115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

510/2019 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ebazten baitira zenbait alegazio Iruña eta Tafalla bitartean (Tafallako eskualdea) errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV-002) aurreproiektuari aurkeztutakoak, eta onesten baita zerbitzu horren proiektua.

Herri Lanetako zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 710/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta jendaurrean jarri, Iruña eta Tafalla bitartean (Tafallako eskualdea) errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV-002) aurreproiektua.

Ondorio horietarako, zegokion iragarkia argitaratu zen 2018ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 10ekoan, eta aurreproiektua ikusgai egon zen Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian, 30 egun balioduneko epean oharrak aurkeztu ahal izateko, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik hasita.

Epe hori igaro ondoren, Garraio Zerbitzuak adierazi du honako udal hauek aurkeztutako alegazioak jaso direla: Puiu, Untzue, Barasoain, Garinoain, Artaxoa, Azkoien, San Adrián, Andosilla, Santakara, Figarol, Zarrakaztelu, Murillo el Fruto, Mélida, Pitillas, Beire eta Miranda Arga.

Aurkeztutako alegazioak Garraio Zerbitzuak baloratu ditu, eta ondoren adierazten den moduan ebaztea proposatu du.

–Puiuko, Untzueko, Barasoaingo eta Garinoaingo udalen ustez ezinbestekoa da jaiegunetan Iruñetik Tafallara doan zerbitzu bat izatea 19:30ak eta 21:00ak bitartean, adinekoak zaintzen dituzten pertsonak eta aisialdi jarduerak Iruñean egin dituztenak itzuli ahal izan daitezen.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du kontuan hartzea alegazio hori, eta hortaz, jaiegunetan ordutegiak aldatzea 3. ibilbidean, hots, Tafalla-Iruña (errepidez) ibilbidean. Hau da, Tafallatik 08:30ean eta 20:40ean eta Iruñetik 10:00etan eta 13:30ean atera beharrean, Tafallatik 12:30ean eta 19:00etan ateratzea eta Iruñetik 13:30ean eta 20:00etan ateratzea.

–Puiuko, Untzueko, Barasoaingo eta Garinoaingo udalen ustez, komeniko litzateke panel argidun txiki batzuk jartzea herri guztietako geltokietan, autobusa iristeko benetan falta den denbora adierazteko.

Garraio Zerbitzuak ezestea proposatzen du, modernizazio teknologikoko proiektuan ez baitago jasoa informazio panelak instalatzea geltokietan, autobusa noiz iritsiko den denbora errealean adierazteko. Izan ere, informazio hori denbora errealean kontsultatzen ahalko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak horretarako garatutako webgunean (http://nbus.navarra.es). Horrez gain, adierazi behar da ezen baldintza-orrian ezarriko direla zein diren planifikatutako ordutegiei dagokienez bete beharreko kalitate konpromisoak, eta berariaz jasoko da planifikatutako ordutegia baino lehen geltokitik ateratzeko debekua.

–Untzueko, Garinoaingo eta Barasoaingo udalen ustez, Untzuen zerbitzu bat gehitu beharko litzateke 11:00-12:00ak aldera (10:00-10:30ak Barasoaingo kasuan), Iruñetik aterako dena Tafallarantz; izan ere, Untzueko biztanleek Beriainen eta Noainen dituzte osasun zentroa eta gizarte zerbitzuak. Planteatutako ordutegiekin, itxaron denborak bideraezinak lirateke.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea; izan ere, 2018an bidaiari bakar batek erabili zuen Noaingo geltokia ordu-tarte horretan, eta Barasoainen jaitsi zen.

Halaber, udal horiek eskatzen dute Tafallatik Iruñera doan autobus zerbitzu bat egotea 11:00-12:00ak aldera (11:00k Barasoaingo kasuan), Untzuen geldialdia izanen duena, astelehenetik ostiralera, Tafallan baitaude epaitegia, jabetzaren erregistroa eta dendak, planteatutako ordutegiekin itxaron denborak bideraezinak liratekeelako.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea; izan ere, 2018an, ordu-tarte horretan, egindako 550 bidaietan, 407 bidaiari igo ziren Tafallan eta jaitsi ziren Barasoainen, Garinoainen edo Puiun, hau da, batez beste 0,75 bidaiari bidaiako. Beraz, ez dago justifikatuta eskatutako zerbitzua gehitzea.

–Barasoaingo Udalak eskatu du goizeko 07:00etan Iruñetik Tafallara doan autobus bat izatea jaiegunetan, gazteak Iruñetik itzultzeko.

Garraio zerbitzuak proposatu du alegazio hori ezestea, zeren eta Udalak berak estal baitezake mugikortasun premia berariazko hori “Joan eta etorri” motako zerbitzu bat baliatuz, bat etorriz Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren apirilaren 13ko 290/2000 Foru Aginduan ezarritakoarekin.

Barasoaingo Udalak eskatu du autobus zerbitzu bat izatea 19:00ak aldera astelehenetik larunbatera, Iruñera joan ahal izateko aisialdi jardueretara.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea, ulertzen baitu estalita daudela Iruñera aisialdi jardueretara joateko mugikortasun premiak; izan ere, bada zerbitzu bat Barasoaindik 16:00etan pasatzen dena eta Iruñera 16:47an ailegatzen dena, eta itzulera 19:10ean edo 21:35ean duena. Barasoainen geldialdia 19:00etan duen zerbitzu bat Iruñera 19:45ak inguruan iritsiko litzateke. Itzulerako azken autobusa 21:35ean abiatzen da Iruñeko autobus geltokitik, eta, beraz, bidaiariak 2 ordu baino gutxiago emanen lituzke Iruñean.

Barasoaingo Udalak dio jaiegunetan Iruñera doan autobus zerbitzu bakarra duela, 21:00etan, eta eskatzen du beste bat egon dadila 13:00ak inguruan.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du kontuan hartzea alegazio hori, eta hortaz, jaiegunetan ordutegiak aldatzea 3. ibilbidean, hots, Tafalla-Iruña (errepidez) ibilbidean. Hau da, Tafallatik 08:30ean eta 20:40an eta Iruñetik 10:00etan eta 13:30ean atera beharrean, Tafallatik 12:30ean eta 19:00etan ateratzea eta Iruñetik 13:30ean eta 20:00etan ateratzea.

Azkenik, Barasoaingo Udalak eskatzen du garraio txartel bat ezartzea kanbioekin arazorik ez izateko, eta, bestalde, eskatzen du Internet bidez erosten den txartelak leihatilako prezio bera izan dezala.

Garraio Zerbitzuak jakinarazi du ari dela garatzen autobusez egiten den hiriarteko garraioaren modernizazio teknologikoko sistema, eta sistema horretan aurreikusita dagoela etorkizunean garraio txartel bakarra ezartzea Nafarroa guztirako; edonola ere, txartel horren inplantazio kronograma ez dago oraindik onartuta. Online erosketan enpresek aplikatzen dituzten kostuei dagokienez, zerbitzuaren plegu arautzailean adieraziko da ezin izanen dela kobratu tarifa ofizialetik gora inolako gastu gehigarririk txartela saltzeagatik edo komertzializatzeagatik, edozein dela ere salmenta bidea.

–Artaxoako Udalak adierazi du Garesera egiten diren joan-etorrien ordutegiek bateragarri izan behar dutela ikastetxeetako ordutegiekin; izan ere, linea hori Garesera eta Iruñera joaten diren ikasleek baliatzen ahal dute, eta gainerako herritarrentzat ere linea osagarri bat izanen litzateke.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea, Artaxoa konektaturik egonen baita Iruñearekin bai Tafallan barrena bai Garesen barrena Lizarrako korridorean. Artaxoako Udalari kontsulta egin ondoren, aurreikusi da honako ordutegi hauek izanen dituztela Lizarrako korridorean emanen diren zerbitzuek, zeinek ikasleak konektatuko baitituzte Garesekin eta Iruñearekin:

a) Artaxoa-Gares noranzkoa: 06:54an aterako da Artaxoatik lanegunetan, eta 13:21ean, egunero.

b) Gares-Artaxoa noranzkoa: 15:50ean aterako da Garestik eta 16:07an iritsiko da Artaxoara lanegunetan, eta 18:45ean aterako da Garestik eta 19:02an iritsiko da Artaxoara egunero.

–Azkoiengo, San Adriango eta Andosillako udalek eskatu dute mantentzeko, modu erregularrean edo eskaera pean, Funes-Calahorra emakida dela-eta gaur egun herri horien artean ematen den zerbitzua.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea; izan ere, emakida horren erabiltzaileen datuak aztertu ondoren, ikusi da 2018ko azaroan eta abenduan 5 lagunek besterik ez zutela erabili Funes-Marcilla-Azkoien joan-etorriko zerbitzua eta Andosilla-San Adrián joan-etorriko zerbitzua. Hala ere, kontuan hartuko dute konexioa mantentzea Funes, Marcilla eta Azkoien artean Calahorrarekin, aipatu Lizarrako korridorean.

–Santakarako, Figarolgo, Zarrakazteluko, Murillo el Frutoko, Melidako, Pitillasko eta Beireko udalek eskatu dute goizeko lehen bidaia (Figarol-Iruña) eta goizeko azkena (Iruña-Figarol) zuzenak izan daitezela (autobidetik), Tafallan sartu gabe.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea, ikusten baita, zerbitzuaren 2017ko eskaria aztertu ondoren, joaneko 07:15eko zerbitzuak batez beste 4 bidaiari izan zituela bidaiako (herri guztiak batuta), 10:00etakoak 6 bidaiari bidaiako (herri guztiak batuta) eta itzulerako 12:00etako zerbitzuak 12 bidaiari bidaiako. Beraz, erabilera horrek ez du justifikatzen zerbitzuak Iruñeraino autobidez jarraitzea Tafallan sartu gabe.

–Miranda Argako Udalak eskatu du kontuan har dadila erabiltzaileen ustetan alferrikakoa eta zentzugabea dela autobusak egiten duen itzulingurua Lerindik atera, Mirandatik igaro, eta gero Berbintzanara, Larragara eta Tafallara egiten duen ibilbidean. Egunero alferrikako 30 kilometro egiten dira horrela, eta, hortaz, zentzuzkoagoa izanen litzateke ibilbidea Lerín-Larraga-Berbintzana-Miranda-Tafalla izatea eta itzulerakoa Tafalla-Miranda-Berbintzana-Larraga-Lerín izatea.

Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazio hori ezestea; izan ere, bi ibilbideak neurtu dira eta 3 kilometroko aldea dago.

Aurreproiektu honi aldeko txostena eman zion Nafarroako Garraioen Kontseiluak, 2019ko martxoaren 12an egindako bilkuran.

Horregatik, Garraio Zerbitzuak proposatzen du alegazioak ebaztea adierazitakoari jarraikiz. Proposatzen du, era berean, zuzentzea aurreproiektuko 6.6 atalean atzemandako akats materiala, honela: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 6 urtekoa da, 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera” dioen tokian, honako hau jarri behar du: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 6 urtekoa da, espedientearen parte den txosten ekonomikoaren 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera”. Azkenik, aurreproiektua onestea proposatzen du.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebaztea zenbait alegazio Iruña eta Tafalla bitartean (Tafallako eskualdea) errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV-002) aurreproiektuari aurkeztutakoak, ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. Aurreproiektuko 6.6 atalean atzemandako akats materiala zuzentzea, honela: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 6 urtekoa da, 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera” dioen tokian, honako hau jarri behar du: “Zerbitzua emateko egindako inbertsioa berreskuratzeko epea 6 urtekoa da, espedientearen parte den txosten ekonomikoaren 3. eranskinean atxikitako kalkuluen arabera”.

3. Iruña eta Tafalla bitartean (Tafallako eskualdea) errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV-002) proiektua onestea, zerbitzuaren ustiapena adjudikatzeko erabiliko diren baldintza-orriak prestatzeko oinarri izanen dena.

4. Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian argitaratzea Iruña eta Tafalla bitartean (Tafallako eskualdea) errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV-002) proiektua.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari eta Puiuko, Untzueko, Barasoaingo, Garinoaingo, Artaxoako, Azkoiengo, San Adriango, Andosillako, Santakarako, Figarolgo, Zarrakazteluko, Murillo el Frutoko, Melidako, Pitillasko, Beireko eta Miranda Argako udalei eta Nafarroako Garraioen Kontseiluari.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, ebazpen honek bide administratiboa amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, honako hau argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

Iragarkiaren kodea: F1907653