115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

313/2019 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2019. urteko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 458816.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze horri esker, eskolako dinamika sustatzeko hezkuntza eta kultura jarduerak programatu eta antolatzen dira ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bitartez, eta elkarte horiek ikastetxeetako zenbait hezkuntza-eginkizunetan duten parte-hartzea sustatzen da, esate baterako, gurasoen prestakuntzarako jarduerak antolatuta.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2019ko deialdia onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2019. urteko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira oinarri arautzaileak.

2. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2019ko gastuen aurrekontuan gehieneko gastu hau baimentzen da:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

45.000

420002-42110-4819-324200

2019

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Eskolatze Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 29an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2019. urteko deialdia

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2019ko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da ikasleen gurasoen elkarteen federazioek hezkuntza eta kultura jarduerak programatu eta antolatzeko gastuak finantzatzeko laguntzak emateko oinarriak ezartzea.

2.–Helburua.

Laguntzen helburua da eskolako dinamika indartzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardunaren bidez eta haiek ikastetxeetako hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea bultzatzea.

3.–Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute legearen arabera eratutako Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, betiere Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

4.–Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Federazioek gurasoen prestakuntza jarduerak eta honako gai hauei buruzko informazio eta prestakuntza jarduerak aurkezten ahalko dituzte dirulaguntza jasotzeko: berdintasunerako hezkuntza eta bizikidetza baketsuaren garapena, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, aurrezki eta eraginkortasun energetikoa, hondakinen ingurumen kudeaketa zuzena, eta antzekoak, betiere federazioek antolatuta eta zuzenduta eta federazioko kideei, elkarteei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei zuzenduta.

4.2. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

4.3. Aurreko 4.1 puntuan aipatutako informazio eta prestakuntza ekintzak egiten dituzten federazioek, ez beste inork, jasotzen ahalko dute dirulaguntza.

5.–Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz. Eranskinari gehitu federaziokoak diren guraso elkarteen ikastetxeen zerrenda.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada, edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 7 eguneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzen eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela beraien eskaera.

7.–Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

7.1. Federazio eskatzaile bakoitzari dagokion zenbatekoa finkatzeko, onartzen diren eskaeren kopuruaz gainera, honako hauek ere hartuko dira kontuan: federazio bakoitzari atxikita dauden elkarteen kopurua, ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen kopurua (datua EDUCAren bidez lortuko da) eta egindako jardueren kopurua.

7.2. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Federazioentzat esleitutako diru guztiaren %10 zati berdinetan banatuko da onartzen diren eskaeren artean.

b) Diru guztiaren %20, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren %20, ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera. Ikastetxeak hizkuntza ereduaren arabera bi guraso-elkarte desberdin baditu, eredu bakoitzean matrikulatutako ikasleen arabera esleituko dira. (Datua EDUCAren bidez lortuko da).

d) %50, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz egin beharreko jarduerengatik aurkezten duen gastuen aurrekontuaren arabera.

8.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan.

9.–Prozeduraren tramitazio eta instrukzio organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeburua: Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

–Batzordekideak: Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

10.–Ebazpena.

10.1. Dokumentazioa azterturik, balorazio batzordeak behin betiko balorazioa egin eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko dio, laguntzak emateko behin betiko proposamena egin dezan.

10.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz.

10.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira espresuki ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11.–Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan ere argitaratuko du Hezkuntza Departamentuak, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua.

Gastu justifikatutzat joko da, dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, besterik ez, betiere gastu hori 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era bitarte egin eta ordaindu bada.

12.2. Dirulaguntzaren ordainketa.

12.2.1. Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntza jasotzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2019ko azaroaren 20a baino lehen:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azaltzeko. Zehazki, diruz laguntzen den jarduera sustatzeko edo hartaz informatzeko egiten diren agirien ale bana sartu beharko da, eta, hala balegokio, kartelarena, esku-orriarena, triptikoarena edo publizitatearen beste edozein euskarrirena, baita, kasua bada, diruz lagundu diren argitalpenen aleak ere.

b) Gastuen justifikazio kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Justifikazio kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturen jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz luzatuak izanen dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egin den eguna, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta igorlearen sinadura.

Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko buruak ontzat emana, non jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo dirulaguntzak azalduko baitira, horrelakorik bada.

e) Dirulaguntzaren xedeko informazio edo prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua, VI. eranskinaren arabera.

12.2.2. Justifikatutako gastua aurrekontuko gastua baino txikiagoa bada, proportzio berean murriztuko da 7.2.d) oinarrian zehaztutako dirulaguntzaren alde aldakorra.

13.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14.–Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatzen direla adierazi beharko da. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, baldin eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu burutua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azkeneko urteko kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16.–Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Bere eskumenen esparruan, Hezkuntza Departamentuak federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkezteko, federazioa osatzen duten elkarteen kopuruari eta elkarturiko familiei dagokienez horiek ematen dituzten datuen egiazkotasuna eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotak egiaztatzeko.

Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori izan eta, hala denean, eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari, egiaztapen eta kontrol jarduketak izan baititzakete.

17.–Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea barne.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

19.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Ikasleen gurasoen elkarteen federazioek laguntza jasotzeko eskabidea, 2019. urterako.

III. ERANSKINA

Jardueren azalpen-txostena.

IV. ERANSKINA

Jardueren laburpena.

V. ERANSKINA

Gastuaren justifikazio kontua.

VI. ERANSKINA

Prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1907550