–Erriberri-Caparroso eta alderantziz.

Debeku izanen da, halaber, Iruñeko, Tuterako eta Zaragozako hiriko geldialdien artean trafikoak egitea.

Horrenbestez, ulertzen da aurreproiektuan badela aski informazio etorkizuneko emakidaren trafikoei buruz, bat etorriz Lurreko Garraioen Antolamenduaren Erregelamenduan ezarritakoarekin, eta, hortaz, proposatu du alegazioa ezestea.

–Aurreproiektuan autonomia erkidegoen arteko trafikoak daude jasota, eta haien ibilbidea, gainera, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparrutik kanpo gauzatzen da neurri handi batean, eta, horrenbestez, eskatzen du berresteko zer eskumen araubidetan oinarrituta emanen den zerbitzu berria, kontuan hartuta Espainiako Estatuan eta Nafarroako Foru Komunitatean bertan garraio antolamenduari buruz indarrean den egungo arau esparrua.

Garraio Zerbitzuak aurreproiektuko 1.3 atalera jotzen du, han justifikatzen baita Foru Komunitateko Administrazioak eskumena duela zerbitzu horren gainean, garraioen arloan historikoki izan dituen eskumenei jarraikiz, zeinak indarrean baitaude gaur egungo eskumen esparruan. Adierazten du, orobat, aipatu aurreproiektuari aldeko txostena egin diola Sustapen Ministerioak.

–Eskatzen du egiaztatzeko Iruña-Soria (NAV-001) zerbitzuaren kontratua eta Iruña-Tutera-Zaragoza (NAV-003) zerbitzuarena benetan modu independentean ustiatuko direla, eta ez dutela trafikorik partekatuko.

Garraio Zerbitzuak adierazi du ezen aurreproiektuaren 2. atalean deskribatuta daudela eginen diren trafikoak eta ibilbideak, bai eta, 1. alegazioari emandako erantzunean adierazi bezala, ibilbide bakoitzaren trafiko debekuak ere.

Alderatu da informazio hori Iruña eta Soria bitartean errepidetik egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzua (NAV-001) ustiatzeko proiektuko ibilbideekin, eta ikusten da izan badirela bat datozen ibilbideak, baina ibilbide horien trafikoak ez datozela bat bi emakidetan (aipatu proiektua Herri Lanetako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 213/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Zerbitzu berriaren aurreproiektuak ez ditu betetzen Lurreko Garraioen Antolamenduaren Erregelamenduko 62.1 artikuluan eskatutako gutxieneko edukiak.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea, ulertzen baitu aurreproiektuak betetzen duela Lurreko Garraioen Antolamenduaren Erregelamenduko 62.1 artikuluaren edukia (indarreko bertsioa, aurreproiektuaren onespen egunekoa). Bada, aurreproiektuaren egitura bera ere bat dator aipatu artikuluarekin eta behar bezala garatzen du artikulu horretan zerrendatutako apartatu bakoitza. Alegazioen idatzian aipatzen diren kontuak ez daude sartuta Lurreko Garraioen Antolamenduaren Erregelamenduko 62. artikulu horren arabera aurreproiektuetan jaso beharreko edukiaren barruan.

Era berean, zerbitzuak autonomia erkidego bat baino gehiago ukitzen dituenez, aurreproiektuaren ale bat igorri zitzaien Sustapen Ministerioko Lurreko Garraioaren Zuzendaritza Nagusiari, Errioxako eta Aragoiko autonomia erkidegoetan garraio arloko eskumena duten organoei, Lurreko Garraioen Kontseilu Nazionalari eta Errepide bidezko Garraioen Batzorde Nazionalari, txostena egin dezaten. Horrez gain, Nafarroako Garraioen Kontseiluak ere egin du aurreproiektuaren txostena.

Aurreproiektu honen aldeko txostena eman dute Sustapen Ministerioaren Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiak, Lurreko Garraioen Kontseilu Nazionalak eta Nafarroako Garraioen Kontseiluak.

Hala bada, Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazioak ezestea. Proposatzen du, era berean, zuzentzea aurreproiektuko 6.6 atalean atzemandako akats materiala, honela: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 5 urtekoa da, 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera” dioen tokian, honako hau jarri behar du: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 5 urtekoa da, espedientearen parte den txosten ekonomikoaren 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera”. Azkenik, aurreproiektua onestea proposatzen du.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebaztea jarritako alegazioak Iruña-Tutera-Zaragoza, Erriberabarrena (NAV 003) tartean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren aurreproiektuan, ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. Aurreproiektuko 6.6 atalean atzemandako akats materiala zuzentzea, honela: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 5 urtekoa da, 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera” dioen tokian, honako hau jarri behar du: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 5 urtekoa da, espedientearen parte den txosten ekonomikoaren eranskinean atxikitako kalkuluen arabera”.

3. Onestea Iruña-Tutera-Zaragoza, Erriberabarrena (NAV 003) tartean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren proiektua, zerbitzuaren ustiapena adjudikatzeko erabiliko diren baldintza-orriak prestatzeko oinarri izanen dena.

4. Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian argitaratzea Iruña-Tutera-Zaragoza, Erriberabarrena (NAV 003) tartean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren proiektua.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Compañía Navarra de Autobuses SAri (CONDA), Garraio Zerbitzuari, Sustapen Ministerioaren Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiari, Aragoiko Gobernuko Mugikortasunaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Errioxako Herri Lan eta Garraio Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Garraio Kontseiluari, Lurreko Garraioen Kontseilu Nazionalari eta Errepide bidezko Garraioaren Batzorde Nazionalari.

6. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian.

7. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, honako hau argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

Iragarkiaren kodea: F1907654